Uruguai azaleraz Euskal Herria baino zortzi bat aldiz handiagoa bada ere, ez ditu askoz biztanle gehiago, 3 miloi eta erdira ez baitira iristen bertan bizi direnak. Eta beste antzekotasun azpimagarri bat ere badugula esan daiteke, gure herrian bezalaxe, euren elkartasuna zenbaterainokoa izan daitekeen erakutsi baitziguten duela 25 urte. Filtro Montevideo hiriburuko ospitale bat da eta bertan 1994ko abuztuaren 24an gertatu zen sarraskiagatik da euskal herritarrontzat ezaguna. Garai hartan uruguaitarrek oso present zuten oraindik bizi izan zuten diktadura,1973-1987 bitartean luzatu zena, eta milaka herritarrei beste herrialde batzuetara ihes egitera behartu ziena. Horrexegatik, ez zuten zalantzarik izan gose greba egiten ari ziren hiru euskal errefuxiaturi babesa eta elkartasuna erakusteko unean. Garesti ordaindu zuten ordea... Poliziaren oldarraldian bi uruguaitar erailak izan ziren. Hauxe kronologikoki gertaturikoa:

1992an Espainiako Gobernuak Uruguain bizi ziren hainbat euskal herritarren estradizioa eskatu zion Uruguaiko gobernuari. La Trainera jatetxean hasi zen polizia operazioan 30tik gora euskal herritar atxilotu zituzten (tartean adin txikiko gaztetxoak). Haietako 10entzat estradizio eskaera luzatu zuen Espainiako Gobernuak. Bi urteko prozeduraren ondoren Manueltxo Goitia, Mikel Ibañez eta Luis Mari Lizarralderen estradizioa onartu zuten Uruguaiko epaitegiek. Hiru iheslari politikoak gose greban jarri ziren 1994ko abuztuan estradizioa gauzatzear zela. Azken egunetan, gose grebalariak Poliziaren egoitza nagusitik Filtroko ospitalera eraman zituztenetik, gau eta egun egon zen jendea ospitalaren kanpoaldean protesta baketsuan. Hainbat irratietatik etengabe ari ziren jendea parte hartzera deitzen. PIT-CNT federazio sindikalak ere grebarako deia egin zuen. Milaka lagun bildu ziren 1994ko abuztuaren 24an, 20 milatik gora, Filtroko inguruetan. Baina euskal iheslari politikoak Espainiaratuko zituen hegazkina Carrasco aireportuan zegoen eta nola edo hala hango jendetza guztia sakabanatzeko asmoa zuen Uruguaiko Gobernuak. Arratsalde partean hasi zen Poliziaren erasoa, zaldi gaineko poliziek jendea sakabanatu zuten, baina beraien ihesean Poliziarekin topo egin zuen jendeak. Hau da, segada bat prestatu zuen Poliziak. Jendea ez atzera ez aurrera zegoela, Polizia tiroka hasi zen. Fernando Morronik bi tiro jaso zituen eta bertan zerraldo geratu zen. Beste hainbat pertsona (100dik gora) larriz zauritu zituzten, hauetako asko balaz. Bitartean euskal iheslari politikoak aireportura eraman zituzten. Ospitaleko langileek Uruguaiko ereserkiaz agurtu zituzten hiru euskal herritarrak. Gau osoan zehar iraun zuten Poliziaren kargek. Gau horretan erail zuten Roberto Facal ere. 21 labankada eman ondoren bere etxe barruan utzi zuten.

Elkartasuna jaso eta eskaini egiten da, eta betirako gordeko dugu gure oroimen kolektiboan uruguaitarrek erakutsitakoa. Honela ulertzen dugu ostiral honetan Askapenak Hendaian antolaturiko ekitaldia.

 

Sarraskia Uruguay 25 urte abuztuak 23Amasa-Billabonako EH Bilduk bat egiten du ekitaldiarekin