Juan Karlos Izagirre. Donostiako alkate ohia eta EH Bilduko kidea.

Inor mindu gabe nahi nuke hau esan. Betiko alderdi politikoen arteko liskarrak alde batera utzi eta barru-barrutik datorkidan sentimendua da hemen idatziko dudana.
Sinetsita nago Kataluinan gertatzen ari dena historikoa dela. Modu baketsuan herri batek planto egiten dio estatuari. Planto egiten dio (hau nire interpretazio politikoa da) frankismoak ezarritako erregimenari. Eta herriari galdetu nahi dio ea prest dagoen "España, una, grande y libre" horretatik alde egiteko.
Aukera paregabeak sortzen dira. Herriaren nahia legediaren gainetik dagoela adierazteko aukera. Estatu berri batean beste politika batzuek ezartzeko aukera (ziur nago aurrerakoiagoak eta justuagoak izango direla). Europa (Estatu Espainola barne), herri ezberdinez osatuta dagoela eta hauek bere etorkizuna lasaitasun guztiarekin, kanpoko parte-hartzerik gabe, erabaki nahi dutela adierazteko aukera.
Nire oilo-ipurdiak ez du engainatzen: hunkituta nago. Ez dakit zer egin nire elkartasuna adierazteko: Kataluinako lagunei deitzen diet, idazten diet; manifestazioetara joaten naiz; pasatzen dizkidaten elkartasun adierazpenak sinatzen ditut... Mendi puntan Biba Zuek! Visca Catalunya Lliure!! oihukatzen dut...
Nire inguruan ere ikusten dut ilusio hau. Jendeak komentatzen du, nahi du... nahi duelako hau ondo ateratzea.
Eta benetan diot PNVren aldetik beste hainbeste espero nuela. Nola ez ba? zenbatetan entzun diegu Euskal Herriaren askatasuna nahi duela? Zenbatetan Kataluina eta Euskal Herria herri anaiak direla? Zenbatetan amesten duela Euskal Herria libre bat, gu ez garelako ez espainolak ez frantsesak? Lur jota gelditu naiz hartu duen jarrerarekin.
Lur jota baino gehiago, haserre, Lehendakariak egindako adierazpenekin. Zitalak eta Kataluinarekiko traizioa erakusten dutenak. Gauza bat da zu ez ausartzea eta "bilateralidad, acuerdos, estabilidad, pasito a pasito, te saco los presupuestos y me apoyas el TAV, mientras mantenga el poder lo demás puede esperar..." motako politika egitea (konpartitzen ez dudana, noski), eta beste bat "herri anai" batek pausu bat aurrera egiten duenean, zangotraba egitea! Pasada!!!
Lehendakaria gu guztion ordezkaria da, nirea ere bai. Eta benetan zaila izaten ari zait Katalauinako lagunei Lehendakariaren adierazpenak esplikatzea. Azkenean garbi esaten diet: "nire izenean eta euskaldun askoren izenean ez da ari. Ni eta gutako asko zuekin gaude guztiz."
Eta harritu ere egin dit ezkerra espainolak (benetakoak direla esaten dutenak) beste hainbesteko jarrera erakustea. Ez al dira konturatzen beraiek ere frankismoaren "Una, Grande y Libre"ren alde egiten dutenean, erregimenaren alde egiten dutela eta eskuineko "karkeenekin" lerratzen direla? Historian oso gutxitan izaten dira horrelako aukerak, eta hau ez aprobetxatzea ez dut ulertzen!
Benetan diot gustura txalotuko nuela Lehendakaria, gustura txalotuko nituzkeela benetako aldaketa nahi dutenak... baina desengainatuta sentitzen naiz jokatzen ari diren paperekin.

Aupa Kataluina. Urriaren 1ean askatasuna bozkatzera!