Behin eta berriro Espainiako politikariek duten maila negargarria dela ikusten dugu, baita oraingoan ere. Hauteskundeak errepikatzeko helburua lortu du PSOEk, eta helburua diogu, apirilaren amaiera ez geroztik ia bost hilabetez antzerkia eta itxurakeria besterik ez baititu egin  Pedro Sanchezek, elkarrizketa seriorik inorekin gauzatu gabe. Bere kide eta bozkatzaileek besterik eskatzen bazioten ere, PSOEk ez du Espainian gobernu “aurrerakoi” bat eraiki nahi izan eta ondorioz, beste hauteskunde batzuk behar ditu gerora eskuinarekin egingo duen akordioa arrazoitu eta gauzatzeko. Hauxe da Espainiako politikaren egoera eta Azaroak 10erako iragarri dituzten hauteskundeetan herritarren botoen norabideak aukera uzten badie, oraindik ere estatu autoritario eta antisozialago baten aurrean egongo gara. Egia esan, nazka-nazka eginda egoteko modukoa da panorama eta independentziaren beharraz serioski hausnartzeko garaia iritsi zaigu euskal herritarroi.

postal euskal herria independentzia euskal del eta de re368ef3829134ec98b670d9ea048afd0 vgbaq 8byvr 540

Zertarako independentzia? Askotan entzundako galdera honek baditu erantzun ugari, pertsona eta testuinguru politikoaren arabera aldatuko dira sarri, baita galdetzen duenaren jarrera edo intentzioaren arabera. Batzuetan agian, erantzuteak ez duela merezi pentsa dezake norbaitek, edota gaur egun hautu politiko honen defentsak ez duela gaurkotasunik, modaz pasatakoa dela.

Historikoki gehien erabili den erantzunetako bat Euskal Herriaren biziraupena aipatzen du, libre ez garen bitartean gure hizkuntzak, hainbeste maite dugun kulturak edota iruditerian dugun 7 herrialdeko mapak ez dutela inongo etorkizunik.

Askatasun behar hau arrazoitzeko beste diskurtso batek erabaki eremuen gerturatzea aipatzen du. Nork defendatuko ditu gure interesak guk baino hobeto? Nork hartuko ditu herri honi zuzenean eragingo dioten erabaki ekonomikoak? Bertako natur erreserbak zaintzeko interesa nork du? Porlanaren inguruan aberasten diren gutxi batzuei poltsikoak betetzea hain errez onartuko al genuke, honek dakartzan kostu ekonomiko, humano eta ekologikoak kontutan izanda?

Badira komikoagoak izan daitezkeen erantzunak, agian esfortzu intelektual handia behar ez dutenak baino irribarrea eragiteko balio dutenak: “Zu bezalako artaburuak ez aguantatzeko!” edota “Letiziaren 1000 euroko zapatak ez ordaintzeko!” diotenak.

Denak dira baliagarriak momentu eta leku egokian erabiltzen badira. Garai hauetan adibidez poltsikoari begiratzen dio jende askok, ezegonkortasun ekonomiko garaiak dira batzuentzat, miseri gorrikoak besteentzat. Bada atentzioa deitu digun titular bat: CATALOGAN A ESPAÑA COMO EL PAÍS MÁS CORRUPTO DE LA UNIÓN EUROPEA . ‘Statista’ izeneko estatistika zentroaren arabera espaniarren %63ak bere egunerokotasuna korrupzioaren eraginpean dagoela deritzo. Ez da datu makala.

Eta guk? Euskal herritarrok sentitzen al dugu hau? Europako herrialderik ustelenaren pean bizitzeak eragiten al du gure egunerokoan? Noski baietz! Baina oraindik ez dugu herritar oro konbentzitu, beraz segi lanean, ez sekula utzi galdera hori erantzunik gabe. Gure poltsikoek, hizkuntzak, basoek, umeek, baserritarrek, kulturak, langileek, itsasoak, ikasleek eta ahazten zaizkigun guztiek merezi dute, baita gure umoreak ere.

 

INDEPENDENTZIA!