Maite Izagirre alkateak zuzentzen duen PNVren udal gobernuaren erabakiz, aurrerantzean herriko elkarte eta eragileek antolatzen dituzten ekintzetarako ezingo dute Villabonako frontoia erabili. Erabaki hau aldebakartasunez hartu du alkateak edota bere taldeak, beste talde politikoek parte hartzen duten udaleko organoetan ezertxo ere aipatu gabe.

Aurreko urteetan ez bezala, BeerToki artisau garagardo azokaren antolatzaileei (eskaera egin eta 3 hilabetera) frontoia erabiltzeko baimena ukatu izanak erreakzioa ekarri du eta herriko elkarte eta eragile gehienek babestu duten idatzi bat kaleratu dute. Idatzi horretan udal gobernuaren jarrera debekatzailea salatu eta frontoiaren erabilera publikoa defendatzen da, hau da udalari egiten zaion eskaera: "Udalak ezarritako debekuak bertan behera uztea eta orain arte bezala, herriko elkarte eta eragileek Behar Zana frontoia erabili ahal izatea, nahi dituzten ekintzak antolatzeko". Idatzi honen aldeko sinadura bilketa bat ere abiatu da norbanakoek ere bere atxikimendua eman ahal izateko. Sinadurak biltzeko hainbat leku ezarri dira herrian zehar: Lainoa eta RK tabernetan, Amasa kafetegian, Errota txiki eta Arroako Labezain okindegietan, Basajaun liburu dendan eta Kazetarian. 


Amasa Villabonako EH Bilduk bat egiten du frontoiaren erabilera publikoaren aldeko idatziarekin

Hau da EH Bilduk sare sozialetan argitaratu duen iritzi laburra:

Ulertezina iruditzen zaigu udalak herriko elkarteei frontoia erabiltzeko baimenik ez ematea. Herrian antolatzen diren ekimenak lagundu beharrean, traba, oztopo eta debekuak ezartzeak ez dauka zentzurik. Beraz, bat egiten dugu frontoiaren erabilera publikoaren alde herriko hainbat elkarteren babesarekin, Beertokik abiatutako sinadura bilketarekin. Debekurik ez!