- Kategoria: Iritziak /
- 07 Maiatza 2018
Juan Karlos Izagirre. Donostiako alkate ohia eta EH Bilduko kidea
Egun historikoak eta itxaropentsuak bizitzen ari garen hauetan, ikusitakoak ikusita bi galdera egin nahi ditut:
1.- zergatik daude haserre behin eta berriz ETA desagertzea eskatu dutenek ETA desagertu denean? Batzuk diote egun inportantea 2011koa izan zela. Matraka ederra eman zuten ba egunero errepikatuz hori ez zela nahikoa eta desagertu egin behar zuela!
Bi arrazoi okurritzen zaizkit. Lehena, benetan desagertzea nahi zutena ez zela ETA, baizik eta ezkerreko independentismoa. Eta hori, noski, ez da desagertzen, alderantziz, indartuta ateratzen dela esango nuke. Bigarrena, ETA aitzakia ezin hobea zutela gauza askotarako eta bere desagertzeak agerian utziko dituela bere argumentu-gabeziak.
Gezurra agerian gelditzen da bi kasuetan.
2.-Zergatik Bertizkoa? 2011n Lopez eta Barcina lehendakariak ez ziren izan Aieten. Ez zitzaidan egokia iruditu. Ostiral honetan Urkullu eta Barkos lehendakariak ez dira izan Kanbon. Ez zait ondo iruditu. Baina galdera da, zergatik antolatu zuten Bertizkoa?
Barkos eta Urkullu lehendakariak Bertizen egindako agerraldian
Okurritzen zaidan erantzuna. Protagonismoa kendu nahi zioten Kanbokoari. Eta hau benetan larria iruditzen zait. Batez ere, perspektiba historikoa ez delako egon. Herri honen ordezkariak egoteko obligazioa beharko lukete izan, nire ustez, historian markatuta geldituko diren ekitaldietan.
Urkulluren kasuan are larriagoa iruditzen zait, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz Auzolan hitza aipatzen duelako, denon artean hitz egin beharrarena, eragileekin elkar lana egitearen garrantzia, eta abar, eta abar.
Hemen agerian gelditzen dena da hipokrisia alde batetik, eta PNVren botere- eta protagonismo-gose aseezina bestetik. Herriak, eragileek, norbanakoek, ezagunak eta ezezagunak, batzuek aurpegia emanez, beste batzuek lana itzalean eginez... lortutakoa da Kanbokoa. Benetako Auzolana, benetan ezberdinen artean hitz egindakoaren ondorioa, elkarlanaren fruitu eraginkorra... Honetaz asko hitz egin bai, baina gero mespretxatu egin da. Hipokrisia.
Eta agerian gelditu den bigarren errealitatea da PNVren botere-gose aseezina. PNVk zuzenean antolatu eta kontrolatzen ez dituen gauzak ez ditu babesten. Beste modu batera esanda, berak nahi duen bezala edo ezer ez. Edo beste modu batera, PNV behar du protagonista izan bai ala bai. Beti ere, berarentzako aterako duen errentagarritasunaren arabera, noski. Tristea! Euskal herritar eta mundu aurrean lotsagarri gelditzeko adinakoa.
Herri honek askoz gehiago merezi duelako eta hartutako erabakiak egoera ezin hobea uzten digulako, nire eskaera xumea egitera ausartuko naiz: herri-perspektiba batekin egin dezagun lana guztiok. Besterik ez, gutxiagorik ere ez.


