Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du Auzitegi Konstituzionalak fracking-aren aurkako euskal legearen efektuak murriztu dituela eta, horren aurrean, ezinbestekotzat jo du Jaurlaritzak eskura dituen baliabide guztiak erabil ditzala haustura hidraulikoaren teknikaren kontra.

Fracking-aren aurkako euskal legearen eragina mugatzen duen Auzitegi Konstituzionalaren epaia efektu praktikorik gabe uztea helburu, EH Bilduk erabateko adostasuna lortu du gaur Legebiltzarrean. Mikel Oteroren proposamena aintzat hartuta, Gasteizko Parlamentuak haustura hidraulikoaren aurkako konpromisoa berretsi eta aho batez eskatu dio Jaurlaritzari bere esku dauden baliabide guztiak erabil ditzala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan fracking-a ez dela erabiliko bermatzeko.

Resultado de imagen de mikel otero parlamento frackingMikel Otero legebiltzarkidea EH Bilduren proposamena aurkezten

Zentzu horretan, Legebiltzarrak Lakuari galdegin dio ekin diezaiola akuiferoen zaurgarritasun-maparen eguneratzeari eta optimizatzeari, horrela era eraginkorragoan lagunduko baita lurpeko ur-masak hobetzen eta babesten. Izan ere, Oterok ohartarazi du Konstituzionalaren epaiak bereziki akuiferoak babesgabeturik utzi dituela.

EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Konstituzionalak beste urrats bat eman duela Estatuaren birzentralizazio prozesuan, oraingoan ingurumenaren babes arloan EAEk dituen eskumenak urratuz. Horren haritik, Legebiltzarrak erabateko desadostasuna adierazi du Konstituzionalaren ebazpenarekiko, eta Gobernu espainolari eskatu dio hidrokarburoen ustiaketaren arloko araudi estatala aldatzeko, hidrokarburoen esplorazioan edo esplotazioan haustura hidraulikoaren teknika debekatze aldera.