- 04 Apirila 2018
Euskal Herria Bilduk guztira 27 alegazio aurkeztu dizkio Jaurlaritza egiten ari den Lurralde Arloko Sektore Plan berriak merkatal-gune edo saltoki handiak zabaltzea eragotzi dezan.
Herri eta auzoetako merkataritza txikiaren egoera larriak kezkatu egiten gaitu, Amasa Villabonan bereziki garrantzitsua da sektore hau, herriko ekonomian duen pisu handiagatik, mantentzen dituen lanpostu ugariengatik eta herriko kaleei ematen dien bizitasunagatik. Ez dago zalantzarik merkataritza sektore honek zailtasun gero eta handiagoak dituela bizirauteko, online edo internet bidezko salerosketak eta merkatal-gune handiek ukaezinezko kaltea eragiten baitie herriko dendei. Egoera hau Euskal Herriko herri eta auzo ugaritan errepikatzen da eta horregatik EH Bilduk erreakzionatzea erabaki du Jaurlaritza tramitatzen ari den Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plan berriari 27 alegazio eginez.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea
Jaurlaritzaren aurreko planak, 2004koak, ezartzen zituen mugak berreskuratu behar direla uste du EH Bilduk, hau da, merkatal gune handi berriak irekitzea edo jada existitzen direnak handitzea guztiz debekatuz. Iker Casanova legebiltzarkidearen iritziz, “plan berria ez da behar bezain murriztailea eta ez die ia mugarik jartzen horrelako zentroak handitu edo irekitzeko proiektuei”.
Casanovak azaldu du plan berriaren tramitazioa urteetan luzatu daitekeela eta, hori kontuan hartuta, eskatu du bien bitartean Jaurlaritzak ez ditzala baimenak eman saltoki handiak irekitzeko edo zabaltzeko. “Baimenen etenaldia behar da, ez lukeelako inolako zentzurik izango plan berriak muga zorrotzak ezartzea baina hori onartu bitartean bide ematea gero ezinezkoak izango liratekeen superfizie komertzialak zabaltzeari”. Horren haritik, Casanovak ohartarazi du “Gipuzkoan une honetan martxan dauden makroproiektuen arabera saltoki handiek 200.000 metro karratu gehiago hartuko dituztela, eta hori galarazten ez badugu, kaltea ikaragarria izango da merkataritza txikiarentzat”.
EH Bilduk ezinbestekotzat jo du merkataritza txikiari babes berezia ematea, eta norabide horretan doaz Casanovak Lurraldearen Arloko Planari aurkeztutako alegazioak, “merkatal gune handien kontrolik gabeko hedapena saihesteko, saltoki handi gehiago irekitzeak merkataritza txikia suntsitzea ekarriko lukeelakoan”. Legebiltzarkideak adierazi duenez, “Europar Batasunaren legediak aukera ematen du arlo horretan hainbat murrizketa ezartzeko; beraz, borondate politikoa bakarrik behar da, tresna legalak izan baditugulako”.


