Iritziak
- Kategoria: Iritziak
Angel Oyarbide eta Jone Amonarriz. Gure Esku Dago-ko kideak.
Ez zuen inoiz hasi beharko, baina abian da Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaiketa. Epaiketa historikoa oso hurbiletik jarraitzen ari gara Euskal Herrian, jakitun garelako demokrazia akusatuen aulkian esertzeak katalanei ez ezik guri ere zuzenean eragiten digula; demokraziaren aurkako erasoekin herritar guztion eskubideak daudelako jokoan.
Epaiketan, ordea, akusatuak ez dira euren buruak defendatzera joan, demokrazia errespetatzen ez duen estatu bat salatzera baizik. Eta lortzen ari dira. Izan ere, epaiketaren lehen egunetik argi ikusi dugu: Espainiako sistema politiko eta judiziala daude benetan akusatuen aulkian. Defentsak Estatua ari dira salatzen, eta Fiskaltza eta Vox Estatuaren defentsa egiten ari dira. Gero eta adierazpen gehiago entzun, batekoenak zein bestekoenak, orduan eta argiago berresten ari gara ideia hori. Erabat agerian geratzen ari da, beste behin ere, Espainiako estatuaren defizit demokratikoa eta auzi politikoei konponbide politiko eta demokratikoak emateko borondate falta.
Prozesu judizial honetan, oinarrizko eskubideak urratu dira: adierazpen askatasuna, askatasun ideologikoa, manifestazio eskubidea, biltzeko eskubidea, greba eskubidea... Auzi honetan, argi eta garbi, eskubide horien erabilera jazartzen ari dira. Herri mobilizazioa eta disidentzia politikoa kriminalizatzen saiatzen ari dira.
Guk, ordea, ezin dugu onartu oinarrizko eskubideen murrizketarik. Ez Katalunian, ez Euskal Herrian, ez inon. Oinarrizko eskubideen murrizketen aurrean adi egon behar dugu, eta zorrotz zaindu behar ditugu eskubide horiek, eta erabili ere bai; hain justu, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak esan bezala, «eskubideak erabiliz defendatzen» baitira. Hormak eta harresiak ez ditugu maite, baina beharrezkoa bada, oinarrizko eskubideen eta askatasunen defentsan eta injustiziaren kontra giza harresiak osatzen jarraituko dugu. Izan ere, ez dugu oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituen inongo erregimenean bizi nahi. Benetako demokrazia batean bizi nahi dugu.
Epaiketan zehar ere ikusi dugu: 12 akusatuekin batera, Fiskaltzak, Estatuaren abokatutzak eta Vox alderdiak erabakitzeko eskubidea ere epaitu eta zigortu nahi dute. Eta herritarrok ozen esan eta erakutsi dugu kalean, behin eta berriz; erabakitzeko eskubidea ez da delitua, autodeterminazio eskubidea ez da delitua. Bozkatzea ezin da inoiz delitu izan.
Akusatuen aulkian dauden Kataluniako ordezkari politiko eta sozialak
Alderantziz, erabakitzeko eskubiderik gabe, ez dago demokraziarik. Mundu justuago bat eraikitzeko oinarria da. Bozkatzea konponbiderako giltza da. Eskozian, Quebecen, Ipar Irlandan, Katalunian, Euskal Herrian eta edonon. Badakigu batzuek oztopoz bete nahi dutela erabakiaren bidea, baina ziur gaude, elkarlanaren bidez, herrien arteko elkarlanaren bidez, eta euskaldunon arteko elkarlanaren bidez, traba horiek guztiak gainditu ahal izango ditugula.
Lurraldearen zatiezintasuna oinarrizko eskubideen gainetik jartzen duen erregimen baten aurrean, bestelako zoru baten gainean eraiki behar dugu euskal herritarrok gure etorkizuna, denon artean, auzolanean. Zoru hori osatzea da datozen hilabeteetako benetako erronka. Ez gara hutsetik abiatzen.
Hamaika dira azken hilabeteotan, herri erantzun gisa, Kataluniara bidali ditugun elkartasunezko besarkadak: manifestazio jendetsuak, elkarretaratzeak herriz herri, hitzaldiak, mahai-inguruak, Bartzelonara bidaiak, ikus-entzunezkoak, gutunak, mezuak... Azken besarkadak aurrez aurre emateko aukera izan dugu, gainera; Puigdemont presidentearen arreba Montse Puigdemonti, Donostiako aterki horien manifestazioan, eta Quim Torra Kataluniako presidenteari, duela bizpa hiru aste Agirre lehendakariak eta Companys presidenteak elkarrekin erbestera egindako bidearen oroimen ekitaldian. Duela 80 urte elkarrekin egin genuen exiliorako bidea; gaur, askatasunerako bidea dagokigu elkarrekin egitea.
Bide batez, artikulu hau baliatu nahi dugu besarkada handi bana bidaltzeko aurrez aurre egon ezin garen eta akusatuen aulkian zaudeten guztiei, eta, bereziki, bidegabeki preso zaudetenei eta zuen senideei. Une zail hauetan, Jordi Cuixart, Jordi Sanchez, Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Josep Rull, Dolors Bassa, Jordi Turull, Raül Romeva eta Carme Forcadell, jaso ezazue besarkada bero bat, euskal herritarron elkartasunez eta kemenez betea. Ez zaudete bakarrik. Zuen duintasunak indarra ematen digu eta zuen lezioek determinazioa.
Aurretik esploratu gabeko bideak irekitzea dagokigu orain. Gure premisa da askatasunera eramango gaituen bidea elkarrekin egitea; nork bere urratsak eginez, baina elkarri eskua emanda. Horregatik, datorren martxoaren 16an Madrilgo manifestazioan izango gara, ANC, Omnium Cultural eta mobilizazioarekin bat egin duten hamaika eragile sozial eta politikorekin batera, Espainiako estatuaren errepresio bidegabe eta neurrigabea irmoki salatzeko eta auzi politikoei konponbide politiko eta demokratikoak eman behar zaizkiela aldarrikatzeko. Elkarrekin.
Era berean, martxoaren 31rako Bilboko Euskalduna jauregian ekitaldi berezia antolatzen ari gara. Orain arte lortu dugunari balioa emateko eta etapa berri bati ekiteko. Erabakitzeko pauso berriak eta eraginkorrak emateko garaia delako. Elkartasunetik elkarlanera pasatuz, jarraituko dugu argiztatzen Katalunia eta Euskal Herria batzen gaituen bidea.
- Kategoria: Iritziak
Jule Goikoetxea, EHUko irakaslea.
Iberdrolak, espainiar erreginarekin batera, Martxoaren 8a ospatzeko gonbita egin digu. Iberdrola da gure lurraldeetako sistema neoliberalaren pribatizazio patriarkala aurrera daramaten eragileetako bat; prekarizazioa, muturreko merkantilizazioa eta finantzarizazioa ditu xede; Latinoamerikan emakumeak desagerrarazi eta miseriara zigortzen dituzten desjabetzen aldekoa da eta, bere langileak esplotatzeaz gain, prekarizatuak nahiz pentsionista emakumeak pobrezia energetikora kondenatzen ditu, tartean, emakumeen pentsioak gizonenak baino %43 txikiagoak direlako, hain zuzen ere, gure herriko enpresa askotan bezalaxe, emakumeak subkontratatzen dituztelako, eta goi-karguak, berriz, gizonez bete. Ondorioz, nahiz eta emakumeek gizonek baino lan karga handiagoa izan (urtean 400 ordu gehiago), haiek baino kapital ekonomiko gutxiago dugu. Horregatik, 65 urtetik gorako DSBEaren (RGI) hartzaileen %76,6 emakumeak dira; besteak beste, emakume horiek guztiek egin izan (eta egiten) duten lanak, gizonenarekin alderatuta, kapital ekonomiko murritza sortzen duelako edo batere ez, tartean, zaintza-lanak oro har ez direlako ordaintzen (%86), nahiz eta zaintzaren beharra geroz eta handiagoa izan (demografia gogoan). Hain justu horregatik:
Gure agintari neoliberalek, diru publikoa emakumeen lan ez ordaindura bideratu ordez, edo ordaindu gabeko lana publifikatu ordez, langile oro prekarizatzea eta erakundeekin batera lan oro pribatizatzea erabaki dute, ez bakarrik osasungintza, erresidentziak, haurtzaindegiak, eguneko zaintza-zentroak eta zerbitzu publikoak; alegia, ez dituzte bakarrik jantokiak eta erresidentziak pribatizatu emakumeen lan ez ordaindua eta lan-karga handituz, hezkuntza ere pribatizatzen ari dira oso helburu zehatzarekin: geroz eta kapital gehiago geroz eta esku gutxiagotan metatzea. Adibidetzat, Euskal Herriko Unibertsitatea: gure diru publikoa karrera eta master pribatuak sortzeko erabiltzen hasi da, (hedabide pribatuen eta hainbat enpresaren jabe diren) korporazioei diru publikoa emanez haien interes finantzario eta merkantilistetara egokitutako curriculum eta masterren bidez menderakuntza neoliberal eta patriarkala finduko dituzten ikasleak prestatzeko eta baliabiderik ez duten ikasleak sistematik kanporatzeko.
Horregatik, enpresen interesen arabera gobernatzen dutenek eta emakumeak* pobretzen dituzten politika publiko patriarkal horien guztien arduradunek deia zabaldu dute Martxoaren 8an etenaldia egiteko. Emakume* gazteen emantzipazioa eta pentsionistentzako zahartzaro duina ezinezkoa egiten duten horiek feminismoaren alde agertu dira.
Etxebizitzak munizipalizatu nahi ez dituzten horiek, lurra eta lurzorua merkantilizatuz eta pribatizatuz populazioari bizitzeko toki duin bat (beroa, garbia, osasuntsua) izateko eskubidearen kontra mobilizatzen diren horiek, hau da, lobbyak eta haien alderdiak feminismoarekin lerrotzen saiatu dira.
Hau da, administrazio publikoan ordainsari handienak gizonei ematea erabakitzen dutenek, osasungintza publikoan kontziliazio neurri eraginkorrik garatu ez dutenek, eta irakaskuntza publikoan emakumeen behin-behinekotasuna muturrera eramatea erabakitzen dutenek haiei soldatarik txikienak egokituz (heziketa berezia, sukaldea eta garbitasuna, haur-eskolak...), feministok haien kontra egingo dugun grebara batu nahi omen dute.
Enplegu partziala egotea eta bertan hamarretik zortzi emakumeak izatea ahalbidetzen dutenak, eta muturreko segregazioa eta prekarizazioa pairatzen duten zaintza eta etxeko langileen eskubideak eta ongi bizitzeko baldintza materialak ezeztatzen dituztenak, Martxoaren 8ko grebaren alde agertu dira.
Irain eta umiliazio horren aurrean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak era anitzean eta irmoan erantzun du, anitzak bezain irmoak baitira greba antolatu eta parte hartuko dutenak: etxeko langileen elkarteak; pentsionista antolatuak, eta antolatugabeak; tren eta autobuseko langileak; hoteletako, erakunde publiko eta enpresa pribatuetako garbitzaileak; erresidentzietako, jantokietako eta derrigorrezko hezkuntzako langileak; sexu-langileak, irakasleak eta batxilergoko ikasleak; migratuak, errefuxiatuak eta exiliatuak; ijito feminista euskaldun gazteak, ez euskaldun ez gazte direnak, amak, amonak, ipurdiak egunero garbitu behar dituztenak, ikasketarik ez dutenak eta goi-mailako ikasketak dituzten unibertsitarioak, Euskaldunako emakumeak, paper fabriketako langileak, gorputz sexualizatu eta arrazializatuak, heteronormatibitateari alergia diotenak, gaindosi normatiboari eusteagatik antsietateak edo depresioak jota daudenak, emakume transak, bollerak, presoak, zutik, lau hankan edo gurpil-aulkian bizitzeko ez baimenik ez barkamenik eskatzen ez dutenak, meatzaritzan urteetan aritu eta sekula langile kontsideratuak izan ez direnak (gora Meatzaldea eta Ezkerraldeako feministak), sindikalizatuak, bertsolariak, kazetariak eta makinetako muntatzeetan doikuntzak egiten dituzten azpikontratatuak, haurrak egunero eskolatik jaso eta jaten ematen dietenak, lan ordaindura joan aurretik komuna garbitu eta arropa zintzilikatzen dutenak, gauero titia ematera altxatzen direnak, emakume izateagatik tratu txarrak jasaten dituztenak, umeak portaleko eskailerara lotu behar dituztenak erosketak bosgarren pisura igotzeko, zaintzailerik ez duten emakume* edadetuak, apenas ezer egiteko edaderik ez dutenak, eta bizitza osoa ezkonduak igaro eta gero, senarra hiltzean, askatasuna ezagutu dutenak.
Etsaiak eta arerioak nortzuk diren argi duen mugimendua gara. Horrenbeste aldiz lapurtu eta zuritu digute gorputza, ezen gure diskurtsoa zuriezina eta lapurtezina den.
Feminismoa ezin da erosi emantzipazioa ez dagoelako salgai.
Euskal Herriko Mugimendu eta Greba Feminista ezin dira zuritu. Zikinak garelako.
Politizatuak gaudelako.
Gure kontrako gerra izendatzen aspaldi ikasi genuelako.
- Kategoria: Iritziak
Arnaldo Otegi Mondragon. EH Bilduko koordinatzaile orokorra
Hauteskundeak aurreratzeko Espainiako presidenteak egindako iragarpenak ez gaitu harritu EH Bildun. Aurrerapen hori gertatuko zela jakin bagenekien eta, orain ere, ez dugu kale egin.
Espainiako estatuak bizi duen Erregimen krisi larria kontuan izan gabe ezin da aztertu hauteskundeak aurreratzeko erabaki hori. Espainiako estatuak bizi duen Erregimen krisi larriak testuinguru historiko osoa baldintzatzen zuela aspalditik esaten ari ginen EH Bildutik.
Egiturazko krisi hori hainbat aldagairen baitakoa dela esaten aritu gara EH Bildutik azken urteotan:
– Espainiako estatuaren ekonomiaren eta produkzio egituraren ahultasuna agerian utzi zituen finantza eta ekonomia krisiak. Espainiako estatuak ez dauka produkzio sistema eta ehun ekonomiko lehiakorrik. Espainiako estatuak ez dauka ekonomia bideragarririk. Epe labur-ertainerako iragartzen ari diren ekonomia eta finantza krisi berri bati aurre egiteko baliabiderik ez dauka Espainiako estatuak. Espainaiko estatuak ez dauka bideragarritasun ekonomikorik. Espainiako estatuaren egituraren barruan ez dago ikuspegi sozialetik aurreratua izango den gizarte garapenean sinesterik.
– Kataluniako Errepublika eraikitzeko prozesu demokratikoak edota Euskal Herrian burujabetzaren aldeko gehiengoak egoteak 78an diseinatu zuten lurralde eredua zartarazi du. Pertsuazio demokratikoari uko egin dio estatuak eta ez dauka eskaintza politikorik katalanen, euskaldunen, galiziarren eta kanariarren helburu nazionalen nahiei erantzun demokratikoa emateko. Aurreko asteartean, Kataluniako ordezkari independentisten aurka Gorenean hasi zen epaiketa da horren erakusle garbiena. Hau da, bideragarritasun ekonomikoaz gainera, lurralde krisiak eragindako ezegonkortasun politiko eta instituzionala ere badauka.
Testuinguru honetan hartu dute indarra Espainiako elite ekonomiko eta politikoen artean tesi atzerakoi eta autoritarioenek. Haiek dira kontraerreforma autoritarioa abian jartzea erabaki dutenak, Erregimenaren krisiari erantzuteko. Monarkia, Felipe VI.a, IBEX 35-a, kasta judiziala eta estatu-aparatuak daude bloke atzerakoei horren barruan. Bloke atzerakoi eta autoritario horren beso politikoa PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatzen dute.
Hauxe kontraerreformaren programa politikoa: 155. artikulua modurik gogorrenean indarrean jartzea, eskumenak berreskuratzea eta birzentraliazioa, langileei eskubideak murriztea eta indar independentisten ilegalizazioa. Ezer berririk ez Espainiako eskuinaren historian. Hauxe da gainera datorkigunaren errealitatea. Era horretara, bloke horren batuketak larrialdi historiko baten aurrean jarriko luke gure herria.
Bloke atzerakoi horren aurrean dago PSOE; Espainiako estatua demokratizatzerik ez du nahi, baina nahita ere ezingo luke. Ez baitugu ahaztu behar Katalunian 155. artikulua indarrean jarri zuenetako bat izan zela PSOE. Autodeterminazio eskubidearen ukazioa edo gure herriaren burujabetza ez aitortzea, hori baino ez zaigu etorriko euskal herritarroi PSOEtik. Gure herriko langileen eskubideen defentsarako politika ekonomiko eta sozialik ez da etorriko PSOEtik.
Eskuin autoritarioa geratzeko eta gobernu berri baten politikak modu inteligentean baldintzatzeko alternatiba egon badagoela uste du EH Bilduk. Horretarako, beharrezkoa da estaturik gabeko nazioen arteko indarren batuketa eta sinkronizazio politikoa, Espainiako Kongresuan ezkerreko subiranisten indarra ahalik eta handiena izateko. Eskuin atzerakoia geratzeko eta Espainiako estatuak behar duen demokratizaziora urratsak emango dituen gobernuren jarduna baldintzatzeko berme bakarra subiranisten, errepublikazaleen eta aurrerakoien batuketa elektorala eta politikoa da.
ERCrekin, BNGrekin eta Kanariak Uharteetako, Asturiasko, Aragoiko alderdiekin Europako hauteskundeetarako hautagaitza bateratua osatzeko gai izan da EH Bildu. Batuketa ariketa bera egin beharko genuke Madrilgo Kongresuko eta Senatuko hauteskundeetarako. Eskuin autoritarioa geratzeko eta estatuaren demokratizazioa ekarriko lukeen elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa bultzatzeko.
Hauteskundeen testuinguruan indar errepublikazaleeu, aurrerakoiek eta subiranistek bat egitea eta gutxienekoen programa politiko komuna defenditzeko konpromisoa dira EH Bildurentzat autoritarismoa geratzeko eta gure herrietara egiazko demokrazia ekartzeko berme bakarra.
Autodeterminazio eskubidearen defentsa, presoak eta erbesteratuak etxera itzultzeko bide orria eta neoliberalismoari eta austerizidioari aurre egingo dioten politiken defentsarako konpromisoa izan beharko lirateke gutxieneko programa horren ardatzak. Berriro diogu: indarrak batzeko unea da, erabakigarriak eta eraginkorrak izateko unea da.
Neofaxismoa geratzea eta gure herrien burujabetzari atea irekitzea ekarriko duen bloke historikoa osatzeko aukera paregabea daukagu estaturik gabeko nazioek eta herriek. Lan egiteko, batzeko eta adosteko unea da; pazientziaz, inteligentziaz eta eskuzabaltasunez jokatzeko unea da. Aukera historiko baten aurrean gaude.
Horren ostean etorriko dira konbentzitzea, arrazoitzea, entzutea, irribarre egitea, botoa ematea eta, ondo eginez gero, irabaztea! Goazen aukerak baliatzera!
- Kategoria: Iritziak
DAVID FERNANDEZ (CUPeko kidea)
Gaur. Bai. Eta zuzenean. Gurutzada: epaiketa politikorik handiena, Kataluniako gizartea salbuespen egoeraren pean, frankismoaren amaiera. Memoria antidoto bat da ispilu desitxuratuen kontra, botereak berezkoa baitu ahanztura: ez da lehen epaiketa politikoa, eta ez da epaiketa politiko bakarra. 18/98 makrosumarioa eta euskal lurretan ezarritako salbuespen hamarkada minez gogoratzen dugunontzat, segida bat da: Estatu Arrazoiaren bokazio autoritarioaren eta borondate errepresiboaren segida. Lehen paradoxa eusko-katalana: dena da posible indarkeriarik gabe (hala zioten Euskal Herrian). Dena ezinezkoa da pazifismoarekin (hala agintzen dute Kataluniaren kontra).
Urriaren 1aren errepresioak errepresio politikoaren molde guztiak hartu ditu (formala eta informala, legala eta zuzenbidetik kanpokoa): erbestea eta espetxea, matxinada delituak, zigor ekonomikoak eta eraso ultraeskuindarretako sistemaren borra luzagarria. Gaur egun, 1.500 baino ikertu gehiago daude, tartean herrialdeko alkateen %75. «Atzetik kontrolatuko dugu», zioen Cosidok; azkenean, Marchena ariko da, Estatuko bunkerra, eta aurretik.
Epaiketak agerian utziko duena hau besterik ez da: aurrera segitzen duela katalanen autodeterminazioaren kontrako indarkeria instituzionalak. Aurrena, borrak hautetsontzien kontra; orain, auzitegiak hautetsontzien kontra. Horren atzeko partean, espetxe zigor handiak, autodeterminazioaren kontrako zigor inkisitorial zentzagarri moduan. Bataila desorekatu batean erabakitzen da hori: luzaroko Estatu arrazoia, Kataluniaren askatasun politikoaren arrazoi demokratikoaren kontra. Lehen epaiketa da, bai, baina ez bakarra kaos juridiko honetan: gertaera berak, lau instantziatan epaituak. Arbitrariotasun planifikatua eta labirinto itsua, mataza eta estrategia gisa.
Hasteko, hamabi pertsona epaituko dituzte (espetxean dituzte gobernu erdia, parlamentuko presidentea, eta herri organismo nagusien bozeramaileak). Epaia, ordea, honetarako idatziko dute: mehatxatutako askatasun baten mugak berriz definitzeko, eta bi milioi pertsona baino gehiago zigortzeko. Eta, hedaduraz, Kataluniako gizarte osoa zigortzeko: oposizioko politikariak espetxeratuta gizarte hobe batean biziko dela uste duena ezin gehiago engainatzen da. Alternatiba demokratikoak blokeatzeko, deep state hispanikoaren perbertsioaren borondate makurrak tu egiten du: salbuespena luzatu, konponbide oro oztopatzeko. Horixe nahi dute: krisi luze batean giltzapetu nahi gaituzte (kaiola luze batean), dekretatu ahal izateko ezin garela handik atera, egiten duguna egiten dugula. Agambenek luze eta zabal esplikatu du: legea behartu, legea inposatzeko; salbuespena arau bihurtu. Ezer berririk ez, eta cara al sol. Galeanok honela idatzi zuen 1978an: «Makinak modua ematen du izugarrikeria onartzen ikasteko, neguan hotza onartzen den bezala».
Beste latitude batzuetan ikasitako lezioak: epaiketa politikoak ez dira erabakitzen auzitegian soilik —kaleak hitz egiten du, eta herriak eskatu egiten du—, eta itxaropen bakarra ezin da izan Estrasburgoren zain egotea. Itxaropenarekin kontraesanean dagoen dialektika bat: estatuak nolako ahultasuna erakusten du hautetsontziak jartzeagatik 200 urteko espetxe zigorra eskatzen duenean? Nola garaitu Estatu arrazoia? Nola eragotzi shock-aren doktrina? «Hura desobedituz», diote dakitenek. Zeren eta bai baitakigu zein den hori ez egitearen alternatiba.
- Kategoria: Iritziak
Mirian Campos, Bea Ilardia eta Ainhoa Beola (EH Bilduko kideak)
Orain, mugimendu feminista martxoaren 8ko greba antolatzeko motorrak berotzen ari dela, une egokia izan daiteke hausnartzeko zergatik interesatu ahal zaigun feministoi estatus berriaren inguruko eztabaida.
Estatus berriaren testuari erreparatzen badiogu egin dezakegun lehendabiziko konstatazioa da erabakitzeko eskubideak bere espiritu osoa bustitzen duela, eta hori, ikuspuntu demokratikoari dagokionez, desiragarria da. Herritar bezala erabaki nahi dugulako, pertsona bezala eta, batez ere, emakume bezala erabaki nahi dugulako. Erabakitzeko eskubidea egikaritzea funtsezkoa da gure gorputzen, gure sexualitatearen, gure lan-baldintzen edota gure aisialdiaren gaineko erabakiak hartu nahi ditugulako. Eta, horretarako, gure erabakiak errespetatuak izango diren marko politiko eta instituzionala ere beharko dugu. Faxismoaren olatua oldartzen ari den honetan, tresna guztiak baliatu beharko ditugu emakumeok sutsuki defendatu eta lortu izan ditugun konkista politiko eta sozialak ez galtzeko.
Estatus berriaren VI. Oinarriak eskubide zerrendatze bat gauzatzeko agindu zehatza jasotzen du non emakumeon eskubideak bereziki hartu beharko liratekeen kontuan. Legebiltzarreko hiru indarrek (EAJ, EH Bildu eta Podemos), hau da, parlamentarien %76k babesten dute asmo hori. Beraz, aukera paregabea izan daiteke era berezituan zein zeharkakoan emakumeen eskubide zerrendatze aurrerakoia gauzatzeko, babes-sistema batek bermatuko lukeena.
Beste aldetik, IV. oinarrian subjektu politiko berriak izango dituen botereak zehazten dira. Botere judizial propioaren gaineko apustua iradokitzen da, berezko antolaketa eta berezko ereduetan gauza daitekeena. Feministok ez dugu sinisten gaur egungo justizia patriarkalean. Baina Justizia antolatzeko ahalmena hemen egongo balitz, aukera egon liteke beste parametro batzuen arabera antolatzeko. Are gehiago, estatus berrian Euskal Eskola Judiziala sortzea aurreikusten da. Euskal Herrian ikasitako eta hezitako juristek euskal jendartearen baloreak eta idiosinkrasia barneratuko balituzte, errazago izango litzateke gure ingurune hurbilean ezagutu ditugun prozesuak (La Manada dela, Altsasuko kasua dela...) neurri handi baten ekiditea. Hemengo justizia hemengo jendarteari begira egongo dena. Hemengo emakumeok babestuko gaituena. Utopikoa? Galeanok esango lukeen moduan, aurrera egiteko balio dezan!
Mugimendu feministak kalean jarraituko du, kaletik ari garelako gure aldarrikapenak bultzatzen. Kalean egoteak ematen digun antolakuntzatik ari garelako gure arteko eztabaidak sustatzen. Kaletik ari gara tokian tokiko eragileei gure aldarrikapenak helarazten. Baina herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremana ere beharko da presio soziala eragiten jarraitzeko. Harreman asimetrikoa izango da, presioa eragiten duena. Feminismoa diskurtso soila ez ezik praktika politikoa ere badelako eta, zalantzarik gabe, mugimendu feministak kontraboterea izaten jarraituko duelako. Horretarako, unean uneko aliantzak sortzeko beharrean egongo gara, baita eragile politiko eta instituzionalekin ere.
Eskubideak kalean irabazten dira baina zuzenbide-positiboan horren gauzapena artikulatzen ez bada, gure borroka, hein handi batean, hankamotz geldituko da. Ikusi besterik ez dago gure Argentinako kideei pasa den urtean gertatu zitzaiena. Abortu legalaren aldeko inoizko mobilizaziorik handienak egin ziren berdez jantzitako Argentinako kaleetan. Baina abortuaren penalizazioaren kontrako lege-proiektuak Senatutik pasatu behar izan zuenean, ez zuen behar besteko babesik lortu.
Irlandan, aldiz, emakumeek lorpen izugarria atxiki zuten iazko maiatzean, abortuaren legalizazioaren aldeko erreferendumean baietzak irabazita, bertoko agintariei agindu zehatza helaraziz. Beraz, gure aldarrikapen feministak lege bihurtzeak berebiziko garrantzia daukala ezin uka. Dena den, badakigu lege formalak izateak ez duela bermatzen geroan praktikara eramango direnik. Mugimendu feministaren presioak jarraituko du izaten horretarako berme bakarra.
Hartara, estatus berria ez da eta ez da izango gure panazea. Inperfektua izango da hastapenetik, hutsuneekin jaioko da. Baina feministon ikuspuntutik potentzialitatea daukala esan dezakegu. Urrats taktikoak beti izan direlako funtsezkoak helburu estrategikoak lortzeko. Eta gure helburua emakumeok zentroan jarriko gaituen estruktura bat eraikitzea izan behar da, zaintza bizitzaren erdigunera eramango duen sistema. Horretarako, gobernu-formarik demokratikoena Errepublika izango litzateke. Eta Errepublika hori Feminista izango da, edo ez da izango.