Preso politikoen nazioarteko eguna dela eta, mozioa aurkeztu du EH Bilduk
- 18 Apirila 2016 /
Pasa den igandea, apirilak 17, preso politikoen nazioarteko eguna izan zen, hori dela eta Amasa Villabonako EH Bildu koalizioak preso politikoen aldeko mozio bat osatu eta udalean sarrera ematea erabaki du. Mozio honen bidez, Villabonako udalak munduan zehar dauden milaka preso politikoen existentzia bera, eta bere eskubideak erabiltzeagatik (adierazpen askatasuna, askatasun politikoa…) herritar askeen aurka zenbait estatuk erabiltzen duten errepresio politikoa salatzea da helburua.
Bestalde, Nekane Txapartegiren atxiloketa eta kartzelaratzea salatzea eta Villabonako udalbatzak ere, Asteasukoak duela egun batzuk egin zuen bezala, bere senide eta lagunei elkartasuna adieraztea proposatzen du EH Bilduk. Nekaneren kasua bereziki adierazgarria da eta agerian uzten du espainiar estatuak hamarkada luzetan garatu duen errepresio politikoa eta espainiar eta frantziar estatuetan preso eta dispertsaturik dauden euskal herritarren izaera politikoa. Asteasuko emakume hau, epaiketa politiko bezala oso ezaguna egin zen eta dozenaka militante politikoren kartzelaratzea suposatu zuen Auzitegi Nazionaleko 18/98 makro-sumarioaren baitan atxilotua izan zen. Atxiloketaren ondorengo inkomunikazio aldian, Guardia Zibilaren eskuetan zegoela, modu basatian torturatua izan zen eta baita bortxatua ere. Infernu horri ihes eginez, erbestea ezagutu du urte luzez eta orain, berriz ere espainiar estatuaren aginduz atxilotua eta kartzelaratua izan da Suitzako Zurich hirian.
Hemen duzue Amasa Villabonako EH Bilduk aurkeztu duen mozioa osorik:
Preso politikoaren egunaren harira MOZIOA
Aurreko apirilaren 17an Preso Politikoaren Nazioarteko eguna izan zen, eta hori dela eta, munduko kartzeletan dauden preso politikoekiko, eta bereziki, Frantziako eta Espainiako estatuetako kartzeletan dauden preso politikoekiko elkartasun mezua Udalbatza honetara ekarri nahi izan dugu.
Izan ere, uste dugu pertsona bat ere ez ezin daitekeela gatibu egon kontzientzia arrazoiengatik, edota ekinbide politikoagatik, ezta adierazpen askatasun eskubidea praktikara eramateagatik ere. Zuzenbide estatu batean inongo praktika politikok ez luke zigortuta egon behar, baina zoritxarrez une honetan bertan, munduko kartzeletan preso politiko asko daude gatibu.
Euskal Herrian hamarkadak daramatzagu eskubide zibil eta politikoen urraketa zitala pairatzen. Izan ere, Espainiar eta Frantziar estatuek euskal independentismoaren aurka gauzatutako jardunbide politiko, juridiko eta polizialaren ondorioz, milaka izan dira atxilotuak, (asko torturatuak) kartzelaratuak eta dispertsatuak. Pasa den apirilaren 6an Nekane Txapartegi asteasuarra atxilotua izan zen Zurichen, gure bailarako emakume honen kasuak ondo ikustarazten du espainiar estatuak herri honetako militante politikoen kontra garatu duen errepresio politikoa: 18/98 sumario politiko lotsagarrian zigortua, atxilotua, modu basatian torturatua, bortxatua, Guardia Zibilaren eskuetan berriz ez erortzeko bere herritik ihes egin eta erbestean urteak igaro ditu eta orain, ETA erakundeak armak erabiltzeari utzi zionetik ia 6 urtera, berriz ere atxilotua eta kartzelaratua izan da.
Nekaneren kasua ez da bakarra, zoritxarrez gure herrian apurtutako bizitza ugari daude. Kartzela, ziega eta sakabanaketa urte andana. Sufrimendu gehiegi, zoritxarrez gaur gaurkoz hainbat eta hainbat herritarrek pairatzen jarraitzen dutena. Noiz arte? Noiz arte gazteen aurkako makro epaiketak, noiz arte alderdi politikoetako kideen, sindikalisten, kazetari zein herritar anonimoen aurkako epaiketak? Euren delitu bakarra eztabaida publiko edota ekinbide politikoan parte hartzea izan da, besterik ez. Azkenaldian, espainiar estatuak indarrean jarritako mozal legeak egoera nabarmen okertu du, sare sozialetan beren iritziak kaleratzeagatik edota ekintza artistikoengatik herritarrak zigortzen eta kartzelaratzen ari dira egun Espainian.
Oihu bat zabaldu nahi dugu disidente politiko eta aktibista politikoak kartzelaratzea ahalbidetzen duten legeen aurrean. Non preso politikoa, han gure salaketa.
Horregatik, ezinbestekoa da nazioarteko preso politikoen egunean, edozein ekintzaile politikok eskubideak urratuta dituen bitartean, elkartasuna adieraztea. Izan ere, adierazpen askatasunak zein ekintza politikorako praktika libreak pertsona ororen eskubidea izan behar du.
Horregatik guztiagatik Udalbatzari honako eskaera egiten diogu:
Amasa Villabonako udalak adierazpen formala egin dezala kartzeletan jarraitzen duten preso politiko eta kontzientzia preso guztiei elkartasuna adierazteko.
Amasa Villabonako udalak bere elkartasuna eta babesa adierazten die Nekane Txapartegi asteasuarraren senide eta lagunei. Era berean, espainiar estatuko agintariei euskal independentismoaren kontrako errepresio politikoa behin betiko amaitzeko exijitzen die.
Komunikabideei mozio honen edukiez informa diezaiela.


