Euskal herritarron bizi baldintzek okerrera egiten dute eta Espainiako Estatuaren inboluzioa gero eta indartsuagoa da. Hala ere, Urkulluren Gobernua paralisi fase batean dago, iniziatiba galduta eta arazoei aurre egin ezinik. Egoera kezkagarri hori ikusita, EH Bilduk ekimena hartu du eta, datozen hilabeteetan, agenda soziala markatuko du Legebiltzarrean aurkeztuko dituen hainbat proposamen sozialekin. Pentsiodunei, emakumeei, gazteei edota langile eta langabetuei bideratutako neurriak izango dira, eta Bizitza Hobea lelopean aurkeztutako kanpainaren baitan kokatzen dira. Maddalen Iriarte bozeramaileak, Nerea Kortajarena eta Iker Casanova legebiltzarkideekin batera, Bizitza Hobea kanpaina aurkeztu du gaur Legebiltzarrean.

Iriartek azaldu duenez, “Espainiako Estatuaren inboluzioari buruz hitz egiten dugunean, inboluzio politikoaz gain, inboluzio sozialaz ere ari gara. Izan ere, azken urteotan Madriletik etorri diren murrizketa sozialek lurrikara bat eragin dute eta hankaz gora jarri dute gure ongizatea”. Horren adibide dira pentsioen jaitsiera eta Lan Erreforma.

Hain larria den egoera honetan, Jaurlaritzak ez du lidergoa hartzen herritarrak babesteko: “Nahiz eta murrizketen epizentroa Madrilen egon, lurrikara horien erreplikak hemen ere egon dira. Urkulluren Gobernua mutu ikusi dugu eta, askotan, konplize, hemen ere Eusko Labeldun murrizketak eginez”. Espainiako hauteskundeen atarian gauden honetan, EH Bilduk etorkizun iluna ikusten du.

Iker Casanova, Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak "Bizitza Hobea" dokumentua aurkezten

Maddalen Iriartek adierazi duenez, “gure eskubide sozialen kontra dauden indar atzerakoiak indartzen ari dira Estatuan, eta Gobernu ahul, pasibo eta mutu batekin ezin izango diegu aurre egin”. Beraz, EH Bildu Madrilera joango da: “Asko izango gara Kongresuan eta erabakigarriak izango gara. Baina argi izan behar dugu Espainiako inboluzioaren aurrean aktibatu egin behar dugula hemen ere, eta gure instituzioetatik erantzun behar dugula, tinko, gure eskubide sozialak babestuz eta indartuz, berdinen arteko errepublika bat eraikitzeko”.

Gauzak horrela, EH Bilduk agenda soziala politikaren erdigunean jartzeko hainbat ekimen prestatu ditu hemendik ekainera bitartean eztabaidatu daitezen. Bizitza Hobea lelopean, herritarron alde egingo duten neurriak daude, Espainiatik datorren korronte atzerakoiaren aurrean, gure eskubide sozialak handitzeko.

Iriarteren hitzetan, “lidergo soziala hartuko dugu euskal herritarrek Bizitza Hobeak izateko. Zeren, Espainiaren aurrean paralizatuta eta mutu dagoen Gobernu bat ez da gai izango Madriletik datorren inboluzioari aurre egiteko”.

Iker Casanovak Legebiltzarrean aurkeztuko diren ekimen sozial horien berri eman du, nagusiki lan merkatuarekin eta babes sozialarekin lotuak:

1. 1.200 euroko gutxieneko soldata

2. Pentsio baxuekin bizi diren emakumeen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren izaera indibiduala garatzea

3. Gazteen prekarietatearen kontrako talka plana

4. Iraupen luzeko langabetuentzako talka plan iraunkorra

5. Kontziliazio eta erantzunkidetasun politika berrietarako lau urterako plana.

6. EHUko doktore ez diren ikertzaileentzako 1.200 euroko gutxieneko soldata

7. Euskal autogintza sektorea aztertzeko eta sendotzeko ponentzia

8. Aiaraldea errekuperatzeko eta suspertzeko ponentzia

9. Soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak

10. Klausula sozialak kontratu publikoetan txertatzeko Legea

11. Enpresen deslokalizazioari aurre egiteko Legea

12. Euskal enpresak errotzeko finantza neurriak

13. Emantzipaziorako etxebizitza proiektu eraldatzaileak

14. Osakidetzako egiturazko arazoak konpontzeko ekimenak

Lehenengo ekimena bihar bertan eztabaidatuko da. Izan ere, EH Bilduk Osoko Bilkuran proposatuko du Jaurlaritzak konpromisoa hartzea eta aktiboki sustatzea, eragile sozio-ekonomikoekin, EAE mailako lanbide arteko akordio bat 1.200 euroko gutxieneko soldata indarrean sartzeko. Casanovak azpimarratu duenez, “Espainiako 900 euroko gutxieneko soldata ez da nahikoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hemengo bizitzaren kostea Estatukoa baino handiagoa delako. Beraz, hemengo langileak Estatukoak baino pobreagoak izango dira soldata horrekin. Horren parekoa litzateke EAEn 1.200 euro ezartzea”.

Bestetik, Nerea Kortajarena legebiltzarkideak aurreratu du apirilean Osoko Bilkuran defendatuko duen proposamen bat. Hain zuzen, iraupen luzeko langabetuentzako talka plan iraunkor bat eskatuko du: “Errealitate hori kronifikatzen ari da eta pertsona asko egoera kritikoan daude. Ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak iraupen luzeko langabetuen aldeko neurriak hartzea, ezin dugulako ahantzi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan langabetuen %64k ez duela inolako prestaziorik jasotzen”.