- 16 Urtarrila 2018
Aurten urteurren borobila ospatuko du Loatzo musika eskolak. Hamabost urte dira Aduna, Altzo, Alegia, Anoeta, Irura, Ibarra, Villabona eta Zizurkilgo herrietan musika ikasketak eskaintzen hasi zirela. Urteurrena gogoan, agerraldia egin zuten Loatzoko kideek eta ospakizunak iragartzeko:
Prentsa agerraldian jakinarazi zutenez, "Euskal Herriko Musika Eskolen elkarteko pisuzko kide izatera iritsi da Loatzo. eta momentu honetan, 566 herritarrek musika hezkuntza integral, osoa, anitza, integratzailea, euskal kultura oinarri duena baina munduko beste kulturei irekia..., jasotzen duen gune bihurtu da".
"Horretara iristeko dedikazio et lan handia egon badira ere, bada funtsezko izan den zerbait: Loatzo Mankomunitatea osatzen duten Udalen jarrera eta borondatea. Lantalde honen izenean, ez dugu esker oneko hitzik besterik proiektua babestu, bultzatu eta egun garen hau izatera iristen lagundu gaituzten udalentzat", azaldu zuten.
Loatzoko kideek jakinarazi zutenez, "bide guztiek bezala, honek ere izan ditu gora eta beherako aldapak. Hala ere, aldapa guztien gainetik dago jasotako uzta: musikari profesionalak, musika talde, musika ikasle eta batez ere, musika zale ugari. Gure herri honetatik hasi, eta Finlandiako azken muturrerainoko tartean banatuta geratzen diren hainbat musikari eta musika kide".
Loatzoren 15. ikasturtea ekintzaz beterik dator:
1- Xexili egunean, herri guztietako kaleak doinuz bete zituzten, ikasle guztien parte hartzearekin.
2- Gabonetan, herri bakoitzeko emanaldiez gain, Bandaren emanaldia eta Olentzeroren etorreretako doinuak.
3- Kalderero, Santa Ageda eta Tolosako Iñauterietan parte hartzea.
4- Topaketak: Saxofoiak, zeharkako flautak, tronboiak, eskuzoinuak, trikitixak... beste herrietakoekin batera arituko dira udaberrian.
5- Instrumentu guztien audizioak, herri guztietan.
6- Usurbilgo Musika eskolarekin elkartrukea, martxoa-apirilean.
7- Arenys del Mar-era joango dira Loatzoako pianistak, klarinete, biolin eta flautako ikasleak.
8- Herri Urrats-en kontzertua eskainiko dute, lehen aldiz.
9- Ikasturte amaierako emanaldiak, herri guztietan.


