Indarrak birziklapenean jartzea, eta ez hondakinak zuzenean erretzea; horixe eskatu zioten milaka lagunek Gipuzkoako Foru Aldundiari, Errausketaren Aurkako Mugimenduak Donostian antolatutako manifestazioan.

Antolatzaileek gogora ekarri zutenez, diputazioak Zubietako erraustegia eraikitzeko asmoa iragarri zuenetik hamasei urte igaro dira; garai hartan, Gipuzkoako birziklatze tasa %20koa zen, eta zabortegiak betetzen hasiak ziren. Erraustegirik nahi ez zuten herritar eta udalek, ordea, gaikako bilketa sistema berriak jarri zituzten martxan, horrela zabor nahasi gutxiago sortzen zela frogatzeko. «Dagoeneko jakin badakigu %80ko birziklatze tasa lortzea posible dela, horretarako bitartekoak jarri eta borondatea izanez gero», adierazi dute manifestazioaren antolatzaileek. Haien ustetan, oraindik birziklatze tasa apalak dituzten herri handi eta hiriei «aitzakiak bukatzen ari zaizkie». Donostian, adibidez, herritar bakoitzak batez beste 288 kilo igortzen ditu urtero zabortegira; hondakinak gaika biltzen dituzten eskualdeetan, aldiz, %77 eta %88 artekoa da birziklatze tasa.

Markel Olanoren foru aldundiari ere ahalegin hori eskatu zioten: «Jar ditzala indarrak emaitza horiek lortzen, eta ez alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestia eraikitzen. Lehenbizi, lortu %80 [birziklatzea], eta gero ikusiko dugu zer egin geratzen denarekin, baina ez alderantziz».

0225 eh ManifaManifestazioko lehen lerroetan Gipuzkoako herrietako ordezkariak izan ziren, tartean Amasa Villabonako EH Bilduko kideak

Manifestazioaren amaieran, Osasuna eta Errausketa ikerketa taldeko sendagileek eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Garaikoetxea-Landaberri ikastolako bi irakaslek ere hartu zuten hitza. Azken hori erraustegia eraikitzen ari diren lekutik 500 metrora dago, salatu zutenez: «Nitrogeno oxidoak, karbono monoxidoak, metanoa, dioxinak... arnastuko ditugu. Gainera, goi tentsioko lineak eraikiko dira gure ikastetxetik hurbil. Eremu kutsatu batean dagoen ikastetxe bat onartu behar al dugu?». Mediku taldeak ere nabarmendu zuen erraustegiek osasun arazoak sortzen dituztela inguruko gizartean: «Malformazioak, erditze goiztiarrak, abortuak, gaixotasun kardiobaskularrak, arnasbideetakoak eta hainbat minbizi». Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiaren inguruko landareetan ere antzeman dute artsenikoaren maila igo dela, eta, Errausketaren Aurkako Mugimenduak gogora ekarri duenez, Europako Parlamentuak erabaki berri du errauste plantei diru laguntzak kentzea. «Interes politikoen gainetik» herritarren osasuna lehenesteko eskatu zieten Foru Aldundiko PNV eta PSEko agintariei.