Amasa Villabonako EH Bilduren Udal-Taldeak ekimen berri bat abiatu, eta pasa den maiatzaren 22an Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako Zerga Erreformaren aurkako Mozio bat aurkeztu zuen udalean. Zerga erreforma horren bidez, Gipuzkoako pertsona aberatsenek, diru gehien dutenek, zerga gutxiago ordaindu beharko dituzte eta ondorioz, Foru Ogasunak jasoko duen diru kopurua nabarmen jaitsiko da.

Honako neurriak herritarren gehiengoaren iritziaren kontra hartutakoak direla pentsatzen dugu eta ondorioz, Amasa Villabonako PNV eta PSEri ausartak izatea, diziplina partidistak albo batera uztea eta herritarren gehiengoak pentsatzen duenarekin bat egin eta mozio honen alde egitea eskatu genien. Mozioak jasotzen dituen puntuak edonorentzat onargarriak izan behar luketela pentsatzen genuen.

Udaleko Osoko Bilkuran PNV eta PSEk kontra bozkatu zuten, aberatsei zergak jaitsi izana ontzat emanez.

PNVko ordezkariak, gai hau "gehiago dakitenen artean, Foru Aldundian" landu behar zela argudiatu zuen, udala ez omen da posizonatu behar gai hauetan. Nahiz eta zerga erreforma honek gipuzkoar guztioi eragingo digun, jeltzaleen ustez, udalek ezin dute ezertxoe ere esan, eta isilik geratzea tokatzen zaie. Zer nolako aitzakia merkea, egia ez esateko: PNV izan da erreforma honen bultzatzaile nagusia eta aberatsenei, enpresari handiei, kontu korronteetan miloiak dituztenei zergak jaistea bere ADNan doa, eskuineko ideologia neoliberala duten alderdi guztietan bezala. Baina badirudi udaletxeko jeltzaleek ez dutela hori aitortu nahi eta udalak gai honetan duen konpententzia eza jartzen dute gaiaz ez hitz egiteko aitzakia gisa.

Are penagarriagoa da PSEko M.L. Arija zinegotziaren jarrera. EH Bildutik mozioaren kontra bozkatzearen arrazioa galdetu ondoren, bere erantzuna hau izan zen "por pura disciplina de partido". Badirudi gai honetan ezeroso dagoela Arija, dagoeneko hamarkadak dira PSOEk ezkerroko alderia izateari utzi zionetik, baina badirudi Arija oraindik ez dela enteratu, edo ez duela ikusi nahi. Gero diskurtso aurrerakoi eta ezkertiarrekin ahoa betetzen zaio, baina egiaren orduan, disziplinaren izenean ez du inolako arazorik gipuzkoarron gehiengoaren interesen kontra aritzeko. Patetikoa.  

Hau da EH Bilduk Amasa Villabonako udalean aurkeztu zuen, eta PNV eta PSEk kontra bozkatu zuten MOZIOA osorik:

ARRAZOIEN AZALPENA

Pasa den maiatzaren 9an izandako Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, EAJ-PSE koalizioak eta PPk, Gipuzkoako aberatsenei zergak jaistea erabaki zuten.

Hemendik aurrera, Gipuzkoako 38 aberatsenek, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko dute urtero eta guztira 15, 5 milioi euro gutxiago jasoko ditu Gipuzkoako Foru Ogasunak.

Bitartean, EAJ-PSE koalizioak murrizketa sozialak egiten jarraitzen du, adibidez, urteko 300 eta 1000 euro arteko murrizketa pairatu dute mendekotasuna duten 4.330 familia gipuzkoarrek.

Normala den bezala, Gipuzkoako herritarren gehiengoarentzat honakoa kontu eskandalagarria da. Gipuzkoako %1 aberatsenentzat, berriz, ospatzeko moduko erabakia izan da, aberatsenek, milioika euroko kontu korronteak dituztenek, badute zer ospatua. Izan ere Fortuna Handien gaineko Zerga bertan behera garatzeko erabakia hartu dute EAJ-PSE eta PPk, eta ondorioz zerga sistema ezberdin bat indarrean sartuko da, askoz insolidario eta injustuagoa.

Datuak argiak dira: Zerga erreformaren memoria ekonomikoaren arabera, Foru gobernuak egin nahi duen aldaketarekin “zerga ezkutua” delakoa (“escudo fiscal”) baliatuko luketen 875 zergadun aberatsenek batez beste 37.794 euro gutxiago ordainduko liokete Ogasunari. Guztira, 33 miloi gutxiago jasoko lirateke ezkutuaren eraginez, diru hori ezinbestekoa denean herritarren ongizatea bermatzeko.

Baina memoria ekonomikoan are eta larriagoa den beste datu bat ere ematen da: zehazki, 12,8 miloi euro baino aberastasun handiagoa duten 38 pertsonetako bakoitzak, batez beste, 408.316 euro gutxiago ordainduko lioke urtero Ogasunari. Hau da, EAJ-PSE koalizioak Gipuzkoako 38 aberatsenei urtero 15 miloi t’erdi oparituko dizkie.

Baina gehien dutenen zergak jaistea larria bada, are larriagoa da, aldi berean gehien behar dutenei murrizketak ezartzea. Foru Aldundiko datuei erreparatuz, Gipuzkoan 16.697 pertsonek jasotzen dute mendekotasun prestazioren bat. Urtarrilaren 1etik indarrean sartu den Foru dekretuarekin, 16.697 onuradunetatik % 27a, hau da, 4.330 pertsonak, murrizketak jasaten hasi dira. Gainera, mendekotasun handiena (III. Gradua) dutenek pairatuko dituzte murrizketarik handienak, hau da, diru-laguntzak gehien behar dituztenek.

Esate baterako, mendekotasuna duen pertsona etxean zaintzeagatik diru-laguntza jasotzen duten senideei hilero 25 eta 80 euro arteko murrizketa aplikatu zaie urtarrilaz geroztik, hau da, 300 euro urtean 1. gradukoen kasuan eta 1000 euro urtean 3. gradukoetan. Eta kontuan hartu behar da laguntza hauek, batez ere, senarra zaintzen ari den emakume pentsiodunek kobratzen dituztela.

Datuak argiak dira. Ez dira EH Bilduk asmatutako datuak, ezta sindikatu edo eragile sozialen datuak ere. Hauek guztiak Foru Aldundiak emandako datu ofizialak dira.

MOZIOA

1. Amasa Villabonako udalak, ez du zerga erreforma hau babesten eta ondorioz, ez du bat egiten Gipuzkoako aberatsenei zergak jaisteko erabakiarekin.

2. Amasa Villabonako udalak Fortuna Handien gaineko Zerga bere horretan mantentzea eskatzen du, zerga hau (beste askorekin batera) aberastasunaren banaketa solidario eta justua egiteko trena egokia dela pentsatzen baitu.

3. Amasa Villabonako udalak ez du babesten aberatsen mesedetan ezarri den "zerga ezkutua" edo "escudo fiscal" delakoa.

4. Amasa Villabonako udalak mendekotasuna duten familiek jasotzen dituzten diru- laguntzetan murrizketarik ez egitea eskatzen dio Foru Aldundiari.

5. Amasa Villabonako udalak Mozio hau Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako mahaiko lehendakariari helaraziko dio.

 

 

EH BILDU UDAL-TALDEA

Amasa Villabonan, 2018ko maiatzaren 22an