Datorren irailaren 16tik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean 47 euskal herritar izango dira epaituak, preso eta errefuxiatuen giza eskubideen alde lan egite hutsagatik.  8 eta 20 urte bitarteko espetxe zigorrak sartu nahi dizkiete, guztira 601 urte. Konponbide eta bakearen aurkako astakeri hau salatzeko asmoz larunbat honetan manifestazioa egingo da Bilboko kaleetan. Amasa-Villabonatik ere autobusa antolatu da eta izena Iratzar tabernan eman daiteke.

 

IMG 20190911 WA0012

Auziperatuekin elkartasunez manifestaziorako deialdia

 

Mundu aldrebesean bizi gara, elkartasuna zoriondu eta saritu beharrean, zigortu egiten duena. Izan ere, elkartasunaren aurkako epaiketa baita datorkiguna. Etikoki onartezina. Epaiketa honetan sakabanaketa pairatu duten preso eta euren senideenganako laguntza zigortu nahi da. Auzolana eta elkartasuna ez dira gaur egungo sistemari gustatzen zaizkion baloreak eta horregatik honelako epaiketen bidez eragotzi egin nahi ditu. Beste alor batzuetan ere ikusten ari gara elkartasunaren aurka nola jotzen duten: etxegabetzeak eragozten saiatzen direnen aurka isunak ezartzen dituztenean, edota Mediterraneoan etorkinen bizitzak salbatzen dabiltzan Gobernuz Kanpoko Erakundetako kideak atxilotzen dituztenean… Elkartasunak merkatu kapitalistaren balore berekoiak jartzen ditu zalantzan eta euren ankerkeriari egiten die aurre. Azken finean, elkartasunak ebidentzian uzten ditu eta horregatik ez dute gustuko.


Eta berriro ere hotzikara eragiten duten zigor eskaerak… 47 familiatan eta 38 haurrengan ondorio latzak utzi ditzakeen epaiketa, baina ez, ezin dugu onartu gaur egungo motxiladun haurrei beste 38 eranstea. Ez, arren! Garaiz eta lekuz kanpo dagoen epaiketa da, euskal jendarteak aspalditxotik erakutsia baitu aurrera egin nahi duela, iraganera lotuko dituen korapilo gehiago ez dituela nahi. Ez dugu min eta zauri berririk irekitzerik nahi.


Elkarbizitza, bakea eta justizia integralak behar dute izan eta jendarte ororen altxor preziatua dira, baita gurea ere. Euskal jendartearen nahi horri erantzun behar diogu eta gatazka logika batean asmatutako eta abian jarritako prozedurak eten behar ditugu, eraikitzen ari garen orainaldia kutsatu ez dezaten.

 

Gainantzean, hemen duzue Berria egunkariko lan talde batek azken asteetan gai honi buruz egin duen lanaren lotura: https://www.berria.eus/11_13_Makroepaiketa/