- 24 Apirila 2018
Pasa den astelehenean Tolosako udaletxe plazan elkartu ziren Tolosaldeko pentsiodunak. Beste behin ere, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea izan zen egin zuten eskaera nagusietakoa, PPren espainiar gobernuak ezarritako %0,25eko igoera lotsagarria salatzearekin batera.
Beste duintasun erakustaldi bat eman zuten gure pentsiodunek. Eta asko dira dagoeneko. Pentsio justu eta duinaren alde lelopean, ehunka izan ziren Tolosako kaleetara irten diren pentsiodunak, Harizpe, Iturritza, Beti Gazteak eta Bizi Nahi jubilatuen elkarteek eta Duintasuna plataformak deituta, pentsio duinak eskatzeko asmoz. Amasa Villabonatik ere pentsiodun ugari gerturatu ziren mobilizazio honetara.
Elkarretaratzea eta manifestazioa egin zituzten, eta amaieran helburuak lortzeko bidean hainbat albiste positibo izan direla nabarmendu zuten.
Alde batetik, azaldu zuten Espainia mailako sindikatu eta pentsiodunen hainbat elkartek, auzitara eraman dutela Espainiako Gobernuaren azken proposamena. Bada, Estrasburgoko auzitegiak tramitera onartu du helegitea eta Tolosan bildutakoek erabaki hori txalotu zuten.
Bestalde, jubilatu elkarteen eta hainbat plataformaren arteko batasuna goraipatu zuten, desberdintasun ideologikoen gainetik, guztien interesak lehenetsi izanagatik. Hain zuzen, beste bi manifestazio garrantzitsu burutuko direla aurreratu zuten, maiatzaren 5ean eta 26an, Donostian. "Eragile guztiok batera antolatu ditugu mobilizazioak, eta hori oso garrantzitsua da" azaldu zuten.
Tolosan egindako manifestazioaren aurrealdea
Eskualde mailan ere konpromiso horri eusten diotela gaineratu zuten. Uneotan elkarlanean ari dira Tolosan eta Ibarran. Maiatzean Amasa-Villabonara zabalduko dute dinamika, eta uda ostean, eskualde osora. "Pankarta sinatu dugun elkarte guztiak elkarlanean aritzeko borondatea dugu, eta horrela jarraituko dugu. Pentsaera ezberdina dugu guztiok, baina gauza bera nahi dugu, eta horrela lortuko dugu".
Bien bitartean, bi astez behin, astelehenetan kaleak duintasunez betetzen jarraituko dute pentsiodunek. Hurrengo hitzordua maiatzaren 7rako jarri dute: Tolosako Plaza Zaharrean, 12:00etan.
Amasa Villabonako EH Bildutik, gure eskualdeko pentsiodunek erakutsi duten sendotasuna eta duintasuna goraipatu nahi dugu eta mobilizazio hauetan egin dituzten aldarrikapen guztiak, guzti-guztiak, geure egiten ditugula adierazten dugu. Urteak dira EH Bilduk 1.080 euroko gutxieneko pentsioak izateko proposamenak aurkeztu zituela, eta ez dugu etsiko lortu arte, pentsiodunekin eskuz esku jardungo dugu, baina afera honek gizarte osoari eragiten dio. Izan ere pentsio publikoak izatea giza eskubide bat da eta ezin dugu onartu pentsio publikoak jasotzen dituzten pertsonak pobreziaren mugaren azpitik egotea. Beraz, funtsezkoa da Europako Kartak adierazten duen bezalaxe, Euskal Herrian gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea.
Badakigu espainiar gobernuari eskaera hauek egitea alferrikakoa dela eta horregatik gizarte segurantzaren transferentzia EAEra ekartzeko aldarrikapenarekin bat egiten dugu. Baina bitartean Eusko Jaurlaritzak pentsio baxuenak osatu edo konplementatu ditzake eta guk horixe egitea ekatzen diegu PNV eta PSEri, dena Madrilen esku dagoela esateak eta aitzakiak jartzeak ez du balio, Eusko Jaurlaritzan borondaterik balego, bihar bertan lortu daiteke gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea. Zoritxarrez ordea PNV eta PSEko agintariek beste lehentasun batzuk dituztela ikusten dugu, AHTa, Erraustegia, Donostiako Metroa... dira beren lahentasunak, egiten dituzten marketing kanpaina instituzionaletan kontrakoa esaten badute ere, PNV eta PSErentzat porlana, azpiegitura handiak eta eraikuntza enpresen negozioak dira erdigunean daudenak, ez pertsonak. Batzuek aurpegi galanta dutela ikusten ari gara, manifestazioetan protestatzen ari diren pentsiodunen ondoan jarri, argazkian atera, entzun nahi dutena esan, eta ondoren, ez dute ezertxo ere egiteko borondaterik euskal pentsiodunen egoera hobetzeko.


