2017. urtean Gipuzkoan, Tolosaldean eta Amasa Villabonan langabeziak behera egin badu ere, ezagutu ditugun azken datuen arabera (207ko azaroa eta abendua) Amasa Villabonan langabezia zertxobait igo egin dela ikusi dugu. Azaroan langabezia tasa %10,9an zegoen eta abenduko datuetan %11,56ra igo da. Ez da igoera izugarria izan, baina azken hilabeteetako beherako tendentziarekin amaitzen du eta hori kezkagarria da.

Tolosaldea eta Gipuzkoako bataz bestekotik gora 

Gure eskualdeko eta Gipuzkoako langabezia tasak %9,7 eta %9,8an daude hurrenez hurren eta beraz, Amasa Villabonako tasa (%11,56) hauen gainetik kokatzen da. Honakoa ere ez da datu positiboa. Gainera langabezia datu errealak aipatutakoako baina handiagoak izaten dira beti, lanik gabe dauden pertsona ugarik ez baitute Lanbiden izenik ematen. 

Lanpostu berrien kalitate eskasa

Azken urteetako joera orokorrari jarraituz, nabarmena da egun sortzen diren lanpostu berrietan tenporalitatea dela nagusi eta lanpostu finkoak gero eta gutxiago izaten direla. Sindikatuak urteak daramatzate egoera hau salatzen. Horrek langileen artean ziurgabetasun handia sortzen du, aldi baterako lanpostuekin etorkizuna planifikatu ahal izatea eragotziz. Honekin lotuta, lan baldintzak ere okerrera doazela ikusten ari gara; gero eta gehiago dira hitzarmen kolektiborik gabeko sektoreak eta lanpostuak, orokorrean soldatak ere ez dira prezioen maila berean igotzen (jendearen eroste-halamena murriztuz), lanpostu askotan lan ordu kopurua ere oso irregularra izaten da... Guzti honek lanpostu gero eta prekarioagoak izatea dakar eta honek asko arduratzen gaitu.