Pasa den asteartean abiatu zuten greba Iruran kokatuta dagoen Euskal Forging lantegiko langileek. Enpresako lan hitzarmena berritu gabe dute 2015etik eta pasa den urteko urrian hasi zituzten negoziazioek ez dute emaitza onik izan. Lantegi honetan guztira 43 langile ari dira lanean.

Euskal Forgingen haize errotetarako eraztunak egiten dituzte eta enpresak 48 langileko beste lantegi bat du Sestaon. Langileen ordezkariek 2016ko urrian hasi zituzten negoziazioak enpresa jabeekin eta orain arte ez dute inolako adostasunik lortu. 2015eko abendutik hitzarmenik gabe aurkitzen dira, guztira 500 egunetik gora! Langileek eskatzen dituzten hobekuntzak hiru multzotan banatu dituzte: soldaten igoera, ezgaitasun egoeran daudenentzako baldintza hobeak eta hobekuntza sozialak hitzarmena bera egonkortzeko. ELA sindikatuko ordezkaria den Leire Gallegok azpimarratu duenez, "soldata igoeran jarri dute enpresa jabeek eragozpen gehien, ez dituzte igoera horiek kontsolidatu nahi".

Greba mugagabera jotzea erabaki dute langileek eta pasa den asteartetik borrokaldi fase batean murgildu dira. Aipatzekoa da langileek aho batez hartu zutela grebara joateko erabakia. Egun hauetan mobilizazioak egiten ari dira Irurako lantegi aurrean eta manifestazioak goizetan Katategi industriagunean, modu horretan enpresaren jabeak berriz ere negoziatzera behartu nahi dituzte.


Amasa Villabonako EH Bildutik elkartasun eta babes mezua helarazi nahi diegu borrokan ari diren Euskal Forging-eko langileei, bai Irurakoei eta baita Sestaokoei ere. Ez da inondik inora onargarria lan hitzarmenik gabe 500 egunetik gora egotea eta ondorioz guztiz logikoa ikusten dugu langileek hartu duten greba eta mobilizazioak egiteko erabakia. Langileek mahai gainean jarri dituzten eskakizunak bidezkoak direla eta enpresa jabeek ez negoziatzeko hartu duten jarrera berriz, guztiz salagarria dela uste dugu. Lan baldintza hobeak borroka eta negoziazioen bidez lortu izan dira ia beti eta normalean enpresa jabeek ez dute ezer "oparitzen", beraz animoak eta indarrak eman nahi dizkiegu langileei, borrokaren bidez lortuko duzue!. Azkenik, negoziazio mahaian esertzeko eta langileen eskakizunak kontuan hartzeko deia luzatzen diegu enpresa jabeei.