- 27 Apirila 2018
Pasa den larunbatean, hilak 21, Euskal Herria Bilduk ohiko Batzar Nagusia egin zuen Bilboko EHU-ko Bizkaia aretoan. Ehunka kide eta militantek parte hartu zuten eta Amasa Villabonako ordezkaritza ere bertan izan zen.
Jorratu ziren gaien artean, 2019ko udal eta foru hauteskundeen kontestuan EH Bilduk herriz herri eta auzoz auzo egin beharreko lana izan zen esanguratsuena. Herri eta auzoetan EH Bildu eraldatzailea martxan jarri nahi dugu, herritarrekin eskuz esku, elkarlanean. Gure herrietako bizilagunek, gertuko eta konfiantzazko EH Bildu bat behar dute eta guk hori errealitatea izan dadin lan egingo dugu. Etorkizunera begira jarriko gara, etorkizun hobe bat eraikitzeko, gure herri eta auzoetako egoera hobetzeko, jendea hobeto bizi dadin. Horretarako beharrezkoa izango da gure herriak duen egungo egoera ondo ezagutzea, hobetu daitezkeen puntuak identifikatzea eta horri erantzuteko ideia, proiektu eta iniziatibak mahai gainean jartzea. Lan guzti hori guztia, zuekin, herritarrekin batera egin nahi dugu, herriko jendea eta elkarte zein eragileak entzun nahi ditugu, gure herria hobetzeko proposamenak bildu eta etorkizunerako ibilbide orri konpartitu bat osatu eta martxan jartzeko helburuarekin.
Bestalde, hauteskunde zerrendak egiteko prozedura eta erreglamenduaz hitz egin zen Bilboko batzar honetan. EH Bilduk hauteskunde zerrendak osatzeko metodologia garden eta demokratikoa jarriko du martxan, bai herrialde mailan (Foru Aldundietako hauteskundeetan) eta baita herriz herri ere. Hauteskunde hauetan, EH Bilduko kide edo militanteez gain, horrela nahi luketen herritarrek modu irekian parte hartu ahal izango dute lehen aldiz. Hau da, alkategaia eta herriko zerrendaren aukeraketa erabat irekia, gardena eta demokratikoa izango da. Zehazki hau nola egingo den azaltzeko datozen hilabeteetan Herri Batzarra egingo dugu eta herritarrei informazio zuzena helaraziko diegu herraminta edo tresna ezberdinen bidez.

Azaldutako planteamendu hauek EH Bilduko zuzendaritza politikoak aurkeztu zituen eta proposamenek, batzarrean parte hartu zuten ordezkari eta militanteen babes zabala jaso zuten.
Batzarraren amaieran egungo egoera politikoaren inguruko hausnarketa egin zen eta amaitzeko Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari orokorrak hartu zuen hitza. ETAk argitaratutako azken oharra, PNVren eta beste alderden erreakzioak, pentsionistak etab. izan zituen hizpide.
Batzar Nagusiaren bideo laburpena: https://www.youtube.com/watch?time_continue=3&v=_WMFIjZ8II4
Arnaldo Otegiren hitzartzea: https://www.youtube.com/watch?v=8CbBJmgxcJY&feature=push-sd&attr_tag=D9ZaASEAMsLfPle5-6


