EH Bilduk Memoria Historikoaren Lege Proposamena aurkeztuko du bihar Osoko Bilkuran, “gizarte bezala frankismoaren biktimekin oraindik dugun zorra kitatzeko”. PNV-PSEren Eusko Jaurlaritza ordea, lege hau tramitatzearen aurka agertu da.

EH Bilduk Memoria Historikoaren Lege Proposamena aurkeztuko du bihar Legebiltzarreko Osoko Bilkuran “frankismoaren biktimak aitortzeko eta dagokien erreparazio integrala emateko, gizarte bezala haiekin oraindik dugun zorra guztiz kitatzeko eta biktima gisa dituzten oinarrizko eskubideak bermatzeko”, Julen Arzuagak azaldu duenez.

Resultado de imagen de julen arzuaga parlamento

Julen Arzuaga EH Bilduko Askatasun Demokratikoen idazkaria eta EAEko legebiltzarkidea 

Arzuagak proposamenaren garrantzia azpimarratu du, biktimen aldarrikapen historikoei bide ematen dielako, eta horren tramitatzea ez eragozteko eskatu die EAJ eta PSEri, Jaurlaritza tramitera onartzearen aurka agertu den arren. “Hori, proposamena bertan behera uztea, iraingarria litzateke biktimentzat eta zapuztu egingo lituzke aitortza eta erreparazioa jasotzeko euren itxaropenak; sekulako zaplaztekoa litzateke”.

EH Bilduren lege proposamenak frankismoaren biktima guztiak aintzat hartzen ditu, altxamendu faxistaren egunetik bertatik Konstituzio espainola indarrean sartu zen egunera arte, hau da, 1978ko abenduaren 29ra arte. 45 artikulutan zehar, legeak biktimei dagozkien oinarrizko eskubideak bermatzea du helburu: egia jakiteko eskubidea, aitortza eta erreparaziorako eskubidea, justiziarako eskubidea eta memoriarako eskubidea, bai eta gertatutakoa ez dela errepikatuko bermatzeko eskubidea ere.