Albisteak
Kontratazio publikoetan 1.200 euroko soldatak bermatzea gutxieneko baldintza da kalitatezko enplegua sustatzeko, azpimarratu du EH Bilduk.
EH Bilduk kontratazio publikoetan klausula sozialak arautzeko lege proposamena jarri du gaur mahai gainean Legebiltzarrean Administrazioaren kontratazio guztietan lan baldintza duinak bermatzeko. Larraitz Ugartek azpimarratu duenez, Jaurlaritza ezin da izan prekarietatea areagotzen duena, berari kalitatezko enplegua sortu eta sustatzea baitagokio. Hala ere, EAJ eta PSE gobernukideek eta PPk EH Bilduren proposamena tramitatzearen aurkako boza eman dute eta, Ugartek salatu bezala, prekarietatea sustatzen jarraitzeko borondatea agertu dute finean.
Legebiltzarkideak azaldu duenez, EH Bilduren lege proposamenak kontratazio publiko guztietan 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea planteatzen du, gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, datu ekonomikoak eta bizi maila kontuan hartuta, horixe delako “gutxieneko duintasuna bermatzeko soldata”.
Larraitz Ugarte EH Bilduren proposamena defendatzen Gasteizko legebiltzarrean
Ugartek gogora ekarri du 55.000 pertsonak lan egiten dutela, zuzenean edo zeharka, administrazio publikoentzat eta, horren ildotik, erantsi du administrazioen ardura dela enpresa pribatuek ezartzen dituzten lan baldintzak eta diru publikoarekin ordaintzen dituzten soldatak zaindu eta arautzea. “Ez dugu bi erritmotako administrazio bat nahi, administrazio bat non funtzionarioen lan baldintzak errespetatzen diren eta, paraleloan, pribatizatutako administrazio bat non lan baldintzak prekarioak diren eta horren aurrean Jaurlaritzak muzin egiten duen”.
BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=bD7v1_d3zS8
Urtea hasi bezain pronto, maiatzeko udal hauteskundeetarako herri programa osatzeko dinamika zabal bat jarri du martxan Amasa-Villabonako EH Bilduko hauteskunde lan-taldeak. Amasa-Villabonarako herri programa eraginkor eta eraldatzaile bat osatzeko hainbat molde eta tresna jarri ditu martxan EH Bilduko lan-taldeak:
Herriko elkarte eta eragileekin aldebiko bilerak:
2018ko ekainean hasita, hilabete luze hauetan Amasa-Villabonako mota guztietako elkarte eta eragileekin bilerak egin dira. Bilera hauen helburu nagusia, arlo ezberdinetan lan egiten duten elkarteetako kideen iritziak, ideiak, zalantzak, kezkak, proposamenak etab. entzun eta jasotzea izan da. Oso prozesu aberasgarria izan da, elkarteetan lanean ari diren pertsonek inork baino hobeto ezagutzen baitute herriko arlo bakoitzeko (kultura, kirola, aisialdia...) egoera eta egon daitezkeen arazoak. Beraz, bilera guzti hauek Amasa-Villabonako egoeraren analisi edo diagnostiko zehatz bat edukitzeko oso lagungarriak izan dira.
Arloz arloko lan-bilerak EH Bilduren militantziarekin eta oinarri sozialarekin:
Urtarriletik hasita, guztira 13 lan-bilera egin dira: Herrigintza, gazteria, euskara, kirola, hezkuntza, feminismoa, osasuna etab. Lan-bilera hauetan, aurretik egindako arlo bakoitzeko diagnostikoa aurkeztu eta etorkizunera begira mahai gainean jar daitezkeen egitasmo eta proiektu zehatzak identifikatzea izan da helburua. 2019-2023 legealdian garatu daitezkeen ildo zehatzak proposatu, eztabaidatu eta (horrela erabaki bada) onartu dira. Beraz, lan-bilera guzti hauen ondoren, herri programaren lehen zirriborroa osatu ahal izango da.
Herritarren proposamenak jasotzeko tresnak:
- Koaderno zuria-ren dinamika: Azken asteetan Beatriz Unzue alkategaia herritarrek egindako proposamenak biltzen ari da berarekin daraman koaderno zurian. Bestalde, dagoeneko bi aldiz ezarri da koaderno zuria Villabonako kaleetan (lehenengoa kiroldegi kanpoaldean eta bigarrenez Malkar plazan). Dinamika honek jarraipena izango du hurrengo asteetan eta EH Bildutik koadernoa herriko zein tokitan ezarriko den jakinaraziko da.
- Herritarren ekarpenak biltzeko beste bitartekoak: Koaderno zuriaz gain, Amasa-Villabonako EH Bilduk herritarren parte hartzea ahalbidetu eta errazteko beste herraminta batzuk ere martxan jarriko ditu hurrengo asteetan. Besteak beste, herri osoan zabalduko den galdetegi edo inkesta bat prestatzen ari da hauteskunde lan-taldea.
Amasa-Villabonak behar duen herri programa osatzeko lanean buru belarri murgilduta dago EH Bildu, gure herriak hori eta gehiago merezi baitu. Aukera berriak daude mahai gainean eta aukera horiek baliatzeko eta Amasa-Villabona justu, parekide, alai, solidario, euskaldun eta duina eraikitzeko gogo biziz lan egiten jarraitzeko borondate irmoa adierazi dute EH Bilduko kideek.
Amasa-Villabonan 2019ko otsailaren 26an
Pasa den ostiral arratsaldean Gurea zinean egindako ekitaldian ezagutzera eman genuen datorren maiatzaren 26an izango diren Udal hauteskundeetarako Amasa-Villabonako EH Bilduko hautagaien zerrenda.
Ekitaldian hautagaiak banan banan aurkeztu ziren eta ondoren berresteko bozketa egin zen. Bertaratutako herritarrek babes osoa eskaini zioten hautagai zerrendari eta bozka guztiak aldekoak izan ziren.
Bozketaren emaitza: 126 alde, 0 kontra eta 0 zuri.
Ekitaldiaren BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=4TJ9JFSLuGE&feature=youtu.be
Ostiraleko ekitaldian hautagai zerrenda berresteko bozketa egin zen unea
Beraz, dagoeneko EH Bilduko oinarri sozialak 16 herritarrez osatutako hautagaien zerrenda berritsi du eta hauek izango dira urrenez urren, gure hautagaitza osatuko dutenak:
1. Beatriz Unzue Esnaola
Lanbide heziketako ikasketak: Informatika kudeaketa. Lanbidez idazkaria. Kirolaria: Bolo jaurtiketako Euskadiko txapelduna eta palista.
2. Xabat Laborde Etxabe
Geografian Lizentziatua. Hirigintza eta euskara zinegotzia 2015-19 legealdian. Euskal Herrian Euskaraz-eko militantea.
3. Arantxa Lopez Luloaga
Jubilatua. Ebakuntza gelako laguntzailea Asunción klinikan. Duintasuna pentsionisten elkarteko eta Lurgatz talde feministako kidea.
4. Gorka Kamio Rodriguez
Gorputz eta kirol sustapeneko goi-mailako teknikaria. Lehen Hezkuntzako gradua. Olaederra kiroldegiko kirol-teknikaria.
5. Amagoia Agirre Alkorta
Haur Hezkuntzako gradua, Ingeleseko berezitasuna. Irakaslea Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan.
6. Ander Goikoetxea Arana
Elektronikako Ingenieritzan Doktorea. Ikerlari irakaslea Mondragon Unibertsitatean. Sare-ko kidea.
7. Garazi Bengoetxea Iguaran
Diseinatzailea. Oinkari dantza taldeko irakaslea eta partaidea.
8. Aitor Sarasola Murua
Lanbide Heziketako ikasketak. Berokuntza eta klimatizazio sistemen instalatzailea. Alegiko alkate ohia.
9. Garbiñe Galarraga Iñurrita
Haur Hezkuntzan Diplomatua, Gorputz Hezkuntzako espezialitatea. Irakaslea.
10. Iker Zaldua Jauregi
Geomatika eta Topografiako Ingenieritza gradua. Lanbide Heziketako irakaslea.
11. Oihane Ayestaran Oyarzabal
Administrazioa eta finantza ikasketak. Administraria. Ernai gazte mugimenduko kidea.
12. Beñat Iguaran Amondarain
Goi-mailako ikasketak: Mekanizazio teknikaria. CAF-eko montatzailea. Bertsolaria eta Harituz Bertsozale elkarteko partaidea.
13. Maite Barandiaran Lasa
Erizaintzan Doktorea. EHUko irakaslea. Oinkari dantza taldeko sortzailea, festa batzordeko kidea "Santioak kantari" ekimenaren antolatzailea.
Ordezkoak:
1. Juan Luis Irazusta Diaz
Lanbide Heziketa ikasketak. Komertziala. EH Bilduko zinegotzia 2011-2015 legealdian.
2. Ixone Lahidalga Ugarte
Soziologian lizentziatua. Haur Hezkuntzan diplomatua. Haur hezitzailea.
3. Julen Zelarain Errasti
Elektronika ikasketak. AAM-ko kide eta preso politiko ohia. Flemingoak guraso elkarteko kidea.
Amasa Villabonako EH Bildutik gure poza eta harrotasuna agertu nahi dugu lortu dugun hautagai zerrenda bikainagatik. Talde anitza eta prestatua da, bertakoa, eta garrantzitsuena: Amasa-Villabonaren alde lan egiteko gogo eta ilusioz gainezka dauden 16 herritar konprometitu aurkezten ditugu.
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeek aukera berriak ekarriko ditu eta EH Bildu prest eta gogotsu dago herritarrekin batera, politika egiteko beste modu askoz parte hartzaile, garden eta demokratikoago bat martxan jartzeko. Herritarren beharrei erantzungo dien udal bat jarri nahi dugu martxan eta konbentzituta gaude datozen 4 urteetan garatu beharreko udalgintza lanerako pertsona talde egokiena dugula.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak aurkeztutako lege proposamena onartzen bada, enpresek bi aldiz pentsatuko dute produkzioa kanpora eramateko garaian, hala eginez gero, 10 urteetan jasotako laguntza publikoak itzuli beharko lituzketelako.
Iker Casanovak lege proposamena aurkeztu du gaur Legebiltzarrean enpresen deslokalizazioari aurre egiteko neurriei buruz. Azaldu duenez, helburua enpresen deslokalizazioa eragoztea da, enplegua babesteko, konpainiek lurraldearekiko izan behar duten erantzukizuna eta konpromisoa indartuta. EH Bilduk proposatu duen legearen arabera, instituzioek deslokalizazio kasu baten aurrean dagoela egiaztatuz gero, enpresak azken 10 urteotan jasotako diru-laguntza publiko guztiak itzuli beharko lituzke. Casanovaren hitzetan, “hala, enpresek bi aldiz pentsatuko dute euren produkzioa kanpora eraman aurretik; diru-laguntza publikoak jasotzearekin batera enpresek lurraldearekiko konpromiso bat hartu behar dute, laguntza horiek ezin baitira erabili epe laburreko operazio espekulatiboak egiteko”.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea lege proposamen hau komunikabideei aurkezten
Legebiltzarkideak azpimarratu du ekimen honen bitartez EH Bilduk “legedian dagoen hutsune bat bete” nahi duela, enpresen deslokalizazioa arazo bat delako eta administrazioek tresna gehiago behar dituztelako fenomeno horri aurre egiteko. Azaldu duenez, Bizkaiak helburu horrekin onartu zuen foru arau bat 2007an, baina Erkidego mailan ez dago parekorik. Hori dela eta, EH Bilduk beharrezkotzat jo du EAE osoa barne hartuko duen legea onartzea.
Casanovak deslokalizazioen ondorio latzez ohartarazi du, eta gogora ekarri du General Electric-en kasua, Ortuellan 134 lanpostu galtzea ekarri zuena. Halaber, azaldu du Bizkaiko Aldundiak 2007ko foru araua baliatu zuela Incoesa eta Siban enpresei diru-laguntzak itzul zitzatela eskatzeko, eta “Siban-en kasuan deslokalizazioa neutralizatzea lortu zuen horrela”. Azken kasu honek, erantsi du Casanovak, frogatzen du EH Bilduk proposatzen duena bezalako legeak eraginkorrak direla.
Legebiltzarkideak, azkenik, EH Bilduren ekoizpen legegilea nabarmendu du, “Jaurlaritzaren pasibotasunarekin kontrastatzen duena”. Izan ere, “gaurkoarekin sei dira azken bolada honetan proposatu ditugun legeak: kontratu publikoetan klausula sozialak txertatzeko, euskara ikastearen doakotasuna bermatzeko, indarkeria matxista kasuetan zaintza partekatua eragozteko, ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko eta merkataritza gune handi gehiagoren irekiera mugatzeko”.
Euskal herritarron bizi baldintzek okerrera egiten dute eta Espainiako Estatuaren inboluzioa gero eta indartsuagoa da. Hala ere, Urkulluren Gobernua paralisi fase batean dago, iniziatiba galduta eta arazoei aurre egin ezinik. Egoera kezkagarri hori ikusita, EH Bilduk ekimena hartu du eta, datozen hilabeteetan, agenda soziala markatuko du Legebiltzarrean aurkeztuko dituen hainbat proposamen sozialekin. Pentsiodunei, emakumeei, gazteei edota langile eta langabetuei bideratutako neurriak izango dira, eta Bizitza Hobea lelopean aurkeztutako kanpainaren baitan kokatzen dira. Maddalen Iriarte bozeramaileak, Nerea Kortajarena eta Iker Casanova legebiltzarkideekin batera, Bizitza Hobea kanpaina aurkeztu du gaur Legebiltzarrean.
Iriartek azaldu duenez, “Espainiako Estatuaren inboluzioari buruz hitz egiten dugunean, inboluzio politikoaz gain, inboluzio sozialaz ere ari gara. Izan ere, azken urteotan Madriletik etorri diren murrizketa sozialek lurrikara bat eragin dute eta hankaz gora jarri dute gure ongizatea”. Horren adibide dira pentsioen jaitsiera eta Lan Erreforma.
Hain larria den egoera honetan, Jaurlaritzak ez du lidergoa hartzen herritarrak babesteko: “Nahiz eta murrizketen epizentroa Madrilen egon, lurrikara horien erreplikak hemen ere egon dira. Urkulluren Gobernua mutu ikusi dugu eta, askotan, konplize, hemen ere Eusko Labeldun murrizketak eginez”. Espainiako hauteskundeen atarian gauden honetan, EH Bilduk etorkizun iluna ikusten du.
Iker Casanova, Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak "Bizitza Hobea" dokumentua aurkezten
Maddalen Iriartek adierazi duenez, “gure eskubide sozialen kontra dauden indar atzerakoiak indartzen ari dira Estatuan, eta Gobernu ahul, pasibo eta mutu batekin ezin izango diegu aurre egin”. Beraz, EH Bildu Madrilera joango da: “Asko izango gara Kongresuan eta erabakigarriak izango gara. Baina argi izan behar dugu Espainiako inboluzioaren aurrean aktibatu egin behar dugula hemen ere, eta gure instituzioetatik erantzun behar dugula, tinko, gure eskubide sozialak babestuz eta indartuz, berdinen arteko errepublika bat eraikitzeko”.
Gauzak horrela, EH Bilduk agenda soziala politikaren erdigunean jartzeko hainbat ekimen prestatu ditu hemendik ekainera bitartean eztabaidatu daitezen. Bizitza Hobea lelopean, herritarron alde egingo duten neurriak daude, Espainiatik datorren korronte atzerakoiaren aurrean, gure eskubide sozialak handitzeko.
Iriarteren hitzetan, “lidergo soziala hartuko dugu euskal herritarrek Bizitza Hobeak izateko. Zeren, Espainiaren aurrean paralizatuta eta mutu dagoen Gobernu bat ez da gai izango Madriletik datorren inboluzioari aurre egiteko”.
Iker Casanovak Legebiltzarrean aurkeztuko diren ekimen sozial horien berri eman du, nagusiki lan merkatuarekin eta babes sozialarekin lotuak:
1. 1.200 euroko gutxieneko soldata
2. Pentsio baxuekin bizi diren emakumeen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren izaera indibiduala garatzea
3. Gazteen prekarietatearen kontrako talka plana
4. Iraupen luzeko langabetuentzako talka plan iraunkorra
5. Kontziliazio eta erantzunkidetasun politika berrietarako lau urterako plana.
6. EHUko doktore ez diren ikertzaileentzako 1.200 euroko gutxieneko soldata
7. Euskal autogintza sektorea aztertzeko eta sendotzeko ponentzia
8. Aiaraldea errekuperatzeko eta suspertzeko ponentzia
9. Soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak
10. Klausula sozialak kontratu publikoetan txertatzeko Legea
11. Enpresen deslokalizazioari aurre egiteko Legea
12. Euskal enpresak errotzeko finantza neurriak
13. Emantzipaziorako etxebizitza proiektu eraldatzaileak
14. Osakidetzako egiturazko arazoak konpontzeko ekimenak
Lehenengo ekimena bihar bertan eztabaidatuko da. Izan ere, EH Bilduk Osoko Bilkuran proposatuko du Jaurlaritzak konpromisoa hartzea eta aktiboki sustatzea, eragile sozio-ekonomikoekin, EAE mailako lanbide arteko akordio bat 1.200 euroko gutxieneko soldata indarrean sartzeko. Casanovak azpimarratu duenez, “Espainiako 900 euroko gutxieneko soldata ez da nahikoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hemengo bizitzaren kostea Estatukoa baino handiagoa delako. Beraz, hemengo langileak Estatukoak baino pobreagoak izango dira soldata horrekin. Horren parekoa litzateke EAEn 1.200 euro ezartzea”.
Bestetik, Nerea Kortajarena legebiltzarkideak aurreratu du apirilean Osoko Bilkuran defendatuko duen proposamen bat. Hain zuzen, iraupen luzeko langabetuentzako talka plan iraunkor bat eskatuko du: “Errealitate hori kronifikatzen ari da eta pertsona asko egoera kritikoan daude. Ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak iraupen luzeko langabetuen aldeko neurriak hartzea, ezin dugulako ahantzi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan langabetuen %64k ez duela inolako prestaziorik jasotzen”.
Datorren otsailaren 27an Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zenetik 43. urte beteko dira eta EH Bilduko ordezkaritza saharar lurraldeetan izan da urteurren honen ospakizunetan parte hartzen. Beti bezala, EH Bilduk bere elkartasun internazionalista helarazi nahi izan dio kolonialismoa eta zapalkuntza pairatzen jarraitzen duen saharar herriari. Bestek beste, Unai Urruzuno legebiltzarkidea, Lorena Lopez de Lacalle Arabako EH Bilduko ordezkaria eta Arantza Urkaregi Bizkaiko batzarkidea izan dira saharar lurraldeetan.
EH Bilduko ordezkaritza Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren urteurreneko ospakizunetan
Lotsagarria da XXI. mendean oraindik Marokoar estatuak martxan duen errepresio eta zapalkuntza estrategiaren aurrean (okupazioa, eskubide zapalketa ikaragarriak, atxiloketa politikoak, desagerketak, lotsaren harresia etab.) komunitate internazionalak (NBE, Europar Batasuna...) mantentzen duen jarrera axolagabea.
Saharar Errepublikak duen autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aldarrikatzen dugu, bada garaia kolonizazioarekin bukatzeko. Zentzu horretan, nazioarteko zuzenbidean jasotako jurisprudentzia betez, saharar herriari hitza eman eta erreferendum bat antolatzen laguntzeko eskaera egiten diegu Europar Batasunari eta Nazio Batuen Erakundeari.
Kolonialismoarekin amaitu! Sahara askatu!
Amasa-Villabonako EH Bilduko hauteskunde lantaldeak amaitutzat eman du azken hilabeteetan garatutako maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda osatzeko prozesua.
Beraz, dagoeneko zehaztu da zeintzuk izango diren Beatriz Unzue alkategaiarekin batera EH Bilduren hautagaitza osatzeko proposatuko diren beste 15 herritarrak. Hautagaitza osoa ofizialki onartua izan dadin bete beharreko azken baldintza, Amasa-Villabonako EH Bilduren oinarri sozialaren oniritzia edo berrespena jasotzea izango da.
Datorren ostiralean 19:00etan Villabonako Gurea zinean egingo den ekitaldi publikoan ezagutaraziko da zerrenda osoa eta bertan berrespena emateko aukera izango da.
Ekitaldiaren lehen minutuetan azken hilabeteetan hautagai zerrenda eta Herri Programa osatzeko EH Bilduko lantaldeak egindako ibilbidea azalduko da eta programan jasoko diren proposamen aipagarrienak ere aurkeztuko dira. Ondoren, hautagai guztien banan banako aurkezpena egingo da eta amaieran hautagaitzaren berrestea gauzatuko litzateke.
Amasa-Villabonako EH Bildutik ekitaldira gerturatzeko gonbidapena luzatu nahi diegu herritar guztiei.
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeek aukera berriak ekarriko ditu eta EH Bildu prest, ilusioz gainezka eta gogotsu dago herritarrekin batera, politika egiteko beste modu askoz parte hartzaile, garden eta demokratikoago bat martxan jartzeko. Herritarren beharrei erantzungo dien udal bat jarri nahi dugu martxan eta horretarako lanerako prest dagoen pertsona talde prestatua dugu.
Ekitaldiaren deialdi-kartela:
Erakunde publikoei eskua luzatu zien GuraSOS elkarteak jendez leporaino bete ziren Donostiako kaleetan. Beste behin ere, prest agertu zen Zubietako errauste plantari eta hondakinak kudeatzeko politikei buruz hitz egin eta akordio berrietara iristeko. Zapi zuri batzuk eskuetan hartuta, honela adierazi zieten taldeko kideek Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoei: "Ez duzue ezer ulertu. Ez gaude borrokarako, baizik eta elkarlanerako, bidea elkarrekin egiteko". Eta asmo horretan milaka pertsonaren babesa jaso zuten Donostiako kaleetan, Adostasunari esan baietz lelopean egindako manifestazioan.
Antiguako tuneletatik abiatu zen martxa, 17:00ak pasatxo zirela, eta, Mirakontxa pasealekuan aurrera egin ahala, handituz joan zen manifestari multzoa. Izan ere, udaberri garaiko eguraldiak lagunduta hondartza ingurura hurbildutako asko batu ziren protestara: etengabekoa izan zen jarioa, eta, Artzain Ona igarota, San Martin kalea alderik alde hartua zuen martxak. Aurrez ere babes handia jaso zuen deialdiak: Gipuzkoako eragile sozial, ekonomiko eta sindikal ugarik adierazi diote atxikimendua manifestazioari azken asteotan.
Manifestazioaren aurrealdearen irudia, atzetik milaka gipuzkoar dituela
Ia ordubeteko martxaren ondoren, Bulebarrean bukatu zen mobilizazioa. "Egia, osasuna, ingurumena eta, nola ez, gure haurrak babestera etorri gara", adierazi zuten Joxe Mari Izetak eta Olatz Kortak GuraSOSen izenean, amaierako ekitaldian. Salatu zuten instituzioek euren "ahotsa isilarazi nahi" izan dutela, "hutsaren hurrengoa garela sinetsarazi", baina nabarmendu zuten euren eskaintza "zintzoa eta posibilista" dela.
Martxo hasieran hondakinak kudeatzeko plan berria onartzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundia, Zubietako erraustegia oinarri hartuta. Horren harira, elkarlanerako prest agertu zen GuraSOS, baina jarrera eraikitzailea eskatu zion Aldundiari ere: "Ez egin gerra gizarteari. Gogoratu zer dioen Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak: Ingurumen erronkei, eta hondakinei lotutakoei bereziki, gobernuek eta herritarrek elkar hartuta egin behar diete aurre".
Ildo horretan, elkarteko kideek gogoratu zuten "gizarteak hitza hartu" duela Hitzartu prozesuan, eta herritarrek hiru irizpide eman dituztela hondakinen kudeaketarako: osasuna lehenestea, instalazioak ahalik eta gehien baliatzea, eta ekonomikoki bideragarria izatea. Horietan oinarrituta, plan bat idatzi du GuraSOSek, eta diputazioan aurkeztu du. Kontuan hartzea galdegin zuten Donostiako mobilizazio honetan: "Badago alternatiba tekniko bat, ingurumen eta ekonomia ikuspegitik iraunkorra eta bideragarria dena. Batzar nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia: erantzuna zuen esku dago". Erantsi zuten bat datozela diputazioaren planteamendu batzuekin: "TMB plantarekin eta biometanizazioarekin, bai. Baina labeak, ez; erraustegia, inola ere ez".
Ekitaldiaren amaieran, eskua ez ezik, soka bat ere eskaini zien neskato batek erakundeei. Korapiloz beteta zegoen, askatzeke eta adosteke dauden arazoen seinale. "Denon artean Gipuzkoa osasuntsu eta hobea josteko".
EH Bilduko ordezkaritza zabala izan zen mobilizazio honetan, bertan izan ziren besteak beste Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko hautagaia, Usurbilgo alkatea, Donostiako zinegotzi taldea, Lasarte Oriako EH Bilduko ordezkariak eta noski, Amasa-Villabonako EH Bilduko herrigintza taldeko kideak ere bertan izan ziren GuraSOS elkarteari babesa adierazteko eta beste behin erraustegirik ez dugula nahi eta alternatibak badaudela ozen adierazteko.
ARGIAko lantaldeak Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin du asteazken goizean.
Bi ertzainek egindako hizkuntz eskubideen urraketa batez informatzeagatik, hedabide honetako Lander Arbelaitz kazetariaren aurkako salaketa jarri dute eta asteazken honetan auzi horrekin lotuta lehen aldiz joan behar izan du Arbelaitzek deklaratzera.
Donostiako epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzea
“Informatzen jarraituko dugu, kazetaritza ez da delitua” idatzita zeukan pankartarekin elkarretaratzea egin dute ARGIAko lankideek Donostiako Egia auzoan dagoen epaitegiaren aurrean. Ez dira bakarrik egon, hainbat kazetarik, eragilek eta herritarrek egin dute bat elkarretaratzearekin, 50 lagunetik gorako taldea osatuz.
Auzi honen konponbide justu bakarra epaiketarik ez egitea dela adierazi du Mikel Garciak Argia-ko lantaldearen izenean.
Epaitegiaren atarian izan dira ARGIAri babesa adierazten Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendi, Eleak-Libre mugimenduko Joseba Alvarez eta Zigor Etxaburua euskaltzalea, besteak beste.
“Utzi ARGIA bakean” eta “Euskal Herrian euskaraz” bezalako aldarrikapenak egin ondoren, epaitegira sartu aurretik, Arbelaitzek eskerrak eman dizkie euren babesa adierazi duten 400 pertsona eta eragileei. Sostengu hori jaso izana “ohore bat” dela azaldu du kazetari donostiarrak. Horiekin batera, asteazken goizetik sare sozialen bidez hamaika erabiltzailek ere elkartasuna adierazi diote Arbelaitzi eta ARGIAri.
Elkartasun bideo hau zabaldu da gaur sarean: https://www.youtube.com/watch?time_continue=43&v=b7_u6qUIgcs
EH Bildutik ere, gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu ARGIA astekariko lantalde osoari eta bereziki Lander Arbelaitz kazetariari. Kalean, espazio publikoan gertatutakoaz informatu ahal izatea da kazetaritza libre baten eta adierazpen askatasunaren oinarrietako bat eta Ertzain hauek jarritako salaketa eskubide horien kontra doa zuzenean. Ondorioz, gaur kazetari batek hedabide batean informatze hutsagatik epaitegira deklaratzera joan behar izatea onartezina eta salatu beharrekoa iruditzen zaigu.
Kazetaritza ez da delitua!
Tolosaldeko EH Bilduk agerraldia egin du gaur Tolosan, Osasun publikoari dagokionez eta Asuncion klinikaren aferan azken hilabeteetan gertatutakoen inguruko irakurketa politikoa zabaltzeko. Bertan izan dira besteak beste, Unai Iraola Alegiko alkatea, Amaia Azkue Berastegiko alkatea, Pello Estanga Anoetako alkatea, Bakarne Otegi Ikaztegietako alkatea eta Josu Amilibia Adunako alkatea. Amasa-Villabonatik Arantxa Lopez eta Xabat Laborde zinegotziek parte hartu dute agerraldian.
Hauxe da Tolosaldeko EH Bilduk argitaratu duen oharra:
Azken hilabete hauetan Tolosaldeako Osasungintzaren gaiak berri ugari eman ditu, nahiz eta berri guztiek ez duten neurri bereko zabalpen mediatikoa izan.
Hilabete luzeetako lanaren ondorioz, Topak eta Eskualdeko Lan Mahaiak ateratako datu esanguratsuek erakutsi dutenez, Asuncion Klinikarekin dagoen kontzertuak ahalbidetzen dio Osasun Sailari Tolosaldeako osasun gastuan urtean 10 milioi euroko murrizketa egitea, eta horrek zerbitzuaren kalitatea asko okertzea eragin du. Kontzertu horrek iraun dituen zazpi urteak kontuan izanda, datuak eskandaluzkoak dira.
Urteetan plazaratu dira osasun arreta pribatizatuta egoteak dakartzan ondorio kaltegarriak, ez bakarrik arretaren kalitatean, baita langileen baldintzetan ere. Azken horiek bi eratara izan dira kaltetuak: langile eta erabiltzaile modura. Kontutan izanik ratioak txikiagoak direla, hau da, langileen heren bat gutxiago daudela, lan kargak hazi dira eta horrek arretaren kalitatean eragiten du.
Tolosaldeko EH Bilduko ordezkariak Tolosan egindako agerraldian
Ohar honen bidez jakinarazi nahi diegu TOPAri eta Eskualdeko Lan Mahaiari gure udaletxeetako atek irekita dituztela informazio hori herritarrekin partekatzeko, beharrezkoa ikusten baitugu eskualdeko herritar guztiek horren berri izatea.
Osasun Sailak urteetan Tolosaldean izan duen inbertsio ekonomiko faltaren datuak argitara atera diren honetan, ospitale publiko bat ez duen eskualde bakarra izatearen diskriminazioaz gain, arrapaladan etorri zaizkigu Asuncion Klinikako berriak ere: batetik, osatu berri den fundazioarena, eta, bestetik, datozen hiru urteetan egitekoak dituzten berritze lanena.
Kezkatuta gaude irabazi asmorik gabeko fundazioa ez ote duten erabiliko INVIZAren irabazi asmoak zuritzeko, eta hiru urteetako zazpi miloi euroko berritze lanekin ez ote dituzten Osakidetzak egin gabeko inbertsioak ezkutatu nahiko. Prentsan irakur genezakeenez, gainera, berritze lan horiek datozen 25 urteetako klinikaren beharrak asetzeko balioko dute, eta horrek ere beste kezka batzuk sorrarazten dizkigu: Osasun Sailak ere egungo egoera beste 25 urtez luzatzen utziko al du? Hau al da eskualdeak behar duen proiektua?
EH Bilduren ustez, egoera hau luza ezina da. Lanean jarraitu behar da kudeaketa publikoaren alde, kalitatezko osasun arreta koordinatu eta integratu bat, beharrezko baliabide estrukturalak eta giza baliabideak, eta erabiltzaile eta langileen eskubideak bermatzeko. Maiatzean aurkeztu genuen Tolosaldearako osasungintza publikorako proposamena. Bertan, eskualdeko ertz pribatizatuak –klinika, anbulantziak eta etxerako mediku eta erizainak– kudeaketa publikoan barne hartzeko proposamena egitez gain, osasunaren sustapenaren eta prebentzioan oinarritutako osasun ereduaren aldeko apustua eta proposamen egingarria aurkezten genituen. Ez gara horretan gelditu eta lanean jarraitu dugu, esaten genuen bezala, ekarpen berriek proposamen horretan sakondu eta zabaltzeko parada eman baitigute.
Merezi dugun osasun arreta lortu nahi badugu, denon borondatea eta elkarlana beharrezkoa izango da. EH Bilduko kideok bide horretan lan egiteko borondate irmoa azaldu nahi dugu.
Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak hamabostean behin elkarretaratzea burutzeko asmoa azaldu zuen.
Larunbat eguerdian 150 herritar inguru elkartu ziren Tolosako Trianguloa plazan. Mobilizazioa TOPAk deitu zuen, eta osasun publikoaren aldeko elkarteko kideek bi larunbatetik behin elkartzeko asmoa azaldu zuten. Hori egiteko hiru arrazoi aipatu zituzten elkarretaratzearen amaieran. Ondoren, ordezkari politikoei elkarrekin lan egitea exijitu zieten, "norabide berean, eta eskatu dezatela justiziaz Tolosaldeko herritarroi tokatzen zaiguna, kaltetuak denok gara eta, ideologia batekoak zein bestekoak izan".
Tolosan elkartzeko lehen arrazoia Tolosako alkateari euren haserrea eta errealitatea erakusteko nahia izan zela adierazi zuten TOPAko kideek: "Errealitate hori oso desberdina da konparatzen baldin badugu alkateari txostenetan eta bulegoetan erakusten dioten errealitatearekin. Erakutsiko diogu zer errealitate bizi eta jasan dugun azken 8 urte hauetan, arreta eskasa jasotzen ari garelako Asuncion-ekin hitzarmen publiko-pribatua sinatu zutenetik".
Pasa den larunbatean Tolosan egindako elkarretaratzearen irudia
Mobilizazioa egiteko bigarren arrazoi bezalako honakoa aipatu zuten: "Garbi utzi nahi diogu kexa edo protesta honen bidez, norbanako kexa askorik ez dagoela, baina ez pozik eta gustura gaudelako jasotzen dugun arretarekin, baizik eta gutako asko ez garelako ausartzen kexa jartzera".
Azkenik, gauzak konpontzeko prestutasuna azaldu zuten: "Hemen bildu gara, gutako bakoitzak lagundu egin nahi duelako 8 urte hauetan jasan dugun arazo hau konpontzen; gutako bakoitzak bere alea jarri nahi duelako. Izan ere, hemen ez du nork bere konponbidea bilatu behar. Ez, hemen, auzi honetan, konponbideak kolektiboa izan behar du, bakoitzak bere aletxoa jarrita".
Beste behin azpimarratu nahi izan zuten Gipuzkoako beste eskualdeek dutena bakarrik eskatzen dutela: "ekitatea, haiek adina ordaintzen dugu eta". Ondorioz, zera exijitu zuten: "Ordain dezatela behingoz Tolosaldeari zor diotena, ordaindu dezatela 35 urte hauetan pilatu den zorra, zor hori, gainera, urtetik urtera handitzen ari da batere ekitatiboa ez den hitzarmen bidegabe hori sinatu zutenetik".
Tolosaldeko EH Bilduko alkate, zinegotzi eta kide ugari hurbildu ziren elkarretaratzera, EH Bilduk TOPA-k egiten dituen aldarrikapenekin bat egiten duela erakusteko eta beste behin Tolosaldeak ospitale publiko bat behar eta merezi duela adierazteko. Tartean zen Arantza Lopez ere, Amasa-Villabonako EH Bilduko zinegotzia.
Klausula sozialen legeari ezezkoa emanda, Jaurlaritzak prekarietateari ateak zabaltzen jarraituko du
Kontratazio publikoetan 1.200 euroko soldatak bermatzea gutxieneko baldintza da kalitatezko enplegua sustatzeko, Urkulluren Gobernua ordea, prekarietatearen sortzaile bilakatu da eta, are okerrago, uko egiten dio joera zuzentzeari.
EH Bilduk kontratazio publikoetan klausula sozialak arautzeko lege proposamena aurkeztu zuen urtarrilean, Administrazio Publikoa kalitatezko enpleguaren sortzaile izan zedin, baina Jaurlaritza berau tramitatzearen aurka agertu da gaur. Finean, Urkullu buru duen Gobernuak kontratazio publikoa prekarietatea areagotzeko erabiltzen jarraitzeko borondatea adierazi du erabaki horrekin.
Larraitz Ugarte (EH Bildu) Gasteizko Legebiltzarrean gai honi buruzko azalpenak ematen
EH Bilduk proposatzen duen legeak ekarriko luke, besteak beste, kontratazio publiko guztietan 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea, onartezina delako Administrazioak ontzat ematea hark kontratatutako enpresa askotako langileek baldintza guztiz prekarioetan aritu behar izatea. Kalitatezko enplegua sortu eta sustatu beharrean, euskal administrazioak prekarietatearen sustatzaile bilakatu dira, azpikontratazioa kostuak murrizteko erabiltzen baitute, eta beti langileen lepotik. Hori da hain justu EH Bilduren lege proposamenak zuzendu nahi duena, langile horien guztien lan baldintzak Jaurlaritzaren ardura ere badirelako.
Jaurlaritzaren iritziak iritzi, EH Bilduk lege proposamena eramango du Legebiltzarreko Osoko Bilkurara, PNVk eta PSEk tramitera onartuko dutelako esperoan, tramitazioak izan ditzaketen zalantzak uxatzeko eta legearen edukiak adosteko aukera eman dezakeelako.
Lehenik eta behin gure samina adierazi nahi diegu Christchurcheko erasoetan hilik edo zauriturik izan diren herritarrei eta haien familiei. Horrekin batera gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Zeelanda Berriko herritarrei eta komunitate islamikoari une larri hauetan.
Giza eskubideetan eta demokrazian oinarritutako gizarte ereduan sinesten du EH Bilduk, eta horren alde lan egiten du eta borrokatzen du egunero, Euskal Herrian eta mundu zabalean harremanak dituen herrialde guztietan. Mundu osoan gertatutako giza eskubideen eta oinarrizko printzipio demokratikoen aurkako eraso guztiak salatzen ditugu.
Christchurchen gertatutako erasoa mundu mailan ematen ari den xenofobia eta islamofobia olatuaren adibide lazgarria da. Eskuin muturreko politiken homologazioaren ondorio, errentagarritasun politikoaren truke, komunitate minorizatuen diskriminazio eta kriminalizazioa dakarrena. Islamofobia, antisemitismoa, homofobia eta transfobia, xenofobia eta arrazismoa bultzatzen dituzten politiken ondorio da eraso hau.
Hauen guztien aurrean EH Bilduk herri eta pertsona guztien askatasunaren alde lan egiteko konpromisoa berresten du.
Datorren legealdian gipuzkoarrek herrialdea gobernatzeko aukera emanez gero, erraustegia alderdien arteko gatazkatik atera eta gipuzkoarrei azken hitza eta erabakia emateko konpromisoa adierazi ditu Gipuzkoako EH Bilduk.
Gipuzkoako EH Bilduren oharra:
Azken urteetan amaigabea izan den Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren eztabaidari irtenbide bat eman beharrean gaude. Elkarrizketa sozialean eta lankidetzan oinarritutako politikak egiteko garaia da, auzi judizialak alboratu eta arazoari irtenbide politikoa emateko garaia, bakoitzak bere akatsak onartu eta aurrera begira gipuzkoarrei konponbide egonkor bat aurkezteko garaia.
Gipzukoako EH Bilduren agerraldia, Erraustegiaren inguruko irakurketa plazaratzeko
Dagoeneko gauza jakina da eta gaur beste behin berretsi nahi dugu erraustegiarena ez dela EH Bilduren eredua. Kutsagarria, kaltegarria delako ingurumenerako eta kaltegarria osasunerako; oso larria da gainera hau ezkutatzea. Hori gutxi ez, eta negozio bihurtu dute oinarrizko zerbitzu publiko bat. Egoera horren aurrean, bazeuden eta oraindik ere badaude Gipuzkoako hondakinak tratatzeko modu merkeago, osasuntsuago eta ingurumenerako inpaktu gutxiagokoak. Izan ere, kutsaduraz gain, errausketa zurrun (eta masiboa)-ren eredua ez dator bat Europak aurreikusten duen plastikoaren erabilerari buruzko estrategiarekin. Ekonomia zirkularren helburuetara iristeko lagundu beharrean, oztopo tekniko eta finantza-tranpa bihurtzen da; etengabe erregaiaz asebete beharreko azpiegitura bat sortuz.
Egungo egoeran argi dugu Zubietan egiten ari diren obra eta inbertsioak aprobetxatu beharko ditugula. Aukera errealak daude erraustea helburu duen proiektu bat izatetik, berrerabilpena eta birtziklapena helburu izango lituzkeen proiektu batetara moldatzeko. Borondate politikoa behar da horretarako, ordea. Gardentasunez eta zintzotasunez aukera hauek egikaritzeko nahiko denbora badago. Zentzu berean, sinatutako kontratua berrikusteko garaiz gaude oraindik. Zerbitzu zuzen eta publikoaren ordez, 35 urteetarako gestio pribatua jasotzen du kontratu horrek. Enpresa esleipendunari 200 milioi eurotik gorako etekinak ziurtatzen dizkio eta hori bermatzeko negozio-esplotazio integrala enpresaren eskuetan uzten du. Kudeaketa integral horrek, bertan erraustuko diren hondakinen jatorria zein osaketa erabakitzeko ahalmena ematen dio enpresari. Hitz gutxitan, hondakina Gipuzkoa kanpotik ekartzea eta hiri hondakinak ez direnak erretzea ahalbidetzen dio kontratuak. Kontratua berrikusi ezean herritarren interesak eta bere osasuna 35 urteetarako hipotekatuko dira enpresaren etekinaren mesedetan.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk arduraz jokatzeko prestutasuna du. Udal eta Foru hauteskundeetan gipuzkoarrek EH Bilduri herrialdea gobernatzeko ardura emanez gero, EH Bilduk erraustegia alderdien arteko gatazkatik atera eta gipuzkoarrei hitza emateko konpromiso irmoa du; erraustegiarekin egin beharrekoa gipuzkoarrek erabakitzeko. Alderdien arteko adostasunak eraikitzea garrantzitsua bada ere, argi dugu herritarrak izan behar dutela azken erabakia.
Gainera, egungo Aldundiko agintariek gaia itxitzat eman nahi duten honetan, GuraSOSek alternatiben inguruko bere azterlana babes anitzekin kaleratu du eta testuinguru honetan datorren larunbatean, otsailak 23, Donostian adostasunaren alde egingo den manifestazioa ahalik eta jendetsuena izateak berebiziko garrantzia du.
Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Donostiako Antiguoko tuneletik eta zuen ingurunean deialdia zabaltzea eta indartzea eskatzen dizuegu.
Aukerak badaude eta baliatuko ditugu, borroka hau beste guztiak bezala herritarrekin elkarlanean irabaziko dugu!
Agerraldiaren bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=90qgRN1qEgs
Euskal Herriko mugimendu feministako hainbat ordezkarik pasa den martxoaren 8ko greba feministaren balorazio publikoa egin zuten Donostian. Hau da kaleratu duten oharra bere osotasunean:
2019ko GREBA FEMINISTAREN BALORAZIOA
Iragan den martxoaren 8an, trans, bollera eta emakumeok lan guztiak egiteari utzi genion eta Euskal Herriko kaleak gogor astindu genituen, gure herriak aldarrikapen, ekintza eta elkartasun feministaz betez. Grebak jarraipen masiboa izan du, zenbaezina da herriak kalea hartzean duen indarra, horregatik ez dago zifrarik martxoaren 8an gertatutakoa jasoko duenik. Aurten, arrakasta kuantitatiboaz gain, jauzi kualitatiboa eman dugu gure aldarrikapenak eta oinarri politiko feminista, antikapitalista eta antiarrazistak sendotu ditugulako.
Zorionak modu batean edo bestean hori posible egin dugun guztioi. Gainera, M8ko greba feminista nazioartekoa izan da, 140tik gora batu baikara borroka egun honetara. Heteropatriarkatu kapitalista sistema globala da eta herrien burujabetza ezinbestekoa den bezala, behar-beharrezkoak ditugu elkartasun nahiz aliantza internazionalistak.
Aurten, grebaren antolaketa deszentralizatua lehenetsi dugu. Jendarte feminista bat auzo, herri eta talde bakoitzak bere errealitate zehatzak eraldatzean eraikiko dugulako. Baina, Euskal Herri mailan koordinatu gara, argi baitaukagu indarrak batzea eta aliatzea dela gure bidea, eta herri gisa eraiki nahi ditugula alternatibak. Horrela, eraldaketarako eragile nahiz subjektu anitzak batu gara: talde feministak, etxeko langileen elkarteak, sindikatuak, emakume* migranteen taldeak, baserritarrak, ikasle eta gazte taldeak… Elkarrekin ahaldundu eta politizatu gara, eta hori da gure garaipen nagusia.
Zapalkuntza guztiekin amaitzeko, gure iraultza heteropatriarkatu kapitalista eta kolonialistak sortzen dituen bazterretatik eraikitzen da. Horrela, gaueko hamabietan hasita, 5 ardatzetan egituratutako grebari ekin genion . Egunean zehar hamaika ekintza burutu genituen: gauak eta kaleak gureak direla aldarrikatzeko, enpresa handien aurkako piketeak, etxeko langileen lan eskubideak aldarrikatzeko eraikin publikoen okupazioa, politika migratzaileen aurka, (in)justizia patriarkala salatzeko, faxismoaren aurkako ekintzak, eliza seinalatzeko etab.
Mugimendu feministako kideak Donostian egindako agerraldi publikoan
Azken astean harriduraz jaso ditugu emakumeon* bizi eta lan baldintza prekarioen arduradun zuzenak diren Nafar Gobernu eta Eusko Jaurlaritzaren, Iberdrola bezalako enpresa handien edota patronalen adierazpenak grebara batuz. Hauei guztiei ez diegu keinu sinboliko gehiagorik egitea onartzen, gure aldarrikapenak arduraz entzun eta horiek gauzatzeko konpromisoak har ditzatela nahi dugu. Ekintza, politika eta aldaketa feminista errealak nahi ditugu, eta ez dugu onartuko kapitalaren edota gizon batzuen interesek jarri dezaketen inongo toperik.
Urrats handia eman dugu baina urrun gaude gure helburuetatik. Urrun gaude emakumeok* dohainik egiten ditugun lanak sozializatzetik. Beraz, grebak azaleratzen dituen gatazketan sakontzen jarraituko dugu. Zaintza sistema publiko eta doakoa nahi dugu, baita emakumeon enplegu prekarioarekin amaitzea ere. Hala ere, gaur egungo Euskal Herriko erakunde nagusietan aurrera eramaten diren politikek merkatuaren etekinen menean jarraitzen dute eta emakume* langileon esplotazioa indartzen dute. Egun, Euskal Herrian dugun familia eredua logika patriarkaletan eraikitzen da, zaintza lanak feminizatuz eta pribatizatuz, eta bereziki emakume arrazializatu nahiz migranteon esplotazioan oinarrituz. M8 honetan, oraindik ere, emakume* langile askok ezin izan genuen gure greba eskubidea gauzatu, egoera zaurgarrienetan egoteagatik. Jakina denez, indarkeria patriarkala gogorki pairatzen jarraitzen dugu, sexu erasoetan, eraso lesbofoboetan, bazterkeria kapazitistan, erailketa patriarkaletan, jazarpen transfoboetan, edertasun hegemonikoan eta sistemak behin eta berriz menpeko lekuan kokatzen gaituen bakoitzean.
Horregatik, bizitzak erdigunean jarriko dituen paktu sozial berri bat eskatu dugu ozen. Gure lurraldeetan eta gorputzetan burujabe izateko. Lana eta aberastasuna modu justuan birbanatzeko. Bazterreko subjektuok, gure aurkako biolentziarik gabe, aske izan ahal izateko. Euskal Herriko Mugimendu Feminista konfrontaziorako eta sistemari sakoneko alternatiba bat eraikitzeko indarra da: ultraeskuina eta arrazismoaren gorakadaren aurrean, kapitalismo autoritarioaren berrarmatzearen aurrean, bizi baldintzen sakoneko prekarizazioaren aurrean, planetaren kolapso ekologikoaren aurrean, feminizidioen aurrean… tinko gaude, eta ez gaituzue geldituko!!!
Lanaren kontzeptu klasikoa eraldatzeko asmoz, bizitzako eremu guztietan kokatu dugu greba, bost ardatz bereiziz:
PENTSIONISTAK:
Merkatuaren logikari jarraituz, enpleguan aktiboki ez dabilena gastu gisa hartzen da, eta, pentsionisten kasuak erakusten digun moduan, pentsio-sistema pribatu eta prekarioa zabaldu nahi digute. Erretiro pentsio baxuenak ditugunak emakumeak* gara. Lan feminizatuak eta bereziki zaintza lanak aintzat ez hartzearen ondorio zuzena da hori. Horregatik, Emakume* pentsionistok greba egin genuen, gurea ere borroka feminista delako, eta gure aldarrikapenekin kaleak hartu genituen.
KONTSUMOA:
Martxoaren 8an, diru-truk inolako kontsumorik ez egiteaz gain, kontsumo-ereduaren inguruko kritika plazaratu genuen, eta horren kontraesanak azaleratu: kontsumitzen dugunaren atzean dauden lan-baldintzak, generoaren araberako bereizkeriak, beste herrien esplotazioa, bertako oihal produktiboaren ahultzea… Horregatik, multinazionalen aurkako ekintzak eta politika kolonialistak salatzeko ekintzak burutu genituen. Horretaz gain, egunean zehar herri eta auzoetako dendekin egin diren lanketak, bazkari autogestionatuak eta kontsumo taldeen garrantzia azpimarratu nahiko genituzke.
IKASLE-GAZTE:
Ikasle eta gazteak langile estatusetik alboratuak gara, eta, aldi berean, lan-baldintza prekarioetara bideratuak gara, bereziki neska* gazteak. Hezkuntzaren pribatizazioaren lehenengo kaltetuak gara. Horregatik, prozesuan zehar ikasle eta gazteontzako aldarrikapen propioak kaleratu ditugu: hezkuntza sistema hezkidetzailea, kalitatezko sexu-heziketa integratzaile eta inklusiboa hezkuntzaren etapa guztietan, anitzak baikara, ikastetxeetan ematen diren jarrera matxista, sexista zein LGTBIQ+ fobikoen aurrean neurriak hartzea, edota hezkuntza eremuan murrizketa gehiagorik ez egitea!
Hezkuntza aparatuak, sistema kapitalista heteropatriarkalaren birprodukziorako mekanismo gisa funtzionatzen du. Kurrikulumean, edukietan, metodologietan… Ez soilik ageria ditugun liburu edo ikasgeletan, baita ezkutuko kurrikulumean ere. Horregatik, greba feministak, martxoaren 8an hezkuntza sistema gelditu du.
Aipamen berezia egin nahi diegu martxoaren 8aren bueltan, feminismoaz hausnartu eta hezi guneetan eragiteko neska* gazteok sortu ditugun hamarnaka espazio eta talde feministei, gure buruak ahalduntzetik haratago, amesten dugu herri zein hezkuntza sistema gaurdanik eraikitzen ari baikara. Gora neska* gazteon borroka!
SOLDATAPEKO LANA
LAN ESPARRUAN ERE GREBAK JARRAIPEN ZABALA IZAN DU
Ostiraleko greba feministaren inguruko balorazio oso baikorra egiten dugu lana eta enpleguaren mundutik.
Greba historikoa izan da berriz ere. Ohiko greba batetik haratago joan gara, enpleguaren esparrua gainditu eta lan guztiak aitortze aldera. Zaintzaren lana ere erdigunean jarri da aurten ere.
Enpleguaren ardatzean, gehiengo sindikalak + CNT eta CGTk deituriko 24 orduko greba orokorraren jarraipena oso zabala izan da. Zaila da datu zehatzak ematea, ez ohiko greba delako eta emakumeak bakarrik deitu ditugulako grebara. Aipatzekoa da ere, Euskal Herrian lehen aldiz lan munduan egin den emakumeon greba orokorra izan dela aurtengo matxoak 8koa.
Sektore feminizatuetan izan duen jarraipena nabarmendu nahi dugu bereziki. Irakaskuntza publikoan zein itunpekoan, ikastoletan, ikastetxeetako jantokietan, erresidentzietan, kontserberetan eta garbikuntza alorrean esaterako emakume gehienek egin dituzte lanuzteak.
Etxez etxeko laguntzan ere jarraipena itzela izan da beraien aldez aurretik piztutako borrokari segida emanez.
Bestelako zerbitzu batzuetan ere jarraipena oso garrantzitsua izan da: telemarketing, merkataritzan, komunikabideetan, udalak, polikiroldegiak…
Aipatzekoa iruditzen zaigu, era berean, emakumeak gutxiengoan dauden sektore batzuetan ere, industrian adibidez, emakumeek lanuzteak egin dituztela: CAF, Eaton…
Aipamen eta aitortza berezia eman sektore feminizatu prekarioenetan lan greba egin duten emakumeei. Badakigu zein zaila den sektore batzuetan greba egitea eta batzuk ere ezin izan dutela beraien greba eskubidea gauzatu. Zerbitzu minimoetan egon diren emakume askok ere ezin izan dute lan grebarik egin.
Eguerdiko mobilizazioak ere oso handiak izan dira. Dozenaka mila emakumek parte hartu du Euskal Herriko hiriburu eta herri gehienetan.
Guzti honek garbi erakusten du emakumeen antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla emakumeen diskriminazio egoerak gainditzeko eta feminismoaren garaia dela ozen esateko. Lan munduan ere.
Sindikatuok eta lan munduko ordezkariok enpleguaren ardatzean egiten genituen aldarrikapenak berresten ditugu. Greba honek aldarrikapen batzuk serio hartzeko balio izaten ari da, erantzunkizun zehatzak dagozkien erakunde batzuk beraien gain ardurak har ditzaten eta ez dezaten beste albo batera begiratu. Eta batez ere, bizitza erdigunean jarriko duen Euskal Herri libre eta feminista baten aldeko borrokan emakume* guztiok batera jarraitzeko.
ZAINTZA:
Zaintza-lanak izan dira aurtengo M8aren ildo nagusia, doakoak nahiz soldatapekoak izanda ere horiek eremu produktiboan kokatu ditugularik. Trans, bollera eta emakumeon grebaren bitartez, zaintza-lanak alboratzeak suposatzen dituen berezitasunez jakitun, horiek gizonengan kokatzea izan da xedea. Are gehiago, ardura pribatua gaindituz, zaintza gune kolektiboak eraikitzeko deia egin zaie gizonei. Milaka emakumek* ez dugu inolako etxeko nahiz zaintza lanik egin eta aurrekari interesgarriak dira lan horien inguruan eta bidean sortu ditugun gatazkak, antolaketak nahiz akordioak. Hala ere, jakitun gara emakume, bollera eta trans batzuk ezin izan dituztela zaintza lan guztiak utzi, dependentzia egoeran dauden pertsonen zaintza haien ardurapean egon delako.
Bizitzaren beharrak pribatizatuz kapitala metatzen duten enpresari eta politikariak salatu ditugu, bereziki emakume* langileon esplotazioa baliatuz etxeko nahiz zaintza lanetan negozioa egiten dutenak. Sektore horietan, M8an greba egiteaz gain, borroka-sektore zehatzagoetan gabiltzan emakume* grebalariok indarrak hartu ditugu. Heteroarauan sartu nahi ez dugunak baztertuaz eraikitzen diren familia eredu nuklearrak arbuiatu ditugu. Arrazakeria eta politika xenofoboak salatu ditugu, eta horien funtzio ekonomikoak azpimarratu. Zaintza-lanetan oso agerikoa egiten da egoera hori, etxeko barneko langileen % 97 migranteak baikara, eta indar batez aldarrikatu dugu figura horren desagerpena.
Bukatzeko, salatu nahiko genuke greba feministan zehar Euskal Herrian 60 emakume* identifikatutik gora egon zirela eta leku askotan poliziak grebalarien aurka izandako jarrera oldarkorra.
Aurrera goaz, geldiezinak garelako. Zorionak EHko Mugimendu Feministari, aliantzak ehunduz elkarlanean aritu garenoi, eta Mugimendu Feministari aitortza eginaz, greba feministaren oinarriak aurrera eraman ditugunoi.
GORA BORROKA FEMINISTA!
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Osasun sailburuak ezin dio karguari eutsi fiskalak oposizioetan delitu zantzuak aurkitu ostean. “Darponek berak dimisioa eman ezean, Urkulluk kargutik kendu beharko du”. EH Bilduk ikerketa batzordea eskatu du berriz Legebiltzarrean.
EAEko fiskalburuak sekretuak ezagutarazteko delitu zantzuak aurkitu ditu Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan eta, hori horrela, Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa eman behar du berehala, Rebeka Uberaren iritziz. “Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa iruzur handia, sekulako maula izan da azterketak egin zituzten milaka pertsonentzat ez ezik, gizarte osoarentzat ere, eta horren arduradun politiko nagusia Osasun sailburua da. Orain arte, Darpon ezkutatu egin da Osakidetzako zuzendari ohiaren dimisioaren eta Giza Baliabideetako zuzendari ohiaren kargu-uztearen atzean, baina hori amaitu zaio. Bada garaia dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko eta dimisioa emateko, eta egiten ez badu, lehendakariak izan beharko du kargutik kenduko duena. Jaurlaritzak mezu argia helarazi behar dio gizarteari, zintzotasun eta garbitasunaren mezua, hain zuzen ere. Argi utzi behar du praktika ustelak ordaintzen direla, eta hori bateraezina da Darponek sailburu karguari eustearekin”.
Rebeka Ubera (EH Bildu) Gasteizko legebiltzarrean
EH Bilduk salatu duenez, irregulartasunen jatorria EAJren Giza Baliabideetako politika ereduan dago. “Eredu opakua da, lagunkerian eta klientelismoan oinarritzen dena, eta urte askoren buruan argitara atera eta azaleratu da. Osakidetzako oposizioetan gizartea iruzur handi baten biktima izan da, eta PNVk azalpenak eman behar ditu orain”. Horri jarraituz, Uberak ezinbestekotzat jo du Legebiltzarrean ikerketa batzordea sortzea, Osakidetzako lan eskaintza publikoan gertatu diren irregulartasunak argitzeko eta ardura politikoak garbitzeko. EH Bilduk gaur bertan erroldatu du eskari hori eta Uberak gainerako taldeen babesa jasotzea espero du. “Aurrekoan PNV, PSE eta PPk atzera bota zuten ikerketa batzordea sortzeko proposamena, baina oraingoan berdin ez jokatzea espero dut, fiskalaren txostena ezagutu ostean inork ez lukeelako ulertuko”.
Halaber, lan eskaintza publikoen eredu berriaren oinarriak ipini behar dituen lantalde parlamentarioa aktibatzearen garrantzia azpimarratu du Uberak, “oposizioetan gardentasuna eta aukera berdintasuna bermatzeko”.
Hau da Gipuzkoako Errausketaren Kontrako Mugimenduak kaleratu duen oharra:
ERRAUSKETAK KLIMA ERE ONDATZEN DU
Nola egongo ote da mundua eta nola Euskal Herria 2051. urtean? Klimaren berotzeak munduan zabalduko duen hondamendi handiarekin, nola biziko dira gure ondorengoak? Nolako airea arnastuko dute? Zer jan eta edango dute, zein gaixotasun sufrituko dituzte 2051. urtean? Nolako zerbitzu sozialak? Nork eta zein baliabiderekin zainduko ditu gaixoak, zaharrak, umeak…
Klima aldaketari erremedioa jartzeaz hitz egiteko Change The Change biltzar hau antolatzeak erakusten du larrialdi egoera batean bizi garela. Aurpegi askoko zibilizazio krisi batean bizi gara XXI. mende hasieran: krisi ekonomikoa, krisi sozial ugari, krisi politikoak, erregaiak eta baliabideak urritzearen krisiak, krisi humanitarioak… eta denak daude lotuta eredu sozial eta ekonomiko oker baten ondorioekin. Krisi guztiok larriagotuko ditu klimaren beroketak, behin eta berriro munduko jakintsuak ohartarazten digutenez.
Donostiara Change The Changera etorri zareten jendeok: jakin ezazue hemen, Euskal Herrian, Gipuzkoan, Donostian, agintariak oso gaizki ari direla egiten gauzak, klimaren aldaketa erremediatzeko adituek aipatzen dituzten neurrien justu alderantzizkoak ari direla hartzen gure agintariak, herritarren egungo egoera eta etorkizunekoa baztertu eta botere ekonomiko handiei ‘business-as-usual’ (beti bezala funtzionatzen) jarraitzen lagunduz.
Errausketaren kontrako mugimenduko hainbat kidek Donostian egindako agerraldia
Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Elkarteko agintariek itsu-itsuan laguntzen dituzte klimarentzako kaltegarriak diren proiektuak, bideragarritasun ekonomikorik eta sozialik edukiko ez dutenak: Abiadura Handiko Trena, erraustegiak, lurraren artifizializazio masiboa, Donostian bertan lurpeko trenbide berri bat…
Errausketaren Aurkako Mugimenduan biltzen garen herritar eta elkarteek behin eta berriro erakutsi dugu Errauste Plantak kaltegarriak direla gizakien osasunerako, Europak lehenetsi duen Ekonomia Zirkularra eragozten dutela, milaka tona CO2 aireratzen dituztela alferrik atmosferara… eta hondakinak aprobetxatzeko alternatiba hobe eta merkeagoak badaudela, Europan bezala hementxe bertan ere ikusten ditugu.
Baina gure agintariek ez dute entzun nahi. Begiratu Donostia hiri polit honi: bere barruan dauka pozoia. Hemendik 5 km-tara milaka tona hondakin erretzen ditu Añorga-Rezolako porlan fabrikak agintariek baimena 2008an emanda. Eta beste 5 km urrunago Zubietako erraustegi berria ari dira eraikitzen. Añorgako Rezola baldin bada EAEn C02 gehien isurtzen duten industrietako bat, Zubietako erraustegia ere klima kaltetzen dutenen zerrendan gehituko da.
Oraindik garaiz gaude Gipuzkoako bigarren erraustegi hau gelditzeko. Donostialdea oso ingurune kutsatua baldin bada, ezin digute hemengo herritarroi pozoi gehiago zabaldu erraustegi berri batekin.
Obra berriarekin gure diru publikoak hipotekatuta geratuko dira 2051 arte, noiz eta klimaren aldaketak mundu osoan ekarriko dituen kalteei aurre egiteko inbertsio eta diru publiko asko beharko diren urteetan.
Ongi etorriak mundu osotik Change The Change biltzarrera zatoztenoi. Ez utzi EAE, Gipuzkoa eta Donostiako agintariek ‘green-washing’ merkea egiten, eskatu benetako konpromisoa herritarren eta Lurra planetaren etorkizunarekin, exijitu klimaren aldaketa okerragotzen duten proiektuak baztertzea.
Rossano Ercolini Zero Waste mugimenduko lider eta Goldman Saridunak esan duen bezala, agintariok: EZ ERRE GURE ETORKIZUNA.
PNV-PSEren koalizioak gidatutako Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu duen Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, “Open minded governance for your future” (euskaraz “gogo irekiko gobernantza zure etorkizunarentzat”) izeneko jardunaldia egiten ari dira Donostiako Tabakaleran. Ekitaldia hasi baino lehen hainbat langilek protesta egin dute eraikinaren barruan.
Hainbat langilek Tabakalerako sarrera nagusiko eskaileretan protesta egin dute (argazkia: Bitartekariak Martxan).
Hainbat langilek Tabakaleraren sarrera nagusiko eskaileretan eserialdia egin dute astelehen honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan antolatu duen jardunaldia hasi aurretik.
Horietako askok euren suhiltzaile uniformea zeukaten jantzita eta Iñaki Igerategi euskal preso ohiari bere lanpostura itzultzeko eskubidea urratu diotela salatu dute.
Bertan ziren Tabakalerako Ubik sorkuntza-liburutegiko bitartekariak ere. Bi hilabete daramatzate greban euren lan-baldintzetan zenbait hobekuntza eskatuz eta lan-gatazka hori ez konpontzearen erruz, zentro kulturaleko liburutegia itxita dago greba hasi zenetik.
Langileekin batera, hainbat ordezkari sindikal ere egon dira protesta ekintzan, ELA, LAB eta CCOO sindikatuen banderekin.
Ubikeko bitartekariek sare sozialetan salatu dutenez, jardunaldirako izena emana zuten arren ez diete sartzen utzi eta Ertzaintza bidali dute protesta egiten ari ziren lekura.
EH Bildutik gure elkartasun eta babes osoa eskaini nahi diegu lan baldintza duinen alde borrokatzen ari diren Tabakalerako Ubik sorkuntza-liburutegiko bitartekariei (bi hilabete daramatzate greban) eta Iñaki Igerategi lankidearen lanerako eskubidea defendatzen ari diren suhiltzaileei. Animo eta eutsi gogor!
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko PNV eta PSEko politikarien jarrera arduragabe, oztopatzaile eta zapaltzailea salatzen dugu. Aldundiaren ardurapeko zerbitzu publikoetan ematen ari diren lan gatazken aurrean beste alde batera begiratzen ari dira, ostrukarena egiten, Aldundiak zer ikusirik izango ez balu bezala. Lotsagarria da Aldundiko arduradun politikoek zerbitzu publikoetako langileen lan-baldintzen aferan erakusten ari diren axolagabekeria. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariei, lan gatazka hauek konponbidean jartzeko helburuarekin, langileekin biltzeko, soluzioak proposatzeko eta bere ardurei heltzeko eskaera egiten diegu.
Euskal Herria Bilduren giza eskubideen idazkaritzak 100 neurriko katalogo bat osatu eta publikoki proposatu du gaur.
Honen bidez azaldu nahi dugu, gure ustez, Euskal Administrazio publikoak nola kudeatu beharko lukeen etorkizuneko espetxe politika, behin eskumena eskualdatzen dela, zigorraren exekuzioaren kudeaketari biraketa bat emanez.
Dokumentuaren aurkezpenean, Julen Arzuaga eta Larraitz Ugartek jakinarazi dutenez, dokumentua ez dago itxia eta ekarpenak egiteko espazioak eta epeak zabalduko dira datozen asteetan.
DOKUMENTUA OSORIK: http://ehbildu.eus/images/Beste_espetxe_politika_baterantz_EUS.pdf
EH Bildutik egungo jangela eredua agortua dagoela azpimarratu da eta Hezkuntza sailak aldebakartasunez aurkeztutakoa arduragabekeria dela gaineratu dute.
Asko hitz egiten ari da azken hilabeteetan eskola jantokien inguruan. Izan catering enpresek egindako ustelkeria kasuagatik, izan ikastetxeetan sukaldeak eraikitzeko ireki den zirrikituagatik, izan EAEko Hezkuntza Sailak kaleratutako normatiba aldaketarako azken albisteengatik, izan herri edota eskualde ezberdinetan sortu diren dinamika sozialengatik, eta abar luze bat.
“Elikadura burujabetza eta tokiko garapena oinarri, jantokiak gune ekologiko, osasuntsu eta hezitzaile bilakatzeko lanean ari gara instituzio ezberdinetan eta dinamika sozialetan” azaldu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko Legebiltzarkideak, gaur goizean Bilbon egindako prentsa agerraldian. “Gure helburua egungo jantoki eredua eraldatzea da, agortutako eredua berritu eta jantokitik jangelara salto egitea” esan du. Adierazi duenaren arabera, hezkuntza komunitate bakoitzak bere hezkuntza ereduaren gainean duen erabakitzeko eskubidea eta autonomia dira EH Bilduk egiten duen proposamenaren oinarri nagusiak.
EH Bilduko ordezkariak, "Gure platera, gure aukera" eskola jangela osasuntsu, bertako eta justuaren aldeko plantaformako kideekin
“Gaur publiko egiten dugun proposamena eskola-jantokien inguruan EH Bilduk egiten duen ekarpena da. Alegia, eskola-jantoki eredu berri, burujabe, osasuntsu, ekologiko eta hezitzailea eraikitzeko EH BILDUren proposamena da gaur aurkezten duguna, jantokiak jangela bihurtzeko proposamena, alegia” gaineratu du Lopez de Arroyabek.
Legebiltzarkidea Mikel Kormenzana Bizkaiko Batzarkidearekin izan da. Azken honek gaineratu du: “erabat mugatua eta hertsia den jantoki eredua Bizkaiko hainbat tokietan eraldatzen ari gara. Jaurlaritzaren trabak gainditu eta bestelako jangela eredu bat bultzatu dugu tokian tokiko hezkuntza komunitateekin gure herrialdean.” Horren adibide dira, besteak beste, eredu-pilotoa duten Laukiz, Markina, Urduña eta Gernikako ikastetxeak edota maila sozialean antolatuak dauden Meatzaldeako, Durangaldeako edota Busturialdeko herri plataformak. “EH Bilduk, datozen hauteskundeetako herri programetan gaur aurkezten dugun jangela erdu berri baterako proposamena eramango dugu. Gure konpromisoa hezkuntza komunitatearen aldarrikapenari bide ematea izango da, orain arte egin dugun bezala” gaineratu du EH Bilduko ordezkariak.