- 29 Urtarrila 2018
"Sahararen aldeko Euskal Karabana: piztu Itxaropena" urte berriarekin martxan jarri da beste behin. Janari bilketa honek Tindoufeko (Argelia) kanpamenduetan orain dela mende erdi baino gehiagotik nazioartetik jasotzen duten laguntzari esker bizi diren errefuxiatu sahararrentzako bideratuko da eta gutxienez kamioi bat, oinarrizko beharretarako produktuz bete nahi dute antolatzaileek.
Urtarrilaren 29tik, astelehena, otsailaren 2ra, ostirala, herriko eskoletan eta Udaletxearen arkupetan kokaturik dagoen Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan jasoko da laguntza. Horrez gain, nahi duten herritarrak otsailaren 2an, arratsaldez, Tolosaldea Saharak Villabonako udalarekin batera antolatu duen bilketara hurbildu daitezke azukrea, arroza, pasta, lekak, olioa, atuna eta sardinak oliotan ekartzera, eta baita konpresak eta produktu higienikoak, eta eskolako materiala ere.
Txokolote katilu bat eskainiko zaie lehen aipaturiko produktuetako batetik kilo bat ekartzen duten guztiei Amasa-Villabonako Berdura Plazara.
Amasa Villabonako EH Bilduk bat egiten du Saharar herriari elkartasuna adierazteko ekimen honekin eta herritarrei dei egiten diegu ekarpena egin diezaioten karabana solidario honi. Zoritxarrez saharar herriaren egoera tamalgarriak bere horretan dirau eta urte luzetako sufrimenduak hor darrai. Marokoko erreinua da egoera honen erantzule nagusia baina ez dugu ahaztu behar espainiar estatuak, potentzia kolonizaztzaile gisa duen ardura historikoa. Beste behin, saharar herriak duen Autodeterminazio eskubidea defendatu nahi dugu, egoera bidegabe honek irtenbide arrazional eta demokratiko bat izateko modu bakarra baita. Sahara askatu!


