- Kategoria: Iritziak /
- 16 Urria 2017
LARRAITZ UGARTE ZUBIZARRETA. EH Bilduko Estatugintza idazkaria
Bada negarrari uzteko eta traje beltza kentzeko garaia. Elkarrengandik banantzen eta haserretzen gaituzten txikikeria eta xehetasunak alde batera uzteko garaia, pasioen aurretik helburuak jartzeko eta, filia eta fobia pertsonalen gainetik, herrialde-klabean pentsatzeko garaia.
Egunotan denetarik ikusi eta entzun dugu Catalunyaren inguruan, eta burrunba horren erdian zenbait artikulu, erreportaje eta analisi bikain irakurtzeko parada izan dut; hortaz, maila intelektualean behintzat ez dut uste berritasun handirik ekar dezakedanik. Datozen asteetan zer gertatuko den, horren inguruan zalantza da nagusi, egoera egunetik egunera aldatzen delako, eta katalanen asmatzeko gaitasunaren, Estatu espainolaren egoskorkeria eta anormaltasunaren, eta neurri handi batean, halaber, nazioarteko komunitateak bustitzeko izan dezakeen gogoaren mendean dagoelako etorkizuna. Gertatzen denari adi-adi jarraituko diogu une oro, eta ezbairik gabe bertan egongo gara, katalanekin bat eginik, katalanak lagunduz, defendatuz eta miretsiz.
Nolanahi ere, eta normalean nik eta beste zenbait laguntzailek orri honetan emozioetarako toki handirik uzten ez badugu ere, oraingo honek horretarako aukera bikaina eskaintzen dit. Izan ere, EH Bilduk Gasteizen egin berri duen Lehen Konferentzia Politikotik itzuli berritan ekin diot artikulua idazteari, eta emozioek gainezkatuta nago, bene-benetan. Emozioak, bai, eguneroko zereginean aritzeko beharrezko ditugun emozioak, gauzak nahi ez bezala ateratzen ez zaizkigunean kontsolatzen gaituzten horiek, edota bakar-bakarrik (baina garrantzi handiarekin!) bide onetik goazela gogorarazteko balio digutenak. Horrelako egunetako bat izan da gaurkoa, bere onena ematen bidea egiten duen pertsona talde handi baten parte sentitu naiz, eta komunitate bat osatzen dugula gogora ekarri dit sentimendu horrek, eta kolektibitate horrengatik, zerbaiten parte izate horrengatik borroka egitea merezi duela. Eta bereziki orain, askatasun-haizea alde dugun honetan.
Politikan ziurtasunak, hizkera goratuak, ezin ulertuzko hitzak eta diskurtso hutsak aurkitzen ditugu sarri, baina ausardiatik ezer gutxi. Hala eta guztiz ere, inguratzen gaituen munduan emozioak aurrera ari dira, etengabean. Catalunyak, nola ez, hunkitu gaitu egunotan, eta bereziki urriaren 1ean gure emozioak astindu zituen, barren-barreneraino… Nork ez zuen inpotentziaz negar egin poliziak adin eta kondizio guztietako pertsonak nola jipoitzen zituen ikustean? Nork ez zuen «aupa mutilak!» esan suhiltzaileak, jendea Espainiako uniformatuetatik babesteko, segurtasun-lokarria egin zutenean, futbol-partidu batean zureek atea ongi defendatzen ikusten dituzunean bezala? Nor ez da barrez lehertu ia haur-adinekoa den berezko maltzurkeria inozo horrekin, polizia bat eskola baten ondoko obra-sarean harrapatuta ikustean? Nor ez da elkartasunez harrotu, milaka eta milaka lagun hauteslekuetan ederki asko antolatuta ikustean? Nor ez zen kezkatu orduek aurrera egin ahala zaurituen kopurua goraka zihoala ohartzean? Nork ez zuen azalean berriz ere sentitu euskaldunok hain ondo ezagutzen dugun beldur hori? Sentimendu horiek guztiak elkarrekin bizi izanak botere-sentsazio ederra ekarri du berekin, benetan jartzen garenean lortu nahi dugun guzti-guztia lortuko dugunaren sentsazioa.
Emozio pilo hori bideratzen asmatzea funtsezkoa izango da, hemen ere beste prozesu independentista bat martxan jartzeko abiapuntua. Imitazio baldarrak ez du balio, ordea. Catalunyan egin dutenetik ez da ondorio errazegirik atera behar. Han beste baldintza batzuk eduki dituzte, baina horregatik ez dugu pentsatu behar orain gutxi arte han baldintza hobeak zituztela, Euskal Herrian ere baldintza jakin batzuk gure alde daudelako. Eta, hain zuzen ere, emozionala da horietako bat. Herri honetan gatazka politiko bat izan da, oso sakoneko zauriak –haietako asko, oraindik itxi gabeak– eragin dituena. Baina borroka-sentimendu bat ere izan da, konprometitutako jende asko, sufrimendu-sentimenduetatik abiatuta, sentimendu horiek arrazionalizatu dituelako jarraian, esanahi politikoa emanez militante-ibilbideari hasiera emateko. Kataluniako prozesuaren eraginez sentimendu horiek berpizten ari dira, azken egun hauetan antolatutako herri-mobilizazioetan nabarmentzen ari denez. Eta Catalunyak eragindako aktibazio emozional horrek euskal Estatua lortzearen aldeko konpromisoa ekar dezan, proiektu sendo batean biltzeko eta proiektu hori aurrera eramateko gauza izan beharko dugu, joera eta kondizio desberdinetako jendea konbentzituz. Irabazteko ez dago beste modurik: herri honen gehiengo soziala konbentzitu behar da, eta gehiengo sozial horrek erabakiko duena beteko dela bermatu.
Horretarako, EH Bilduk estrategia konfederal bat jarri du mahai gainean, hiru lurralde administratibo-instituzional (Nafarroa Garaia, EAE eta Ipar Euskal Herria) bereiziz. Bakoitzak bere prozesu konstituziogilea egingo du, eta askatasunez erabakiko dute beste bi lurraldeekin konfederatzea etorkizunean Euskal Errepublika Konfederala sortzeko. Hiru ostatuk osatutako errepublika bat, beraz, estatu bakoitzak erabakiko duelarik elkarren artean eta munduko gainerako estatuekin zer harreman klase izan nahi duen. Estrategia eraginkorrak behar ditugu horretarako, eta datozen hilabeteetan diseinatu beharko ditugu.
Baina gaur Arnaldo Otegik hedabideen aurrean esan duen zerbaiti eskaini nahi diot arreta: ez da beldur izateko garaia. Ausarta izan behar da, eta gainera asmatu egin behar da, orain ezin dugu zabarkeriaz aritu. Lortu behar duguna da Euskal Herriak estatu espainola eta frantsesa parez pare ikustea, sumisiorik eta mendetasunik gabe, mendekotasun-harremanik gabe alegia. Horretarako, Estatu bat izan behar dugu. Prozesu hori Estatu bat eraikitzeko bidean jarri behar dugu. Ezker independentista horretarako prest dago, eta jendea maitatu eta errespetatu behar dugu, zure buruarengan sinetsiz bakarrik izango zarelako zure helburuak lortzeko gauza. Horretaz hitz egiteko legitimitate handia duen pertsona batek esan du hori guztia, eta haren ahotik hitz eder horiek entzuteak hunkitu nau benetan.
Bada negarrari uzteko eta traje beltza kentzeko garaia. Elkarrengandik banantzen eta haserretzen gaituzten txikikeria eta xehetasunak ale batera uzteko garaia, pasioen aurretik helburuak jartzeko eta, filia eta fobia pertsonalen gainetik, herrialde-klabean pentsatzeko garaia. Guztion artean kubatar erara asmatzeko garaia da, Euskal Herriko errealitateak antolatzeko eta nazio bidezkoago eta kohesionatuago bat eraikitzen lagunduko diguten proiektuak guztion artean asmatzeko garaia. Ez delako jada izan ginenari eta ginegatik merezi dugunari begiratzeko garaia, ez, etorkizunari begiratzeko garaia da, etorkizunak Euskal Herria bakean ekar dezan, justizia sozialean oinarritua, herriaren borondatea betez jendeari benetako ongizate-mailak bermatuta. Estatu espainolak autoafirmazioa eta autokonplazentzia ditu bere herrialdearen ikur nagusitzat, eta guk ez dugu horrelakorik nahi. Estatu benetan librea nahi dugu, anbizio handiko errepublika bat, etengabe bilakatuz sakon-sakonetik demokratikoa izango dena.
Catalunya mundu guztiari erakusten ari zaio bidea: herri oso baten emozio piloa geldiezina da Europako estatu faxistenetako batentzat ere, baldin eta urrats guztiak banan-banan ongi antolatu, hausnartu eta planifikatzen badira. Katalanei gure elkartasuna helarazi behar diegu, eta zirt edo zarteko momentu baten aurrean gaudela behingoz sinetsi. Ongi egiten badugu, urratsetan asmatuz eta gure herria eta gure jendea maitatuz (hemengo jende onenak betidanik egin duen bezala), Euskal Herria Estatu independentea izango da ametsetan inoiz ikusi duguna baino askoz ere lehenago.


