- 28 Martxoa 2018
Murrizketarik Ez! plataformak salatu du prozesuaren gardentasunik eza. Aldundiaren isiltasunak kezkatzen du, aurreproiektua isilean onartu dezaketelakoan.
Orain hilabete pasatxo aurkeztu zuen Murrizketarik Ez plataformak 7.000 sinadura eta 4.000 helegite aldundian, autobusen zerbitzu publikoaren aurreproiektua geldiarazi edo moldatzeko helburuz. Ordutik ez dute erakunde publikoaren erantzunik jaso, eta kezkatzen hasiak dira, murrizketak isilpean onartu ditzaketelakoan. "Zertan dago proiektuaren egoera? Zergatik halako opakutasuna?", galdetu du plataformak ohar baten bidez. Herritarren egunerokoan eragin zuzena duten auzien gainean informatuak izateko eskubidea aldarrikatu dute.
Iazko abuztuan argitaratu zuen Gipuzkoako Aldundiak autobusen zerbitzu publikoaren aurreproiektua. Marisol Garmendia Lurraldetasun eta Mugikortasun diputatuaren arabera, lineak "egokitu" egingo dituzte, bidaiari gehien dauden orduetan autobus gehiago jartzeko. Sindikatuek eta autobus enpresetako langile batzordeek, ordea, berretsi dute murrizketa hutsak direla. Proiektuak bete-betean eragingo lioke Amasa Villabonatik igarotzen den TSST enpresari. Herrietatik igarotzen den Tolosa-Donostia-Tolosa linea %50ean murriztuko litzateke.

Murrizketarik ez! plataformak egindako agerraldia
Proiektuaren aurrean mobilizazioa handia izan da. Behin baino gehiagotan joan dira aldundira kexatzera, eta herritarren babesa ere lortu dute. Sindikatuak ez ezik, Buruntzaldeako udalak ere kezka agertu dute, herritarrengan eragin zuzena izango duelako zerbitzu publikoaren moldaketa.
Murrizketarik Ez! plataformak honakoa eskatzen dio aldundiari: bertan behera uzteko aurreproiektua, eta herritarren ongizatea lehenetsi dezala. Horrez gainera, nahi dute egungo zerbitzu publikoa bermatua izatea. "Ikuspuntu ekonomiko soilak alboratu behar ditu; gizarteari eskatzen dion zerbitzua eta haren kalitatea izan behar luke helburua".


