Diasporaren Eguna behingoz izendatzea albiste ona da diasporaren beraren aspaldiko eskaria zelako.

EH Bilduk duela bi hilabete aurkeztu zuen proposamena erabakigarria izan da prozesua azkartzeko, orduan hasi baitzen mugitzen Jaurlaritza, ez lehenago.

EH Bilduren iritziz, pozgarria da Diasporaren Eguna behingoz izendatzea, diasporaren beraren aspaldiko aldarrikapena zelako, baina salatzekoa da, aldi berean, Jaurlaritzak urteetan gai horretan erakutsi duen pasibotasuna. Izan ere, Lakuan ez dute ezer egin Diasporaren Eguna izendatzeko Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak duela bi hilabete –abenduaren 1ean, hain zuzen ere– proposamen zehatz bat aurkeztu arte. “Une hartan hasi zen mugitzen Jaurlaritza, protagonismo bila, gure ekimen politikoa kontraprogramatzeko”. Hiru egunera, datak proposatzeko eskatu zien munduan zehar dauden euskal etxeei, eta atzo bertan Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeak Diasporaren Eguna irailaren 8an ospatzea erabaki zuen, data horretan Juan Sebastian Elkanok munduari bira ematen amaitu zuen eguneko urteurrena delako. Agirreren iritziz, “bistakoa da EH Bilduren proposamenak Jaurlaritza mugiarazi zuela eta erabakigarria izan dela Diasporaren Eguna behingoz izendatuta egoteko”.

Resultado de imagen de jasone agirre parlamento

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkide eta Diaspora idazkariak aurkeztu zuen proposamena

EH Bilduk beste data bat proposatua zuen, abenduak 3, alegia, Euskararen Eguna, data hori diasporan antolatu eta ospatu zelako lehen aldiz, 1949an. Edonola ere, Agirrek azaldu duenez, “ez da gure asmoa datei buruzko eztabaida bat piztea, inondik inora; garrantzitsuena da Diasporak bere eguna izango duela behingoz eta pozten gaitu jakiteak prozesu honen jatorrian gure proposamena egon dela, hala izan ez balitz, ziurrenik Lakuan inor ez zelako mugituko”. Hori dela eta, EH Bilduk abenduan erroldatu zuen legez besteko proposamena bertan behera utzi du eta, ondorioz, ez da bihar eztabaidatuko.