Albisteak
Euskadiko Futbol Federazioko ordezkariek Durangoko San Agustin aretoan egindako batzar orokorrean, FIFAri eta UEFAri eskubide osoko kide moduan onartua izatea eskatzea erabaki dute. Bilkura horretan eman diren 44 bozetatik 43 aldekoak izan dira.
Epaileak atzo jo zuen hasierako txistua, Euskadiko Futbol Federazioak Durangon (Bizkaia) eginiko bileran, eta orain lehia luze bat jokatu beharra dauka. Lehen pausoa baino ez da, baina nazioarteko federazioetan integrazioa eskatzeko lehenbizi batzarraren babesa behar zuen ekinaldiak, eta arazorik gabe lortu zuen bermea. 44 kide agertu ziren urteroko bilera orokorrera, eta 43k bozkatu zuten UEFAri eta FIFAri integrazioa eskatzearen alde.
Euskal Futbol Federazioak abenduaren 12an Durangon egindako batzar orokorraren irudia
Pauso historiko bat da, mugarri bat euskal kirolean. Hurrengo jokaldia Espainiako federazioan jokatuko da, haren bermea behar baitu eskaera egiteko. Ezezkoa aurreikusten da, eta auzibidea hastea kirol epaitegietan.
Federazioaren bilerara futbol munduko izen handi asko bertaratu ziren: Jose Angel Iribar, Jose Mari Amorrortu, David Zurutuza, Asier Illarramendi, Ainhoa Tirapu, Manu Garcia, Asier Riesgo etab.
Luis Mari Elustondo Euskadiko federazioko presidenteak hitza hartu, eta boto sekretua izango zela jakinarazi zuen. Ezohiko prozedura da, baina bere esku zegoen. 44 boto izan ziren guztira. Asko dira, presidentearen ustez. «Nik karguan daramatzadan urteetan inoiz ez dira hainbeste parte hartzaile agertu, baina, era berean, egia da inoiz ez dela ezer bozkatu. Horri gehitu behar zaio boto nominala duen jendeak ezin duela beste inoren esku utzi, eta asko ezin dira hona etorri asteazken arratsalde batean». 87 ziren boto eskubidea zuten kirol elkarteak, eta 38 jokalari, epaile eta entrenatzaileen estamentuetako ordezkariak. Deigarria da 38 horietatik bakarra dela emakumea.
Elustondo pozik irten zen bileratik, «Baiezkoak irabaztea espero nuen, baina ez hain modu garbian. Federazioko kideek argi utzi dute eskaera egin nahi diotela UEFAri eta FIFAri». Bide luzearena izan zen Elustondok nabarmendu zuen beste ideia. Partida hasi da, baina luzea izango da, eta Gabonak pasatuta jarriko dira harremanetan Espainiako federazioarekin.
Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako kidea ere bileran egon zen. Ofizialtasunaren aldeko elkarteak lanketa egin du kluben artean informazioa emateko, eta aurrerapausotzat jo zuen emaitza. «Bozketa hau 40 urte berandu iritsi da. Duela hamabost urte egin izan balute, jokalariek ofizialtasunaren gaia mahai gainean jarri zutenean, nazioarteko testuingurua ezberdina litzateke. Baina guk ez dugu iraganera begiratu nahi, eta aurrerapauso bat da, eman beharreko pauso bat».
EH Bildutik oso positiboki baloratzen dugu Euskadiko Futbol Federazioak eman duen aurrera urratsa eta euskal kluben bozketan egondako ofizialtasunaren aldeko hautu orokorra txalotu nahi dugu. Euskal kirol selekzioek (ez bakarrik futbolekoek) Europan eta mundu osoan modu ofizialean, beste nazioek bezalaxe lehiatzearen aldeko aldarrikapena aspaldikoa da eta konbentzituta gaude euskal gizartearen gehiengoaren nahia, horixe dela. Beraz, ongi etorria ematen diogu erabaki honi eta hurrengo hilabeteetan ofizialtasuna lortzeko pausu gehiago egotea espero dugu.
Bereziki azpimarratu nahi dugu hainbat futbol jokalarik (hauetako asko oso ezagunak) eta bereziki EAEko futbol klubek erakutsi duten determinazioa eta gogoa. Denok batera lortuko dugu!
OFIZIALTASUNA ORAIN!
Jaurlaritzaren egitasmoak ez du sektorearen babesa, gogorarazi du EH Bilduk, eta erretiratzea eskatu du, baina Lakuako gobernukideek PPrekin bat egin dute. Ezinbestekoa da prozesua berriro abiatzea sektorean adostasunak bilatzeko, Hezkuntza Lege berria onartzera heltzeraino.
EH Bilduk Hezkuntzaren aldeko Akordioa erretiratzeko eskatu dio gaur Jaurlaritzari, akordio horren oinarriak aurkezteko Hezkuntza sailburuak Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Rebeka Uberak propagandatzat jo du Urkullu Gobernuaren proposamena eta gogora ekarri du sektoreko sindikatuak eta sare publikoko familiak (EHIGE) ere horren aurka agertu direla. Hala eta guztiz ere, PNV-PSE gobernukideek aurrera jotzea erabaki dute eta PPren babesa bilatu dute horretarako, “herri ikuspegi batetik oso larria eta kezkagarria dena”, Uberaren irudiko, “hezkuntza gai estrategikoa delako edozein herriren garapen eta etorkizunerako”.
Rebeka Ubera eta EH Bilduko beste ordezkariak Hezkuntza arloko bilkura batean Gasteizen
Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak “itsu-itsuan aurrera egitea” egotzi dio Jaurlaritzari, “sektorean orokorra den oposizioaren gainetik, eta noren eta PPren eskutik, LOMCE inposatu zuen eta hezkuntza arloan ditugun eskumenak ere murriztu nahi dituen alderdiaren eskutik, alegia”. Erantsi duenez, “zer nolako hezkuntza sistema eraiki nahi du PNVk bere aliatua ikuspegi zentralizatzaile eta espainola inposatu nahi duen alderdi bat baldin bada?”.
Ubera Hezkuntzaren aldeko akordioa erretiratzearen alde agertu da, “prozesua berriro abian jartzeko, hasieratik, hezkuntza komunitateko eragile guztiekin batera Euskal Eskola Publikoaren legea bete den aztertzeko, hutsuneak identifikatzeko eta arloz arloko eztabaida eta negoziazio bati ekiteko, bai eta talde politikoekin ere, denona izango den hezkuntza sistema eraikitzeko”.
EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, prozesu horrek balio behar du euskal hezkuntza sistemari bestelako oinarriak, sendoak, jartzeko, indarrean dugun sistemak porrot egin duelako. “Ikasle guztien eskola arrakasta, aukera berdintasuna eta kohesio soziala lortu behar dugu eta, norabide horretan, prozesuak jo behar du eskuduntza esklusiboak garatuko dituen Euskal Hezkuntza Lege berria onartu eta egikaritzera”.
Izan ere, egungo sistemaren porrota bistakoa da hainbat arlotan: ikasleen segregazioa, ikastetxeen azpiegituretan dauden gabeziak, irakasle eta bestelako langileen egonkortasun laboral falta, jantokien kudeaketa eta kalitate eskasa, euskararen irakaskuntzak emandako datu txarrak, D ereduan barne, etab.
Beatriz Unzueren hautagaitzak Amasa-Villabonako EH Bilduren Hauteskunde Batzordearen aho bateko babesa jaso du.
Amasa Villabonako EH Bilduk amaitutzat eman du alkategaia hautatzeko prozesu parte hartzailea eta pasa den azaroaren 23an Berdura plazan egindako ekitaldi jendetsuan aurkeztu genuen gure alkategaia amasa-billabonatarren aurrean:
BEATRIZ UNZUE ESNAOLA
Jaiotza data: 1974-01-09 (44 urte)
Ikasketak: FP II: Informatica de gestión
Lanbidea: Idazkaria (Indarbi Electricidad SL enpresan)
Ezkondua da eta bi alaba ditu.
Emakume langilea eta adeitsua da, mundu guztiarekin ondo eramaten den horietakoa. Herriko hainbat elkartek antolatutako ekimenetan parte hartzen du eta laguntzen ere aritzen da: Aizkardi elkartearen mendi ibilaldietan, emakumezkoen pala txapelketak eta bolo tiraldiak, gabonetako haurren kabalgatan, Amasako jaietan, ikastolako gurasoekin ekintzak antolatzen... Kirolaria ere bada eta Behar Zana elkartearekin lehiatzen du palan eta bolo tiraldietan.
Amasa Villabonako EH Bilduko herrigintza taldeko kidea da 2015etik. Bere konpromisoa erakutsi du hasieratik eta EH Bildun bere ekarpena egin du azken urte hauetan. Emakume gazte eta indartsua da, konpromiso politikoa erakutsi duena, abertzalea, euskaltzalea eta herrigintzan lan handia egin duena.
Ondorioz, Amasa Villabonako EH Bilduko kideek, aho batez bere aldeko hautua egin dute Amasa-Villabonako alkategaia izan dadin. Modu honetan, pasa den ekainean abiatutako udal-hauteskundeetarako alkategaia hautatzeko prozesu parte hartzailea amaitutzat eman du Amasa Villabonako EH Bilduk.
Guztira 55 herritar ezberdin izan ziren alkategai izateko proposatuak eta EH Bilduren hauteskunde lan-taldeko kideak guztiekin banan-banan hitz egin ondoren, azkenik aukeraketa prozesua amaitu da.
Beatriz Unzuek lehen momentutik adierazi zuen aurrera urrats bat eman, eta EH Bilduren alkategaia izateko konpromisoa hartzeko borondatea.
Amasa Villabonako EH Bildutik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu prozesu honetan modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei eta bereziki eskertu nahi diegu beren proposamena egin duten ehunka herritarrei.
Amasa-Villabonan, 2018ko abenduaren 11n
EH BILDU AMASA VILLABONA
Polizien bahiketa, tortura eta hilketen senideen biktimekin batera egindako agerraldi batean, EH Bilduk salatu du giza eskubideen urraketa larriekin lotutako gutxienez ehun polizia inguruk jaso zituzten kondekorazioei eusten dietela gaur-gaurkoz. Informazio bilketa eta ikerketa mardul bat egin ondoren, koalizio subiranistak frogatutzat jo du tortura “praktika ohikoa” bilakatu dela denbora luzez, jardun arrunta, eta Espainiako Estatuak inpunitate osoz erantzun diola inplikatutako agente oro babestuz, “bai frankismo garaian eta baita ondorengo urteetan ere”.
Kondekorazioa, indultua eta goi karguetara mugitzea. Frogatutako torturekin zerikusia izan arren saria jaso duten ehun polizia horien kasuen aurrean, modu berean erantzun du beti Espainiako Estatuak: lanetik eta zeuzkan erantzukizunetatik baztertu ordez, zigorgabetasun osoa eskaintzea eta kargu hobeagoetara aldatzea izan da kolore politiko ezberdinetako gobernuen jardun nagusia azken urteotan. Horren isla dira EH Bilduren Kongresuko eledun Marian Beitialarrangoitiak aletu dituen torturatzaileen kasuak. “Hurbilpen hutsa baino ez dugu egin, inpunitateaz babestuta giza eskubideen urraketa ardatz izan duen jardun polizialaren errealitatearen zertzelada batzuk emateko asmoz”.
EH Bilduko ordezkariak tortura eta hilketen senideen biktimekin elkartu ziren azterketa honi buruz hitz egiteko
Luze da zerrenda Lasa eta Zabala, Gurutze Iantzi, Joxe Arregi, Jose Mari Larretxea, Eduardo Moreno Bergaretxe ‘Pertur’ edota Mikel Zabalzaren kasuen erantzuleei erreparatuta: Billy el Niño, Jesus Muñecas, Felix Criado, Meliton Manzanas, Manuel Ballesteros, Jose Ramón Pindado, Francisco Alvarez Sanchez, Juan Antonio Gil Rubiales, Manuel Davo Soler, Jose Perez Navarrete, Angel Alba Coca, Julian Marín Ríos… Badira, halaber, behin baino gehiagotan indultatuak izan diren poliziak; Jose Dominguez Tuda da horren adibide. “1984an kondekoratu zuten Intxaurrondon, Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hiltzeagatik kondenatutako guztiekin batera, Tolosako bi gazteak bahitu eta hilabete gutxira”, gogoratu du Beitialarrangoitiak.
Sebastian Sotos Garcia, berriz, bost aldiz saritu du Estatuak, Jose Mari Larretxea Goñiren bahiketa saiakeran parte hartzea leporatuta. Gobernuburu guztiek saritu zuten gerora: Gonzalezek, Aznarrek, Zapaterok eta Rajoyk. GALekin lotutakoez gain, Jose Martinez Salas guardia zibila ere aurki dezakegu zerrenda horretan, Tuteran, Lemoizko zentralaren aurkako protesta batean, Gladys del Estal tiroz hil zuen polizia.
‘Billy el Niño’-rena ez da kasu bakarra
Beitialarrangoitiari, oro har, “albiste ona” iruditzen zaio ‘Billy el Niño’ bezalako poliziek izan duten inpunitate sarea zulatzen hasteko Espainiako Gobernuak erakutsi duen borondatea, baina uste du ez dela aski. “Bada honekin amaitzeko garaia, ez da nahikoa ‘Billy el Niño’-ri kondekorazioa kentzea, guztiei kendu behar zaie, baldin eta Espainiako Gobernuak ez badu uste ‘ibilbide eredugarria izatea’ edo ‘aberriaren alde jardutea’ denik norbait torturatzea, bahitzea eta hiltzea jardun polizialean”. Hori dela eta, EH Bilduk Sanchezen gobernuari exijitu dio ken diezaiela kondekorazioa guztiei, Grande-Marlaska ministroak esan zuen moduan “ibilbide eredugarria” izan ez duten horiei. “Ehun kasu inguru behintzat badira, ziurrenik gehiago ere bai, beraz badu nondik hasi”, ohartarazi dio.
Are okerragoa da, horietako bati, Kepa Urraren torturatzaileari, Manuel Sanchez Corbi koronel ohiari, Espainiako Gobernuak berriki eman dion kondekorazioa. Sanchezen gobernuari zuzendu zaio Beitialarrangoitia diputatua, kezkatuta: “Ez dugu oso argi zein den Gobernuaren benetako asmoa, eta galdetzea derrigorrezkoa zaigu. Tortura ukatzeari, zigortutako torturatzaile apurrak indultatzeari eta goi karguetara iristeko bide emateari utziko al dio behingoz torturaren errealitatea aitortzen hasteko? Biktima guztiek merezi dute, egia, justizia, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak; gizarte osoak behar dugu etorkizuneko elkarbizitzak oinarri sendoak izan ditzan”.
Agerraldian parte hartu dute:
Axun Lasa (Joxean Lasaren arreba).
Maribi Arregi (Joxe Arregiren arreba).
Idoia Zabalza (Mikel Zabalzaren arreba).
Jon Etxabe (Torturatua).
Elixabete Nosellas (Jesus Muñecas-ek torturatua).
Mikel Arrizabalaga eta Josu Arrizabalaga (Jesus Muñecas-ek torturatuak).
Urriaren 22an inauguratu zuten Eibarko ospitale berria, Debabarrena eskualdeko Osakidetzaren bigarren ospitalea; TOPAko kideak oso haserre azaldu ziren, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailetik Gipuzkoako eskualdeei ematen zaien trataera ezberdinagatik.
Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundea Eibarreraino bertaratu zen bere betiko aldarriak plazaratzera. Joan den urriaren 22an ospitale berria inauguratu zuten bertan, eta 75.000 herritarri zerbitzu emango die eraikin berriak. Hain justu hori gaitzetsi zuen TOPAk: Mendaron ospitale bat izanda bigarren bat eraikitzea, eta eskualde horrek dituen beharren gainetik gainera.
TOPAren elkarretaratzea Eibarko ospitale publiko berriaren aurrean
Izan ere, 2019 hasieran zortzi urte beteko ditu TOPAren ibilbideak eta Tolosalderako kudeaketa publikoa duen ospitale publikoa lortzea izan da, urteotan guztiotan, koordinakundearen aldarrikapen eta helburu nagusia.
Bide horretan, Javi Arana TOPAko ordezkariak nabarmendu du beren aldarriak ez direla «kontu ideologiko bat», eta datutan oinarritzen dutela beren diskurtsoa: «Beti esan izan dugu, enpresa pribatuak eskuratzen dituen etekinak direla, guk kalitatean galtzen ditugunak. Horregatik, ospitale publiko bat eskatzen dugu. Zergatik? Ekitateagatik. Guk ez dugu pribilegiorik nahi, gainerako eskualdeek dutena eskatzen dugu, ez besterik».
Koordinakundeko kideek haserre azaldu zuten beren burua Eibarren, eta Jon Darpon Osasun Sailburuaren esanak baliatu zituzten beren egonezina arrazoitzeko: «Bere lehen agintaldiaren hasieran zehaztu zuen, Eibarren aurretik hitzartutako ospitale berria egitea ez zela lehentasun bat izango. Tira, ez zen lehentasun bat, baina egin dute».
TOPAk azaldu zuenez, Asuncionen aferaren bueltako informazioa bildu nahian dabiltza orain, soka horren guztiaren arrazoiak plazaratzeko; bitartean, herritarren «onarpena eta pasibotasuna» aldatzea espero dute.
Amasa-Villabonako Udal Gobernuak aurkeztutako 2019. urterako aurrekontu proiektua aztertu ondoren, EH Bilduko udal-taldetik gure ustez aurrekontu hauek hobetzeko baliagarriak izango diren zuzenketa zerrenda bat osatzea erabaki dugu.
Zuzenketa edo hobekuntza hauek aurkeztearen helburu nagusia, Amasa Villabonako herritarren ongizatea bilatuko duten, herriaren beharretara egokituko diren eta udal kudeaketa egokia ahalbidetuko duten aurrekontuak onartzea da. Horretarako, gure herriak dituen beharrak eta lehentasunak kontuan izan behar dira ezinbestean.
Interesa baduzue, hemen irakurri dezakezue EH Bildutik udalean aurkeztu dugun zuzenketen DOKUMENTU OSOA: https://issuu.com/villabonaehbildu/docs/aurrekontuak_2019_eh_bilduren_zuzen
Udal Gobernuak aurkeztutako 2019ko aurrekontuen balorazioa:
• Beste behin, herritarren parte hartzerik gabeko aurrekontuak:
Azken urteetako jokabideari eutsiz, Udal gobernuak aurrekontu proiektua osatzeko garaian, herritarren parte hartzea erabat alboratu du. Herritarrek kontuan hartzeko modukoak izaten diren proposamen interesgarriak egiten dituzte baina berriz ere udal gobernu honek ez du horretarako inolako biderik eman.
• Larreako parke estaliaren proiektua berriz ere baztertua:
Villabonako herri-gunean estalitako espazio publiko zabal baten beharra herritarren aspaldiko eskaera da, eskaera historikoa dela ere esan daiteke. Gainera Larreako parkea estaltzeko proiektu hau herritarrek zuzenean erabaki ahal izan zuten 2014an egindako parte hartze prozesu zabal baten amaieran. Horregatik, EH Bilduren iritziz honakoak lehentasunezko inbertsioa izan behar luke udalarentzat. PNVk ordea legealdi hasieratik baztertu du proiektu hau, eta ez du erabaki horren arrazoi garbirik adierazi.
• Ekonomikoki garrantzitsuenak diren inbertsioak zehaztu gabe:
2019ko aurrekontu proposamen honetan jasotzen diren bi inbertsio nagusiak, Txermingo aparkalekua eta Espaloiak eta asfaltatze lanak ezin izan ditugu behar bezala aztertu; Txermingo kasuan aparkalekua konpondu edo eraberritzeko inolako obra proiektu konkreturik ez dagoelako, eta konponketa edo asfaltatze lanei dagokienez, zehazki zer egin nahi den zehaztu gabe dagoelako.
• Gobernuaren aurrekontuak gora egin du eta beharrezkoak ez diren gastuak daude:
"Gobernua" izeneko sailaren aurrekontuak %8,60ko igoera izan du. Gure ustez bertan jasotzen diren hainbat gastu ez dira ezinbestekoak eta alferrikakoak dira. Hau litzateke Aholkularitza orokorra, Demokrazian 40 urte, Dietak goi karguak edo protokolo gastuak partiden kasua.
• Etxebizitza politiketan 0 euro:
Nabarmena da gaur egun etxebizitza duin bat izateko zailtasun eta oztopo handiak daudela Amasa Villabonan ere, eta gazteen emanzipazioa (lehen etxebizitza izatea) ia ezinezkoa bilakatu da. Alokairuen prezioen gorakada izugarriak, etxebizitza bat alokatzea luxu batean bilakatu du eta egoera horren aurrean erakunde publikoek ezin dute ezer egin gabe geratu. Arazo hau da gizarte arloan dugun erronka garrantzitsuenetakoa baina udal gobernu honek ezer ez egitea proposatzen du eta ez du euro bakar bat ere bideratuko etxebizitza politika aktiboak garatzeko.
• Nazio eraikuntza baztertzen duten aurrekontuak:
Aurrekontu hauetan, aurreko legealdian ez bezala, Amasa Villabonako udalak ez die inolako diru laguntzarik eskainiko Euskal Herriaren nazio eraikuntzan ekarpen garrantzitsua egiten duten hainbat eragileri.
• Kultura eta Gizarte Zerbitzuetako aurrekontuak nahikoa egokiak dira:
2019ko aurrekontu proiektua aztertuta, alor positiboak ere ikusi ditugu eta horiek aitortzea gizalegezkoa da. Aurrekontu proiektu honetan kultura eta gizarte zerbitzuen sailetan esfortzu ekonomiko nabarmen bat egin dela antzematen da.
Amasa Villabonako EH Bilduk aurkeztu dituen zuzenketen laburpena:
1. Larreako parkea estaltzeko proiektua: 196.000€
Legealdi osoan zehar behin eta berriz errepikatu dugun bezala, gure ustez proiektu hau gauzatzea hirigintzako inbertsioen ataleko lehentasuna izan beharko litzateke.
Larreako haur parkea estaltzeko herritarren boto gehien jaso zuen proiektua, "Rayuela" izenekoa
2. Parekidetasuna: Berdintasun Batzordea: + 4.500 euro.
EH Bildutik "Berdintasunaren aldeko batzordea" sortzea proposatzen dugu. Bilgune honetan udaleko alderdi politikoak, mugimendu feministako ordezkariak eta udal teknikari batek parte hartuko lukete gutxienez. Mahai honen eginkizun nagusia, udalak parekidetasuna sustatzeko ezarritako aurrekontua kudeatzea izango da. Bertan erabakiko litzateke berdintasunaren alde udalak zer egingo duen 2019an. Berdintasunaren alde urrats sendoak eman nahi baldin baditugu, ezinbestekoa izango da udalaren eta herri mugimendu feministaren arteko elkarlana eta horretarako proposatzen dugu hau.
2018ko martxoaren 8ko mobilizazio jendetsua Villabonako kaleetan
3. Merkataritza batzordearen sorrera: 3.000 euro
Merkataritza da gure herriko sektore ekonomikorik garrantzitsuena eta gizarte ikuspegi batetik ere funtsezkoa da herria "bizirik" mantentzeko. Gure herriko merkataritza sustatzeko ere, udalaren eta merkatarien arteko elkarlana ezinbestekoa da eta horretarako udalean Merkataritza batzordea sortzea proposatzen dugu. Batzorde honek asko lagunduko luke merkatariak-udala elkarlan horretan, koordinazio gune aproposa izango da eta hori oso garrantzitsua da herriko merkataritza modu bateratuan sustatu eta indartzeko garaian.
4. Seaska Haur Eskola: Matrikulazioetarako diru laguntzak: 9.000 euro
Amasa Villabonako haur eskola publikoan haurrak matrikulatzen dituzten gurasoentzat diru laguntza sistema bat ezartzea proposatzen dugu. Arrazoi ekonomikoak medio, Amasa Villabonako zenbait gurasok haurrak Zizurkilera eraman dituztela antzeman da eta Seaska haur eskolako matrikulazio kopuruak behera egin du. Egoera honen aurrean udalak beste alde batera begiratu beharrean, erreakzionatzea eta matrikulazioen kostu ekonomikoa murrizteko diru laguntza sistema bat ezartzea eskatzen dugu (dagoeneko Zizurkil eta Adunan martxan dagoen sistema berbera).
Seaska haur eskolaren eraikina, Villabonako kale Berian.
5. Etxebizitza hutsak: Diagnostikoa eta ekintza plana: 12.000 euro
Lehenik eta behin Amasa Villabonan dauden etxebizitza hutsak identifikatu eta gaur egun duten egoera ezagutzeko azterketa bat egitea da proposatzen duguna. Ondoren, hutsik dauden etxebizitza horietatik ahalik eta gehien merkatura ateratzeko (bai salmenta eta baita alokairuen merkatura) politika aktiboak egin ahal izateko. Horretarako Ekintza Plan bat osatzea planteatzen dugu eta honen helburu nagusia Amasa Villabonan etxebizitza eskubidea bermatzea izango da, hau da, etxebizitza eskaintza duina eta guztientzat ekonomikoki posiblea edukitzea gure herrian.
6. Diru laguntzak: Nazio eraikuntza: 4.500 euro
Gure nazioaren etorkizunerako funtsezkoak diren hiru eragileri 1.500 euroko diru laguntza bana eskaintzea da proposatzen duguna. Eragile hauek Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia), Udalbiltza partzuergoa eta Euskal Memoria Fundazioa izango lirateke.
Zuzenketa hauekin 2019ko udal aurrekontuan 229.000 euroko aldaketak egingo lirateke, kopuru honek Amasa Villabonako udalaren aurrekontua osoaren %3,5a suposatzen du.
Azkenik, Amasa Villabonako EH Bildutik zuzenketa hauen inguruan hitz egin, eztabaidatu eta adostasunak lortzeko gure prestutasuna adierazi nahi dugu. Udal gobernuaren edo PSEren aldetik horretarako borondaterik balego, ziur gaude adostasun zabalak lor daitezkeela. Beraz, oraingoz EH Bilduko udal taldeak, aurrekontuak landuko diren osoko bilkuran bere bozkek izango duten norabidea (alde, aurka edo abstentzioa) ez dauka erabakita. Gure bozka, zuzenketa hauek izaten duten harreraren eta beste talde politikoek hitz egin zein negoziatzeko erakusten duten borondatearen araberakoa izango da.
2019rako aurrekontuak datorren astelehenean, urriaren 29an, 19:00etan izango den udaleko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira. Osoko Bilkurak publikoak dira eta herritarrei zabalik egoten dira, beraz interesa duen edonor bertaratu daiteke.
Gaur eman da argitara 2016ko Sanferminetako bortxaketaren inguruko epaia. Epaileek, gehiengoz, delituaren kalifikazioa berretsi eta abusutzat jotzen dute gertatutakoa, eraso sexuala gertatu zenik ukatuz. Alegia, indarkeriarik eta intimidaziorik ez zela izan berretsi dute. Berriro ere, irizpide eta interpretazio juridikoen marra fin eta estuek ebatzi dute gertatutakoa ez dela indarkeria, ez dela erasoa.
EH Bilduk irmoki salatzen du epai hau emakume guztion aurkako erasoa dela. Sistema judizialaren muinean sistema patriarkala dagoela agerian geratu da, berriro ere. Gizon eta emakumeen arteko botere harreman desrorekatuak ordena sozial jakin bat sustengatzen du, eta sistema judiziala horren zutabeetako bat da, zalantzarik gabe. Emakumeon kontrako indarkeria gutxietsi eta emakumeon bizkar jartzen du erantzukizuna, geure hitza eta askatasuna ukatuz.
La manada auziaren lehen epaia salatzeko, Lurgatz Talde Feministak deitutako kontzentrazioa Villabonan
Hau guztia gutxi balitz, gaur hainbat komunikabidek zabaldu dute webgune bat jarri dela abian, 2016ko gertaera lazgarriak gogora ekartzeko tour turistikoa eskaintzen duena. Erabat onargaitza da eta irmoki salatzen dugu emakumeon indarkeria eta sufrimendua banalizatzea eta baliatzea edonolako etekinik ateratzeko. Erasotutako neskari nahiz emakume guztioi egindako irain eta erasoa da. Horregatik, webgunea lehenbailehen ixteko eta sustatu dutenekiko behar diren neurriak hartzeko exijitzen dugu.
Agerikoa denez, bide luzea dugu egiteko. Gizon eta emakumeon arteko berdintasunaren alde eta emakumeon aurkako indarkeriaren aurka lanean tinko jarraitu behar dugu. Ildo honetan, mugimendu feministak eta euskal jendarteak orain arte emandako erantzun eredugarria txalotu nahi dugu, eta aurrerantzean ere injustiziaren aurka eta geure eskubideen alde borrokan jarraitzeko dei egiten dugu.
Oihana Etxebarrietak azpimarratu du “enpresek, gizarteko eragile garrantzitsuenetariko moduan, izugarrizko ardura dutela ezberdintasuna sustatu edo aldatzeko garaian”. Horregatik, salatu du Gobernuak emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak oztopatzea.
EH Bilduk proposamen zehatza aurkeztu du gaur Legebiltzarrean parekidetasunaren bidean aurrera egiteko: Enpresetan berdintasun ziurtagiri bat sortzea eskatu du. Berdintasunaren aldeko ekimen positibo bat izan arren, Legez Besteko Proposamena ez da aurrera atera, PNVk eta PSEk, PPrekin batera, atea itxi diotelako. Hortaz, Jaurlaritzak ez du martxan jarriko enpresek berdintasunaren alde egiten dituzten praktika onak saritzeko ziurtagiria.
Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkidea, Berdintasun ziurtagiria sortzeko proposamena aurkezten
“Enpresek, gizarteko eragile garrantzitsuenetariko moduan, izugarrizko ardura dute ezberdintasuna sustatu edo hau aldatzeko garaian. Eta hona ekarri dugun hau, proposamen konstruktiboa da, posibilista, eta beharrezkoa. Beharrezkoa, ez duelako balio betikoarekin jarraitzeak, ideia berriak behar ditugu, 2018ko titularrak 2019an errepikatu ez daitezen”, azaldu du Oihana Etxebarrietak Osoko bilkuran. Bere hitzetan, “ziurtagiri bat sortzea eskatzen genuen, zeinak eragile eta adituen laguntzarekin, enpresek bete beharrezko gutxienekoak izendatuko zituen. Hontara atxikitzen zirenak kontratazio publikoetan saritzea ere proposatzen genuen. Eta horri ere ezetz esan diozue”, leporatu die gobernukideei.
Horregatik, EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du “pena handiarekin” hartu duela PNV eta PSEren ezetza: “Berdintasunaz ari gara, lan parekidetasunaz, emakumeok pairatzen dugun bazterkeriaz, kontziliazioaz, arrakalaz eta hainbat gauza gehiagoz. Beraz, edo denak berdin jarraitzea nahi dugu, emakumeok prekarietatean geratu daitezela ziurtatzeko, edo ausartzen gara”.
Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren abokatuek sare klientelarrak egon badaudela berretsi dutela, baina, kritikatu duenez, instituzioek epelkeriaz jokatu dutela praktika ustelen aurka.
EH Bilduren iritziz, De Miguel auzian akusazioak egunotan aurkezten ari diren behin betiko ondorio eta zigor eskaerek agerian utzi dute instituzioetan ez dela benetako borondaterik egon ustelkeriari aurre egiteko eta eremu batzuetan ohikoak bilakatu diren praktika ustelak desagerrarazteko. Legebiltzarrak ustelkeria eztabaidagai izan duela baliatuz, Josu Estarronak gogora ekarri du De Miguel auzian Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren abokatuek defendatu duten tesia, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sare klientelarrak egon badaudela aitortu eta diru publikoa bidegabeki, interes publikoa eta orokorraren aurka, erabiltzea egotzi baitiete orduan Eusko Alderdi Jeltzalean ardurak zituzten hainbat kideri. “Diru, esleipen eta kontratu gehien sinatzen diren instituzio horietan gobernu ardurak dituzten alderdiak, PNV eta PSE, aitortzen ari dira hemen sare klientelarrak operatzen ari direla”.
Josu Estarrona (EH Bildu) Gasteizko legebiltzarrean
EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, De Miguel auzia partikular baten salaketaren ondorioa izan da, ez Administrazio edo instituzioen ikuskaritza lanaren ondorioa, eta horrek, salatu duenez, argi uzten du EAJk eta PSEk gobernatzen dituzten instituzioetan “ez dela inoiz egon eta gaur ere ez dagoela praktika ustel hauekin amaitzeko borondate politiko nahikorik, jarrera irmorik”.
Higiene demokratikoaren beharra bistakoa delakoan, Estarronak ustelkeriaren aurkako EH Bilduren konpromisoa berretsi du. “Jarraituko dugu neurriak eta baliabideak jasotzen dituzten proposamenak egiten, erregenerazio demokratiko baten alde, hala nola, ustelkeriaren aurkako fiskaltza sortzea eta jardun egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzea.
Makina-txanponjale eta apustu-makinetan tabakoa erosteko makinetan erabiltzen den sistema bera aplikatzea planteatu du Eba Blancok, adingabeen kontsumoa eragozteko. Jokorako adikzioari buruzko azterlana egitea eskatu du, eta horren arabera Adikzioen Plana aldatzea.
EH Bilduk legez besteko proposamen bi aurkeztu ditu Legebiltzarrean apustu eta jokorako adikzioaren arazoari behar bezala heltzeko, benetan kezkagarria delako joko eta kirol apustuen fenomenoak azken urteotan izan duen hazkundea, Eba Blancok ohartarazi duenez. Izan ere, Jaurlaritzak egiten duen Adikzioei buruzko Inkestaren arabera, kirol apustuetan jokatzen duen portzentajea zortzi aldiz altuagoa izan zen 2017an 2012an baino, eta gaur 10.500 pertsona arrisku egoeran daude, joko eta apustuekin duten harremana dela eta. Blancoren esanetan, “kopurua txikia da oraindik, egia da, baina kezkatzekoa da bost urtetan hainbeste igotzea”. Gainera, erantsi du, jokoaren inguruan dagoen pertzepzio soziala ez dator bat arazoak duen garrantziarekin. “Herritarren %54ak bakarrik uste du jokorako adikzioa arazo nahiko larria edo oso larria dela, eta gazteen artean portzentajea %49ra jaisten da”.
Eba Blanco legebiltzarkidea joko adikzioaren inguruan EH Bilduk dituen proposamenak aurkezten
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “joko eta apustuen munduan sartzea gero eta errazagoa da, bai eta nerabe eta gazteentzat ere; horrek jokorako adikzioan erortzeko arriskua areagotzen du eta arazoak duen tamainaren araberako erantzuna eskatzen du instituzioen aldetik”.
Hori horrela, EH Bilduk neurri zehatzak proposatu ditu, fokua bereziki adingabeengan eta gazteengan ipinita, kirol apustuek eta on-line jokoek sekulako eragina dutelako haiengan. “Hor ate handi bat dago adikzio egoera batean sartzeko, eta prebentzioa ezinbestekoa da”. Zentzu horretan, EH Bilduk kontrol neurriak nahi ditu tabernetan hain ohikoak diren apustu-makinetan eta makina-txanponjaleetan. Blancok azaldu duenez, “tabakoa erosteko makinetan erabiltzen den sistema bera aplikatzea planteatzen dugu; hau da, zerbitzariek aktibatu ditzatela bezeroek eskatuz gero. Horrela bermatuko genuke adingabeek ez dutela makina horietan jokatzen”.
Bigarren proposamenari dagokionez, “Jaurlaritzari eskatzen diogu adikzioa sortzeko arriskua duten joko eta apustuei buruzko azterlan bat egin dezala sei hilabeteko epean. Lan horrek aztertu beharko luke jokoaren fenomenoak azken 10 urteotan izan duen bilakaera eta jendearengan, bereziki adingabeengan, duen eragina. Azterketa horren emaitzak ikusita, Lakuak neurri zuzentzaileak txertatu beharko lituzke Adikzioen Planean. Halaber, ikastetxe eta unibertsitateetan kontzientziazio kanpaina egitea ere eskatzen diogu, joko eta apustuen munduak dituen arriskuei buruz”. Horrek guztiak, azkenik, “Adikzioen Legearen garapena ekarri behar du, jokorako adikzioari behar bezalako erantzuna emateko”.
Josu Juaristi izango da EH Bilduren zerrendaburua hurrengo Europako hauteskundeetan. Barne hauteskundeak egin ditu ezkerreko indar subiranistak bere hautagaia aukeratzeko, eta Juaristik eskuratu ditu inskribatuen boto gehien: 2.539 boto (%75,61). Lorena Lopez de Lacallek, barne-hauteskundeetara aurkeztutako beste hautagaiak 733 boto lortu ditu (%21,83). 86 boto zuri ere izan dira (%2,56).
Josu Juaristi Europako parlamentuan egindako hitzartze batean
Barne hauteskundeetan egon den giroa eta mugimenduaren barne-bizitzari egindako ekarpena nabarmendu nahi ditu EH Bilduk. Izan ere 3.358 pertsonek parte hartu dute barne hauteskundeetan, botorako eskubidea zuten -elkarrekin.ehbildu.eus aplikazioan inkribatutakoen- %44,63k. Inskribatutako pertsonek bi modu izan dituzte botoa emateko: telematikoa eta presentziala (ostiraletik igandera arteko epea izan dute inskribatutakoek boto eskubidea gauzatzeko). Boto presentziala bermatzeko, irekita izan dira hamarnaka bilgune, joan den larunbatean, Hego Euskal Herri osoan.
Nafarroako emaitzak
Nafarroako parlamenturako zerrendak osatzeko barne hauteskundeak ere egin dituzte asteburu honetan. Nafarroan inskribatutakoen %54k parte hartu dute hauteskundeetan, eta 749 boto izan dira. Bozketen ondoren, honako hauek osatuko dute Nafarroako zerrenda, Bakartxo Ruiz zerrendaburuarekin batera: Adolfo Araiz, Laura Aznal, Maiorga Ramirez, Patricia Perales, Miren Aranoa, Txomin Gonzalez, Arantza Izuriaga, Patxi Zamora, Miren Zabaleta, Joseba Gines, Esther Korres, Carlos Arellano, Dabid Anaut, Blanca Unzue eta Andres Etxenike.
EH Bilduren inguruan dauden pertsonekin batera EH Bildu eraikitzeko konpromisoa hartuta dauka ezkerreko indar subiranistak, eta Europako zerrendaburua aukeratzeko zein Nafarroako zerrenda osatzeko izan den barne prozesua lagungarria izan da bide horretan. Zentzu horretan, EH Bilduri dagozkion erabakietan oinarriek hitza eta erabakia izateko bidean sakontzen jarraitzeko asmoa dauka indar subiranistaren zuzendaritzak.
Aurrekontuen eztabaidaren aurrean izango duen jarrera erabaki du gaur EH Bilduren mahai politikoak, Donostian egindako ohiko bileran. EH Bilduk erantzukizuneko jarrera zintzoa izango du eztabaida honetan, eta bi abstentzio jarriko ditu mahai gainean, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek bizkarrik ez badiote ematen gizarteak aldarrikatzen dituen aldaketei. Ezkerreko indar subiranistak lehentasun bezala jarri du gutxieneko pentsioak 1080 eurora arte osatzen joatea, kalitatezko enplegu egonkorra sortzea, batez ere gazteei eta emakumeei eragiten dien lan prekarietarearekin amaitzen joatea eta gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak hartzea.
Maddalen Iriarte legebiltzar taldeko bozeramailea eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak eman dute hartutako erabakiaren berri. Iriartek gogoratu du EAJ eta PSE-EEk osatzen duten gobernua gutxiegoan dagoela eta EH Bilduk herri akordioak egiteko deia egin ziela EAJri, Podemosi eta eragile sindikal eta sozialei. EAJk, ordea, nahiago izan zuen PSE-Eerekin gutxiengoan dagoen gobernua osatu eta PPren botoak erabili aurrekontuak eta zerga politikaren inguruko neurriak aurrera ateratzeko. “Legealdiak iraun bitartean, PPren babesa izaten jarraituko zutela uste zuen EAJk. Baina PP Espainiako gobernutik kentzeko mugimenduaren ondoren, EAJk PPren babesa galdu du aurrekontuak aurrera ateratzeko edo kutsu neoliberaleko neurri guztiak aurrera ateratzeko”.
Horrez gain, azken hilabeteetan izan diren mobilizazio sozialek ere baldintzatzen dute, EH Bilduren ustez, aurrekontuen inguruko debatea. “urten gauza asko aldatu dira gure herrian, herritarren haserreak eraginda kaleak beteta izan direlako: pentsiodunak, emakumeak, gazteak, presoen eskubideen alde daudenak edota gure ontziolen industriaren alde daudenek bere buruarekin gustura den Gobernua ispiluaren aurrean jarri dute. Eta ezin da aurrekonturik egin EAEn eta Nafarroan errealitate hori aintzat hartu gabe”, adierazi du Iriartek.
Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi prentsaurrekoa ematen
EH Bilduk azpimarratu nahi du EAEko aurrekontuen debatearekin hasi ere ezin dela egin azken urteetan herritarrekin egindako aldarrikapenak eta premiazko beharrak aintzat hartu gabe: Horregatik, honela abiatzen du debate hau EH Bilduk:
Pentsioak:
Gure egiten ditugu euskal pentsiodunen aldarrikapenak: nahikotasunera heltzen diren pentsio duinak. Gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izateko helburuarekin, eta gure eskuduntzek ahalbidetutako tresnak baliatuta, gutxieneko pentsioak osatzen joan behar gara, aurrekontuen partida sendo bat horra bideratuta. Modu horretara, milaka pentsiodunen egoera arinduko dugu, batez ere alargunena. Gure lehentasuna da pentsio oso-oso txikiak jasotzen dituzten emakumeen egoera hobetzea.
Enplegu politikak:
XXI. mendean egon arren, emakumeok ikaragarrizko soldata arrakalari egin behar diogu aurre. Lan berdina egiteagatik soldata txikiagoak jasotzen jarraitzen dugu. Diskriminazio egoera honekin amaitu behar da. Emakumeok soldata eta lan baldintza duinak izateko, aurrekontuetan askoz inbertsio handiagoa egin beharra dago.
Gazteen arteko langabezia Europako gure inguruko herrietan baino 10 puntu handiagoa dugu hemen eta, gainera, sortzen den enplegua prekarioa eta behin-behinekoa da. Inoiz izan dugu belaunaldi prestatuena badaukagu, agintari politikoen ardura izan behar da gure gazteek hemen lan eta bizi baldintza duinak edukitzea.
“Hauek dira EH Bilduren lehentasunak. Euskal gizartearen gehiengoaren lehentasunak ere badirela uste dugu”, agertu du Iriartek. “Pentsio duinak, prekarietatean oinarritzen ez den enpleguaren sorrera... Arazo horiei irtenbidea bilatzea exijitzen ari dira herritarrak. Europako herrialderik aurreratuen parean jarri nahi badugu, berehala hasi behar gara norabide horretan urratsak ematen, autokonplazientzia arrasto guztiak albo batera uzten eta herri ikuspegiz eta anbizio handiagoarekin jokatzen. Aurrekontuek ezin diete bizkarra eman premiazko behar sozial horiei, gure herrian gutxiengoa dien eliteei mesede egiteko”.
Indarrean dituen politiketan aldaketak egiten hastea eskatu dio Iriartek Jaurlaritzari. “Gure adineko pertsonek, gazteek eta emakumeek dituzten beharrizanak asetzeko diru-sarreren eta gastuen politikak aldatzen hastea lehen urratsa izango da Eusko Jaurlaritza azken urteetan egiten ari den politika ekonomikoa, fiskalak eta enplegu arlokoak zuzentzen hasteko”.
“EH Bilduk eskua luzatzen du, baina ez aurrekontuen inguruko akordioa lotzeko, baizik eta azken urteetan gizartearen egiazko beharretatik oso urrun dagoen anbiziorik gabeko gobernu ahul honek egin dituen politikak zuzentzen hasteko”, azpimarratu du EH Bilduren legebiltzar taldeko bozeramaileak.
“Gobernu horren eta lehendakariaren esku dago herritarren beharrei bizkarra ematen jarraitzea edo EH Bilduren eskaintza hartzea, modu partzialean bada ere, premiazko larri horiei konponbidea ematen hasteko”, esan du. “EH Bildurekin akordioa egiteak esan nahiko du politika horiek zuzentzen hasten direla eta norabide egokian jartzen hasten direlako. Zuzenketa hori gertatzen bada, gure talde parlamentarioak bi abstentzioaren abala emango luke. Gure eskua horretarako dago luzatuta”.
Amasa Villabonako EH Bilduk amaitutzat eman du alkategaia hautatzeko prozesu parte hartzailea eta pasa den azaroaren 23an Berdura plazan egindako ekitaldi jendetsuan aurkeztu genuen gure alkategaia: BEATRIZ UNZUE ESNAOLA.
BEATRIZ UNZUE ESNAOLA
Jaiotza data: 1974-01-09
Ikasketak: FP II: Informatica de gestión
Lanbidea: Idazkaria Indarbi Electricidad SL enpresan
Ezkondua da eta bi alaba ditu.
Alkategai gisa hautatzeko arrazoi nagusiak:
Emakume adeitsua da, mundu guztiarekin ondo eramaten den horietakoa, oso jatorra. Herriko hainbat elkartek antolatutako ekimenetan parte hartzen du eta laguntzen aritzen da: Aizkardi elkartearen mendi ibilaldiak antolatzen, emakumenzkoen pala txapelketak eta bolo tiraldiak, gabonetan haurren kabalgatan, ikastolako gurasoekin ekintzak antolatzen... Kirolaria da eta Behar Zana elkartearekin konpetitzen du palan eta bolo tiraldietan (Gipuzkoako txapela jantzi zuen iaz).
Baina batez ere, EH Bilduko herrigintza taldeko kidea da eta asteroko bileretan parte hartzen du 2015etik. Bere konpromisoa erakutsi du hasieratik, 2015eko udal hauteskundeetako zerrendan parte hartu zuen baina ez zuen zinegotzi izatea lortu, hala ere, EH Bildun bere ekarpena egin nahi zuela adierazi zuen eta orduz geroztik herrigintza taldean dabil buru belarri.
Emakume gazte eta indartsua da, konpromiso politikoa erakutsi duena, abertzalea, euskaltzalea eta herrigintzan lan handia egin duena.
Horregatik guztiagatik, Amasa Villabonako EH Bilduko udalgintza eta herrigintza taldeak osatzen dituguk kideok, aho batez bere aldeko hautua egin dugu Amasa Villabonako alkategaia izan dadin.
Modu honetan, pasa den ekainean abiatutako 2019ko maiatzean izango diren udal-hauteskundeetarako alkategaia hautatzeko prozesu parte hartzailea amaitutzat eman du Amasa Villabonako EH Bilduk. Guztira 55 herritar ezberdin izan ziren alkategai izateko proposatuak eta EH Bilduren hauteskunde lan-taldeko kideak guztiekin banan banan hitz egin ondoren, azkenik aukeraketa prozesua amaitu da. Amasa Villabonako EH Bildutik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu prozesu honetan modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei eta bereziki eskertu nahi diegu beren proposamena egin duten ehunka herritarrei.
Ofizialki alkategai izendatzeko azken pausua falta da:
Beatriz Unzue ofizialki eta behin betirako alkategai edo zerrendaburu izendatu aurretik, EH Bilduren oinarriek bere berrespena eman beharko diote https://elkarrekin.ehbildu.eus helbidean sartu, izena eman eta bertan eskuragarri egongo den bozketa sistema elektronikoaren bidez.
Honako azken tramitea amaitzen denean, publikoki jakinaraziko dugu eta oharra zabalduko dugu komunikabideetan, ordura arte ezingo dugu Beatriz Unzueren hautagaitza %100ean baieztatu.
EKITALDIKO ARGAZKIAK:
Lurgatz talde feministak gutuna kaleratu du iraileko osoko bilkuraren ondoren udalean izandako bileraren ondoren. Hau da talde feministak argitaratutako gutuna:
"Honako hau izan da Lurgatz talde feministak udalari eginiko azken proposamenean jaso duen erantzuna: “EZINEZKOA DA”. Lehenagotik ere hainbat proposamen eginak badira baina ez dira ontzat eman. Azken honek, ezaugarri berezi bat du: udala da honen jabea.
Eginiko proposamena esatean, emakumeak* batu ahal izateko espazio batez ari dira hitz egiten. Udalarekin eginiko bileran, udalean agintean dagoen EAJ alderdi politikoa da lehenik ezezkoa eman zuena Eneko Urdangarin zinegotziaren ahotik eta honen antzera, nahiz eta bileran ez egon, PSOEk ere, proposaturiko espazioa etxebizitza izatearen aitzakiapean, ezezkoa emana zuen. EH Bilduri dagokionean, udalak borondate politikoa balu, dagoeneko etxe horretan leudekeela zioen eta Talde Feminista etxea auzolan bidez egokitzeko prest dagoela ikusirik, ulertezina zaio ezinezkoa dela sinestea. Lurgatzen antzera, ezinezkoa benetan zergatik den galdetzen dute behin eta berriz.
Taldeak soluzio bat nahi du; egunerokotasunean emakumeak* bildu ahal izateko espazio bat nahi du; eskuartean duen materiala nonbait gorde ahal izateko espazioa nahi du; aurreikusiak dituen jardunaldiak antolatzeko espazioa nahi du; aurreikuspenak gauzatzeko espazio bat nahi du… eta Villabonako Kale Nagusian kokatua dagoen udalaren etxebizitza hutsa exijitzen jarraituko du. Onartezina zaie beraiek kalean egotea eta etxebizitza hori aurreikuspenik gabe usteltzen egotea.
Beraz, Lurgatzek argi eta garbi dio, udalak aitzakia bat bestearen atzetik botaz elkarlanerako prestutasuna ez izatean, bere bidetik lanean jarraituko duela. Gainera, proposamenik egin ez eta egiten direnak zapuzteaz gain, udal gobernuan agintean dagoen EAJko Eneko Urdangarin zinegotziak, emakumeen* benetako beharrei buruz ezer gutxi dakiela transmititu die eta Lurgatzeko kideek diotenaren arabera, nekez lan egin daiteke enpatia eza medio, gutxietsiak sentiarazten dieten pertsonekin.
Amaitzeko, Lurgatz talde feministak, “udalak kalean uzten gaituela” argudiatuz, datorren ostegunean, urriaren 11ean arratsaldeko 18:30ean Villabonako Errebote plazan egingo duten bilerara dei egiten die emakume* orori."
Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Lurgatz talde feministak PNVko udal gobernuari egiten dizkion kritikekin eta herriko mugimendu feministaren elkargunea izango den espazio edo leku baten beharra aldarrikatzen dugu.
Aurtengo martxoaren 8ko emakumeen greba eta mobilizazio historikoen bueltan, herriko emakume ugari elkartu ziren eta ondoren Lurgatz Talde Feministaren sorrera iritsi zen. Gure ustez, herriko mugimendu feministaren artikulazioa eta antolatzeko emandako pausua, urteko albisterik pozgarrienetakoa izan da. Mugimendu feminista antolatu bat izatea funtsezkoa iruditzen zaigu; herri mugimenduaren bultzadarekin eta instituzio publikoen elkarlanerako konpromisoarekin, urrats sendoak eman daitezke emakume eta gizonen arteko berdintasun erreal bat lortzeko bide luzean. Bestalde, mugimendu feminista antolatu eta indartsu bat izatea ezinbestekoa iruditzen zaigu gure herrian egunerokotasunean ematen diren zapalkuntza egoerak, portaera matxistak... ekiditeko eta behingoz mozteko.
Gainera, balorean jarri nahi genuke Lurgatz talde feministak lortu duen aniztasuna, belaunaldi eta pentsakera ezberdinetako emakume ugari bildu dira Lurgatz-en eta hori oso garrantzitsua da mugimendu feminista zabal, transbertsal eta hegemoniko bat lortzeko.
Hau esanda, EH Bildutik ez dugu ulertzen PNVko udal gobernua izaten ari den jarrera oztopatzailea. Talde feministak biltzeko, gauzak gordetzeko, elkartzeko eta mugimendu feministaren erreferentzia izango den espazio edo lokal bat aldarrikatzen du eta eskaera konkretu eta garbia egin zaioudalari: udalak Kale Nagusiko 38 zenbakian duen etxebizitza hutsa erabiltzen uztea. Eskaera zentzuzkoa eta logikoa iruditzen zaigu eta udalak inolako arazorik jarri gabe eskaera honi erantzun positiboa eman beharko liokela uste dugu. Ez dugu ulertzen udalak hutsik eta inolako erabilerarik eman gabe duen bere etxebizitza hori mugimendu feministari ez lagatzea, eta are ulertezinagoak iruditzen zaizkigu erabaki hori justifikatu nahian udal gobernuak erabili dituen aitzakia merkeak.
Pasa den irailaren 24an Lurgatz talde feministako hainbat kide udalera joan ziren Osoko Bilkura zegoelako. Bilkura ofiziala bukatu ondoren PNV eta EH Bilduko zinegotziek emakume hauekin edukitako bilera inprobisatuan oso argi geratu ziren bakoitzaren eskaerak eta ideiak. PNVko ordezkaria den Eneko Urdangarin jaunak izandako jarrera penagarria iruditzen zaigu, talde feministatik egindako eskaerari behin eta berriz ezezkoa ematearekin batera, jokabide pertsonal harroputza izan baitzuen, Lurgatzeko kideen galdera eta interbentzioen aurrean irrifar ironiko batez erantzunez. Bertan izandako EH Bilduko kideok auzo-lotsa sentitu genuen jarrera prepotente hori ikusita.
Amaitzeko gure babes osoa agertu nahi diegu Lurgatz Talde Feministako emakumeei eta beraien eskaera geure egiten dugula jakinarazi nahi diegu. Amasa Villabonako mugimendu feministak espazio propio bat behar eta merezi du, Lurgatz taldea horixe bera eskatzen ari da eta guk eskaera hori babestuko dugu.
Horregatik, ostegun honetan 18:30ean Lurgatz Talde Feministak Errebote plazan egingo duen protesta-bileran parte hartzeko deia luzatzen diegu Amasa Villabonako emakume guztiei. Gora borroka feminista!
Euskaraldiarekin bat egiteko, talde argazkia egin eta agerraldia egin du EH Bilduk. Eraitz Saez de Egilaz gazte idazkariak irakurri du agiria:
EUSKARAZ GARA, EUSKARALDIAN BAGABILTZA
Euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak ez dira alferrikakoak izan eta euskara orain dela 50 urte baino hobeto dago, askoz hobeto baina ez aski. Izan ere, euskara ez baita hizkuntza normalizatua izango gure lurralde guztietan hizkuntza ofiziala ez bada.
Ezin ukatu nolanahi ere, azken urteotan lortu dugula Euskal Herriko lurralde guztietan aurrera urrats esanguratsuak egitea. Egun, inoiz ez bezala euskaldunok berariazko erakundeak dauzkagula Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alde batetik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bestetik, eta Nafarroa Garaian, azkenik. Baina ez daukagu hizkuntza politika bateraturik, eta euskara ez dugu hizkuntza ofiziala Euskal Herriko lurralde guztietan.
Badakigu, nola ez, edozein hizkuntza gutxituren behineneko arazoa, transmisiotik harago, erabilera dela, hizkuntza biziberritzea berau erabiltzea dela, alegia. Baina euskararen erabilera, xedea bada ere, ez da areagotuko oinarrian ez badu hiztun-elkarte zabala, sendoa, trinkoa eta engaiatua.
Aurten, urte berezia da. Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak 100 urte bete dituzte eta 1968ko Arantzazuko Bileratik hona 50 urte igaro dira. Euskara Batuaren 50. urteurrena, alegia. Hezkuntzan eta unibertsitatean, literaturan eta, oro har, kulturan, hedabideetan eta gizarte zerbitzuetan lortu duguna ez zitekeen posible izan hizkuntza eredu estandarrik izan ez bagenu.
Batasuna. Hori da giltzarria: batasuna. Euskara Batua izan da, eta, euskaren normalizaziorako euskarri sendoenetakoa eta euskararen hiztun-elkartearen batasuna erabilera eraikitzeko orube egokiena. Sakondu eta zabaldu behar dugu batasun hori.
EUSKARALDIAK asmo honi erantzuten dio neurri batean, Euskaltzaleen Topaguneak abiatutako proposamenak, ehunka elkartek babestuak, eta milaka herritarrek bultzatuak, azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan 11 egun euskaraz ekimena burutzeko.
Euskal Herria Bildutik bat egiten dugu ekimenarekin, aktore nagusiak herritarrak diren neurrian, eta elkarte zein erakundeen aldetik jasotzen ari den atxikimenduarekin bat eginez.
Euskal Herria Bilduko emakume eta gizonak, egunero eta urte osoan egiten dugun moduan, 11 egun horietan ere Aho bizi edo Belarri prest rolean jarduteko konpromisoa hartzen dugu.
Sinistuak gaude EUSKARALDIAK azken urteotako euskara biziberritzeko jarduna astintzeo lagungarri izango dela, unibertso euskaltzalea aktibatzeko, herri bezala dagokigun berariazko gure hizkuntza zabaltzen jarraitzeko, euskara ikasten, irakasten eta egunerokoan eraikitzen ari diren milaka emakume eta gizon horien lana nabarmentzeko, eta gaurkoan oraindik daukagun lan eskerga burutzeko indarrak eskuratzeko.
Baina bistan denez, hori guztia ez dugu lortuko EUSKARALDIAren bidez soilik.
Euskaraz oso-osoan bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak lortu behar baititugu: euskararen erabilera handitzeko, euskal hiztunon hizkuntza eskubideak bere osotasunean eta gure lurralde osoan bermatuak izateko, lan, aisialdi, kultura, ekonomia, politika eta edozien esparrutan ohiko hizkuntza bihurtzeko eta euskararen normalizazioa bideratzeko. Finean, euskara jakitea unibertsalizatzeko eta euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko.
Horretarako, eta euskaradun herritar garen neurrian geure etorkizuna bermatze aldera, herri gisa dagozkigun estrategiak landu, adostu eta burutu behar ditugu. Egunerokoan eta esparru orotan. Konpromiso zehatzak burutuz modu pertsonal zein kolektiboan, euskara irabazpidean jartzeko.
Herritar burujabe izan nahi dugun neurrian, euskara burujabe izatea ezinbestekoa baitugu.
Horregatik, euskararen osasuna indartuko duen ekimen oro burutu eta bultzatzeko konpromiso irmoa dugun neurrian Euskal Herria Bildu osatzen dugun emakume eta gizonok, EUSKARALDIAn ere parte hartuko dugu, geure etxe, lantoki, elkarte, erakunde eta lagunartean.
Aurten, beste urte batez, MINTZALAGUNA egitasmoa izango dugu gurean.
Urte osoan zehar, astean behin, ordubetez, euskaraz hitz egitea da egitasmo honen helburu nagusia. Lagunartean, solasean, elkarri kontuak kontatuz... euskaraz.
Mintzalagunak norbere lotsak gainditzen laguntzen du, praktikatuz ikasten delako. Eta jakina, harreman berriak egiteko ere aukera bikaina eskaintzen du. Beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ekimen honetan parte hartzera.
Egitasmo honetan parte hartzeko bi profil edo eredu ezberdin daude:
- "Bidelari": euskara ikasten ari dena edo euskaraz hitz egiteko zailtasuna duena.
- "Bidelagun": euskaraz dakiena edo euskaldun zaharra, eta euskaraz egin nahi duen horri lagundu nahi diozuna.
Era batera edo bestera, modu asko ditugu gure hizkuntzan eragiteko.
Izena emateko: Villabonako Euskara Zerbitzuko 943 692100 telefonara deitu.
Animatu eta parte hartu!
EH Bilduk adierazi du hurrengo abenduaren 6a ez dela jai eguna izango Euskal Herriko subiranistentzat, eta jai egun hori aldarrikapen egun bihurtuko duela. Era horretara, manifestaziora deitu du abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrenean. Eguerdiko 12:00etan hasiko den mobilizazioak Bilboko kaleak hartuko ditu, Plaza Eliptikotik Arriagara.
“Gure herriari Espainiako Konstituzioa inposatu ziotenetik 40 urte betetzen direnean, Espainiako Konstituzioa gure herriaren askatasun nahiak lotzeko giltzarrapoa baino ez dela sinesten duten euskal herritarrei Bilboko kaleetara ateratzeko gonbita egiten die EH Bilduk. Herri honen erabakitzeko eskubidearen eta bere egikaritzearen alde dagoen gehiengo politiko eta soziala da giltzarrapo hori irekiko duen giltza. Euskal Errepublika libre eta duinean bizi nahi duten euskal herritar guztiek hitzordu garrantzitsua dute abenduaren 6ko eguerdian”, agertu dute Oihana Etxebarrietak eta Oskar Matutek, Donostian egindako agerraldian.
Etxebarrietak gogora ekarri du 40 urte joan direla Espainiako Konstituzioa onartu eta indarrean jarri zutenetik eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan ez zuen behar besteko onarpenik izan konstituzio horrek. “Duela 40 urteko euskal jendarteak argi eta garbi adierazi zuen Espainiako Konstituzioa ez dela berea. Argi esan zuen ezin zuela bere egin 78ko Erregimena egonkortzeko helburua baino ez zeukan konstituzioa, hau da, ezin zuela onartu herri honetan eta jendarte aske eta justuetan bizi nahi duten herritarren artean hain oroitzapen txarrak dituen aurreko erregimenaren aurpegi garbiketa bat.
Oskar Matute eta Oihana Etxebarrieta, Manifestazioaren aurkezpen agerraldian
40 urte joan dira, eta 78ko Erregimenak -eta beraz, Espainiako Konstituzioak- konpontzeke utzi zituen arazo politikoak kalean eta instituzioetan daudela zehaztu du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Hautestontziak jarri eta herritarrei beren etorkizun politikoaren jabe izan eta Kataluniako Errepublika sortu nahi zuten galdetzeagatik Espainiako estatuaren neurrigabeko erantzun basatia pairatzen ari da herri katalana”, azpimarratu du.
Etxebarrietaren hitzetan, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubide demokratikoa daukala uste duen gehiengo politiko eta soziala dago gure herrian. Erantsi duenez, gehiengo hori behin baino gehiagotan agertu da azken urteotan, besteak beste, Gure Esku Dagok deitutako mobilizazio erraldoietan. “Arlo politiko eta instituzionalean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erabakitzeko eskubidearen alde dagoen gehiengo politikoak estatus politiko berriaren oinarriak ezarriak ditu eta, modu horretara, agortutzat eman du Gernikako Estatutua. Eta Nafarroan, modu eraginkorrean ari dira lanean aurreko Erregimena instituzioetatik ateratzea ekarri zuen aldaketa egonkortzeko”.
“Baldintza eta egoera politiko eta sozial guztiek ekarri dute 78an aurpegi garbiketa behar zutela erabaki zuten indar politikoek mozorro guztiak kentzea eta eskura dituzten baliabide eta tresna guztiekin beren erregimena defendatzea, hau da, Espainiaren batasun hautsi-ezina defendatzea”, esan du Etxebarrietak. “Atzeraldi demokratiko nabarmenean murgilduta dago Espainiako estatua. Herri honetako zein Espainiako estatuko subiranista guztiei elkar hartuta eta partekatutako estrategiarekin jokatzera behartzen gaitu atzeraldi demokratiko horrek. Datorkigunaren aurrean, gure herrian zein aske eta burujabe izan nahi duten Espainiako estatuko beste herrietan, elkar hartuta, ausardia politikoaren eta herri eta etorkizun ikuspegiarekin jokatzera behartuta gaude”.
Agerraldiaren bideoa HEMEN: https://www.youtube.com/watch?v=nzcci31aado
EH Bilduk ekimena hartu du Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan, bestelako basogintza politika bat behar delako. Pinuen gaitzaren arazoa aspaldikoa da, baina instituzioek ez dute neurririk hartu.
Insignis pinuen gaitzak duen garrantziaz jabeturik, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du gaur basogintza politikari buruzko eztabaida sakona egitea. Eva Lopez de Arroyabe legebiltzarkideak azpimarratu duenez, “bestelako basogintza politika bat behar dugu, epe luzera iraunkorra izango dena”. Zentzu horretan, legez besteko proposamena erroldatu du Legebiltzarrean (Batzar Nagusietan ere mozioak aurkeztuko ditu EH Bilduk) Jaurlaritzari eskatzeko egoeraren diagnostikoa egin dezala aldundiekin batera eta, ondoren, diagnostiko horren araberako kudeaketa plana egin dezala. Halaber, Landa Garapenerako Plana aldatzeko ere galdegin dio Lakuari, “basogintzak dituen erronkei aurre egiteko aukera guztiak jasota”.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako EH Bilduko ordezkariak Legebiltzarrean, basogintza arloko proposamena aurkezten.
Gaurko agerraldian Lopez de Arroyabek alboan izan ditu Judit Garcia Gipuzkoako batzarkidea, Kike Fernandez de Pinedo Arabakoa eta Mikel Kormenzana Bizkaikoa, pinuen gaitzaren arazoa orokorra eta larria dela adierazteko. Izan ere, Jaurlaritzaren datu ofizialen arabera, gaitza pinudien %33,15eraino hedatu da jada (40.914 Ha.), baina eskualde batzuetan portzentajea askoz altuagoa da: %69,96 Donostialdean, %62,64 Tolosaldean eta %52,79 Urola Kostan, besteak beste.
EH Bilduren ordezkariek adierazi dutenez, “pinuen gaitzaren arazoa ez da berria, aldundiek argitaratutako txostenetan garbi ikusten da urteak direla insignis pinuaren egoera sanitarioa okerrera doala, baina instituzioen aldetik ez dira neurri eraginkorrak hartu gaixotasunaren hedapena eragozteko”. EH Bilduren iritziz, pinuen monolaborantzan oinarritutako eredua gaindituta dago eta, horren ordez, beste eredu batera jo behar da, zuhaitz autoktonoak landatuz eta baso-mozketa kontrolatuak eginez.
Pasa den ostiralean udal bulegoetan ofizialki aurkeztutako idatzi baten bidez, Amasa Villabonako EH Bilduk udalean eratuta dagoen Herritarren parte hartzea izeneko batzordearen ez-ohiko eta presazko bilkura bat egitea proposatu du.
Izan ere, urriaren 25ean herritar talde batek 512 sinadura aurkeztu zituen udalean eta sinatzaileek Errebote plazaren eraberritzearen proiektua definitzeko "prozesu publiko, ireki eta garden bat egitea" eskatzen dute. Pozgarria da horrenbeste herritarrek beren kezka adierazi izana eta Errebote plazaren aferan herritarren parte hartzea aldarrikatzea, horretarako onartu zen 2014an Herritarren parte hartzearen Araudia (udaleko alderdi politiko guztien babesarekin).
EH Bilduko udal taldeak udal bulegoetan ofizialki aurkeztutako dokumentua.
Gure ustez, aurkeztu diren ehunka sinaduren aurrean, udalak ezin du beste alde batera begira geratu eta are gutxiago ezertxo ere gertatuko ez balitz bezala Errebote plazako obraren esleipenarekin aurrera jarraitu. Herritar askoren parte hartze eskaera bati erantzunik ez ematea onartezina litzateke eta ezikusiarena egiteak udal gobernuaren jarrera autoritario eta inposatzailea agerian utziko luke.
Aipatu behar dugu, sinadura bilketa martxan zegoen egunetan eta sinadurak aurkeztu ondoren ere, udal gobernuak Errebote plaza eraberritzeko proiektuaren esleipenaren baitan pausuak ematen jarraitu duela. Urriaren 19an sinatutako bi Alkatetza Dekreturen bidez, Maite Izagirre alkateak Errebote plaza eraberritzeko obren zuzendaritza (7.865 euro) eta osasun eta segurtasun koordinazioa (1.427 euro) esleitu zizkien bi enpresa pribaturi. Bestalde, sinadurak aurkeztu eta hurrengo egunean, proiektu honen esleipena egiteko Kontratazio Mahaiaren bilkura deitu zen alkatearen aginduz.
Hau ulertezina iruditzen zaigu eta herritarrekiko errespetu falta isladatzen du. Alkatetza honek erakusten duen egoskorkeria eta kosta hala kosta berea egiteko duen borondate itsua ere salagarria iruditzen zaigu.
Azkenik, agerian utzi nahi dugu gaur gaurkoz (urriak 29) gure eskaerak ez duela udal gobernuaren inolako erantzunik jaso. Benetan uste dugu egoera honetan logikoena Herritarren parte hartzea batzordea biltzea eta sinadura bilketaren sustatzaileen eskaera eta arrazoiak ezagutzea dela, hori da behintzat udal normal eta arduratsu batek egingo lukeena.
EH Bilduren iritziz, aforamendua justifikaziorik gabeko pribilegioa da eta ez dio mesederik egiten demokraziari. Estatus politiko berriaren testu artikulatuan figura hori desagerrarazteko behar diren aldaketak egitea proposatu du.
EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aforamenduaren figura bertan behera uzteko. Zehazki, Jone Goirizelaiak sinatutako ekimenak eskatzen du Legebiltzarra aforamendua kentzearen alde ager dadila eta horretarako behar diren lege aldaketak planteatzeko eskatu diezaiola estatus politiko berriaren testu artikulatua erredaktatuko duen adituen batzordeari.
Jone Goirizelaia (EH Bildu) Gasteizko Legebiltzarrean, aforamenduak ezabatzeko proposamena aurkezten
Goirizelaiaren ustez, “gaur egun ez dago justifikaziorik aforamendua mantentzeko, figura hori pribilegio bat baino ez da eta ez dio onik egiten benetako demokraziari”, eskumen judizialen arauak aldatzea dakarrelako pertsona zehatz batzuen mesedetan. “Aforamendua justifikatu nahian, esan ohi da beharrezkoa dela kargu instituzionalen funtzioak babesteko, arrazoi politikoak direla eta haien aurka jo dezaketenengandik. Esan ohi da, baita ere, aforamenduak balio duela kargu instituzionalei segurtasun juridikoa emateko eta euren independentzia bermatzeko. Aitzitik, oinarrizko eskubideei eta Zuzenbideko printzipio orokorrei erreparatuz gero, bistakoa da aforamenduak urratzen dituela epaile naturalaren figura eta bigarren auzialdirako eskubidea. Gainera, legearen aurrean herritar guztiok berdinak garen printzipioaren kontra doa inolako justifikaziorik gabe”.