- 18 Urtarrila 2018
EH Bilduk ohartarazi du kohesio soziala eta aukera berdintasuna arriskuan daudela etorkinak eta errenta txikiko familiak ikastetxe batzuetan pilatzen jarraituz gero. Arazo horren paradigma Gasteiz izanik, bertan adostutako neurriak Hezkuntza Sailaren matrikulazio dekretuan txertatzeko eskatu du.
EH Bilduk neurri sorta proposatu du gaur Legebiltzarrean eskola segregazioaren arazoa behingoz konpontze bidean jartzeko, horixe baita une honetan “hezkuntza sistemak dituen arazo handienetariko bat, etorkinak eta errenta txikiko familiak ikastetxe zehatz batzuetan pilatzeak kohesio soziala eta aukera berdintasuna arriskuan jartzen dituelako”, Rebeka Uberak eta Miren Larrionek ohartarazi dutenez. “Segregazioaren fenomenoak oinarri sozioekonomikoak ditu eta oso lotuta dago immigrazioarekin, baina ez bakarrik eta ez beti, eta Wert ministro ohiaren bi abiadurako hezkuntza sisteman sakontzea dakar”. Arazoak kezkatuta, EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu du gaur bertan konponbideak mahai gainean jartzeko, bi aste barru 2018-2019 ikasturterako matrikulazio epea irekiko denez, une egokia delakoan.
Ubera eta Larrionen iritziz, Gasteiz da eskola segregazioaren paradigma, eta hori ez da kasualitatea. Izan ere, Gasteizen pobrezia errealean bizi diren adin txikikoen portzentajea %8tik %19ra igo da 2008tik 2016ra bitartean, eta “baldintzak sortzen ari dira ekaitz perfektua gertatu dadin eta kohesio sozialak eztanda egin dezan”. Hala, ikastetxe batzuek ez dute auzoko errealitate sozial anitza islatzen, auzoetan etorkinen populazioa gehienez %17koa bada ere, eskola batzuetan etorkinak %80-90 direlako, eta horrek zentro horien estigmatizazioa ekarri du. EH Bilduko legebiltzarkideek azaldu dutenez, eskola segregazioaren arazoa orokorra da, baina Gasteizen bereziki gordina da eta gordintasun horrekin sistema osora hedatzeko arriskua dago Hezkuntza Sailak ez duelako jakin fenomeno horri aurre egiten.

Miren Larrion eta Rebeka Ubera legebiltzarkideek aurkeztu dituzte EH Bilduren proposamenak
Arazoa konpontzea du xede, beraz, koalizioaren proposamenak, bermatzeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe guzti-guztiak kalitatezkoak eta inklusiboak direla. Proposamenaren oinarria, hein handi batean, Hezkuntza eta Aniztasuna Mahaiak Gasteizen egin zuen lana da, bertan hezkuntza sistemaren parte diren eragileek hartu beharreko neurriak adostu zituztelako, “eta adostasuna erabatekoa izanda, logikak dio orain neurri horiek aplikatu behar dituela Hezkuntza Sailak”.
Hori horrela, EH Bilduren ustez, premiazkoa da tokian tokiko eskolaratze bulegoak sortzea matrikulazio prozesu osoa kudeatzeko, matrikula bizia barne, hau da, behin ikasturtea hasita iristen diren ikasle berrien matrikulazioa. Halaber, aniztasun handia duten ikastetxeetan Hezkuntza Sailak esfortzu handiagoa egitea ezinbestekoa da, bertako proiektua indartuz, ratioak jaitsiz, baliabide gehiago emanez eta irakasleen prestakuntza eta egonkortasuna hobetuz. Hirugarrenez, auzoko eta hurbileko ikastetxeak indartzea proposatu du EH Bilduk, ikasleak auzoan bertan matrikulatzeak aurrerapauso handia litzatekeelako. Laugarrenez, Jaurlaritzak doakotasuna bermatu behar du derrigorrezko hezkuntzan eta, oso garrantzitsua ere bai, 0-2 urteko etapan.
Neurri horiek guztiak, besteak beste, gauzatu ahal izateko, Rebeka Uberak eta Miren Larrionek Hezkuntza Sailak hil honetan onartutako matrikulazio dekretua bertan behera uztea proposatu dute, aldaketa horiek –hezkuntza komunitatearekin adostuta– txertatzeko, dekretua bere horretan mantentzeak oraingo egoera betikotuko lukeelakoan.


