“Donostiarrek gezurrik esaten ez duen udal gobernu bat behar dute: Ez dago sententziarik Garberaren handitzera behartzen duenik”

Donostiako tokiko gobernuak Garbera handitzea onartu zuenetik astebete igaro denean, udal gobernuak beste merkataritza gune berri bat (Belartza II) ireki ahal izateko hitzarmen urbanistikoaren tramite bat onartu du. Eta gogoratu behar da bi erabaki hauek justu Eusko Legebiltzarrak udal guztiei (Donostiakoari barne) merkataritza-gune berrien irekiera edo handitzea ez ahalbidetzeko eskaera egin eta gutxira hartu dituztela.

img_8656Donostiako EH Bilduko zinegotziek egindako agerraldia

Garbera eta Belartza irekitzeko EAJ-PSEk hartu dituzten bi erabaki hauek Donostiako etorkizun ekonomiko eta soziala baldintzatuko dute, zalantzarik gabe. Batetik, hiriko denda txikietan eragin handia izango dute eta, horren ondorioz, gure auzo eta kaleetako bizitzan eragin zuzena izango dute.

EAJ-PSE: Merkataritza gune handien aldeko apustua

Eta, era berean, gogoratu behar da bi hauek ez direla etorkizun hurbilean Donostia inguruan irekiko diren merkataritza gune handi bakarrak. Usurbildik Irunera doan korridorean, EAJ-PSEren ekimenez, merkataritza gune handietan, orotara, 200.000 m² berri irekiko dira. Beraz, Donostiako merkataritza txikiak oso kezkatua egoteko arrazoi asko dituenik inork ezin du zalantzan jarri.

Horren lekuko, pasa den ostiralean Merkataritza Kontseiluan gertatu zena: pasa den urtearen bukaeran, udal gobernuak konpromisoa hartu zuen Garberaren handitzeak izango dituen ondorioei buruzko txosten bat bertan aurkezteko. Gehienez, martxorako eramango zuela iragarri zuen. Baina uztailean gaude, tokiko gobernuak Garberaren handitzea onartu du eta txostenaren berri ez dago ez Merkataritza Kontseiluan ez udaletxean ez inon.

EH Bildutik egiten dugun galdera hau da: Horrelako erabakiak hartzen dituen gobernu baten helburua zein da? Merkataritza-txikia indartzea ez dela lehentasuna zalantzarik ez dago. EAJ-PSEren apustua merkataritza gune handien aldekoa da, argi eta garbi.

Eta sektoreren iritziaz gain, herritarren artean, gehiengoak merkataritza gune berririk ez du nahi. Era berean, nabarmendu behar da erabaki hauek Eusko Legebiltzarraren mandatu argiaren aurka hartzen ari direla. Gutxienez, kuriosoa da Eneko Goia eta Ernesto Gasco Legebiltzarrari “intsumisoa” egiten ikustea, zertarako eta interes pribatu zehatz bati mesede egiteko.

EH Bilduk 5000 eskuorri dendarien artean

img_8659Hauek horrela, EH Bilduk ekimena hartu du, merkataritza txikiarekin elkarlanean, EAJ-PSEk merkataritza gune handien alde egiten duten apustuaren aurrean, auzoetako denden alde eta auzoetako bizitzaren alde egiteko. Horretarako, Donostian eta Donostia inguruan ireki nahi diren 8 merkataritza guneen berri ematen duen eskuorria atera du EH Bilduk, eta gure hirian dauden ia 5000 dendarien artean banatzen ari gara eta banatuko ditugu hurrengo asteetan.

EAJ-PSE gezurretan, lotsarik gabe

Baina erabakiak larriak badira, erabakiak justifikatzeko EAJ eta PSE erabiltzen ari diren argudioak are okerragoak dira. Herritarren aurrean gezurrak esaten ari dira, lotsarik gabe. Eta ez behin, ez bitan. Gai honi dagokionean, gezurra da nagusi udal gobernu honetan. Bi adibide:

Bata, Garberaren zabalkundea justifikatzeko EAJ eta PSEren ordezkariak esaten ari dira badagoela sententzia bat hori egitera behartzen duena. Eta hori, zuzenean, gezurra da. Ez dago sententziarik hori ebazten duenik. Auzitegi Gorenaren epaiak bertan behera utzi zuen saltoki handientzako ezarritako 25.000 m²-ko muga. Eta gainera, Garberaren zabalkundea Donostiarentzat egokia zen ala ez erabakitzea udalaren ardura zela ebazten zuen Auzitegiak. Eta EAJ-PSEk erabaki dute baietz; erabaki politiko hutsa izan da. EAJ-PSEk Garberaren zabalkundea sustatu eta onartu dute, eta EAJ eta PSEren zinegotziek aldeko botoa eman dute tramiteak horrela eskatzen zuen bakoitzean (udalbatzan gutxienez 5 aldiz). EAJ eta PSEren erabaki politiko hau gabe, Garberaren zabalkundea ez zen ezta tramitatu ere egingo.

Eta beste aldetik, udal gobernua gezurretan ari da Garberaren zabalkundea merkataritza gune berri bat irekitzeko hartzen duen azken erabakia dela esaten duenean. Eta gaurko erabakia da horren adierazle: gaur, zehazki, udal gobernuak HAPOaren aldaketa xedea duen beste erabaki bat hartu du, kasu honetan Belartza Gainari buruzkoa.

Gezurretan aritzera ez da bidezkoa. Munduan badaude leku batzuk non gezurretan harrapatuak izan diren politikariak dimititu behar duten. Ez da Donostiaren kasua ezta udal gobernu honen kasua, begi-bistan da. Halere, EH Bilduren iritziz gero eta garbiagoa da Donostiarrek gezurrik esaten ez duen udal gobernu bat behar dutela.

Azkenik, aurreratu nahi dugu bai Belartza II-ren kasuan baita Garberaren kasuan ere EH Bilduk kontrako botoa emango duela.