Euskararen benetako normalizazioa eta herri euskalduna helburu dugunok, kezkatuta egoteko arrazoiak ditugu Amasa Villabonan. Beste hainbat herritan gertatzen ari den bezala, gurean ere gero eta gehiago gara euskaldunak, ezagutzak askok nahi genukeena baino mantsoago bada ere, goranzko joera mantentzen du, gaur amasa billabonatarren %70 inguruk daki euskara. Baina zer gertatzen da erabilerarekin? datorren udazkenean egingo du udalak 5 urtetik behin egiten den euskararen kale erabileraren neurketa, baina herriko kaleetan itzuli bat emanez gero, nabarmena da gure hizkuntzaren erabilerak apal jarraitzen duela (%43aren bueltan). Erdarak guztiz hegemonikoa izaten jarraitzen du eta euskaraz bizi nahi dugunok oraindik ezintasun eta traba ugari aurkitzen ditugu egunerokoan, zoritxarrez Amasa Villabona ez da salbuespena.

Herri euskalduna izan eta euskaraz lasai bizi nahi badugu, ezinbestekoa da euskaltzaleok aktibatzea, biltzea eta ekinbide berriak urratzea, baina horrekin batera udal administrazioak ere bere ardurak eta egitekoak ditu.

2013. urtean Villabonako udalaren ekimenez, Euskaran Ados! lan mahai irekia eratu zen. Mahai honek, fisikoki udalean biltzen zen arren, izaera herritar eta parte hartzailea izan zuen eta 15 eragileren (Zubimusu ikastola, Fleming ikastetxea, Zunbeltz, AEK, Banaiz bagara, EHE, Ataria, Aiurri...) eta hainbat norbanakoren partaidetza izan zuen. Euskaran Ados! mahaiak bi helburu jarri zizkion bere buruari, alde batetik Amasa Villabonako jendartean euskaltzaletasuna eta euskaraz bizitzeko herri-gogoa berpiztea, eta bestalde udal hizkuntza politika eraginkor bat eztabaidatu, adostu eta martxan jartzea. Esan daiteke mahai honek ibilbide labur baina oparoa izan zuela. Besteak beste, gizarte mailan Berriaren aldeko ziztada kanpaina, "euskaraz bizi nahi dut" herri-krosa eta helduen euskalduntzearen aldeko dinamikak garatu ziren mahai honetatik.

Udal hizkuntza politikari dagokionez, hilabeteetako lanaren ondoren 2014-2017 epealdirako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana osatu zen. Bertan arloz arlokako (helduen euskalduntzea, familia transmisioa, irakaskuntza, aisia, kirola, sozio-ekonomia, hedabideak, sentsibilizazioa...) ekintza zehatzak adostu, eta udalak egin beharreko lanak finkatu ziren. Bestalde, udaleko euskararen erabilera plana osatu eta martxan jarri zen, euskarari lehentasuna ematen zion hizkuntza trataera berri bat finkatuz. Aurrera urrats esanguratsuak, dudarik gabe.

 

Euskaran Ados lantaldea

Euskaran Ados! mahaiko partaideak 2014ko abenduko bilera ostean

 

2015eko maiatzeko udal hauteskundeen ondoren emandako gobernu aldaketak ordea, ibilbide honen erabateko etena ekarri du. Ia urte bete igaro da EAJren udal gobernua lanean hasi zenetik, nahikoa denbora zerbait egin ahal izateko, baina euskarari dagokionez udal gobernu honek atzera pausua egin duela salatu beharrean nago.

Euskaran Ados! lan mahaia desagerrarazi eta ezabatua izan da, eta hori gutxi balitz, ohiko euskara batzorde informatiboak ere ia ez dira egiten. 2015eko ekainetik, aurtengo maiatzera bitartean euskara batzorde bakar bat soilik egin da eta gainera tramite hutsa izan zen. Aurrekoek egindako lana bazterrean uzteaz gain, gobernu honek ez du ezertxo ere egin, bila aritu arren, ezin izan dut euskarari dagokionez udalaren ekinbide aipagarri bakar bat ere aurkitu. Geldialdi egoera nabarmen honen arduradun nagusia euskara batzordeburua den Ibon Ariznabarreta zinegotzia da, bere hilabeteetako geldotasunak eta jarrera nagiak euskararekiko axolagabekeria erakusten dute eta are okerragoa dena, Villabonako EAJrentzat euskara ez dela lehentasunezko gaia egiaztatu dugu. Ezer ez egitea ere, hizkuntza politika egitea da, baina kasu honetan euskararen normalizazioaren eta herri euskaldunak behar duenaren aurkako norabidean.

Hori bai, Eusko Jaurlaritzatik bidalitako txantxangorriaren pegatina pilo bat itsatsi dira udal eraikinetan. Eskerrak!

Bukatzeko, EH Bilduko udal taldetik euskararen gaian ere, elkarlanerako eskaintza zintzoa egin nahi diogu EAJri. Geure burua euskaltzaletzat dugunok elkarrekin eskuz esku egin behar genuke aurrera, baina elkarlan horren oinarrian gure herriaren berreuskalduntzearen helburu komuna ezarri behar genuke, helburuetan bat ez bagatoz ezinezkoa izango baita elkarlanean aritzea. Guk Amasa Villabona euskalduna erdietsi nahi dugu, EAJk?

 

 

 

Xabat Laborde Etxabe
EH Bilduko euskara zinegotzia