- 31 Maiatza 2018
Pasa den urteko azaroan Arantza Lopez EH Bilduko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia Astigarragan izan zen Berdintasuna Ehunduz ekimena ezagutzeko asmoz eta Harituz elkarteko bultzatzaileekin harremanetan jarri zen. EH Bilduko udal-taldean honakoa Amasa Villabonan ere garatu zitekeen ekimen eta dinamika oso aproposa eta interesgarria zela baloratu genuen eta 2017ko azaroan Gizarte Zerbitzuetako udal-batzodean proposatzea erabaki genuen.
Proposamen horrek fruituak eman ditu eta azkenik, Astigarragako Harituz elkarteak sustatutako Berdintasuna Ehunduz egitasmora batu dira Amasa Villabonako alderdi politiko guztiak zein herriko hainbat eragile. Aurtengo azaroaren 25aren bueltan (Emakumeen kontrako indarekeriaren aurkako nazioarteko eguna) ekimen beteratuak burutuko dira gure herrian.
Astigarragan sortu zen egitasmoa 2014an eta lau urteotan 40 herri eta herrialde baino gehiagotako hainbat emakumek lau kilometro baino gehiagoko begizta kolektiboa ehundu dute. "Topaketa bakoitzean sendotu egin da indarkeriaren aurkako borroka", esan du Isabel Otero, Astigarragako berdintasunaren aldeko gizon eta emakumeen eskolako kideak.
Gainera, lau urte hauetan sortutako begiztak Espainiako estatuko hainbat autonomia erkidegotan eta munduan zehar bidaiatu du. Egun, zati bat, Suedian dago, esate baterako. Herrialde askotako elkarte eta kolektiboen parte hartzeari esker osatu da beraz.
Iazko azaroan, esate baterako, ATLCR (Tunezeko Arrisku Jarreren Kontrako Elkartearen) bisita jaso zuten Astigarragan eta indarkeria matxistaren aurkako ekitaldietan parte hartu zuten. Orain, Euskal Herrian zabaldu nahi dute Indarkeria sexistaren aurkako matazak izeneko kanpaina, eta esan bezala, Amasa Villabonak ere parte hartuko du ekimenean.
Udaleko alderdi politikoetako eta herriko hainbat eragiletako ordezkariak, Berdintasuna Ehunduz ekimenaren aurkezpenean
Aurtengo azaroaren 25ari begira, oraingoz ezer lotuta ez badago ere, Amasa Villabonan ere mataza horiek ehundu nahi ditugu eta herriko eragileen parte hartzea bilatuko da. Dagoeneko herriko ikastetxeek badute ekimen honen berri eta ikasturte hasieran gaia landuko dute. Azaroaren 17tik 25era, Olaederra kiroldegiak eta Santiago egoitzak ere parte hartuko dute ekimenean eta aste horretan, herriko merkatariei gai horrekin lotuta erakusleihoak apaintzea proposatuko zaie.
Udal langileei bere oihala ehuntzeko proposamena egin eta udaletxeko balkoitik zintzilikatzeko gonbita luzatu zaie.


