PNVko Olatz Peon alkateak eskumenaren (edo udalak duen eskumen faltaren) argudioa aitzakia hutsa da auzi honetan ez bustitzeko edo lanik ez egiteko. PNV, PSE eta PPk bilatzen duten paralisiaren aurrean, EH Bilduk ez du lan mahai inter-instituzionala sortzea beste aukerarik aurreikusten.
Gutxieneko adostasunak badirela argudiatuz, osasun sailera jotzea Tolosako Udalaren ardura dela nabarmendu dute Ibai Iriarte eta Cristina Pelaez Tolosako EH Bilduko zinegotziek.

"Momentu honetan, lan mahairik ez osatzea ez da gure aurreikuspenetan sartzen". Hala azpimarratu du Ibai Iriartek agerraldi publikoan. Cristina Pelaezekin batera, biek hizpide izan dute, Tolosako azken osoko bilkuran osasunaren lan mahaia osatzeko mozioak izandako erantzuna: "Denok batera, Tolosaldearentzat egokia izan daitekeen proposamen bat eraman behar dugu eskumena duen organora, presioa egin eta behin betiko irtenbide bat eman diezaioten".

Osoko bilkurak emandakoa gogora ekarri dute, azalduz, PNVk lan mahaia osatzearen aurkako botoa eman zuela, udalak horretarako eskumenik ez duela azalduz, eta PSEk atzera egin zuela bere adierazpenetan, lan mahaiari uko eginez. Horrela, EH Bildutik hiru norabidetan egin diete kritika, udal gobernuko PNV eta PSEri.

Batetik, EH Bilduren udal taldeak aitzakiatzat jo du eskumenen inguruko argudiaketa, eta arazoari aurre ez egiteko modu bat dela azpimarratu dute agerraldian. Bide horretan, Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren sorrera baliatu dute, aldeko adibidetzat: "Garapen agentzia sortu zenean, udalek bat egin zuten langabeziari aurre egiteko eta, eskumenik izan gabe, lanean hasi ziren. Udalak, herritarren defentsa eta babeserako tokiko administrazio izanda, ezin dio bizkarra eman Tolosaldeko osasun arretaren egoerari".

Ibai Iriarte eta Cristina Pelaez Tolosako EH Bilduko kideak

Halaber, duela 30 urte Tolosaldeko alkate guztiek egindako manifestazio entzutetsua ere gogora ekarri nahi izan du EH Bilduk, eskumenik ez izanagatik, guztiek bat egin zutela azalduz: "Garai hartan kontzertazioa eskatu zuten, bestela eskualdea klinikarik gabe geratuko zelako. 30 urtean, ordea, hitzarmenaren baldintzak eta arreta asko aldatu dira, eta Tolosaldeko udalek orduan bezainbesteko zilegitasuna dute, osasun sailari konponbide bat eskatzeko".

Hain justu, EH Bilduk irtenbide saiakerarik ez egitea egotzi die PNVri eta PSEri: "Arazoa, ondorioak eta ondorioen eraginak jasaten dituztenak entzun dituzte, baina, lan mahaiari ezezkoa ematearekin, konponbiderako saiakerarik ez egitea erabaki dute", gaitzetsi du Pelaezek. Horren harira, Iriartek gaineratu du "alkateak berak gutxieneko hiru adostasun" zerrendatu zituela, bai batzar monografikoan, bai osoko bilkuran: zerbitzu publikoa izatea, doakoa izatea eta kalitatezkoa izatea.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko ESIen balorazioa izan dute hizpide, Tolosaldeko ESIa gainerako ESIen parametroetan neurtu izana salatuz: "Behin eta berriz aipatzen ari dira Tolosaldekoa 6. ESI hoberena dela, baina Tolosaldeko ESIa ezin da gainerakoen parametroetan neurtu". Besteak beste, ESIko zerbitzuaren barruan kudeaketa pribatuko klinika bat izatea parametro horietatik kanpo kokatu du EH Bilduk: "Izan ere, kudeaketa publikoa duen ospitale publiko batean, zenbait baldintza eztabaidaezin bermatu egiten dituzte. Hala nola, profesional kopurua, profesional horien prestakuntza, lan baldintzak nahiz Osakidetzako programa informatikoan klinika pribatuek sarbiderik ez izatea", azaldu du Pelaezek.

Horrenbestez, Tolosako EH Bilduk orain arteko bidean jarraituko duela iragarri du, lan mahaia beren agendako lehentasuntzat joz: "Hau ez da oraingo kontua, gutxienez 2011z geroztik datorren zerbait da, eta denok dakigu eskualdean arazo bat dagoela. Lan mahaia da auzi hau konponbidera begira jartzeko gunea".