- 17 Apirila 2019
Pasa den apirilaren 10ean Gurea zineko erakusketa gelan aurkeztu eta onartu zen Amasa-Villabonako EH Bilduko lantaldeak osatutako Herri Programaren lehen dokumentua. Ez da behin betiko dokumentua izango, oraindik herritarren ekarpenak biltzen jarraitzeko Koaderno zuria ekimena eta datozen asteetan herriko etxe guztietara zabalduko den inkesta bat egingo baitira. Hala ere, dagoeneko esan daiteke EH Bilduko militantziak eta oinarri sozialak, herri programaren oinarrizko gakoak definitu dituela.
Herri Programak ardatz eta zehar-lerro nagusi bat izango du: Herritarren parte hartzea. Udalaren gobernantza eredua demokrazia zuzen eta parte hartzailearen terminoetan garatu nahi dugu. Eredu aldaketa honek udaleko sail eta alor guztietan izango du eragina, horregatik diogu zehar-lerroa dela, lan egiteko eredu bat baita, ez proiektu edo egitasmo konkretu bat. Beraz, aurrerantzean udaletik martxan jarriko diren politika guztiek herritarren eta herriko elkarte zein eragileen parte hartzeari bide eman beharko diote ezinbestean.
Hala ere, Herri Programa honetan 2019-2023 legealdirako proposamen eta proiektu zehatzak ere aurkituko dira, garrantzitsua iruditzen baitzaigu herritarrei ikus eta uki daitezkeen proiektu zehatzak ere eskaintzea, beti ere gure ezkerreko oinarri ideologikoekin modu koherentean, herritarren ongizatea bilatuz.
1. PARTE HARTZEA ARDATZ
Udal politika gardena, parte hartzailea eta herrikoia.
Amasa-Villabonako udala gobernatzeko modua eraldatu nahi dugu, hartu beharreko erabaki garrantzitsu eta esanguratsuenak herritarren esku utziz. Guk demokrazia zuzen eta parte hartzailea defendatzen dugu eta horregatik ez dugu udaleko bulego itxietan, politikari gutxi batzuen artean eta herritarrei bizkarra emanda garatzen den politika ereduan sinesten.
Ondorioz, herritarren parte hartzerako ordenantza aplikatuko dugu, parte hartze espazioak sortuz eta herritarrei hitza eta erabakia emanez. Alkaterik edo agintaririk onena herria bera dela defendatzen dugu. Horregatik EH Bilduko kideok ez dugu agintzeko bokaziorik, herritar eta elkarteek eskatzen digutena gestionatzea izango da gure betebehar nagusia.
Martxan jarriko ditugun tresna eta baliabideak
• Herritarren parte hartzea bermatzeko batzordea. Batzorde honek udala parte hartze neurriak hartzera behartzeko ahalmena izango du.
• Lan-mahai parte hartzaileak. Gutxienez bost mahai parte hartzaile jarriko ditugu martxan: Hezkuntza, Kultura, Euskara, Ingurumena eta Berdintasuna. Mahai hauek udal politikak erabakitzeko ahalmena izango dute.
• Telefonoetarako Aplikazioa (App). Herritarrei aukera ugari eskainiko dizkie: Eskaerak edo kexak bideratzea, inkestak, tramite azkarrak egitea...
• Herri Galdeketak: Estrategikoak diren edo herrian eragin handia izango duten erabakietan.
• Aurrekontu parte hartzaileak: Udalak prozesu parte hartzaile eta garden bat garatuko du urteko aurrekontuak onartu baino lehen.
• Auzoko erabakiak auzoan: Diru kopuru bat ezarriko da auzo bakoitzean inbertitzeko eta Auzo Batzarren bidez erabakiko da diru hori zein proiektu edo egitasmoetara bideratuko den.
• Gardentasuna: Udalaren web orria eraberrituko dugu eta modu sinplean aztertu ahal izango da udalaren jarduna: Bileretako aktak, Osoko Bilkuren grabazioak, udal ordezkarien soldata eta dietak...
2. HERRI PROGRAMAKO PROIEKTU ESANGURATSUAK
Malkar plazaren azpian Udalak dituen 60 aparkalekuak herritarren eskura jarriko ditugu
Villabonako herri-gunearen erdialdean, eguneko hainbat momentutan autoak aparkatzeko gero eta arazo handiagoak daude. Hau kontuan izanik, onartezina da udalak Malkar plazaren azpialdeko garajeetan 60 aparkaleku plaza hutsik edukitzea. Ondorioz, EH Bildutik aparkaleku horiek herritarren erabilerari irekiko dizkiogu. Horretarako hainbat formula aztertu ditugu eta guk parking publiko bat zabaltzea lehenetsiko dugu. Egitasmo honen bidez aparkaleku publiko hauek autoen rotazioa izatea lortu nahi dugu eta herri-gunean dauden aparkatzeko arazoak neurri esanguratsuan arindu egingo direla aurreikusten dugu.
Etxebizitzaren arazoa: Gazteentzako alokairurako laguntzak, etxe hutsak merkaturatu eta adineko pertsonentzat tutoretzapeko etxebizitzak
Amasa-Villabonan ere, etxebizitza duina izateko eskubidea ez da bermatzen. Gazteek arazo handiak dituzte emanzipatu eta bizi proiektu independentea garatu ahal izateko. Gazte askok herritik kanpora jo dute, etxebizitza eskaintza urria eta garestia delako. Alokairuen prezioak izugarriak dira. Horregatik, alokairu eskaintza handituko dugu, hutsik dauden 316 etxebizitzak alokairu merkatura ateratzeko neurriak hartuz eta gazteentzako laguntza sistema bat martxan jarriz alokairuak ordaindu ahal ditzaten. Etxebizitza berrien eraikuntzan, alokairu soziala, Babes Ofizialeko Etxebizitzak edota adineko pertsonentzako etxebizitza tutelatuak ezartzea bermatuko dugu.
Herritarrek aukeratutako Larreako parkea estaltzeko proiektua
2014an herrian gune estali bat izateko eskaerari erantzun bat emateko udalak garatutako parte hartze prozesu zabal baten ondoren, herritarrek bozka zuzenaren bidez Larreako parkea estaltzeko proiektua aukeratu zuten. EAJk proiektu hori geldiarazi zuen inolako azalpenik eman gabe. Gure ustez, herritarrei zor zaien errespetuagatik eta Larrea-Arroa auzoetan jende asko bizi delako, parkearen eremua eraberritu eta estaltzea lehentasun osoa duen egitasmoa da. Ondorioz, EH Bilduk proiektu hau egiteko konpromisoa hartzen du.
Kirol arloko premien inguruko prozesu bat zabalduko dugu datozen urteetan kirol azpiegitura berriak eraikitzeko
Amasa-Villabonako eragileen parte hartzerekin, prozesu bat zabalduko dugu herriko kirol azpiegituren (Kiroldegia, Frontoiak, Futbol Zelaia) birmoldaketa edo eraberritzeari heltzeko eta etorkizunean ezarri daitezkeen kirol eremu eta zerbitzu berriak adosteko. Gaur egungo kirol azpiegiturak zabaldu eta dibertsifikatu nahi ditugu momentu honetan herrian praktikatu ezin diren hainbat kirol modalitate berri garatu ahal izateko. Zentzu horretan, kirol anitzen gune berriak sortzea bultzatuko dugu. Adibidez pumptruck, rocodromoa, padel, skate-park…
3. HERRI PROGRAMAKO EGITASMOAK
*Gai ezberdinen ordenak ez dauka arrazoi zehatzik, EH Bilduren lantaldean landutako ordena da, ez besterik.
1. KULTURA
• Kultura bonoa sortuko dugu: Amasa-Villabonako dinamika kulturala indartu eta bertako kontsumo kulturala sustatzeko.
• Liburutegia: Etorkizunean udal-liburutegiak izan beharreko erabileraren inguruko hausnarketa prozesu bat zabalduko dugu, gaur egun oso zaharkitua geratu den azpiegitura eraberritzeko.
• Kulturan Ados! mahaia: Herri eragileen eta udalaren arteko hartu emana sendotzeko eta Amasa-Villabonako kultur politikaren ildo nagusiak adosteko gunea izango da. Herritarren eta herriko eragile kulturalen parte hartze aktiboa bultzatuko da eta gune honek herrian garatuko den dinamika kulturala marraztuko du.
• Gazteek beraien egitaraua sortzeko aukera izango dute. Beti parte hartze zuzenaren bidez.
• Musika emanaldiak Aljibean: Herrian musika zuzenean entzuteko dauden gabeziei aurre egiteko modua izango da. Emanaldi hauek aurreko legealdian martxan jarritako Aljibe-gauen filosofia izango dute, hau da, emanaldiak herriko eragileek eta udalak elkarlanean antolatuko dituzte.
2. KIROLA
• Kiroldegiko kantxaren berrikuntza: Olaederra kiroladegian egin beharreko mantenu lanez gain, instalakuntzen zahartzeari aurre egiteko inbertsioak egingo dira eta kiroldegiko kantxa nagusiaren egoera tamalgarria izanik, lehen inbertsio esanguratsua hau berritzea izango da. Inbertsio honi aurre egiteko (100.000 euro inguru) Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza bilatuko dugu.
• Kirol egokitua bultzatzea: Aniztasun funtzionala duten pertsonek kirol jarduera ezberdinak egin ahal izatea bultzatuko dugu.
3. INGURUMENA
• Ingurumen Batzordea berreskuratu eta Ingurumenean Ados mahai parte hartzailea berriro martxan jarri. Mahai honek udalaren ingurumen politikaren ardatzak eta proiektu nagusiak erabakitzeko ahalmena izango du.
• Amasamendiko kudeaketa plana: Berriro mahai gainean jarriko dugu, ondo aztertuz eta mahai parte hartzailean erabakiko dira plan honetan aurreikusten diren zein proiektu garatu daitezkeen urtez urte.
• Egungo hondakin bilketa sistema mantenduko dugu. Alderdi politiko ezberdinen arteko akordioa errespetatuko dugu, edukiontzien sistemarekin jarraituz. Lortutako akordio zabalari eta aurreko legealdian ezarritako atez-ateko sistemari esker, hondakinen bereizketan emaitza positiboak lortu dira eta amasa billabonatarrak zoriondu nahi ditugu horregatik. Hala ere, datuek erakutsi digute organikoaren bilketan hobetu beharra dagoela (organikoa ez den hainbat hondakinek organikoaren edukiontzian amaitzen dute) eta organikoa behar bezala bereiz dadin informazio kanpaina bat bultzatuko dugu.
• Auzo-konpostaren zabalpena. Auzo-konpost gune berriak zabalduko ditugu, hondakinen sorrera murriztuz.
• Gutxitu, Bererabili, Birziklatu filosofian sakondu. Sentsibilizazio kanpaina berritzaileak gauzatuko ditugu hondakinen kudeaketa zuzen bat garatzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko.
4. HIRIGINTZA
• Hirigintza Plan Orokorra: Orain 10 urte adostu zen eta oraindik indarrean sartu ez den hirigintza plangintza berraztertu eta egokitu egingo dugu. Hau ere modu ireki, zabal, garden eta parte hartzailean egin nahi dugu, herriari hitza eta erabakia emanez.
Eztabaida eta hausnarketa prozesu bereziak martxan jarriko ditugu Amasa-Villabonaren etorkizuneko hirigintza garapenerako oso garrantzitsuak izango diren eremuetan zer egin erabakitzeko: SACEM, Agaraitz, Otsabi, Txermingo aparkaleku atzeko mendia eta Amasako herrigunea.
• Auzoetan erabaki: Udalak herriko auzo ezberdinei urtero diru kopuru bat esleituko die mantenua eta inbertsio berriak egin ahal izateko. Diru hori zertan inbertituko den bertako bizilagunek erabakiko dute, auzo-batzarren bidez.
• Txermingo aparkaleku handiaren berritzea eta berrantolaketa. Gaur egun oso egoera txarrean aurkitzen da eta beharrezkoa izango da argi gehiago jartzea, bertara joateko bideak txukuntzea eta aparkalekuaren berrantolaketa integral bat egitea.
• Agaraitz auzoko etxebizitzen ingurua txukundu edo duindu egingo dugu, gaur egun egoera penagarrian dago eta.
• Zebrabideen argiztapena. Antzeman diren segurtasun arazoak konpontzeko.
• Kale Nagusia arratsaldez oinezkoentzat soilik irekia egongo dela ziurtatzeko neurri eraginkorrak hartuko ditugu.
• Kale Nagusia 62-66 etxeen eraisketa. Etxebizitza hauek guztiz utzita eta hondatuta daude. Egoera horrek segurtasun eta higiene arazoak sortzen ditu; teilatuetako teila zaharren erorketak, arratoiak... Beraz, udalak (hirigintza plangintzak markatutakoa betez) eraikin horiek bota edo eraisteko neurriak hartuko ditu.
• Amasara iristeko oinezkoen bide duina. Gaur egun Villabonatik Amasara oinez igotzeko dauden bideak ez dira batere egokiak: aldapa handiak daude, Otsabi inguruan segurtasun arazo nabarmenak etab. Beraz, Amasara oinez igotzeko bide seguru eta egokiagoak beharrezkoak dira.
• Arratzaingo futbol zelai ondoko aparkalekua txukundu. Aparkaleku hau asfaltatu eta txukun jarriko dugu, gaur egun nahiko trakets dago eta.
• Oztopo arkitektonikoen ezabatzea. Mugikortasun arazoak dituzten herritarren parte hartze zuzenarekin, herrian dauden oztopoen katalogoa egingo dugu, legealdian zehar oztopo guztiekin amaitzeko helburuarekin.
• Oriamendi eta Larreako espaloien konponketa progresiboa, egoera txarrenean daudenetik hasita.
• Elementu naturalekin osatutako parkea. Herrian dauden 7 haur parkeetako bat gutxienez birmoldatu egingo dugu, bertan elementu naturalak jarriz: egurra, hondarra, lurra, belarra...
• Arroako lurzoruaren konponketa. Arroako hainbat eremutan lurzorua hondatuta dago eta euria egiten duenean ur pilaketa eta putzu handiak sortzen dira. Arazo hauek konpontzeko interbentzio batzuk egingo ditugu.
• Santio Egoitza aurrealdeko kalearen konponketa. Kale horrek oso arriskutsuak diren koskak eta zuloak ditu, eta Santio Egoitzako erabiltzaileek dituzten mugikortasun arazoek, eremu hori derrigor konpontzera eramaten gaituzte.
• SACEM-etik Anoetara doan bidean argiztapena ezartzea.
5. HEZKUNTZA
• Hezkuntza Mahaia sortu: Herriko hezkuntza eragile guztiek eta udalak osatuko dute mahaia. Bertan, hezkuntza arloan Amasa-Villabonak dituen erronkei modu bateratuan erantzutea bilatuko da.
• Etorkizuneko hezkuntzaren inguruko gogoeta partekatua egitea sustatuko dugu, horretarako hezkuntza mahaia baliatuz.
• Zubimusu Ikastola eta Fleming Herri Eskola-ren arteko elkarlana bultzatuko dugu.
• Amasa-Villabonako curriculuma diseinatu eta aplikatzen hasiko gara.
• Azpiegiturak hobetzeko inbertsio plana garatuko dugu, Fleming Herri Eskolako eta Erniobea Institutuko komunitateekin elkarlanean.
• Jangela zerbitzu propioak. Herriko ikastetxeetan bertako eta sasoiko produktuetan oinarrituko diren jangela zerbitzuak martxan jar daitezen lagunduko dugu.
• Seaska Haur Eskolan matrikulatzeko diru laguntza programa bat ezarriko dugu zerbitzu publiko hau doakoa izatea lortzeko helburuarekin.
6. BERDINTASUNA-FEMINISMOA
• Udaleko Berdintasun Saila sortu eta berdintasun lan mahai parte hartzailea eratu. Ezinbestekoa den herriko mugimendu feministaren eta udalaren arteko elkarlan serio eta konprometitu bat bideratzeko gunea izango da. Lan mahai honek erabakiko du udalak berdintasunerako izango duen aurrekontua zertara bideratuko den.
• Amasa-Villabonako emakumeen elkargunerako gune bat sortuko dugu, kalean egongo dena eta emakume guztiei irekia. Bertan hitzaldiak, bideo emanaldiak, tailerrak... antolatu ahal izango dira.
• Berdintasuna zehar-lerro gisa. Udaleko sail guztietako lanean, genero ikuspegia txertatzeko bitartekoak jarriko ditugu martxan. Udalak bai barnean eta baita kanpora begira ere, genero berdintasuna ardatz izan dezan.
• LGTBI kolektiboaren eskubide berdintasuna defendatuko dugu beti.
7. ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA
• Elkartasun astea berreskuratuko dugu. Herritarren sentsibilizazioan eragiteko egitarau zabala izango du eta Giza Eskubideen defentsan oinarrituko da.
• Amasa-Villabonak dituen senidetzeen berreskurapena eta indartzea. Gure herriak Saharako Agti dairarekin (2014) eta El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin (2009) dituen senidetzeetan sakonduko dugu, harremanak berreskuratuz eta herrien arteko elkartruke berriak bilatuz.
• Herri zapalduekin elkartasuna, bereziki askapen nazionalaren alde borrokan ari diren nazioekin: Palestina, Kurdistan, Korsika, Katalunia... Eta baita egoera humanitario oso larria bizi dutenekin ere: Haiti, Bangladesh, Somalia, Yemen, Siria...
8. GIZARTE ZERBITZUAK
• Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua indartuko dugu arreta integraleko zerbitzu bilakatuz.
• Pobreziaren aurkako borroka: Pertsona guztiek, pertsona izateagatik, bizirauteko gutxieneko baliabide ekonomikoak izateko eskubidea dute. Herritar askok pertzepzio eta iritzi okerra du: RGIa kanpotarrek jasotzen dutela. Hau ez da egia. Errealitate hau gizarteratuko dugu, arrazakeria eta xenofobiari aurre egiteko eta RGIaren aldeko sentsibilizazioa garatzeko.
• Prebentzioa: Etorkizunean arazoak izan ditzaketen esparruak identifikatu eta prebentzioan sakonduko dugu. Adibidez, apustuak (ludopatia), telefono mugikorren, sare sozialen adizioak etab. Gehienbat haur eta nerabeei begirako programak garatuko ditugu hezkuntza eragileekin elkarlanean.
• Parte hartzea: Erabiltzaileak, herritarrek eta gizarte eragileek, gizarte zerbitzuen plangintzan, garapenean, ebaluazioan, kudeaketan eta erabakiak hartzean parte hartzea. Erabakitzeko ahalmena (loteslea) emanez.
• Dependentzia: Pertsonen autonomia pertsonala eta arreta sustatuko ditugu. LPPE-ari (Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa) lehentasuna ematea. Zaintzaile ez profesionalei balioespen bat jasotzeko eskubidea: laguntza tekniko eta psikologikoa, prestakuntza, atseden hartzeko programak...
9. ENPLEGUA
• Azpikontratak gutxitu eta zerbitzu publikoak indartu. Udalak ahal den heinean udal zerbitzuak zuzenean kudeatzea bultzatuko dugu.
• Klausula Sozialak udalak egiten dituen kontratazioetan. Udalak kontratatzen dituen enpresa guztiek, beren sektoreko lan-hitzarmena errespetatu beharko dute eta klausula sozialekin jarduten duten enpresei lehentasun osoa emango zaie. Aldi Bateko Lan Enpresak (ETT bezala ezagutzen direnak) ez dira kontratatuko.
• Santio festetan herriko langabetuak edota gazteak kontratatzea.
10. ADINEKO PERTSONAK
• Udala, Santiago Egoitza eta Jubilatu Elkartearen arteko lankidetza sustatuko dugu. Adineko pertsonen zahartze aktiboa bultzatzeko: irteerak, jolasak, herriko ekintzetan parte hartzea...
• Nerabe-gazte eta adineko pertsonen arteko harremana sustatzeko programak bultzatuko ditugu herriko ikastetxeekin. Belaunaldi ezberdinen arteko transmisioan sakontzeko.
• Etxebizitza tutelatuen eraikuntza aztertuko dugu, bakarrik bizi diren adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin.
11. EUSKARA
• Euskararen erabilera bermatuko dugu. Udalak euskaraz lan egingo du eta berdintasuna bezalaxe, euskararen erabilera ere zehar-lerroa izango da udalaren jardun publiko guztian.
• Euskaran Ados lan mahaia berreskuratuko dugu. Euskararen normalizazioaren aldeko herri eragileen bilgunea izan dadin eta udaleko hizkuntza politikak bertan diseinatu eta adostu daitezen.
• Amasa-Villabonako Euskara Plana garatu. Dagoeneko eginda dagoen plangintza hau eta bertan jasotzen diren neurriak martxan jarriko ditugu.
• Haur eta nerabeei zuzendutako kontzientziazio kanpainak. Ikastetxeen, eskola kirolaren eta herriko kirol zein kultur elkarteen inplikazioa bilatuz.
• Amasa-Villabona UEMA-ko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) partaide izango da. Herri euskalduna garelako eta UEMAk euskararen normalizazioan aurrera urratsak emateko baliabideak eskainiko dizkigulako.
• Euskara ikasteko doakotasuna. Amasa-Villabonan euskara ikastea doakoa izango da, udalak euskaltegietako matrikulen %100a ordainduko du. Etorkinentzako ikaste-plan bereziak ere diseinatuko ditugu, gure herrira datozen guztiek lehen momentutik euskara ezagutu eta dohain ikasteko dauden aukerak ezagutu ditzaten.
12. GAZTERIA
• Gazteen emanzipaziorako laguntza sistema bat ezarriko dugu. Gazteek beren lehen etxebizitza independentea izateko aukera izan dezaten.
• Droga menpekotasunak saihesteko programak.
13. JATORRI ANIZTASUNA
• Etorkinentzako harrera plan Integrala osatuko dugu. Etorri berriak diren herritarrek dituzten zerbitzu, betebehar eta eskubideak adieraziz.
• Jatorri atzerritarreko haurrentzat euskara ikastaro espezifikoak sortuko ditugu haur hauek euskara ez ezagutzeagatik herriko ikastetxeetan dituzten arazoak ahalik eta modu erraz eta azkarrenean konpon ditzaten.
• Jatorri ezberdinetako herritarren arteko elkar ezagutza areagotzeko ekimenak egin eta bultzatuko ditugu. Ekimen hauek kulturartekotasuna, berdintasuna eta munduko kultura aberastasunaren balio positiboak zabaltzeko helburua izango dute.
14. ENERGIA
• Energia efizientziaren aldeko apustu irmoa egingo dugu. Argiteria publikoan eta udal instalakuntzetan energia eredu efizienteak ezarriko ditugu.
• Eraikuntza publiko berri guztiak energetikoki eraginkorrak izango dira eta eraikita dudenetan trantsizio energetikoa garatzeko konpromisoa hartzen dugu.
• Udalak kontsumituko duen energia guztia jatorri berriztagarrikoa izango da. Horretarako energia hornitzaile berriak kontratatuko ditugu, erregai fosilen bidez lortutako energia kutsakorraren hornidura eskaintzen duten enpresak baztertuz.
15. ELKARBIZITZA, MEMORIA ETA PRESOAK
• Memoria eta Bizikidetza batzordea. Batzorde honetan parte hartuko duten alderdi politiko guztien arteko adostasunaren bidez, giza eskubideen aldeko sentsibilizazioan sakonduko dugu.
• Egia, justizia eta erreparazioa: Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren biktima guztiei aitortza publikoa egingo diegu. Biktima guztiek eskubide berberak eduki behar dituztelako.
• 1936-2019 urte artean motibazio politikoengatik eman diren giza eskubideen urraketa guztiak bilduko dituen azterketa zientifikoa osatu eta argitaratuko dugu.
• Udalak, estatuaren salbuespen legedia guztia desaktibatu eta desagertzearen aldeko jarrera eta konpromiso garbia adieraziko du eta zentzu horretan, salbuespen egoeren aurkako herri ekimen oro babestuko du.
• Udalak dispertsioan oinarritzen den kartzela politika behin betiko amaitzeko bere eskuetan dagoen guztia egingo du eta bitartean herriko presoen familia eta lagunek pairatzen duten dispertsioaren eraginak murrizteko neurriak hartzea aztertuko du.
16. ETXEBIZITZA
• Amasa-Villabonan dauden 316 etxebizitza hutsen azterketa sakon bat gauzatuko dugu. Etxebizitza horiek okupatu gabe egotearen arrazoiak aztertuz, etxebizitza hauek errentan ateratzeko neurri eraginkorrak hartzea izango da helburua.
• Alokairu soziala bultzatuko dugu. Etxe jabe eta errentan bizi nahi duten pertsonen artean bitartekaritza lana egingo dugu, alokairurako dauden administrazio ezberdinen laguntzen inguruko informazioa zabalduz etab.
• Bigarren etxebizitza hutsei zerga errekargua aplikatzen jarraituko dugu, hauen merkaturatzea bultzatzeko asmoz.
• Hainbat eremutan hutsik dauden lokal komertzialak etxebizitza moduan alokairuan jartzeko aukerak aztertuko ditugu.
17. MERKATARITZA
• Merkataritza Mahaia sortuko dugu herriko merkataritza sustatzeko. Merkatari guztiei irekia egongo da eta udalak garatuko dituen herriko merkataritzaren aldeko politikak bertan adostuko dira.
• Erosketak etxera eramateko zerbitzua bultzatuko dugu, herriko merkatarien eta udaleko Gizarte Zerbitzuen elkarlanean oinarrituko den zerbitzu berri bat izateko.
• Udal zerga eta tasetan laguntzak komertzio berriak sustatzeko.
• Herriko Oria merkatarien txartela beste funtzio batzuetara zabaltzeko proiektu bat garatuko dugu.
18 BESTEAK:
• Wifi publikoa ezarriko dugu herri-gunean.
• Herritarren eskaera txikiei bizkortasunez erantzuteko "ti-ta" zerbitzua ezarriko dugu. Udal ordezkari baten kontaktua zabalduko dugu egunerokotasunean ematen diren arazo txikiei segituan irtenbide bat aurkitzeko.