- 03 Martxoa 2017
Pasa den otsailaren 20ko udalbatzan jorratu zen Gurea zinea erabiltzeko udalaren eta Jesusen Bihotza parrokiaren arteko kontratuaren gaia. Ezadostasuna eta eztabaida izan zen alokairu kontratu berria babestu zuten PNV eta PSOE alderdien eta aukako bozka eman zuen EH Bildu koalizioko ordezkarien artean.
Gogoan izan behar da 1991. urtetik, azken 25 urteetan, Gurea zinea udalari doan uzteko kontratua egon dela indarrean. Oraingoan ordea, PNVko udal gobernuak Jesusen Bihotza parrokiari 15 urtean zehar urtean 1.500 euroko alokairua ordaintzea erabaki du eta azpimarratzekoa da era berean 2017ko aurrekontuetan zinean bertan 54.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusten dela.
Xabat Laborde EH Bilduko zinegotziak azaldu zuen udalbatzan, gai honen inguruan Amasa Villabonako koalizio abertzaleak duen iritzia:
"Gure udal-taldeak errenta kontratu honen kontra bozkatuko du eta jarraian erabaki hori azaltzen duten argudio ezberdinak azalduko ditut:
2016ko abenduko udalbatzan, parrokia eta udalaren arteko negoziazioa 3 hilabetez luzatzea erabaki zen. Guk negoziazio horietan aktiboki parte hartu nahi genuela adierazi genuen eta udal gobernutik horretarako arazorik ez zegoela erantzun zitzaigun. Orduz geroztik ez zaigu bilera batera ere gonbidatu eta bapatean akordio bat jarri zaigu mahai gainean. EAJko udal gobernuak beraz, ez du bere hitza bete.
Gure ustez, zinearen erabilerarako udalak parrokiarekin sinatu beharrekoa, erabilerarako doako lagapena edo erdaraz "Cesión de uso" bat izan beharko litzateke. Duela 25 urte sinatutako kontratua bezalaxe.
Egungo egoera duela 25 urtekoaren berdin berdina da. Orduan bezalaxe, oraingoan 2017. urtean, udalak inbertsio garrantzitsu bat egingo du eraikin horretan, 54.000 euroko partida dago aurrekontuetan horretarako. Gogoratu nahi dugu hau, diru publikoa jabetza pribatua duen eraikin batean inbertitzea dela eta horrek eraikinari balio ekonomikoa erantsiko diola.
Udalak mantenu, erabilpen eta kontserbazio gastu guztiak bere gain hartzeaz gain, 54.000 euro inbertituko ditu eraikin honetan, eta gainera alokairua ordaindu behar du? gainera orain arte sekula ordaindu ez denean? EH Bilduko kideon ustez hau gehiegikeria bat da. Gainera, parrokiarekin egin beharreko negoziazio horietan udala bere baldintzak ezartzeko indar posizio batean aurkitzen zen. Zer egingo luke elizak eraikin horrekin, eraikinak erabilera bat izateko eraikinaren iparraldean udalak egindako eta udal jabetzakoak diren espazioak derrigorrezkoak direnean?
Gauza bat da parrokiako ordezkariak negoziazio batean errenta bat eskatzea, (eskubidea du horretarako) eta bestea, udalak besterik gabe ontzat eman eta hori onartzea. Finean, aurkeztu zaigun alokairu kontratu hau, inolako beharrik izan gabe Elizari diru publikoa oparitzea da.
Ikusita orain udal gobernuak onartuko duen kontratu honek ez duela oposizioko alderdi nagusia osatzen dugunon babesik, EH Bildutik udala 15 urtez ez hipotekatzea eta kontratu honek legealdi honen iraupena, hau da, 2019ko maiatzera bitartekoa izan dezan eskatzen dugu.
Udal Gobernuari luzatu nahi diogun galdera oso argia da, zergatik ekartzen diguzue mahai gainera errenta kontratu bat eta ez, erabilerarako lagapena, orain arte izan den bezala? Zergatik onartu duzue hori?
Aipamen berezi bat egin nahi nuke gai honetan Maria Luisa Arija PSOEko ordezkariak izan duen jarreraren inguruan. Elizaren portaeren gaineko diskurtso oso zorrotza entzun genion Arijari kurtura batzordean: IBIa ez duela ordaintzen, diru gose direla, eliza ez dela fidatzekoa... diskurtso gogor hau entzun ondoren, logikoena kontratu honen kontrako bozka ematea litzateke, baina ez! oraingo honetan ere Arija andreak PNVri itsu itsu jarraitzea erabaki du. Aspertuta gaude Maria Luisa Arija andreari diskurtso oso sozialak entzuteaz eta ondoren, sistematikoki EAJk ondo baino hobeto ordezkatzen duen euskal eskubiarekin bozkatzen ikusteaz. Koherentzia falta handiegiak dira,eta gehiago ere esango nuke, jokabide horri hipokresia deitzen zaio, gauza bat esan, eta bestea egin."
EH Bilduren iritzia entzun ondoren, eztabaida piztu zen udalbatzan, PNVko Eneko Urdangarin andoaindarrak eta Mertxe Garmendia lazkaotar zinegotziak alokairu kontratua defendatu zuten, "kontratu oso ona" dela argudiatuta eta 1.500 euro diru gutxi dela esanez. Baina aldi berean ez zuten EH Bilduko ordezkariak egindako galderei erantzun nahi izan. Urdangarinek EH Bilduren jarrera kritikatu zuen eta "demagogia" egitea leporatu zion EH Bilduko Laborderi, pasa den legealdian EH Bilduk ere zinean inbertsioak egin zituela gogorarazi zuen jentzaleak. Maite Izagirre alkatea isilik egon zen eztabaida osoan zehar.
EH Bildutik zinean inbertsioak egitea logikoa eta positiboa ere badela erantzun zitzaien, "zerbitzu publikoa izanik udalak zerbitzuaren kalitatea zaindu behar baitu beti". "Zentzu honetan butakak konpontzeko inbertsio bat egitea ez dugu kritikatzen, kontratua doakoa ez izatea da ulertzen ez duguna". Baina gaia desbideratzea eta kontratuari buruz egindako galderei eta kontratua legealdi honetarako soilik izateari buruz egindako proposamenari erantzunik ez ematea leporatu zien Labordek jeltzaleei.
PSOEko Maria Luisa Arijak ere hitza hartu zuen eta esan zuen horrelako eztabaidarik ez egoteko, parrokiarekin egin beharreko bileretan alderdi guztien ordezkariak egon behar luketela. Udal Gobernuari oposizioarekin ez kontatzea leporatu zion eta gauzak modu traketsean egitea. Hala ere, aldeko bozka emango zuela adierazi zuen, "kontratua ez delako horren txarra ere".
Amaitzeko, bozketa egin zen eta aipatutako alokairu kontratuak PNV eta PSOEren ordezkarien aldeko 7 boto izan zituen, EH Bilduko 6 zinegotziek kontra bozkatu zutelarik. Beraz, gehiengo osoz onartua izan zen.


