Tolosaldea Buseko langileek greba egitea erabaki zuten urtarrilaren 27tik otsailaren 18ra arte. Izan ere, 2014. urtetik lan hitzarmena berritu gabe dute eta enpresa arloko hitzarmena nahi dute langileek euren lan-baldintzak hobetu ahal izateko. Hitzarmen berria adosteko eskaeraren aurrean, enpresako zuzendaritzak ez zuen inolako erantzunik eman eta hori izan zen grebara jotzeko eta mobilizazioak abiatzeko arrazoi nagusia.

Greba honetan zehar zerbitzu minimoak, %30ekoak, izango dira lineako zerbitzuetan eta Tolosako hiribusean, bestalde, langileek inauterietako gaueko autobus zerbitzua ez dute zerbitzu minimo gisa ikusten. Langileek eta ELA sindikatuak argi adierazi dute enpresa negoziatzera esertzen ez den bitartean, langileek grebari eutsiko diotela. Beraz, eta inauteriak baino lehen mugimendurik egiten ez bada, gaueko zerbitzurik ez du eskainiko Tolosaldea Busek. 

Langileekin bilduko gara astelehenean

Tolosaldea Buseko langileek eta ELA sindikatuko ordezkariek eskualdeko 28 herrietako udal arduradunekin bilerak egiteko eskaerak sartu dituzte aste honetan. Amasa Villabonan, datorrean astelehenean 17:00etan izango da bilera udaletxean, eta PNV eta EH Bildu bertan izango dira (ez dugu PSEren erantzunaren berririk). 

EH Bildutik gure babesa adierazi nahi diegu greba eta mobilizazioak egiten ari diren Tolosaldea Bus enpresako langileei eta enpresako zuzendaritzari lan hitzarmen berria negoziatu dezan eskatzen diogu.