- Kategoria: Iritziak /
- 22 Azaroa 2017
Duela egun batzuk "Osatuz Amasa Villabona" izenburua duen udalaren panfleto edo liburuxka bat iritsi zitzaigun Amasa Villabonako etxeetara. Idatzi honen bidez EH Bildutik honen inguruan dugun iritzia azaldu nahi dugu eta horretarako liburuxkaren analisi bat egingo dugu hasieratik bukaerara.
"Proiektu transbertsal eta parte hartzailea" omen da
Maite Izagirre alkateak egiten duen aurkezpenean, kontraesan ugari aurki daitezke. Lehenik parte hartzea aipatzen du, ondoren proiektuak "udalaren ekimenak babestu nahi ditu" esanez. Orduan zer da egin nahi dena? herritarren parte hartze aktiboa bilatzea, edo jendeak udalak egiten duenari "amen" egin eta txalotzea?
Gai honetan ezin dugu aipatu gabe utzi, pasa den legealdian (2014ko udaberrian) Villabonako udalak benetako prozesu parte hartzaile zabal eta aberats baten bidez osatutako Herritarren parte hartzearen araudia onartu zuela, alderdi politiko guztien aldeko botoarekin. Ordutik ia 4 urte pasa dira eta araudi hau ez da inondik inora betetzen ari, gehiago ere esango genuke, PNVren udal gobernuak ez du inoiz araudi hau betetzeko inolako borondaterik erakutsi, kaxoi batean gorde nahi izan dute eta bertan jasotzen diren parte hartzea bultzatzeko neurriak sistematikoki urratzen ari dira.
Bestalde, agintean dauden jeltzaleei eta bereziki alkateari, 2014tik udalean Herritarren parte hartzerako batzorde informatzailea sortuta dagoela gogorarazi nahi diegu. Legealdi honen hasieran, batzorde honen arduradun politikoak izendatu ziren eta agian berak jakingo ez badu ere, batzorde honetako arduraduna Maite Izagirre alkatea bera da. Teorian udalak batzorde honen bidez garatu behar ditu bere parte hartze politikak. Bertan alderdi politiko, eragile eta norbanakoek parte har dezakete eta udalak aurrera eramaten dituen politiketan eta herriari eragiten dioten gai garrantzitsuetan, herritarrek aktiboki nola parte har dezaketen erabaki behar litzateke mahai baten bueltan.
PNVk batzorde hau bazter batean uztea eta guztiz paralizatzea erabaki du. Jeltzaleek udalean agintea hartu zutenetik (2015eko ekaina) batzorde hau behin bakarrik bildu da, 2016ko urtarrilean, eta gainera hondakinen gaian PNVk EH Bilduren kontra aurrera eramandako estrategia politikoan sakontzeko, atez atekoaren kontrako galdeketa bat antolatzeko asmoz deitu zuten batzordearen bilera, helburu guztiz alderdikoiarekin.
Proiektuaren 3 ardatzak: "Herriaren egokitzapen lanak", "Hainbat gai" eta "Segurtasuna"
• Egokitzapen lanak
Arlo honetan besteak beste, hiri-altzarien hobekuntza, parke eta lorategien txukunketa eta herri-ornamentazioa aipatzen dira, "etenik gabeko hobekuntza prozesua da" esanez. Ikusgarria da jeltzaleek gauzak saltzeko duten abilezia, udalak bai hala bai derrigor egin beharreko mantenu lanak (horretarako daude udaleko brigadak, azpikontratatutako lorezaintza enpresa etab) beraiei bururatutako hobekuntzak balira bezala aurkezten dituzte.
• "Hainbat gai"
Bizikidetza sustatu, bertakoa izatearen harrotasuna bultzatu, talde memoria garatu, konpromezua indartu... aipatzen dira. Ezer zehatzik ez, betiko marketina, hitz polit politak baina atzetik ezertxo ere ez daukatenak.
• Segurtasuna
Bide segurtasuna (trafikoa), eraikuntza publikoen segurtasuna, "bizi lineak" eta lapurretak saihesteko sentsibilizazioa aipatzen dira. Ados egon gaitezke planteatzen diren neurri batzuekin, baina ez dugu uste "parte hartze proiektu" batean, ardatz nagusietako bat segurtasunaren gaia izan behar denik. Beti hobetu daitekeen arren, ez dugu uste gure herrian segurtasun arazo larririk dagoenik.
Herritarren iritzia ezagutu nahi omen dute
Horretarako bi fase planteatzen ditu udal gobernuak; lehenik herriko talde eta eragileekin bilerak egitea, eta ondoren auzoetara mugitzea iritziak jasotzeko.
Ongi iruditzen zaigu, ongi etorria ematen diegu herritarrei entzuteko bideak zabaldu ditugunon artera. Baina susmoa dugu honako hau ere, PNVren alderdi estrategia elektoralaren lehen urratsa dela, kanpainako lehen ekimena. Izan ere, udal gobernuan daudenetik ez dute ezer egin herritarren iritziak entzun eta jasotzeko. Ez hori bakarrik, aurreko legealdian horretarako martxan jarri ziren neurri guztiak ezabatu dituzte. Lehen, urtero udalak aurrekontuak egin baino lehen, inkestak egiten zituen herri osoan, herritarrek ikusten zituzten gai garrantzitsuak identifikatzeko eta jasotako erantzunak kontuan izanda, urteko lehentasunak (inbertsioetan batez ere) definitzeko. Ondoren, aurrekontuen aurreproiektua publikoki aurkezten zen (bilera irekietan, prentsan...) jendeak udalaren asmoen berri izateko eta herritarrek beren ekarpenak egin ahal izateko. Orain ordea, ez da horrelako ezer egiten, ezertxo ere ez.
Honekin lotuta, ezinbestean aipatu behar dugu Larreako parkea estaltzeko proiektuari dagokionez, PNVk izan duen jarrera harroputza. Aurreko urteetan jasotako eta orain egiten ez diren inkesta horietan, behin eta berriz errepikatzen zen eskaera, herriko parkeetako bat estali eta euritik babestutako jolastoki bat izatearen beharra zen. Herritarren gehiengoaren eskaera horri erantzuteko, gogoan izango duzue EH Bilduk gidatutako udalak herriko parke ezberdinak estaltzeko proiektuen lehiaketa bat egin zuela, azken erabakia herritarren bozka zuzenaren bidez erabaki zelarik. Eginda eta herritarrek erabakita zegoen proiektu hau ere, bertan behera uztea erabaki du PNVk, herritarren gehiengoaren eskaera historiko honi ateak itxiz. Beste behin, argi erakutsi dute herritarren iritzia eta parte hartzea, soilik PNVri interesatzen zaionean hartzen dutela kontutan, eta bestela, hor konpon.
Obra txiki batzuen zerrenda dotorea
Etxeetara iritsi zaigun liburuxkako orrien artean, udalak datozen hilabeteetan egingo omen dituen jarduera edo obra txiki batzuen berri ematen da.
"Herrigintza" alorrean, desbrozatzeko makina bat erosiko dela, Amalur plazan bakuak berritu eta ornamentazio berria jarriko direla, Ulako pasealekuan ere (udalak inolako proiekturik aurkeztu gabe egiten utzi zuen urbanizazio horretan) ere berdina, Arratzaingo futbol zelaiko aldagelako teilatua berrituko dela... Hauek guztiak, dagoeneko onartuta daude udalbatzan, alderdi guztien aldeko botoarekin eta udalak 2017ko aurrekontuetan kontuan hartu gabeko 100.000 euro inguru jaso dituelako egingo dira, diru hori erabilita alegia. Bestela obra txiki hauek ez lirateke egingo. Eta zer parte hartze prozesu egingo da, dagoeneko hau guztia erabakita baldin badago? Ez al da kontrajarria, herritarrei entzun nahi diezula esatea, eta jarraian udalak bai hala bai egingo dituen obren zerrenda bat jartzea?
Bizikidetza edo zentsura?
Ondoren, "Bizikidetza" atala bezala izendatzen den blokea irakur daiteke. Bertako lehen puntuan, Amasan Gabon Kanten kontzertu bat egingo dela aipatzen da, ondo iruditzen zaigu baina ez dugu uste horrek bakarrik herriko bizikidetza hobetzeko ekarpen handiegirik suposa dezakeenik.
Hurrengo puntuetan agertzen da "parte hartze proiektu" honen bidez, zein den PNVren benetako helburua: Gure herrian ere mozal ordenantza (ordenantza mordaza) bat egitea. Badakigu kalean presente egotea, aldarrikapen politiko eta sozialak egitea edota kartelak jartzea ez dela PNVren estiloa (beraiek tresna oso eraginkorrak dituzte propaganda egiteko, EiTB, DV, Onda Vasca...) eta agian horregatik obsesio izugarria izan dute betidanik herriko kaleetan jartzen diren kartelekin. Liburuxkan "publizitatea" hitza erabiltzen dute baina oso ongi dakigu zein den beraien helburua, herri honetako sektore politiko garrantzitsu bat eta guztiz zilegiak diren hainbat aldarrikapen ikusezin egin eta isilaraztea. Espainian PPk egiten duen bezalaxe, PNVk ere disidentzia edota politikoki aurre egiten dioten sektoreak zentsuratu edo isilarazteko neurriak hartzen ditu. PPren mozal legea hemen ere lotsagabe aplikatzen ari dira Ertzaintzaren bidez eta gobernatzen duen herrietan mozal ordenantzak egiten ari dira kaleak "txukuntzeko" aitzakiarekin. Gogoan dugu oso ezaguna egin den Zumaiako udalean PNVk onartutako ordenantza, inkisizioan bageunde bezala, zentsura arautzen duena.
Hau edo antzeko zerbait egiteko alderdi politikookin lan talde bat osatuko dela irakurri dugu liburuxkan. EH Bildutik argi adierazi nahi dugu, adierazpen askatasuna mugatzeko eta herri honetako sektore jakin batzuk isilarazteko intentzio garbia duen horrelako ordenantza bat egiteko, ez dezatela gurekin kontatu.
Gabonetan megafonia jarri eta argiak "hobetzeko" asmoa
Udal gobernuak gabon garaian Villabonako kaleetan megafonia jartzearen ideia berreskuratu du eta ondoren gabon argiak ere hobetu nahi omen dituzte.
Testu honetan udalak gauza garrantzitsu bat aipatu gabe uzten du, gabonetako argien kostuaren zati bat Oria merkatarien elkarteak ordaintzen duela, eta hori horrela izanda, elkarte honek ere zeresana izan beharko lukeela gai honetan. Testua idatzia dagoen moduan, argiak udalak berak jarri eta ordaintzen dituela dirudi.
Honekin lotuta, uda baino lehen, merkataritza bultzatzeko zein neurri hartu daitezkeen eztabaidatu eta erabakiak hartzeko mahai bat martxan jartzea adostu zen udalean. Bertan merkatariak, udaleko alderdiak eta teknikariak parte hartuko lukete eta gabonetan herrian erostearen aldeko kanpainaren nondik norakoak ere landu beharko lirateke. Mahai hau irailetik aurrera martxan jarriko zela adierazi zuen PNVk, eta azaroan murgildu garen honetan, oraindik zain jarraitzen dugu, gai honetan ere ez da ezertxo ere aurreratu.
Azken orria, hasi aurretik, zer egingo den erabakita
Liburuxka edo panfletoaren azken orrian, udalak egingo omen dituen hainbat jarduera zerrendatzen dira, hori bai, badaezpada noiz egingo diren zehaztu gabe.
Aurretik aipatu ditugun hainbat kontu biltzen dituen zerrenda honetan, deigarria egin zaigu 3 aldiz aipatzen den "espaloien garbiketa" delakoa. Hau udalak duen betebehar hutsa denean, udal gobernutik bultzatutako ekimen aipagarri bezala aurkezten dute. Honakoa PNVren aginteko udal honek erakusten duen maila eskasaren adierazgarri nabarmena da.
Amaitzeko, liburuxka hau finean herritarren parte hartzea bultzatzeko ekimen erreal baten aurkezpena baino, PNVren hauteskunde kanpainako lehenengo panfletoa dela esango genuke. Urteetako esperientziak argi erakutsi digu zein den jeltzaleen parte hartze eredua, hitz ponposo eta marketin asko, herritarrei entzun eta esaten dena kontuan hartu ordea, soilik elektoralki interesatzen zaienean. Herritarrek egindako ekarpenak kontuan hartzen direla, eguneroko lanean erakutsi behar da eta orain arte Maite Izagirrek zuzentzen duen udal gobernu honen aldetik ez dugu horrelakorik ikusi, kontrakoa, parte hartzean atzera egin dugu.
Asko izan dira udalean eskaerak edo kexak behar bezala erregistratu ondoren, oraindik udalaren inolako erantzunik jaso ez duten bizilagunak eta gugana laguntza eske etorri direnak. Udaletxera joateko urratsa ematen duten herritarrei horrelako errespetu falta erakusten dien udal gobernu honengandik ezin dugu ezer onik espero.


