- 23 Martxoa 2018
Rebeka Ubera legebiltzarkidearen ustez, lortu den akordioa positiboa izan arren, abiapuntua besterik ez da hezkuntza-sistema inklusibo eta berdintzailea lortzeko bidean.
EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak hezkuntza-sistema inklusiboaren aldeko Legez Besteko Proposamen bat onartu du gaur, EAJ eta PSE taldeekin adostu den ekimen baten bidez. Testuak segregazioaren aurkako neurri zehatzak planteatzen ditu. Horien artean, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio “udalekin elkarlana sendotzea errolda iruzurraren gaineko kontrol zorrotza egiteko, iruzurrarekin bukatze aldera”.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, segregazioari aurre egiteko neurriak aurkezten
Rebeka Ubera legebiltzarkideak Cristina Uriarte sailburuari eskatu dio segregazioaren aurrean ez begiratzeko beste alde batera: “Garaiak eskatzen duten maila eman dezala eskatzen diogu, eta ekidin ditzala liga desberdinetan jokatuko duten herritarrez osaturiko gizartea eta hezkuntza sistema: batzuk primeran, beste batzuk segundan, beste batzuk erregionalean… Hori ezin da onartu”.
Zentzu honetan, Rebeka Uberak eskatu dio “aniztasun handia kudeatzen duten ikastetxeetan giza baliabide espezifikoak handitu ditzala”, onartutako ekimenean agertzen den legez. Horrez gain, Gasteizko hezkuntza errealitateari begira, ‘Hezkuntza eta Aniztasuna’ mahaiak egindako gogoeta eta proposamen desberdinak aintzakotzat hartu eta egokienak izan daitezkeenak abian jartzeko eskaera egin dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari.


