- 16 Martxoa 2018
Irun, Hondarribia, Errenteria, Lezo, Pasaia, Oiartzun, Donostia, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Andoain eta Usurbilgo hautetsiek euren lurraldearen garapen iraunkor eta orekatuarekin lotutako eskaintza egin dute EH Bilduren izenean.
Kezka dute, eta kezka hori partekatua da Gipuzkoako hainbat sektore sozioekonomikotan, merkataritza-gune handien zabalkundeak hankaz gora jar ditzakeelako dagoeneko ahul samarrak izan daitezkeen orekak.
Gaur egun, Donostia inguruan, ekialdetik mendebaldera, merkataritza-gune handiek 180.000 metro koadro hartzen dituzte: Txingudi, Lintzirin, Urbil, Garbera, Belartza… Gaur egungoa gutxi ez, eta azken aldian maiz ari dira iristen merkataritza-gune handiei buruzko albisteak. Gune berrien proiektuak nonahi sortu dira. Eta kezkatuta daude, izan ere, merkataritza-gune handiak sortzeko edo oraingoak zabaltzeko gaur egun mahai gainean dauden proiektu guztiak gauzatzen badira, beste 200.000 bat metro koadro izango direlako, datozen urteetan, eremu txiki honetan. Besteak beste: Zaldunbordako outlet berria, Hondarribian (40.000 metro koadro); Garberaren zabalkundea, Ilunbe eta Belartza 2 Donostian (beste 100.000 metro koadro baino gehiago); Teresategi eta Michelin, Lasarte Orian (37.000 metro koadro); Urbilen handitzea, Usurbilen (37.000 metro koadro)…
Donostialdea, Bidasoa eta Buruntzaldeako EH Bilduko alkate eta hautetsiak, prentsaurrekoan
Proiektu horiek guztiak eta aurreikusitako beste batzuk gauzatuz gero, merkataritza-gune handien azalera ia bikoiztu egingo da Bidasoaldean, Oarsoaldean, Donostialdean eta Buruntzaldean. Donostialdea, de facto, korridore komertzial handi bat bihurtuko litzateke.
Paradoxikoki, handitzeko joera hori ez dator bat mundu zabalean, eta hemendik gertu ere, nabarmentzen den ereduaren krisiarekin. Gaur egun, merkataritza-guneak ixten ari dira. Joera orokorra da, bestelako eredu batzuek, bereziki online merkataritzak, hartu duten indarrarengatik. Hala, gaur egun salerosketak hiru bide nagusi ditu: merkataritza-gune handiak, internet bidezko salerosketa eta dendari txikiak. Bakoitzak bere tokia izan dezake, baina lurralde osoaren garapen iraunkorra bilatu nahi bada, eta herri eta auzo biziak nahi badira, oreka ezinbestekoa da. Proiektu berrien presakako tramitazioek desestabilizazioa ekar dezakete. Onar dadila orain ere ahula dela oreka hori eta kaltetu nagusia, zalantzarik gabe, merkataritza txikia dela. Datu bat ematearren: azken hamar urtean, Donostian, 557 denda itxi dira.
Donostia inguruan aurreikusten diren merkataritza-gune handien inguruan dauden proiektu guztiak aurrera ematen badira, beraz, oraingo oreka ahula lehertu egingo da erabat. Eta kaltetuak dendari txikiak izango dira, eta haiekin batera, herriak eta herritarrak. Merkatari txikiak herrietako sare ekonomikoko eta sozialeko parte ezinbestekoa direlako.
Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da sektorea erregulatzea. Inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza-, kontsumo- eta bizi-ohiturak zaintzea, eta herrietako izaera, erro sakonak dituena, babestea.
Justu, orain, Eusko Jaurlaritza merkataritza-gune handiei buruzko Lurralde Arloko Plana egiten ari da -aurrekoa 2004koa zen- eta han jasoko diren arauek eragin nabarmena izango dutela sektorean.
Donostia inguruan, eki eta mendebaldean, merkataritzaren inguruko oreka erabat hauts daitekeela-eta, eta dendari txikien defentsan, EH Bilduk honako eskaintza hau egiten die gainerako indar politikoei eta, bereziki, haien ardura instituzionalarengatik, PNV eta PSEri: batetik, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Arloko Plan berrian, merkataritza-gune handiei 2004an ezarritako mugak berreskuratzea, eta bestetik, moratoria bat aplikatzea. Eta, halaber, plan hori onartu bitartean, Donostia inguruko udalek inongo garapenik ez ahalbidetzea.
Horrela, indar politiko nagusien artean egoeraren diagnostikoa egin eta, erabaki okerrak hartu baino lehen, ahalik eta akordio politikorik zabalena egiteko aukera izango litzateke.
EH Bildu koherentea izango da planteamendu honekin, eta EH Bilduren udaletan lantzen ari diren arau subsidiarioen berrikuspenetan edota plan orokor berriak aipatutako irizpideon arabera egiteko konpromisoa hartzen du.
Arduraz jokatzeko garaia dela uste dute EH Bilduko hautetsiek, izan ere, orain hartuko diren neurriek erabat baldintza dezakete gure eskualdeetako dendari txikien etorkizuna eta, ondorioz, auzo eta herrien bizi-kalitatea, lokal hutsez beteriko kaleak eta plaza hutsak inork ez dituelako ikusi nahi; lotarako herrietan inork ez duelako bizi nahi.
EH Bildu koherentea izango da apustu honekin, eta PNVk eta PSOEk berdin egitea espero du.
Agerraldiaren bideoa: https://www.youtube.com/watch?time_continue=1&v=2UA25_N5cv0


