Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 200 euroko isuna jarri dio apirilean Ertzaintzak Bilbon foam jaurtigai batez tiro eginda zauritutako gazteari. Voxen aurkako protesta batean zauritu zuten, apirilaren 13an. Poliziak iraintzea egotzita, Mozal Legea ezarri diote.

 

herida

Neskaren masailezurra pelotazoa jaso eta gero

 

Ertzaintzak Bilbon VOX-en ekitaldi bat babesteko asmoz kargatu zuenekoak dira gertaerak. Bertan, ertzainek botatako pelotazoek neska baten aurpegian jo eta masailezurra hautsi zioten, operatua izan eta gero hainbat egunez ospitalean egon behar izan zuelarik. Neskak salaketa aurkeztu zuen eta Lakuako segurtasun sailak ikerketa zabalduko zuela agindu arren, lau hilabete beranduago ez da inongo berririk. Are gehiago, Estefania Beltran kontseilariak esan zuenez "Ertzaintzaren karga neurrikoa" izan zen eta Josu Zubiaga kontseilariordeak esandakoak ere oso argigarriak izan ziren... Honek esan zuenez pelotazoa ezin izan zioten neskari zuzenean burura jaurti, poliziaren protokoloek hau egitea debekatzen baitute expreski. Neskak aldiz, ertzaina zuzenean berari apuntatzen ikusi zuela dio. Eta neskak izango du arrazoi, kontua baita zientifikoki ezin izan zuela beste modu batera izan, foam pilotek ez baitute errebotatzen lehengo gomazkoen moduan. Baina hau gutxi balitz, orain isuna jarri diote neskari, pelotazoa jaso eta gero ertzainak iraindu zituela argudiatuz. Tira, ez dakigu irainena egia ote den edo ez, baina erreakzio hori eduki izana ere ez zen harritzekoa izango, masailezurra hautsi berri ziotela kontuan hartuz.

Beraz, hiru ondorio ateratzen ditugu guzti honetatik:

1. Negargarria da Lakuako buruek behin eta berriro Ertzaintzaren gehiegikeriak justifikatzen dituztela ikustea.

2. Neskari masailezurra hausteaz gain, orain isuna jarri izana, gehiegikeri handia izateaz gain, sentsibilitate oso gutxi erakusten du hain kaltetua izan den herritar baten aurrean.

3. Herriak behar duen polizia ereduaz urrun dago oraindik Ertzaintza.