- 11 Maiatza 2018
"Aniztasuna, 10 arrazoi eta milaka aukera!" leloarekin, Aniztasun eta Elkarbizitza jaia ospatuko du Fleming herri eskolak Kolore Guztiak elkartearekin elkarlanean.
Aniztasunaren eta Elkarbizitzaren aldeko jai honek ekintza ugari izango ditu eta Villabonako kaleetan ospatuko da:
- Arratsaldeko, 16:30ean kalejira batek emango dio hasiera jaiari eta bertan Besamotza konpartsako erraldoi eta ipotxak, trikitilariak eta batukada ere izango dira. Kalejira horretan, EH11koloreko "Burubeltz" ardi erraldoiak ere parte hartuko du eta herrialde ezberdinak ordezkatuko dituzten eskolako haurrek landutako oihalak ikusi ahal izango dira.
Ondoren, herriko hainbat plazetan herrialde ezberdinetako dantzak izango dira, afrikarrak, amerikarrak, europarrak,… Perkusio tailerra ere izango da txalaparta edo danborrekin aritzeko aukera paregabea.
Ondoren, haurrentzat sentsibilizazio jolasak eta tailerrak izango dira: sokatira, bolo jokoak, diana, kamisetak egitea, hennaz eskuak margotzea, izenak arabiarrez idaztea etab.
Fleming Herri Eskolan, beste eskoletan bezalaxe, familiak jatorri eta kultura anitzekoak dira eta aniztasun horrek duen balore positiboa defendatu eta agerian utzi nahi du Amasa Villabonako eskola publikoak. Era berean, eskolan ikasle guztiak, desberdinketarik gabe, euskaraz hezten dira eta urtez urte eskolan etorkinak euskalduntzeko lana ere aldarrikatu nahi du Flemingo komunitateak. Antolatzaileen esanetan, gure hizkuntza da, beste elementu batzuekin batera, jatorri ezberdineko haurren integraziorako ezinbesteko giltza.
Jaialdi berezi honen bidez, herritar ezberdinen arteko elkar ezagutza, elkarlana eta aniztasunaren balioak bultzatu nahi ditu Fleming herri eskolak eta Amasa- Villabonako herritar guztiak gonbidatzen dituzte jaian parte hartzera.
EGITARAUA
16:30. Kolore kalejira (Arroatik): Erraldoi eta buruhandiak, EH11koloreko Burubeltz eta erraldoiak, Batukada, trikitilariak, Txalapartariak… Dantzak: Nigeriarrak, Brasildarrak, Nikaraguarrak,...
17:30. Sentsibilizazio jolasak (Errebote plazan): lortu zigiluak jolasetan zure pasaporterako. Sokatira, bolo jokoak, diana... Tailerrak: Kamisetak, hena, izenak arabiarrez... Janari dastaketa: afrikarra, brasildarra,...
Flemig Herri Eskolak argitaratu eta zabaldu duen kartela


