Iritziak

- Belen Arrondo eta Unai Urruzuno. EH BILDU-

Tristea, baina errealitate gordina da. Gasteizko Legebiltzarrean gertatu zen, pasa den ekainaren 2an egindako osoko bilkuran. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) lan harremanek duten egoera zailaren aurrean, gutxieneko batzuk adosteko asmoz, EH Bilduk proposamen irekia planteatu zuen eztabaidatzeko.

Izan ere, ez dira garai onak EAEko lan harremanetarako. Gogoratu behar da lan harremanez ari garenean hurrengoaz ari garela: lan kontratuen ereduez eta horien egoeraz, lan baldintzez eta soldataz –baita gutxiengo soldataz, Estatu mailan erabakitzen dena eta 700 eurotara ailegatzen ez denaz– lan hitzarmenez, elkarrizketa sozialaz edo negoziazio kolektiboaz. Beraz, arlo oso garrantzitsua. Eta, azken urteetan arlo soziolaboralean oinarrizko eskumenen jabe den Estatu espainolaren aldetik hartu diren hainbat neurrik, eta bereziki, 2010ean Zapateroren Gobernuak eta 2012an Rajoyrenak onartutako lan-erreformek, ondorio latzak ekarri dituzte eta ekartzen ari dira esparrura. Zapaterok Estatu mailako hitzarmenak nagusitzeko oinarriak jarri zituen bitartean, Rajoyk, azken urteetan egindako erasorik bortitzenean, balizko oreka guztiak apurtu zituen, enpresarien alde baldintzarik gabe lerratuz: langileak kaleratzeko erraztasunak, ultraktibitatearen amaiera, indarrean dauden hitzarmenak ez betetzeko malgutasun muturrekoa, enpresa mailako negoziaziorako eredua… badira lan arloan egun pairatu ditugun neurri batzuk, PPk hala inposatuta, nahiz eta gure erkidegoan bere ordezkaritza maila %10era ailegatzen ez den. Datu esanguratsua, ezbairik gabe.

Egoera horren aurrean, ez da harritzekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan blokeo orokorra gertatzea, gehiengo sindikala, ELAk eta LABek nagusiki islatzen dutena, kementsu ari delako erreforma horien aurka. Izan ere, urteetan egindako borrokaren bidez lortutako guztia ezbaian dago. Horren ondorioz, negoziazio kolektiboan blokeoa nagusitzen da, eta une honetan ia 400.000 langile indarrean dagoen hitzarmenik gabe daude, guztien %75. Horrekin batera, Estatu mailako sindikatuen ezinbesteko babesarekin, baldintza arras eskasak dituzten hitzarmenen estatalizazio progresiboa gertatzen ari da. Esan gabe doa, Confebask patronal nagusia eroso dagoela marko horretan eta, egoeraz baliatuta, funtsean lan erreformaren ondorioetan sakontzen ari den proposamen berriak –lan harremanetarako eredu berria, kasu– kaleratzen ari da, beti ere Jaurlaritzaren oinarrizko oniritziarekin.
Horregatik gure proposamena, behar-beharrezkoa baita arlo politikotik eta erakundeen aldetik ekimena hartzea, neurri eta proposamen berriak, ausartak, bideratuz. Gainera, ezin dugu ahaztu gehiengo politiko, sozial eta sindikalak nabarmen egiten duela bat lan harremanak bertan eztabaidatu eta erabakitzearekin. Hori dela eta, gure oinarrizko proposamena, akordio baterako prestatuta, hiru puntutan islatzen zena: lehenengoan, EAEko lan hitzarmenen estatalizazio etengabekoa Legebiltzarrak errefusatzea, eta bere kezka adieraztea, horrek zuzenean langileen lan baldintzak ahuldu eta soldatak jaisten dituelako; bigarrenean, lan harremanetarako eta negoziazio kolektiborako euskal esparrua gauzatzeko jarrera proaktiboa Jaurlaritzari eskatzea, gehiengo politiko, sozial eta sindikalaren nahiari segida emanez; eta hirugarrenez, gure ekoizpen ereduarekin eta errealitate sozio-ekonomikoarekin bat egiten duten lan harremanak bertan erabakitzea eta, ondorioz, etorkizunean negoziatu beharreko edozein estatus berrian, arlo horren eskumen osoa bertan erabaki eta gauzatzeko konpromisoa agertzea, gizarte bidezkoa eta kohesionatua lortze aldera.

Gogorrago eta gordinago izan zitekeen eskaera eta tonua, baina berriro diogu gure helburua oinarrizko adierazpena aurrera ateratzea zela, datozen hilabeteetan eta hurrengo legegintzaldian eraikitzeko orube tinkoa izateko asmoz. Baina ezin.

Eskaeraren aurrean, gure jarrera eta proposamena kritikatzeaz gain, EAJk nahiago izan zuen, askotan bezalaxe, PSErekin beste proposamen bat hitzartzea, alde batetik, Gizarte Elkarrizketa Mahaiaren alde agertzeko eta, bestetik, enpresen eta sindikatuen ordezkariei negoziazio kolektibo sektorialekoa desblokeatzeko eskatzeko, akordioak erdietsi aldera negoziazio-prozedurei heltzeko eskatuz. Kitto. Akabo. Hau da, gehiengo sindikalik gabe hasiera-hasieratik herren eta zilegitasunik gabe jaio eta une honetan amortizatuta eta noraezean dabilen mahiaren alde agertzea, egungo egoeraren jatorrian dagoen egiturazko desoreka aipatu gabe, eta eragile politiko eta instituzionalei inolako etxerako lanik jarri gabe. Itzela akordioa. Historikoa. Tamainako erronkei heltzeko pentsatuta, ezbairik gabe. Bere burua abertzale bakartzat hartzen duen alderdiaren demaseko apustua. Ironiaz esaten dugu, noski.

Lan baldintzen atzean dagoen produktibitatea EAEn Europako altuenetarikoa da eta batez bestekoa %30 handiagoa da Europarekiko. Estatu espainolarena baino 25 puntu handiagoa eta Estatu frantziarena baino 15 puntu. Eredu produktiboa ezberdina dugu, oraindik ere industrian oinarritzen dena, eta lurraldean zehar zabalduta dauden enpresa txiki eta ertainetan nabaritzen dena. Beraz, gure apustua lan ona, prestakuntza, espezializazioa eta I+G+B indartzea izan behar da, politika publiko sendoen bidez eta ez, inolaz ere, konpetitibitatea irabazteko lan baldintzak eta soldatak nabarmen jaistea, lan erreforma gogorrak aplikatuta. Horixe baita estatuaren porrota eragozteko Espainian indarrean dagoen eredua, zoritzarrez, Urkulluren gobernuak ere, gustura ala ez, bere egiten duena.

EH Bilduk argi dauka gure errealitate sozio-ekonomikoari eta ditugun erronkei behar bezala heltzeko marko propio izatea, lan harremanetan ere, ezinbestekoa dela. Eta argi dugu baita ere, erdigunean kokatu behar dugula eskaera hori etorkizunean landuko den edozein estatus berrirako proposamenetan. Duintasunez bizitzeko gure buruaren jabe izan beharra dugu. Horretarako, baina, aliantzak eta gehiengoak osatu behar dira, eraginkorrak direnak, bide horretan bultzatu eta beste batzuk bultzaraziko dituztenak. Horretan gure konpromisoa. Horretan gure borroka.

Pasa den astean komunikabideetan Villabonako udalean bilera bat egin, eta udalak aste berderako 2 ekimen antolatu dituela irakurri ahal izan genuen. Albisteak "Ingurumenari buruzko bilera udaletxean" zioen eta bilera horretan parte hartutako Gipuzkoako Foru Aldundiko Xabier Arruti, Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaria Nagusia, eta Arantxa Ariztimuño, Mendiak eta Natura Inguruneko Zuzendari Nagusia, Iban Agirre alkatea, Eneko Urdangarin Ingurumen Zinegotzia eta udal teknikaria aipatzen ziren.

Bilera ingurumena

Aipatutako bileraren argazkia. Iturria: ataria.info

Guk, Amasa Villabonako EH Bilduko udal taldetik, argi utzi nahi dugu ez genuela bilera horretan parte hartzeko inolako gonbidapenik jaso eta prentsaren bidez jakin genuela bilera horren berri. Beraz, udal gobernuak, Amasa Villabonako herritarren ordezkariak garen beste alderdiak bilera horretatik kanpo uztea erabaki zuen, ondoren bilera hori "propaganda bilera" batean bilakatuz, argazki eta guzti prentsan ager zedin.

EAJko udal gobernua, beste hainbat gaietan bezalaxe ingurumenean ere, zerbait egiten duenaren irudia saldu nahian dabil, baina udal gobernu honen jardunaren jarraipena eta kontrola egiten ari garenok garbi ikusten ditugu udal gobernu honek dituen iniziatiba falta, geldotasuna, nagikeria, proiekturik eza eta inprobisazioa.

Ingurumenean udal gobernu honek hartutako lehen neurri politikoa, udal teknikariaren lan-orduak murriztea izan zen, edonondik begiratuta ere, murrizketa argia. Hau alde batera utzita, azken hilabete luzetan ez da aipatzeko moduko ezertxo ere egin, 2011-2015 legealdian EH Bilduk gidatutako udal gobernuak martxan jarritako egitasmo eta proiektuei hala moduzko jarraipena ematea da egin den bakarra. Besteak beste, herri baratzen proiektua, BTT mendi bizikletarako ibilbide sarea eta Amasamendiko plan integrala (modu parte hartzailean garatua) aurreko legealdian diseinatu eta onartutako egitasmoak dira. Egitasmo hauekin aurrera egiten ari da, bai, baina proiektu hauen garapena oso modu mantsoan gauzatzen ari da, atzerapen nabarmenarekin.

Badirudi orain, bilera bateko argazkia atera eta prentsara bidaliz errealitate hori ezkutatu eta zerbait egiten dutela erakutsi nahian dabiltzala alkatea eta Urdangarin zinegotzia. Guk datu esanguratsu bat jarri nahi dugu mahai gainean, azken 11 hilabetetan 3 ingurumen batzorde soilik egin dira udalean. Ia ezer ez egiteaz gain, oposizioan gaudenoi gure lana egitea zaildu egin nahi izan digute, ingurumen batzordeak baitira gai ezberdinak mahai gainean jarri, eztabaidatu, landu eta adosteko foroak. EH Bilduko hautetsiak beti egon gara batzorde hauetan aktiboki parte hartu eta gure ekarpenak egiteko prest, baina ez zaigu horretarako aukerarik ematen.

Udal gobernu honek udala paralisi egoerara darama eta Amasamendiko maparekin argazkiak atera (normala da, ez dute ezagutzen eta mapa begiratu behar) eta kanpora begira itxurak egiten saiatu arren, ingurumen sailean ere eskuko frenoa emanda doa gure udala.

Ia ahaztu zaigu! ingurumenaz ari garela, EAJk babesten dituen eta gure ingurumena eta naturarentzat oso "onuragarriak" diren AHTa, Erraustegia, Super-Portua, Donostiako metroa etab. bezalako proiektuak ere hor daude, EAJren ingurumenarekiko "sentsibilitatearen" adierazle.

 

 

 

Nora Urbizu eta Xabat Laborde

EH Bilduko zinegotziak eta Villabonako udaleko Ingurumen batzordeko kideak

Euskararen benetako normalizazioa eta herri euskalduna helburu dugunok, kezkatuta egoteko arrazoiak ditugu Amasa Villabonan. Beste hainbat herritan gertatzen ari den bezala, gurean ere gero eta gehiago gara euskaldunak, ezagutzak askok nahi genukeena baino mantsoago bada ere, goranzko joera mantentzen du, gaur amasa billabonatarren %70 inguruk daki euskara. Baina zer gertatzen da erabilerarekin? datorren udazkenean egingo du udalak 5 urtetik behin egiten den euskararen kale erabileraren neurketa, baina herriko kaleetan itzuli bat emanez gero, nabarmena da gure hizkuntzaren erabilerak apal jarraitzen duela (%43aren bueltan). Erdarak guztiz hegemonikoa izaten jarraitzen du eta euskaraz bizi nahi dugunok oraindik ezintasun eta traba ugari aurkitzen ditugu egunerokoan, zoritxarrez Amasa Villabona ez da salbuespena.

Gehiago irakurri...

- Nora Urbizu eta Leire Olasagasti EH Bilduko hautetsiak -

 

Pasa den apirilaren 25ean, Villabonako Udalean burutu zen Osoko Bilkurari buruzko gure hausnarketa elkarbanatu nahi genuke. Beste hainbat gaien artean, apirilaren 17a preso politikoen aldeko nazioarteko eguna izanik, EH Bilduko udal-taldetik mozio bat aurkeztu genuen. Mozio horren bidez, Villabonako Udalak berriki Suitzan atxilotua izan den Nekane Txapartegi asteasuarraren kasuan bere posizioa agertzea nahi genuen. Zehazki gure udalak atxiloketa salatzea eta Nekaneren familiari elkartasuna adieraztea nahi genuen (halaxe egin du Asteasuko Udalak EH Bildu eta EAJren arteko adostasunarekin).

Gehiago irakurri...

Izena eman Boletinean!

Showcases

Background Image

Header Color

:

Content Color

: