Iritziak
- Kategoria: Iritziak
Rafa Diez Usabiaga, Josetxo Arrieta Arrieta eta Joseba Azkarraga Rodero - Demokrazia Bai! ekimeneko kideak
Duela aste batzuk jendartean aurkeztu zen ekimen baten parte izan ginen, izaera politikokoa berau, euskal gizartearen atal zabal baten kezka eta gurariekin bat egin nahian. Espainiako politika osoa astintzen ari den inboluzio antidemokratikoaren aurrean euskal jendea adierazten ari den pasibitate kolektiboak kezkatuta, Demokrazia BaiI!-k emakume eta gizonez osatutako askotariko gune bilakatu nahi du egoeraren azterketa partekidetua egiteko. Era berean, horren ondorioez ohartarazi nahi dugu, euskal nazioa bidegurutzean aurkitzen baita oraindik indarrean dagoen autonomia/amejoramendu eredua agortu denean.
Estatuak, 78ko erregimenean kokatuta, berari atxiki zitzaizkiolarik bere aparatu propioak, bai eta alderdi politikoak zein fronte mediatikoa, orain arte ere abian jarri izan ditu antzerako ad hoc erantzunak aitortza nazionalekin eta subiranotasunarekin lotutako aldaketa politikoko planteamenduak azaldu direnean. Gogora ekar dezagun «patriotismo constitucional» (abertzaletasun konstituzionala) hura, Lizarra-Garaziko prozesuaren aurka lehenago eta Ibarretxe Plana deitu zen hartan geroago erabili zen kontzeptua. Oraingoan, ordea, Kataluniako procés-a izan da Espainiako Estatuaren gabezia demokratikoa agerian utzi duena.
155. artikulua estatu kolpe bilakatu da hautetsontzietan hainbat aldiz azaldutako jendarte kataluniarraren zilegizko borondatearen aurka. Auzitegi Nazionalak, Auzitegi Gorenak, Monarkiak eta Guardia Zibilak, denak batera borobilduta kolpe politiko-judiziala burutu dute, zeinetan gobernuek eta parlamentuek Estatua zuzentzeari utzi dioten, eta haiek dira, paradoxikoa badirudi ere, hautetsontzietatik igaro ez direnak, eta hala ere haiek zuzentzen dute jardun politikoa benetako gerra zikinean, Kataluniako independentziazaletasunaren gidari politiko eta sozialen aurka. Jardun hauek guztiek, era berean, brunete mediatiko fanatizatuaren bultzada eta babesa izan dute, erabakitzeko eskubidearen aldekoak aurkeztu dituelarik barneko etsai bailiran, Estatua eta gizartea kohesionatzeko asmoz, konstituzio aurretik «unidad de destino en lo universal» (unibertsaleko destinu-batasuna) esaten zen hartatik gertu diren nortasun ezaugarriak erreskatatuz.
Gaur Estatu espainolean zehar, Kataluniako procés-a errepresio eta xantaiaren bitartez geldiarazteko saioarekin batera, trantsizioa deitu zen hartako lurralde eredu autonomikoa kolokan jartzen duen olatua dabil. Ziur aski, «urrunegi» joan zela pentsatuko da, eta iritsi dela garaia tarteka «batasun nazionala» ezbaian jartzen duten Kataluniako eta Euskal Herriko subiranotasunaren bidea behin betiko bridatzeko.
Kataluniar herriari elkartasuna adierazteko Gure Esku Dago-k antolatutako manifestazio jendetsua Bilbon
Pultsu politiko baten aurrean gaude beraz, Katalunia, Euskal Herria eta Estatu espainoleko nazio eta komunitate autonomo desberdinetako indar progresistena, gero eta errepresiboagoa azaltzen den Estatuaren aurka, zeinek planteatzen duen erreforma-kontraerreforma ardatza, garai bateko Fraga eta Arias-Navarrok egin zuten bezala trantsizio-aurreko Estatu eredua ezartzerakoan.
Estatu espainol osoan nabarmentzen da prozesu konstituiente baten beharra, herritargoaren protagonismo aktiboarekin. Gaurko ereduak ez die erantzuten eskubide sozialei eta ez ditu babesten. Ez digu uzten herritarroi libreki erabakitzen interesatzen zaizkigun gaietan, askatasuna, berdintasuna eta anai-arrebatasuna nortasun ezaugarri izango dituen jendarteak eraikitzerakoan, Giza Eskubideen errespetu zorrotza zainduko den horietan. Bestalde, beharrezkoa litzateke prozesu konstituiente berri bat, helduko diona, esate baterako, konfederazio lurralde ereduari, nazioaniztasunaren eta erabakitzeko eskubidearen gainean eraikita, eta era berean erantzuna emango diena eskubide sozial eta laboralen triskantzari. Baina egungo testuinguruan, PSOE neutralizatu batekin eta inboluzioa PPren eta C's-en neofalangismoren eskutik, are beharrezkoagoa da Euskal Herriak eta Kataluniak euren prozesu konstituiente propioak lantzea ezpal eragilea izan daitezen Estatu espainolean benetako aldaketa lortzeko borrokatzen ari direnentzat.
Pribatuan gaur, eta gero eta gehiago publikoan ere, Madrildik esaten zaigu egungo autonomia estatutuak edo foru amejoramenduak, eskuilatuta eta bera gabe ere, ez luketela gaindituko unionismo politikoaren iragazia, FAESek eta C'sen, PPn eta Brunete medioatikoan dituen terminalek lideratzen dutena. Inboluzio politiko honen ezaugarria da oinarrizko eskubideei egiten dien setio itogarria (askatasun eskubidea eta beste) jarrera ideologiko eta politiko ultrakontserbadore eta ultranazionalisten lanabes bilakatu den Judikaturatik. Jarrera horiei dagokienez, gogora dezagun oraintsuko irudia zeinek azaltzen zituen Espainiako ministroak, Kulturakoa tartean, Malagado aste santuan «El novio de la muerte» (Erioren senargaia) Legioaren ereserkia abesten, Kristo baten irudiaren aurrean. Idatzi honen sinatzaileok adinarengatik ezagutu genuen nazional-katolizismoa indarrean dago eta uneko bilakaera inboluzionistaren atala da.
Ezin gara zimeldu herritargoak nahi dituen aldaketen protagonista izatea ukatu nahi dutenen mehatxu eta harropuzkeriaren aurrean, haien etengabeko indar erakusketa eta abusuen aurrean, amaigabeko beldur arazteen aurrean. Euskal demokrata guztiok barneratu behar dugu, azterketa partekidetutik, konpromiso kolektiboa, tajutze politiko berrietara, jardun instituzional eta sozial berrietara eramango gaituena. Zeren eta gaur eremu zabaleko eztabaida baten aurrean gaude. Ez da kontua eskuinaren eta ezkerraren artekoa, unionismoaren eta independentziaren artekoa, baizik eta inboluzioaren eta demokraziaren artekoa.
Eta gehiengoak aipatuta, horixe da eraldaketa sozial eta politikorako gure proiektu honek behar duena. Ez dago eraldaketarik berau bultzatu eta babestuko duen gehiengorik gabe. Eraldaketarako gehiengo horrek, bestalde, anitza eta zeharkakoa izan behar du.
Iragan apirilaren 13an urrats bat egin genuen norantza horretan, izan ere egun horretako gure argazkiak ez du izan nahi egonekoa eta koiunturala, justu alderantzizkoa baizik, alegia dinamikoa eta hasierakoa, ibilbide bati hasiera eman nahi diolako. Pentsamendu kolektibo eraldatzailea, gure proiektu nazionala eguneratzeko. Hori eskaintzen dugu. Uhin berean geundekeen neurrian, zure partaidetzarekin kontatu nahi genuke.
- Kategoria: Iritziak
Juan Karlos Izagirre. Donostiako alkate ohia eta EH Bilduko kidea
Egun historikoak eta itxaropentsuak bizitzen ari garen hauetan, ikusitakoak ikusita bi galdera egin nahi ditut:
1.- zergatik daude haserre behin eta berriz ETA desagertzea eskatu dutenek ETA desagertu denean? Batzuk diote egun inportantea 2011koa izan zela. Matraka ederra eman zuten ba egunero errepikatuz hori ez zela nahikoa eta desagertu egin behar zuela!
Bi arrazoi okurritzen zaizkit. Lehena, benetan desagertzea nahi zutena ez zela ETA, baizik eta ezkerreko independentismoa. Eta hori, noski, ez da desagertzen, alderantziz, indartuta ateratzen dela esango nuke. Bigarrena, ETA aitzakia ezin hobea zutela gauza askotarako eta bere desagertzeak agerian utziko dituela bere argumentu-gabeziak.
Gezurra agerian gelditzen da bi kasuetan.
2.-Zergatik Bertizkoa? 2011n Lopez eta Barcina lehendakariak ez ziren izan Aieten. Ez zitzaidan egokia iruditu. Ostiral honetan Urkullu eta Barkos lehendakariak ez dira izan Kanbon. Ez zait ondo iruditu. Baina galdera da, zergatik antolatu zuten Bertizkoa?
Barkos eta Urkullu lehendakariak Bertizen egindako agerraldian
Okurritzen zaidan erantzuna. Protagonismoa kendu nahi zioten Kanbokoari. Eta hau benetan larria iruditzen zait. Batez ere, perspektiba historikoa ez delako egon. Herri honen ordezkariak egoteko obligazioa beharko lukete izan, nire ustez, historian markatuta geldituko diren ekitaldietan.
Urkulluren kasuan are larriagoa iruditzen zait, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz Auzolan hitza aipatzen duelako, denon artean hitz egin beharrarena, eragileekin elkar lana egitearen garrantzia, eta abar, eta abar.
Hemen agerian gelditzen dena da hipokrisia alde batetik, eta PNVren botere- eta protagonismo-gose aseezina bestetik. Herriak, eragileek, norbanakoek, ezagunak eta ezezagunak, batzuek aurpegia emanez, beste batzuek lana itzalean eginez... lortutakoa da Kanbokoa. Benetako Auzolana, benetan ezberdinen artean hitz egindakoaren ondorioa, elkarlanaren fruitu eraginkorra... Honetaz asko hitz egin bai, baina gero mespretxatu egin da. Hipokrisia.
Eta agerian gelditu den bigarren errealitatea da PNVren botere-gose aseezina. PNVk zuzenean antolatu eta kontrolatzen ez dituen gauzak ez ditu babesten. Beste modu batera esanda, berak nahi duen bezala edo ezer ez. Edo beste modu batera, PNV behar du protagonista izan bai ala bai. Beti ere, berarentzako aterako duen errentagarritasunaren arabera, noski. Tristea! Euskal herritar eta mundu aurrean lotsagarri gelditzeko adinakoa.
Herri honek askoz gehiago merezi duelako eta hartutako erabakiak egoera ezin hobea uzten digulako, nire eskaera xumea egitera ausartuko naiz: herri-perspektiba batekin egin dezagun lana guztiok. Besterik ez, gutxiagorik ere ez.
- Kategoria: Iritziak
Zuriñe Gojenola Goitia. SORTUko kidea
Berrogei urtez euskararen biziberritzerako jorratutako bideak goia jo du. Hezkuntza ez da heldu belaunaldi berrien euskalduntzea unibertsalizatzera eta jendarte-bizitzako esparru gehientsuenak, erakunde publikoetatik hasita, gaur-gaurkoz erdaraz sostengatzen dira. Garatutako hizkuntza politikak ez-nahikoak direla baieztatu da. Eta giro honetan erabileraren goranzko joera ere etenda dago une honetan. Balantzea argia da: euskarak ibilbide bat egin du, baina egun ez aurrera ez atzerako egoeran dago. Soziolinguistika adituek diote lehenbailehen erreakzionatu ezean atzeranzko joerara pasatuko litzatekeela. Aurrerabiderako aukerak ere badira, noski.
Beraz, ez dugu denbora galtzerik. Egoeraren kontzientzia hartu eta euskara irabazbidean jartzeko bulkada kolektibo utopiazalea berreskuratu behar du herri honek. Utopian sinetsi eta errealitatetik abiatuta ezinezko dirudiena eraiki. Herri honetan demostratua baitago herri-gogoa ekimen sendoan eta eraginkorrean artikulatzen dugunean lorpen handiak erdiesteko gai garela. Eta, zorionez, azkenaldian izan dira hainbat ekimen eta akontezimendu euskalgintzako energia soziala berpizten ari dela iradokitzen dutenak.
Baina euskara auzi politikoa da, eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea gauzatzeko, erantzun politiko beteak behar dira. Adostasun, erabaki eta baterajotze ausartetarako garaia dela uste dugu; euskarak aro berri bat behar duela. Lau ardatzen gainean abiatu beharko litzateke:
Bat. Hizkuntza eskubideen aldeko aktibazio sozial indartsu baten beharra du euskarak. Hizkuntz gatazka euskaldun/ez-euskaldun eztabaidatik harago herritar/hizkuntza eskubideen planora eraman beharko litzateke; demokrazia eta justizia sozialaren terminoetara. Eta norabide horretan ofentsiba sendo bat antolatu, interpelatzailea eta baldintza berrien sortzailea.
Diskurtso nagusi horren parean, herri/kultur identitatearen aldarrikapena egitea ezinbestekoa da, areago, globalizazio neoliberalaren jomuga jendarte uniformizazioa bilakatu den honetan.
Bi. Euskarak burujabetza behar du; hizkuntza-burujabetza izango duten egitura juridikoak eta politikoak behar ditu. Burujabetzarik ezean euskara hizkuntza hegemonikoen mendeko izatera kondenatuta egongo da. Baina euskarak, orain, inoiz baino premiazkoagoa du burujabetza, espainiar estatutik datorren oldarraldi sozial eta politikoaren aurrean babestua izateko.
Hiru. Berreuskalduntze fase berri baten helburuen inguruko herri-akordio bat behar du herri honek; unearen definizio zehatz batetik abiatuta jomuga egingarriak eta anbiziotsuak definituko dituen herri-adostasun bat. Herri aitortza lukeen kontsentsua. Herri hau berreuskalduntzeko norabidean 2040an Euskararen normalizazioak zein langa jo behar ditu? Zeintzuk helburu bete? Horra iristeko eman beharreko pausoak, epeak eta bitartekoak ere zehaztu beharko lirateke.
Lau. Euskara kohesio sozialerako tresna izan dadin ekimena indartu behar da. Neoliberalismoak gizarte fragmentazioa eta segregazioa eragiten ditu. Guk, ostera, desberdinkeriarik gabeko jendarte kohesionatua eraiki nahi dugu, euskara izango duena kohesio sozialerako hizkuntza. Horretarako, ezinbesteko baldintza da euskararen ezagutza unibertsalizatzea, eta horrek neurri zehatzak eskatzen ditu.
Kontseiluaren manifestazio jendetsua Donostian
Erronka handiak ezbairik gabe. Baina honezkero euskal herri luze zabalean euskararen inguruan berpizten ari den olatua ez dago helburu txikietarako. 19. Korrikak euskahalduntzearen norabidean ezarritako mugarriak hari luzea ekarri du: Lutxo Egiaren eskutik Bilbon, Donostiako Egia auzoan, Usurbilen, Agurainen... herri mailako ekimen gisa hasi zirenak, egun nazio mailako dimentsioa hartu dute: Euskaraldia. Ekimen horrek euskaldunok ahalduntzeko balioko digu, euskaldun kondizioa harrotasunez bizitzeko eta gure hizkuntz eskubideen kontzientzia hartzeko. Uste dugu aipatutako aro berriari sendotasunez ekiteko giharra eta giro anbiziotsua sortzen lagun dezakeela Euskaraldiak.
Euskaraldia gogoz heldu beharreko apustua dugu, hortaz. Alabaina, kontziente izan behar gara herri hau berreuskalduntzeko ezinbestean behar ditugula euskara onartu eta babestuko duten marko juridikoak, hizkuntza politika anbiziotsuak eta ondo olioztatutako herri estrategia bat. Beraz, denborarik galdu gabe prestatu dezagun euskararen aro berria, euskara irabazbidean jarriko duen herri estrategia.
- Kategoria: Iritziak
ENEKO ETXEBERRIA. Azpeitiako alkatea (EH Bildu)
Bihar egun gogorra izango da Azpeitian. Iñakik Madrilera joan beharko du, ostegunean Ainhoarekin batera epaituko baitute modu lotsagarrian. Azpeitiko alkatea izan zen Iñaki eta aspaldi ezagutzen dugunok badakigu Iñakik zein nolako baloreak dituen. Ezagutzen ez duzunentzako batzuek aipatu nahi nituzke.
Lehena, zintzotasuna. Inork ez du sinesten Iñakik diru publikoa xahutu, gaizki erabili edo arreta gabe erabili duenik. Azpeitiarrok ezagutzen dugu eta badakigu ez duela horrelakorik egingo, sinpleki esanda, ez delako horrelakorik egiteko kapaza.
Bigarrena, koherentzia da. Iñakik umiltasunetik bere ideiak eta emandako hitza betetzeko ohitura dauka. 2011. urtean herritarrei hitza eman zitzaien, errauskailua ez zela egingo eta hitz hori konpromiso politiko bilakatu genuen. Zailtasunak eta kontrako iritziak asko ziren. Hauteskunde aurretik gauzak lotuta, ongi lotuta, uztea erabaki zutelako batzuek. Herritarrei erabakitzen uztea baino nahiago izan zuten gauzak lotuta uztea. Alternatibak egonda ulertu ezin daitekeen lotura. Hala ere, herritarrek beste iritzi bat zuten. Justu kontrakoa. Aldundiko gobernuan kokatu zuten Iñaki herritarrek, besteak beste, errauskailua ez egiteko konpromisoarekin. Eta ondoren gertatu zena benetan harrigarria da. Harritzeko erabakia hartu zuten Iñakik eta Ainhoak, eta beste hainbatek. Politikan ohikoa ez den erabakia. Emandako hitza betetzea erabaki zuten. Eta errauskailua gelditzea. Emandako hitza betetzea baitzen gipuzkoarrentzat aukera egokiena. Politikatik emandako hitza bete. Zein sinplea eta zein arraroa.
Iñaki eta Ainhoari babesa adierazteko manifestazio jendetsua Azpeitian
Eta azken ezaugarri bat aitortzeko, konpromisoa da. Iñakik herri hau maite du. Iñakik herri proiektu batean sinesten du eta horrek eraman du herrigintzara, politikagintzara. Dagoen tokian, izan herrian, izan herrialdean... Iñakik beti konpromisoa erakutsi digu. Gipuzkoa berri bat egin nahi zuen eta egin nahi du, eta horregatik epaituko dute, ordainarazi nahi diotelako Gipuzkoa ederrago bat, Gipuzkoa garbiago bat, Gipuzkoa iraunkorrago bat eraiki nahi izatea. Benetako asmoa abisua ematea delako: ez da posible eraldaketa! Ez da posible politikatik herri hau eraldatuko duen proiektu bat abian jartzea. Bartzelonako datozkigun azken notiziek ere berdina esaten digute.
Zorretan gaude zurekin Iñaki, eta horregatik zu eta Ainhoa ez zaituztegu inoiz bakarrik utziko. Eta orain guri tokatzen zaigu. Ainhoa eta Iñaki pertsonalki babesteko lana daukagu guztion artean, tamainako injustizia honen aurrean ezin dugu gure maitasuna eta errespetua erakutsi gabe gelditu. Eta lan hori ez zaigu ahaztu behar inoiz. Orain eta beti. Iñakiri eta Ainhoari laguntzeko konpromisoa hartu behar dugu guztion artean. Ez ditugu bakarrik utziko. Geure burua traizio egitea bailitzateke. Gure proiektua pertsonetan oinarrituta dago, eta guretzat inportanteena pertsonak dira, Iñaki eta Ainhoa bezalako pertsonak.
Igandean elkar ikusiko gara Azpeitiko plazan, 12:30ean.
- Kategoria: Iritziak
Oihana Etxebarrieta, Ainhoa Beola, Patricia Perales, Monika Plazaola (EH Bildu)
Hitzak utzi eta ekintzetara pasa, bada garaia, hemen gaude, gu ere bagara, non daude emakumeak, nik ere... Egunero sare sozialetan erabili behar ditugun traolak dira, agerian uzteko behin eta berriro emakumeen kontrako indarkeria matxistak hiltzen gaituela, lan baldintza prekarioek kolpatzen gaituztela, gure gorputzak merkaturatzea ohiko jarduna izaten jarraitzen duela, zaintza lanen zama ez dela biren arteko gauza gure bizkar erortzen delako, ikusezin egin nahi gaituztela, erabaki eremuetan dagokigun ordezkaritzarik ez dugula oraindik... XXI. mendean, berdintasunaren ispiluan bizi gara: formalki arau asko ezarri eta hainbat politika abian jarri dira. Errealitatea, ordea, ispiluaren atzeko aldea da, izatekotan: berdintasun politikak eduki politikoz husteko interesa dago agintari eta erakunde batzuen aldetik. Sakoneko aldaketarik ekarriko ez duten neurri erreformistak abiatuz batetik, eta oximoron hori gainditzeko emakume eta mugimendu feministak aktiboki lanean bestetik.
Batzuk eroso bizi diren bitartean, Euskal Herriko mugimendu feministak eta hamaika emakumek oso argi izan dute, estreinako aldiz, greba feminista egiteko deia egin beharra zegoela Euskal Herriko emakume guztiei, bat eginez nazioarteko deiarekin. Ez da greba arrunta izango, agerian utzi nahi baita aldarrikapena ez dela mugatzen soldatapeko enplegura; emakumeek egindako eta aitortzarik gabeko zaintza eta etxeko lanak ezinbestekoak direla munduak funtzionatzeko. Horrez gain, azpimarra jarri nahi dituzte lau eremu nagusitan dauden zeharkako desberdintasunak eta diskriminazioak: hezkuntzan, enpleguan, zaintzan eta kontsumoan.
EH Bilduk bat egiten du mugimendu feministaren planteamenduarekin, eta EH Bilduko emakumeok PLANTO egingo dugu, argi dugulako gaur egun ez garela eskubide guztien jabe eta eremu eta arlo guztiak feminismoz busti behar direla.
EH Bilduk argitaratutako kartela greba deialdiarekin bat egiteko
PLANTO egingo dugu geure bizitzaren eta buruaren jabe garelako; erasotzen digun sistemari planto egiten diogulako (2017an, zazpi euskal herritar eta ume bat hil dituzte); emakume bat erasotua denean berak epaiketa judiziala eta soziala pasa behar izan ez dezan planto egingo dugu; urtero igotzen den eraso sexualen indizea geratzeko planto egingo dugu (iaz, aurrekoa baino %26 handiagoa izan zen EAEn); lanaz gainera enplegu duina nahi dugulako, egiten dugun lan produktibo zein erreproduktiboa modu duinean ordaindua izan behar delako planto egingo dugu. Eta emakumeak zapalduta mantentzeko patriarkatuak erabiltzen duen tresna nagusia den indarkeria orori aurre egiteko asmo eta borondate osoa dugulako egingo dugu planto.
Horregatik, eta modu eraginkorrean aurrera egiteko, akordio sozial integrala ezinbestekoa da, jendartearen engaiamendua eta benetako konpromiso politikoa behar dira: lehen mailako politika feministak, integralak eta zeharkakoak, eremu guztietan, lotesleak arlo publikoan nahiz pribatuan eta ahalduntzaileak emakumeentzat. Kokagune honetan, hezkuntzak berebiziko garrantzia hartzen du, hezkuntza sistema publiko propio bat behar baitugu, hezkidetzan pertsona libre burujabeak heziko dituena.
PLANTO egingo dugu nahikoa delako, etxeko eta zaintza lan guztiak ez ditugulako guk egin nahi, doanik eta aitortzarik gabe: gizonek eta estatuek dagokien ardura soziala hartu behar dute. Politika publikoek egoki erantzun behar diote errealitate honi: haatik, inposatutako murrizketak, ezkutuan egindako pribatizazioak, eskubideen deslegitimazioa... besterik ez dugu. Zaintzarako beharrezkoak diren zerbitzu sozial guztiak publikoak eta kalitatezkoak izan behar dira, mendekotasunari nahiko baliabide bideratu behar zaio, hezkuntza publikoa, doakoa eta unibertsala egon behar da 0-3 urte bitarteko haurrentzat...
PLANTO egingo dugu, emakume asko pobreziara kondenatzen dituzten lan baldintza eta lanbide prekarioei aurre egiteko garaia delako. Sistema produktiborako eta zaintzarako eskulan berria izateko ume gehiago izan behar ditugula diotenei. Emakumeen prekaritatea eta rolak areagotzen dituzten kontziliazio neurriak besterik proposatzen ez dituzten bitartean, izatekotan, lanaldi partzialekin, aldi baterako lanekin, soldata arrakalarekin, zaintzarako eszedentziekin, sexuen araberako lan banaketarekin, indarkeriekin, amaitzen dutenean, izatekotan orduan, hitz egin beharko dugula nork, zer eta noiz egin behar duen esaten diegu.
Merkatua eta bizi baldintzak eta eskubideak deslotu behar dira eta bestelako politika publikoak bultzatu: diru sarrerak bermatzeko errenta eta pentsio duinak ezarri emakume guztientzat, zaintza arloko langileen lan baldintzak hobetu (bereziki etxeko langileena), azpikontratazioei utzi, klausula sozialak ezarri, lan hitzarmenak duindu...
Aipaturiko politikak, zerrenda itxi bat izan gabe, lehen mailakoak izan behar dira, pertsona guztien ongizatea eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lehentasuna izan behar delako. Eta hori horrela izateko, burujabeak izan behar dugu, berdintasunaren, justiziaren eta egiazko demokraziaren bidea guk bakarrik egin dezakegulako, Euskal Herrian erabakiz.
Hortaz, Martxoaren 8 honetan, elkar gaitezen emakume guztiok eta egin dezagun PLANTO!; indartsuagoak izango gara eta pauso handi bat emango dugu nahi dugun Euskal Herri burujabe eta feminista lortzeko.