EH Bildutik gure elkartasun eta babes osoa eskaini nahi diogu, Israelgo estatuaren aldetik indarkeria basatia pairatzen ari den Palestinako herriari. Okupazioari eta Israelek eragindako giza eskubideen urraketa masiboari ez!

Azken orduetan sekulako sarraskia egiten ari da Israel Gazan. Azken albisteen arabera gutxienez 55 palestinar hil eta 2.400 zauritu ditu Israelgo armadak, AEBen Jerusalemgo enbaxadaren irekieraren aurkako manifestazioetan.

Gainera, gaur bertan 70 urte bete dira Israelek Palestinako lurraldeak okupatu zituenetik, egun honi NAKBA (hondamendia) izena jarri zioten behartuta beren lurrak utzi behar izan zituzten palestinarrek. Orduz geroztik okupazio ilegala eta palestinar herriaren kontrako genozidioa dira lurralde horrek bizi izan duen tragedia izugarria.

Zer gehiago gertatu behar da Nazioarteko Komunitateak errekazionatu eta neurriak har ditzan? Noiz arte begiratu behar dute munduko boteretsuenek beste alde batera? Hau onartezina eta lotsagarria da. Israelek denon begiradapean giza eskubideen kontrako ekintza odoltsuak egiten dituen bitartean, non daude giza eskubideen defentsan jarduten omen duten Europako herrialdeak?

OKUPAZIOA ETA SARRASKIA GELDITU!

PALESTINA ASKATU!

palestina askatu