Asteleheneko udaleko osoko bilkuran PNV eta EH Bilduren arteko mozio bateratua onartu zen aho batez (PSEko ordezkaria ez zen bertan izan osasun arazoak direla eta). Hau da Mozioaren testua:

"Espainiako Guardia Zibilak Katalunian egin duen operazioen larritasuna ikusirik, eta urriaren 1eko erreferenduma Kataluniako instituzio nagusiek herritarren nahiei bide emateko hartutako erabakia galarazteko Espainiako Gobernua bultzatzen ari den neurri antidemokratikoei erantzunez, Amasa Villabonako Udalbatzak ondorengo Mozioa onartzen du:

1. Oso kezkatuta gaude Espainiako Estatua Katalunian izaten ari den esku-hartzearekin eta irmoki salatzen ditugu azken gertakariak/erasoak: Generalitateko hamalau kargudunen atxiloketak, miaketak eta etengabeko jazarpen polizial eta judizialak. Atxiloketa politikoak dira eta beraien delitua politika egitea soilik da. Salbuespen egoera ezartzen ari da Katalunian, eskubide zibil eta politikoak masiboki urratuz. Gertatzen ari dena asaldagarria eta onartezina dela uste dugu. Nahikoa dela esateko ordua da.

2. Gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu atxilotuen eta jazartuen lagun eta senide, Kataluniako erakunde guztiei eta orokorrean Kataluniako herri osoari. Gure babesa eta laguntza izango dute, orain artean bezala, urriaren 1a bitartean, eta baita urriaren 1etik aurrera ere.

3. Urriaren 1eko erreferenduma Kataluniako herritarren gehiengoaren nahiari erantzuteko tresna demokratikoa dela eta, beraz, guztiz zilegia. Herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea edo herri honek autodeterminazio eskubidea du. Euskal Herriak eta Kataluniak libreki adierazitako herritarren borondatearen bidez bere etorkizuna eraikitzeko eskubidea dute.

4. Kataluniako alkateak deklaratzera deitzea irmoki salatzen dugu eta ez dugu onartuko politika egitea delitu bilakatzea, demokrazia ezin baita Konstituziora mugatu. Elkartasuna adierazi nahi diogu espresuki alkateei.

5. Udal honek kataluniarrek Urriaren 1ean hartutako erabakia errespetatu eta aitortuko du eta beste erakundeei ere errespetatzeko deia egiten die. Horretarako erabaki honen berri, Kataluniako Parlament-eko lehendakariari, Madrilgo Gobernuko presidenteari eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari ematea erabakitzen du. Gure udalerriko herritarrei ere jakinaraziko zaie erabaki honen berri."


Amasa Villabonako EH Bildutik pozez hartu dugu PNVrekin mozio bateratu bat onartzeko, Villabonako udalbatzan lortu ahal izan dugun akordioa. Benetan pozten gaitu Villabonako PNVk mozio honetan jasotako edukiekin bat egiteak, izan ere zoritxarrez beste hainbat instituziotan (Gasteizko legebiltzarrean edo hiru herrialdeetako Foru Aldundietan kasu) ez dugu jeltzaleen ahotik horrelako mezurik entzun, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzek lotsaarazi ere egin gaituzte zenbaitetan. Espero dugu hau "postureo" hutsa ez izatea eta aurrerantzean ere Kataluniaren defentsan eta batez ere Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen defentsan urrats bateratuak ematen jarraitu ahal izatea. Bada garaia espainiar estatuari bigarren fronte bat zabaltzeko hemen, Euskal Herrian. Nazio bat garela aitortzen dugunok eta ondorioz erabakitzeko eskubidea dugula defendatzen dugunok, bat egin, eta Madrilen aurrean gure eskubideak modu bateratu eta indartsu batean defendatzeko gai izan behar genuke. Hori da guk aldarrikatzen dugun bidea, prest gaude Madrilera edo joan behar den tokira joateko eta herri honen aitortza eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko, baina estatuak eskubide horiei ateak isten badizkio eta hitz egin edo negoziatzeari uko egiten badio, guk gure aldetik ekin beharko diogu bideari, euskal bideari.