EH Bilduren iritziz, aforamendua justifikaziorik gabeko pribilegioa da eta ez dio mesederik egiten demokraziari. Estatus politiko berriaren testu artikulatuan figura hori desagerrarazteko behar diren aldaketak egitea proposatu du.

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aforamenduaren figura bertan behera uzteko. Zehazki, Jone Goirizelaiak sinatutako ekimenak eskatzen du Legebiltzarra aforamendua kentzearen alde ager dadila eta horretarako behar diren lege aldaketak planteatzeko eskatu diezaiola estatus politiko berriaren testu artikulatua erredaktatuko duen adituen batzordeari.

Jone Goirizelaia (EH Bildu) Gasteizko Legebiltzarrean, aforamenduak ezabatzeko proposamena aurkezten

Goirizelaiaren ustez, “gaur egun ez dago justifikaziorik aforamendua mantentzeko, figura hori pribilegio bat baino ez da eta ez dio onik egiten benetako demokraziari”, eskumen judizialen arauak aldatzea dakarrelako pertsona zehatz batzuen mesedetan. “Aforamendua justifikatu nahian, esan ohi da beharrezkoa dela kargu instituzionalen funtzioak babesteko, arrazoi politikoak direla eta haien aurka jo dezaketenengandik. Esan ohi da, baita ere, aforamenduak balio duela kargu instituzionalei segurtasun juridikoa emateko eta euren independentzia bermatzeko. Aitzitik, oinarrizko eskubideei eta Zuzenbideko printzipio orokorrei erreparatuz gero, bistakoa da aforamenduak urratzen dituela epaile naturalaren figura eta bigarren auzialdirako eskubidea. Gainera, legearen aurrean herritar guztiok berdinak garen printzipioaren kontra doa inolako justifikaziorik gabe”.