Iritziak
- Kategoria: Iritziak
REBEKA UBERA EH Bilduko legebiltzarkidea eta Hezkuntza gaietako arduraduna
Gure ikastetxeetako ateak irekitzear dauden honetan, gai izango al gara beste ikasturte bati aurre egin ez ezik, etorkizunari begiratu eta garai berriek eskatzen dituzten hezkuntza politikak erdiesteko? Gai izango al da Cristina Uriarte jendarte honen mesedetan herritar guztien aukera berdintasuna bermatzeko politikak erdiesteko? Orain arteko bideari jarraituz ez, behintzat.
Hezkuntza denon onerako tresna da. Herri batentzat ezinbesteko orubea da. Jendarte aurreratua eraikitzeko eta pertsona askeak hezteko. Herritar orok txikitatik etorkizunari aukera berdintasunean aurre egiteko mekanismoa da hezkuntza, bakoitza bere eremutik ekarpena eginez, izan pentsalari, sortzaile, kazetari, irakasle, musikari, iturgin, garraiolari edota dena delarik bere bokazioa. Gure herria eraikitzeko, den-denak beharrezkoak.
Baina, azkenaldian, gutxi batzuen mesedetan eta zerbitzura garatu dira hezkuntza politikak; LOMCEk oso argi agintzen duen bezala, lan esku merkea sortu eta abiadura ezberdinetako hezkuntza sistema betikotzen. Horretarako Jaurlaritzak botere ekonomiko eta elite zehatzekin etengabeko elkarlana garatzea erabaki zuen aspaldi; gero eta ohikoago da Jaurlaritzaren politikak Confebask-ek berak markatzea eta. Eta hor kokatzen da egungo hezkuntza ere. Poliki-poliki oinarrizko eskubideak pribilegio bilakatu dituzte eta, aldi berean, karitatean oinarrituriko zenbait politika osagarrirekin hau guztia mozorrotu.
LOMCE-ren kontrako manifestazio jendetsua Bilbon
Horren guztiaren erakusle nagusietakoa LOMCE ari da izaten. LOMCE edota euskal LOMCE den Heziberri 2020. Gure ikastetxeetan erabat aplikatua dago jada eta, adibidez, indarrean den ebaluazio sistema erabat segregatzaile eta baztertzailea da. Ikasle gehienak ibilbide teknikotik bideratu nahi dira. Ikastetxeen arteko lehia eta sailkapena areagotu egin da... Horrela, lehen mailako eta bigarren mailako ikastetxeak, ikasleak eta, finean, herritarrak erdietsiz. Gure jendartearen kohesioaren aurka, pobrezian sakonduz, baina, batez ere, herritarron gehiengoaren bizitza gutxi batzuen menpeko bilakatuz. Herri gisa garatzeko ditugun aukerak ahultzearekin batera, gure kultura, hizkuntza eta etorkizuna bide bazterrean uzten ari dira hezkuntza politika horiekin.
Hezkuntza Sailaren helburu konkretuez gain, momentu hauetan denen ahotan garai berriek eskatzen duten hezkuntza politika egokitzearen beharraz ari garenean, ez gara gai bide berriak irekitzeko, eztabaidetan sakondu eta iraganeko eta gaur egungo inertziak gainditzeko. Ez gara gai izaten ari, esaterako, ez sozialki, ez ekonomikoki, ezta Estatu kohesionatu baten ikuspegitik dagoeneko bideragarriak ez diren hezkuntza-sare desberdinen sistema gainditu eta berrantolatzeko. Alde guztiek nahi dute bere sarea mantendu, kosta ahala kosta.
Kosta ahala kosta, nirea mantendu. Baina kohesioaren gainetik? Egon daiteke bidea bestelako antolakuntza batetarako, eskubide eta erantzukizun publikoetan oinarrituta, baina bide zidorrik gabe eta benetan ikasleak eta etorkizuneko herri proiektua erdigunean izanda. Funtzionatzen ez duela guztiz argia den egungo sistema gainditzerik badago. Gai izan beharko ginateke bide berriei ekiteko denon artean, jakitun aldaketak ez direla inoiz errazak. Baina jendarte justuago batek ez al du merezi saiakerarik?
Beka eta laguntza sistema ere ez da eraginkorra jada, ez du bete beharko lukeen funtzioa. Ez du eraginkortasunik. Zergatik ez bestelako politika estruktural batzuetara jauzi egin? Irakasleen prestakuntza, ibilbidea eta egonkortasunerako ere bestelako beharrak daudela agerikoa da. Ikasleen mesedetan auzo eta herrietako hezkuntza proiektuen mesedetan jardun beharra dago. Artikulu batean ezin aipatu ireki daitezkeen bide konplexu guztiak, baina argi luzeekin, borondate eta eskuzabaltasunarekin gainditzeko moduak badaude. Batez ere, herri honetan ditugun iraganeko motxilak duen pisua husten joan behar gara, posible delako aurrera egitea.
Iragan ikasturtea oso gogorra izan zen hezkuntza alorrean modu batean edo bestean ari garenontzat, eta makina bat borroka, hamaika mobilizazio, lan mordoa... izan genuen. Ikusiko dugu ereindako horrek ikasturte honetan fruiturik ematen duen. Baina oraindik ere, arestian esandako guztian mentalitate aldaketan, eta funtsean hezkuntza politikan ere, asko dago ereiteko. Nahiz eta bidea luzea izan, hezkuntza epe luzeko erronka baita.
Baldin eta hezkuntza ikastetxearen lau paretetatik haragoko kontzeptu mugatutik bezala ulertzen badugu, matrikula banaketa soil batetik harago ulertzen badugu, enpresa kontzeptua baztertzen badugu, bazterketa ez dela konpontzen ez dakit zer ezaugarritako ikasleak zenbakiak bailiran bezala banatuta ulertzen badugu... aurrera egingo dugu.
Zoritxarrez, ikasleen segregazioari aurre egiteko Hezkuntza Saila zein parametro mugatu erabiltzen ari den ez doa norabide egokian. Hezkuntza jendarte baten oinarria bada, hezkuntza ezin da ikastetxeen zutabeetan soilik eraiki, ezin da modako pedagogia edota merkatuaren beharretara mugatu.
Eta, gainera, balizko Hezkuntza Lege berri baterako erdietsi den prozesu eskasak eta horrek emandako ustezko emaitzek ez dute inolako oinarri sendorik bermatu gure jendarteak behar duen hezkuntza marko berri bat egikaritzeko.
Beraz, ate joka dugun ikasturte berrian trantsizio batera eramango gaituen eztabaidari gordinki heldu beharko genioke, zintzotasunez eztabaidatzeko eta bakoitzaren lubakietatik ateratzeko. Gai izango gara edo berriz ere beste belaunaldi bat pasatu behar da iraganeko motxilak hainbeste pisu izan ez dezan? Eta bitartean, zer gertatuko da gure ikasleekin? Gure hizkuntza eta kulturarekin? Finean, gure herriarekin? Izango dugu ausardia aukera berdintasuna oinarri, jendarte honetako parte izan eta sentitzeko, ekarpena egin eta guztion artean komunitate bat eraikiz hezkuntza sistema propio baten alde urratsak egiteko? Gu prest gaude.
- Kategoria: Iritziak
ARKAITZ RODRIGUEZ, Sortu-ko Idazkari Nagusia.
EAJk eta EH Bilduk EAEko estatus berriaren oinarriei buruz lotutako akordioa historikoa da. Batetik, bi familia abertzaleek burujabetza marko bati buruz akordioa lortzen duten lehen aldia baita, Lizarra-Garazin izan ezik. Bigarrenik, akordioa bidegurutze historiko batean sortu baita, Trantsizioan izandako antzeko ezaugarriekin. Autonomia markoa agortu ondoren, nazio-aitortza eta burujabetzara igarotzea dago jokoan.
Trantsizioa Txiberta
EAJren geldotasunari aurre eginez, belaunaldi bat borrokari lotu zitzaion ia bi hamarkada aurretik, eta emantzipazio-mugimendu bat garatu zuen, nazio-borroka eta pentsamendu korronte garaikideak uztartuz (Kuba, Aljeria eta nazio askapen mugimenduak). Frankismoak, berriz, indar sozialek eskatutako aldaketa olatuak neutralizatzeko trantsizio-prozesua diseinatu zuen. Une politikoa erreformaren eta hausturaren arteko dialektikak markatu zuen eta, Estatu-aparatuen garapena ezarri ondoren, Poliziek, epaileek, eragile ekonomikoek, hedabideek eta enparauek demokrazia formalaren itxurak egin zituzten. Halere, jasotako herentzia gaur arte erakutsi dute.
Frankismoa higatu eta baldintzatu arte borrokan jardun zuten gizartearen eta antolakundeen ondorioz planteatu zuten instituzioen arkitektura (Konstituzioa eta estatutuak). Hau da, sistemak bere burua behartuta ikusi zuen Konstituzio hori eratzeko. Era berean, autonomia-estatutuak ez zituen borondatez jarri, baizik eta kontzientzia nazionala eta soziala asimilatzeko ahalegin bat izan zen, ia bi hamarkadatako borrokaren ostean.
Une historiko hartan, ezker abertzaleak herri-akordio bati heldu nahi izan zion, Txibertan, bide erreformistek frankismoaren aurkako borrokan metatutako kapital soziala ez xahutzeko, baina EAJk handik intxaurrak batu nahi zituen, eta, haustura demokratikoarekiko konpromisoa saihestuta, Estatu eredu berriaren euskarri bihurtu zen, PSOE, PCE eta CiUrekin batera.
Lizarra-Garazi
Hogei urte geroago, bi eremu abertzaleen oinarrizko bat-egitea gauzatzeko baldintzak sortu ziren, Estatuaren inboluzio progresiboak eta ezker abertzalearen zein herri-sektore zabal baten erresistentziak ahalbidetuta. Lizarra-Garazin planteatutako oinarriek erreferentzia nazionala ireki zezaketen estreinakoz. Etapa politiko berri hartan, baina, bi eragileek aurreko hogei urteetan izandako inertziengatik hautsi zen akordioa.
Lizarra-Garaziren porrotak eta burujabetzara igarotzeko estankamenduak saiakera berriak ekarri zituzten, bai EAJn, bai ezker abertzalean. Ibarretxe plana eta Loiola bi eragile politikoen artean inolako bat-egiterik gabeko bi prozesu izan ziren. Gizarterik gabeko prozesuak izan ziren, instituzionalak, isilpekoak, eta fase politikoa ahitu zuten.
Ezker abertzalearen estrategia-aldaketa
Estrategia-aldaketaren oinarrian hausnarketa bat dago: behin baldintzak sortuz gero, ezinezkoa da autonomiatik burujabetzara igaro estrategia politiko-militar baten markoaren eskutik; beraz, horretarako, ezinbestekoa da beste etapa bat irekitzea, aipatutako baldintzen alde egingo duen indar-korrelazio instituzional eta sozial bat gauzatzeko.
Ezker abertzalearen erabaki eta egintza aldebakarreko horrek forma eman dio fase politiko berriari. Hegoaldeko mapa instituzionalean eraldaketa sakona ekarri du ezker independentistak, EAEn EAJren alternatiba bakar bihurtu baita, eta Nafarroan ezinbesteko indar bilakatu baita aldaketa osatzeko. Testuinguru politiko berrian, Ipar Euskal Herriko lehen aitortza instituzionala gauzatu da. Horrez gain, borroka armatua ekuazio politikotik ateratzean, Estatuaren bizkarrezurra hautsi da, antiterrorismoa barne-kohesiorako faktore gisa erabili izan baitu, eta Euskal Herrian zein Katalunian burujabetza neutralizatzeko baliatu baitu.
Orain, bidegurutze batean gaude, trantsizioko haren antz handia duena. Bidegurutze horretan, EAEko Autogobernu Ponentziaren Oinarri eta Printzipioetan EAJk eta EH Bilduk lortutako akordioak, Elkarrekin-Podemosen ekarpen partzialak dituenak, burujabetzara jauzia emateko potentzialtasuna du. Gure herriko zati batean jauzi hori emateko hainbat elementu biltzen ditu: EAEko herritarrak subjektu juridiko-politiko gisa onartzen ditu, Estatuarekin berdintasunean; erabakitzeko-eskubidea instituzionalizatzen du; eskumen maila zabala zehazten du, kalitatezko demokraziaren garapena eta eredu sozioekonomiko aurreratua lortzeko; eta horren guztiaren blindajea dakar. Jakina, hori guztia trinkotzeko, gizartearen bulkada behar-beharrezkoa da.
Euskal Errepublikaren alde Sortuk egindako manifestazioa Donostian
Ezker abertzaleak ortzimuga kolektibo hori sustatu nahi du, herri honek maila instituzional eta sozialean euskal lurralde guztiak hartuko duen Estatu baterantz jauzia eman dezan. Beste koxka politiko garrantzitsu bat igotzeko aukera dugu, hautsitako gure mapa nazionala gorpuzteaz batera: indar instituzional handia dugu; erabakitze-eskubidera jauzia emateko gizarte-mugimendu sendoa prest dugu; Oinarri eta Printzipioen akordioan jasotako lan-harremanen euskal esparrua aldarrikatzen duen gehiengo sindikala dugu; azken hamarkadetako mobilizazio olaturik handiena bizi izaten ari gara; eta potentzialtasun eraldatzaile ikaragarria duen antolakuntza-ehuna dugu, ortzimuga kolektiboa berreskuratzen ari dena.
Atzeraezin bihurtu behar dugu erakundeetan lortutako akordio hau. Lehenik eta behin, ez baitzaizkio arerioak faltako, ez unionisten artean, ez EAJren beraren barruan. Eta bigarrenik, aldaketa politiko eta sozialak erakundeetan marraz daitezkeen arren, gizartea aktiboa eta protagonista denean gauza baitaitezke, mobilizazioen eta konpromiso kolektiboaren bidez. Betiko moduan, herriak bakarrik salba dezake herria.
- Kategoria: Iritziak
NAIZ Editoriala: 2018/06/22
La decisión de la Audiencia navarra de liberar a «La Manada» con fianzas de 6.000 euros cayó ayer tarde como una auténtica bomba. Primero obviamente sobre la víctima de una violación flagrante a los ojos de cualquiera que haya leído la propia sentencia del tribunal que, contradiciéndose, la redujo luego a abuso. Después, sobre la ciudadanía de Iruñea que dio una respuesta ejemplar a esa infamia gracias a una implicación institucional decidida contra la lacra machista, protocolos adecuados que funcionaron de pleno y una movilización ciudadana imponente. Y, más allá aún, sobre todas las personas que en el Estado y fuera han entendido este caso como referencial para lograr que en 2018 simplemente ninguna mujer deba temer ser forzada sexualmente por disfrutar unas fiestas. No es tan difícil de entender.
Las argumentaciones técnicas son la mera coartada de quienes no captan algo tan simple. La excarcelación es el fruto de una sentencia absurda y un contexto obviado intencionadamente, dado que esos atacantes de Iruñea esperan otro juicio similar en Córdoba. Es inevitable preguntarse si hubiesen tenido el mismo trato de favor si uno no fuera militar y otro guardia civil. Y plantearse dónde están aquí el «riesgo de fuga», la «humillación a las víctimas» y otras argumentaciones tan mentadas otras veces. Lo llaman Justicia, con mayúsculas, pero no es justicia. Justicia es atender a la verdad de los hechos y cuidar a las víctimas, y este caso destila mentira y crea una indefensión atroz.
En seis días hemos visto en Iruñea la mayor movilización de su historia contra el despropósito del «caso Altsasu»; el encarcelamiento «a la carta», en un módulo abierto al efecto, del cuñado del Rey español Iñaki Urdangarin; la corrección de la condena de Altsasu por un error –por supuesto al alza– en la suma de años de cárcel a un acusado; y ahora esta excarcelación escandalosa. La Justicia española es una broma macabra, un entramado de normas y personas imposible de regenerar.
- Kategoria: Iritziak
Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak
Ekainaren iragan 5ean aske utzi zituzten Algecirasen atxilotutako zortzi pertsonak, jaunartze ospakizun batean zegoen hainbat lagun eta inguruan zeuden guardia zibil batzuen artean gertatutako liskarra zela eta, zeinen baitan azken hauek harri, loreontzi eta beisboleko makilekin erasotuak izan ziren. Cadizeko herri horretako 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak bermerik gabeko askatasuna ebatzi zuen zortzi atxilotuetako bostentzat eta 2.000 eurotako fidantzapekoa beste hirurentzat, desordena publikoko kasu arrunta zela iritzita. Inongo erakunde judizialak ez du zalantzan jarri tokiko epaitegiaren jurisdikzioa gertakariak ikertu eta epaitzeko.
Egun berean atxilotu zituzten lehenago, guardia zibilen ezohiko indar zabaltzearen baitan, eta espetxeratu gero Auzitegi Nazionalak 9 eta 13 urte arteko kartzelarekin zigortutako (bi urtekoarekin kasu bakar batean) Altsasuko lau gazteak. Epaitutako istiluak herriko taberna batean gertatu ziren 2016ko urriaren 15eko goizaldean. Bertan zauriak jasan zituzten, baina ez larriak, Guardia Zibileko teniente batek eta sarjentu batek, bai eta haien bikotekideek. Auziaren instrukzioa hasiera batean Iruñeko epaitegi batek landu bazuen ere, ondoren Auzitegi Nazionalera igaro zen, Auzitegi Gorenak hala ebatzita, tartean «terrorismo» kasua zegoela iritzita. Kasuaren instrukzioa landu zuen Kataluniako Gobernuko kideak espetxeratu zituen epaile berak, Guardia Zibilak kondekoratutakoak, eta epaimahaiburua gorputz bereko koronel baten emaztea izan da.
Hau guztia ETAk bortizkeria utzi eta zazpi urtera, bere desagerpena ebatzi duen urte berean. Antzeko kasuak; Estatu bera, Espainiako Erreinua; bi lurralde desberdin, Andaluzia eta Nafarroa; emaitza benetan bestelakoa.
Egunkaria auziaren harira, 2003koa beraz, zenbait juristak iritzi zion penintsulako euskal populuari Estatuarekiko gatazka politikoaren baitan ezartzen zaiola etsaiaren Zigor Kodea edo, Joaquin Jimenez magistratuaren esanetan, «eskubide eza». Arrazoiren bategatik oroimenera etorri zaigu burutazio hau oraingo prozesu honen argira.
Bestalde, auzia Iruñeko epaitegitik Auzitegi Nazionalera eramateko arrazoi bakarra auzipetuei «terrorismoa» leporatzea izan bazen eta orain bigarrenak ebatzi badu ez dagoela delitu hori, esan nahi al du honek akusazioak azpijokoa egin duela zelai propioan jokatu ahal izateko asmoz?
Duela gutxi egunkari ezagun batean argitaratutako iritzi artikuluan, zeina sinatzen zuten besteak beste bertako jurista ospetsuek, zigorren «desproportzio zentzugabea» nabarmentzen zen. Euren esanetan hain da handia ezen Espainiako jurisprudentzian, ez eta ere erkatuan, halako kasurik ez antzerakorik 9 eta 13 urtetako kartzela zigorrarekin tabernako liskarragatik, erasotuen polizia izaera tartean egon edo ez». «Tabernako xextra delitua ez da automatikoki desagertzen eta larriagoa bihurtzen liskarrean ari direnek batzuk besteekiko izan dezaketen mespretxuagatik edota erasotuaren kategoria edo lanbideagatik», dio artikuluak. Zentzu berean jardun dute behin eta berriz Nafarroako Foru Gobernuak eta Parlamentuak adierazpen instituzionaletan.
Ugari izan dira ahots kualifikatuak, horietako hainbat Estatuko gobernutik gertukoak, duela bi urtetik gaur egunera ere etengabe jardun dutenak desproportzio horri buruz, bai eta oro har auziaren anakronismoari buruz eta orain epaiari buruz zehazki.
Hau guztia testuinguru zehatzean gertatzen ari da, noski. Iragan apirilaren 13an ezagutzera eman zen publikoki Demokrazia Bai deituriko agiri bat, zeina guk geuk, artikulu honen sinatzaileok, babestu genuen ekitaldian bertan egonda. Agiri hartan «Larritasun demokratikoaz» hitz egiten zen; «korronte ideologiko autoritario eta kontserbadoreenek politizatutako Justiziaren aurrekaririk gabeko ofentsiba», aipatzen zen. Esaten zen azkenik «Estatuaren atzerakada eta inboluzio arrisku larriaren mehatxupean» gaudela.
Apirilaren 13ko agiriaren edukia indarrean dago gaur egun ere, bereziki «Justizia politizatuaz» mintzatzen garenean, Estatuaren Gobernuan izan den ordezkapenaren ondoren ere. Ordezko gobernuaren osaketan bertan, estrenatu berri eta beraz etorkizuneko jarduna eginkizun, hastapen buruan eragin inbolutiboaren zantzu nabarmenak ditu.
Arrakalaren beste aldean, izan ere arrakala gero eta handiagoa baita inboluzioaren eta gure jendartearen artean, baseko-nafar jendartean, gehiengoa gaude, herritarrak eta instituzioak. Nafarroako Parlamentuak, Foru Gobernuak eta hiriburuetako udalak, besteak beste, bat egin dute ekainaren 16ko manifestazioan Altsasuko auzipetuei elkartasuna adierazteko deialdiarekin. Lehendakari ohi garelarik, guk ere bat egin nahi dugu deialdi horrekin.
Geure buruari galdetzen diogu zer daukan demokratikotik adierazitako norantzan azaltzen den Justiziak. Eta kasuari itsatsita, galdetzen diogu geure buruari zer daukan delitutik segurtasun indar batzuen ordez autonomikoak edo foralak jartzeko eskatzeak, autogobernuko beste atal batzuetan kanpoko funtzionarien ordez bertakoak jartzen diren moduan. Ordezkatze hori era zibilizatu eta zilegizkoan egin izan da gure gobernuen garaian. Lehenak aurrekari eta zama politiko sentiberagoak piztu izanak, adierazpide gordinagoetan azaltzen direnak, ez luke ilundu behar eskariaren zilegitasuna.
Baina ez dugu bukatu nahi politikaren elean. Zigorrak hartutako gazteak, familiak eta gertukoak gogoan hartzeko garaia da. Haiei guztiei, gure elkartasuna, berotasuna eta gertutasuna adierazi nahi diegu. Hala bedi. (This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.).
- Kategoria: Iritziak
Xabier Mitxelena Iparragirre eta Jose Mari Tallon Aviles (Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea)
Aire kutsadura albiste da behin eta berriz, bere maila altua dela eta. Europako hainbat hiri behartuta suertatu dira zenbait neurri hartzera, gehienbat trafikoa mugatzea, maila horiek gutxitzearren. Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) txosten baten arabera, aire kutsadurak 2012an zazpi milioi heriotza eragin zituen, ingurugiro arrisku latzena dela baieztatuz. Materia partikulatua, ozonoa, nitrogeno dioxidoa eta sufre dioxidoa dira biztanleriaren osasunerako aire kutsatzailerik kaltegarrienak. Kutsatzaile horiek gure artean lehendik genituen, bereziki eritasun kardiobaskularrak, arnasbideetakoak eta minbizia sortuz, eta talde zaurgarrienak gure ume eta helduak izanik. Europako Ingurumen Agentziaren estimazio batzuk 2,5 mikra diametroko baino txikiagoko materia partikulatuari egozten diote 23.180 lagunen heriotza goiztiarra, estatuan, 2014an; Gipuzkoan lirateke horietatik 374.
OMEk aipatutako kutsatzaileei dagokienez, deigarria da erraustegien isurketekin estu lotuta daudela. Komeni da gogoratzea horiek industria instalazioak direla, eta hondakinen konbustioa, teorian kontrolatuta, gertatzen dela, hondakin horien bolumena gutxitzearren eta energia berreskuratzeko, azkeneko hori neurri apalean lortzen bada ere. Planta horiek aitortzen dute lehen aipatutako kutsatzaileen edo beren aitzindarien urtero ehunka tona beren tximiniek isurtzen dituztela. Izan ere, horiek dira halako instalazioek kopuru handienean aireratzen dituzten kutsatzaileak. Isurtzeen zenbatekoa irudikatzeko, Zabalgarbiren emaitzak estrapolatuz, Donostiako erraustegiak, errendimendu osoan, urtero 27.000 diesel auto zaharrek adina nitrogeno oxido isuriko luke, kontuan harturik autoen 10.000 km urteroko errodajea (auto baten batezbestekoa), hamar urteko adina eta beren benetako isuriak.
Carlos III. institutuko ikerlari batek duela hilabete batzuk adierazi zuen bezala, edonork uler dezake kutsadura industriala egunez eta gauez isurtzen duen foku baten inguruan urteetan zehar bizitzea ez dela izango kalterik gabekoa. Ez dirudi gure foru agintariak iritzi berekoak direnik. Baten bat prest agertu da burdin goria eskuetan hartzeko Donostiako erraustegiaren osasun ondoriorik eza defendatzeagatik. OEITko (Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko) medikuok ondorioztatutakoa Madrilgo ikerlariak esandakoaren ildotik doa. Urteak daramatzagu foru agintariekin elkartu nahian, industria-instalazioen osasun arriskuak aurkeztu ahal izateko, baina erantzunik jaso gabe. Gustatuko litzaiguke jakinaraztea, hamalau urtez errausketaren eta osasunaren arteko lotura aztertzen jardun ondoren, ezin dugula esan errausketa kaltegarria ez denik. Aitzitik, gaixotasun kardiobaskularren, arnasbideetakoen eta minbizien intzidentziaren areagotze bat agertzen duten argitaratutako azken ikerketa europarrak erakutsiko genizkieke; aire kutsadurari leporatutako antzeko gaixotasunak, hain zuzen ere.
Aurrekoarekin lotuta, OMEk berriki argitaratutako dokumentu batean erraustegiari buruz esandakoa azpimarratuko genieke. Halaber, gogoraraziko genieke dioxina polikloratuen —neurtzen diren bakarrak, alegia— aire isurpenak neurtzeko ohiko moduak nekez azaltzen ahal duela kutsatzaile horren benetako isurketa kopurua, urteko batez besteko funtzionamendu denboraren %0,4n oinarritzen baita. Jakinaraziko genieke kalkulu horietan ez direla aintzat hartzen martxan jartzeko faseen ondoren isuritako dioxinak, kontuan harturik erraustegia martxan jartzen den aldiko sei hilabetetan isurtzen den dioxinen kopurua isurtzen ahal dela, Hanburgon egiaztatu zuten bezala (bai, Alemanian). Neurtuko ez diren (harrigarria bada ere) kutsatzaileak aurkeztuko genizkieke, baita dioxinen bezalako eragina dutenak ere. Azalduko genizkieke azkeneko ikerlanak, erraustegiek finantzatu gabeak, zera erakusten dutela: erraustegien inguruan ekoiztutako janariak kontsumitzeak herritarrontzat duen arrisku gehigarria, dioxinen eta metal astunen kontzentrazioa altuagoa delako, aire isurpen mugak errespetatu arren. Horrekin loturik, jakinaraziko genieke isurpen muga horiek errespetatzeak ez duela inondik ere aire isurpen horiek kaltegarriak ez direnik esan nahi.
Bukatuko genuke azaltzen aipatutako arrazoi hauek guztiek pentsarazten digutela Donostiako erraustegiak sortutako aire kutsadura arrisku onartezin bat litzatekeela herritarron osasunerako, eta jokaera egokiena izango litzatekeela, berau babesteko eta ardura printzipioa erabiliaz, errausketa, hondakinak tratatzeko modua bezala, alde batera uztea, eta berauek kudeatzea herritarron osasunean eta ingurumenean kalte gutxien erakusten duen moduan, gizalegez, euskaldunok esaten dugun bezala.
Agurtu aurretik, irakurle maitea, aire kutsadurak sortutako osasun arazoei buruzko berriak berriro entzutean, oroitu zaitez Donostiako erraustegiaz eta urtero isuriko lituzkeen ehunka tona kutsatzaileez, martxan jarriko balitz.