- Kategoria: Iritziak /
- 21 Azaroa 2016
Goizaldeko bostetan taberna batean bazaude, eta Guardia Zibila sartzen bada, egin ezazu ospa. Baita uniformerik ez badaramate ere. Zu ordea, barruan gelditu zara eta gaizki begiratu diezu poliziei. Ez dakizu ondo nola, baina borroka bat piztu da. Zureak egin du. Berdin du Barne Ministro ohiak esandakoak, berdin du Guardia Zibilak bere bertsioa aldatu egin badu ordu biren buruan, berdin du zure herrian gertatutako zerbaiten harira hiriburuko alkatea iraindu badute manifestazioetan. Zure bertsioak ez du balio: zu terrorista arriskutsua zara. Zuk antolatu zenuen dena, nahita, zure gorrotoak hartara bultzatuta: erruduna zara.
Kondenatuta zaude. Komunikabideek argi esan dute nola badagoen zure herrian talde bat Guardia Zibila gorrotatzen irakasten duena. Umetatik sartu dizute gorroto hori buruan, eta zuk, parean agente bi jarri zaizkizunean, jo egin dituzu.
Ez guri kontatu Guardia Zibila zure herriko jaietako karrozak apurtzen ibili denik, edo kontrol batean gelditu zintuztenean lepoan zintzilik zeneraman arranoa irentsi arazi zizutenik. Badakigu zure herriko kaleetan armatuta desfilatzen dutela, gaizki begiratzen zaituztela, atxilotzearekin mehatxu egiten dizutela eta edonoiz jartzen dituztela zure herriko sarreran zein irteeretan kontrolak. Eta? Horixe da beraien lana.
Eta nola gorrotoak ekintza terroristak egitera eraman zaituen, bada ez bada, kartzelan egingo duzu lo bolada batez. Baliteke zuk arrazoia izatea, eta zuk ez inor jotzea zorioneko goizalde haretan, baina ez arduratu. Zuk ere gorroto duzu Guardia Zibila eta ez dizu kalterik egingo Soto del Realeko maitasun dosiak. Sistemak maite zaitu, poliziak maite zaitu, komunikabideek maite zaituzte. Ulertezina da haiek denek elkarbizitzarako egiten duten ahalegina eginda, zuk orandik ere zurean jarraitzea. Hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan, eta askatu ditzatela atxilotuak herriko plazan.


