- 19 Otsaila 2018
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean espainiar Auzitegi Konstituzionalak fracking-aren aurkako legeaz emandako epaia efektu praktikorik gabe uzteko asmoz.
EH Bilduk efektu praktikorik gabe utzi nahi du Auzitegi Konstituzionalak fracking-aren aurkako legeaz berriki hartutako erabakia, eta legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean horretarako. Zehazki, haustura hidraulikoa erabiltzea planteatzen duen edozein proiektu galaraz dezala eskatzen dio Jaurlaritzari. Mikel Oterok azaldu duenez, “aferaren oinarrian borondate politikoa besterik ez dago, eta guk nahi dugu EAJk eta PSEk fracking-aren aurkako konpromiso irmoa har dezatela, Jaurlaritzak eskura dituen neurri eta baliabide guztiak erabil ditzala fracking-aren erabilpena galarazteko”.
Mikel Otero legebiltzarrean, fracking-a gelditzeko proposamenaren aurkezpenean
EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, fracking-aren aurkako legearen hainbat artikulu bertan behera utzita, Konstituzionalak teknika horren kontrako babesa murriztu du eta beste urrats bat eman du Estatuaren birzentralizazio prozesuan, oraingoan ingurumenaren babes arloan ditugun eskumenak urratuz. Autogobernuaren aurkako eraso horri ere erreparatzen dio Oteroren proposamenak: Jaurlaritzari eskatzen dio, batetik, bestelako neurriak eta aukerak aztertu ditzala Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa fracking-aren mehatxutik babesteko eta, bestetik, akuiferoen zaurgarritasun mapa eguneratu dezala, Konstituzionalaren epaiak bereziki akuiferoak babesgabeturik utzi dituelako.


