- 10 Maiatza 2018
Zubimusu ikastolak sekulako jaialdia antolatu du datorren maiatzaren 19rako. Egun osoan zehar luzatuko den egitarau zabala izango da eta Villabonako Malkar, Berdura eta Errebote plazetan eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan izango dira ekimenak.
Zubimusu Ikastolako arduradunen hitzetan, "Ilusioaren, elkarlanaren eta festa-gosearen emaitza da MILIMETROAK jairako antolaturiko aurtengo egitaraua. Marka guztiak hautsi nahi izan ditu ikastolak zubimusutarrok egun zoragarriaz gozatzeko asmoz. Aurten festa kalera atera nahi izan dugu Kilometroak jaiaren antolakuntza eredua oinarri hartuta".
Eskulanak, jokoak, batukada, bertso saioa, kalejira, erraldoiak, dantza eta beste hainbat sorpresez gozatzeko eguna izango da maiatzaren 19a.
Bazkaria Zubimusuko DBHko ikasleek egingo dute, herriko elkarte gastronomiko ezberdinetako kideekin batera. Ikastolak eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie MILIMETROAK jaia antolatzen aritu diren guztiei, eta baita elkarteetako kide eta eragileei ere.
Ilusio handiz prestatu da jaialdi hau eta Zubimusu ikastolatik azken mezu hau zabaldu dute lau haizeetara: "Gutxi falta da MILIMETROAK jaia bizitzeko, arnasteko, gozatzeko!"
EGITARAUAREN KARTELA:



