- 22 Abendua 2017
Amasa Villabona, Tolosa eta Irurako zinegotzi banak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Tolosako Udaletxean, EH Bilduk Tolosaldeko hiru herri hauetan abiatuko duen kanpaina bateratuaren berri emateko. Xabat Laborde, Lore Agirre eta Joxi Imaz zinegotziek, datozen egunetan herri hauetako bakoitzeko etxe guztietara banatuko diren eskuorriak aurkeztu dituzte. Amasa Villabonako kasuan, datorren astean auzolanaren bidez banatuko dira orri hauek.

Eskuorrian murrizketen informazioa eta EH Bilduren irakurketa labur bat irakurri ahal izango dira
Hau da hiru herrietako EH Bilduko ordezkariek gaur argitaratu duten oharra:
Gaurkoan, Amasa Villabonako, Irurako eta Tolosako EH Bilduko zinegotziok, Tolosaldeako EH Bilduko ordezkari gisa, GFAk bidaiarien garraio erregular iraunkorreko zerbitzu publikoan, gure kasuan, Tolosa eta Donostia elkartzen dituen autobus zerbitzuan ezarri nahi dituzten murrizketak salatu eta horiez informatzeko asmoz herritarrei banatuko diegun eskuorria aurkezteko bildu gara hemen.
Jada ezaguna den moduan, PNVk eta PSEk osatzen duten foru gobernuak, hainbat herritan autobus zerbitzua murrizteko asmoa du bidaiak gutxituz eta maiztasunak jaitsiz.
Gure kasuan, Tolosatik Donostiarako linean, orduerdiroko maiztasuna izatetik , orduro izatera pasako litzateke. Honek, egunean 36 autobus izatetik, 18ra pasatzea suposatuko luke. Hori gutxi balitz, ospitaleetako lotura ere murrizteko asmoa dute, egunean 7 autobus izatetik, 3 izatera pasaz.
EH Bilduko kideontzat, gure autobus zerbitzuan egingo diren murrizketa hauek erabat onartezinak dira. Izan ere, herritarrok kalitatezko garraio zerbitzu publiko eraginkorra merezi dugula uste dugu.
Ez dugu ulertzen, urtean zehar milaka herritarrek erabiltzen duten eta erabiltzaile kopurua areagotzen ari den zerbitzu hau murriztu nahi izatea.
PNVk eta PSEk osatzen duten foru gobernuak proposatzen duen autobus zerbitzuak ez die inondik inora herritarren beharrei erantzuten, ez baitira herritarrak eta euren beharrak kontuan izan. Are gehiago, murrizketak mahai gainean jarri dituen aurreproiektua, eragindako udalei, autobusetako langileei eta zerbitzu honen erabiltzaileei bizkarra emanda osatu da.
Guzti hau kontuan izanik, zerbitzuaren esleipena bertan behera uztea eskatzen diogu GFAri. Eta aurreko legealdian egin zen moduan, parte hartze prozesu bat ireki dezala proposatzen diogu zerbitzua, ordutegia zein ibilbideak, herritarren beharretara antolatu ahal izateko, erabiltzaile, sindikatu eta inplikatutako udalerriekin hitz eginez.
Bide batez, garraio zerbitzuez ari garenez, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu, Tolosaldea Bus enpresako langileei ere. Honelako murrizketek, azkenean langileen lan baldintzetan ere eragiten baitute.
Tolosaldeak, orain arte bezala, lehen mailako autobus zerbitzua merezi duelako.
Eta orokorrean, salatu nahi ditutugu PNV eta PSOE zerbitzu publikoetan egiten ari diren murrizketak, garraio zerbitzuen kasuaz gain hor baiditugu baita ere osasungintzaren kasua (Asuntzion Klinika), adinekoentzako zentruak (Iurreamendi), zerbitzu sozialak (RGI), hezkuntza… Murrizketa hauen aurka, EHBILDUren proposamena da gizarte osasuntsuago baten bidean, zerbitzu publikoen defentsa eta indartzea.
TOLOSALDEKO EH BILDU
Tolosan, 2017ko abenduaren 21ean


