- Kategoria: Iritziak /
- 26 Urtarrila 2018
Azken asteetan Euskal Herriko hainbat herritan, eta bereziki, Parisen eta Bilbon buruturiko mobilizazio indartsuek, euskal presoen gaia berriro ere agenda politikoaren erdigunean jartzea lortu dute. Mobilizazio hauetan Amasa-Villabonatarron ekarpena ez da batere makala izan eta eskertzekoa da hauxe.
Orain presoak!, hori da apustua. Baina jakinik, urrats kualitatiboak ematea ez dela erraza izango; izan ere oraindik hainbat eragile politikok, tartean PNVk, ezikusiarena egiten baitute Espainiako estatuaren ankerkeriaren aurrean. Ankerkeria bai, beste hitzik ez baitu hilzorian dagoen Ibon Iparragirre preso ondarrutarraren kasuaren aurrean erakutsi duten jarrerak.
Baina prest gaude eta bagoaz aurrera! Ipar Euskal Herriko eragileen artean lortutako elkarlanak bide bat irekitzea lortu duela nabarmentzekoa da. Honela, urtarrilaren 13an Estatu frantseseko gobernuak hurbilketak egiteko prest dagoela iragarri zuen. Egindako lanaren emaitza da hori eta baita oraindik egiteko dagoenaren ispilu ere. Hego Euskal Herrian egin beharreko lanaren ispilu. Bistan da Sarek asmo sendo hori duela, atxikimendu eta babes anitzak biltzearena euskal preso politikoen giza eskubideen defentsan, eta zentzu honetan aipatzekoa da “motxiladun umeen” ekimenak jende askori begiak zabaldu arazi dizkiola. Hori da bidea.

Azken bi urteetan ez bezala, berriro ere gora egin du Bilboko urtarrileko manifestazioaren parte hartzaile kopuruak (95.000)


