- 09 Urtarrila 2018
Tortura erabaki politiko baten fruitua izan dela eta torturatzaileen zigorgabetasunaz ohartarazi du. Giza eskubideen urraketan dituen ardurak hartzeari uko egitea egotzi dio EH Bilduko bozeramaileak PSE-EE alderdiari.
EH Bilduren iritziz, 4.000 tortura kasu baino gehiago egiaztatu dituen Jaurlaritzaren txostena “lan izugarria da, torturaren tragediaren ezbairik gabeko erradiografia bat”, Julen Arzuagaren esanetan. EH Bilduren legebiltzarkideak adierazi duenez, txostenak ekarri beharko luke, batetik, Justizia espainolaren funtzionamendua berraztertzea eta, bestetik, ardura politikoak hartzea, baina, baita ere, biktimak aitortzeko eta erreparatzeko mekanismoak ezartzea, porrota bailitzateke hori egiteko bide bat ez aurkitzea.

Julen Arzuaga, EH Bilduko legebiltzarkidea eta Askatasun Demokratikoen idazkaria
Arzuagaren ustez, aurkeztutako txostenak agerian utzi du “zigorgabetasunaren dimentsioa”, torturatzaileak oso kasu gutxitan atera direlako kondenaturik eta, hala gertatu den apurretan, Gobernu espainolak ia beti indultatu eta sarritan saritu ere egin izan ditu. Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak salatu zuenez “tortura Auzitegi Nazionalak homologatutako metodoa izan da zigorrak ezartzeko, haren helburua ez zelako egia judiziala bilatzea, zigortzea baizik; txostenak, beraz, behartzen gaitu Justizia espainolaren kalitatea eta funtzionamendua berraztertzera”.
Txostena irakurrita, “tortura kasuak ez direla egitate isolatuak izan, erabaki politiko baten fruitua baizik” ondorioztatu zuen Arzuagak, eta, beraz, “txostenak tortura praktikatu duten polizien arduradun politikoak inplikatzen eta seinalatzen ditu”. Horri jarraituz, lotsagarritzat jo du PSEk emandako erantzuna, “distantzia jarri nahi izan duelako torturan dituen ardurak bere gain ez hartzeko; PSEk ez du bortizkerien eta urraketen unibertso osoa onartu nahi, horrek beren erantzukizuna onartzea ekarriko lukeelako. PSEk dena kondenatzen du inolako erantzukizunik ez hartzeko, eta kontakizuna du helburu bakarra, baina txosten honek azalarazi duen errealitateak itsusi uzten du PSEren kontakizuna”. Lakuan PSE PNVren gobernukidea dela kontuan hartuta, Arzuagak galdetu zuen ea non dagoen orain “Jaurlaritzaren zoru etikoa, PSEk torturari buruz esandakoak esanda”.


